Lehendakaritza

Uztartu programa. Erradikalizazio biolentoa prebenitzeko esperientzia pilotua

Uztartu erradikalizazio biolentoa prebenitzeko gizarte- eta hezkuntza-programa bat da, esperientzia pilotuaren fasean dagoena. Programa hori 2019ko ekainaren 6an aurkeztu zen. Pandemiaren ondorioz, pilotajearen garapena eten egin da. Orain berriz heldu zaio. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak bere gain hartzen du programaren fase honen dinamizazioa, eta 2022aren hasieran bere ondorioak argitaratzea aurreikusten du.

"Edozein eratako indarkeria erabiltzea dakarten erradikalizazio-prozesuak ardura- eta kezka-eremua dira Europan eta Euskadin. Bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan sortzen ari diren erronketako bat dira, eta eraldatzen ari den mundu baten trantsizio sozialei eragiten diete.

Erradikalizazio biolentoaren prozesuen ezaugarri nagusia da norberaren kontzientzian etnia-, erlijio-, politika-, genero-, gizarte-, sektario-, kirol- edo jatorri-etiketa baten balioa lehenesten dela giza duintasunaren balioaren gainetik. Gorrotoaren etiketa horietan aurreiritzia, ezjakintasuna eta agresibitatea arrazoiari eta gizatasunari gailentzen zaizkie.

Erradikalizazio biolentoa bizikidetza hausteko modu bat da. Bizikidetza hausteko arrazoi nagusiak dogmatismoaren, fatalismoaren, manikeismoaren edo sektarismoaren garaipena dira giza kontzientzietan. Hori da erradikalizazio biolentoaren prozesuek nutrizio ideologikoa eta justifikatiboa duten humusa.

Kulturan diskrezioz kokatuta egon daitezkeen lau paradigma dira. Lau paradigma horiek kultura sozialean eta mentalitate pertsonalean egon daitezke."

Hauek dira Uztartu Programaren oinarrietako batzuk.

Azken aldaketako data: