Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

79. Talleres Guernica-Astra industri-multzoa (Gernika-Lumo)

5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO

Fabrika monumental bat

Euskal Herriko tradizio siderurgikoa Bigarren Burdin Arotik dator, duela 2500 urte inguru, eta erromatarren garaian nolabaiteko garapena jasan zuen. Hasiera horien ondoren, jarduera ahuldu bazen ere, ez zen eten, eta 1000. urtetik gaur egun arte euskal produkzio-sektorearen ezaugarria izan da. Burdingintzan hidraulika aplikatzeak ekoizpena handitzea ahalbidetu zuen, eta Europako eta Amerikako merkatua euskal burdin-materialez bete zen Aro Modernoan.

Produktu siderurgikoen merkatuan hainbat aldaketa izan ziren, XIX. mendearen lehen erdian bereziki, eta, ondorioz, aurreko mendean ekoitzi zuten burdinola gehienak itxi egin ziren. Berrikuntzarako lehen ahaleginean, 1841 inguruan, Bilbon, Boluetako Santa Ana fabrikan, industria galdaketari hasiera emango zaio Euskal Herrian.

XX. mendearen hasieran, bazkide talde batek (Unzeta, Esperanza, Gandarias eta beste batzuk) bat egin zuen Gernikan makina industrialak (ekipamendu-ondasunak) sortuko zituen fabrika bat irekitzeko. Herri horrek, Bizkaiko beste askok bezala, iragan mendeetan siderurgiaren ekoizpenarekin lotura handia izan zuen, itsasadarretik itsasora eta hainbat latitudetara esportatzen zena. Orain, XX. mendean, beste garraio mota bat ahalbidetzen zuen trenbide bat ere bazuen, garai berri baterako eta beste produktu siderurgiko batzuetarako.

Trenbidearen ertzean Talleres Guernica S.A. enpresaren pabiloiak daude, 1916an bukatuak eta 1942an eraberrituak. 3 eraikin desberdin zituen, eman behar zitzaien erabilera zehatzerako diseinatuak: 1. pabiloia, bulegoak eta makina-erreminta; 2. pabiloia, forjaketa; 3. pabiloia, ereduak. 1968an, 1 zenbakikoa Unceta y Cia-ri saldu zioten, suzko armak ekoizten zituena. Gaur egun, 1. eta 2. pabiloiak industriarako ekipamendu-ondasunen ekoizpenerako erabiltzen jarraitzen dira.

Multzoaren eraikuntza-ezaugarriei dagokienez, Ricardo Bastida arkitektoak estilo sezesionista vienarraren interpretazio pertsonala proposatu zuen, forma eraikinaren funtzioaren mende jarriz, baina elementu apaingarriei uko egin gabe. Hala ere, berritzailea da eklektizismotik, garai hartan gehienbat erabiltzen zen estilotik, urruntzeagatik, korronte berriekin bat egiteko.

1. pabiloia, gaur egun sorkuntza artistikorako gune autogestionatua, hormigoi armatuzko solairudun eraikin gisa diseinatu zen, non leihate handiak erabiltzen diren bi solairuetan, handiagoak beheko solairuan. Fatxada, kapitel apainduak dituzten pilastra atxiki erraldoiek zeharkatzen dute. Sarrerak aurrera egiten du fatxadarekiko. Beranduago, beste solairu bat gehitu zitzaion, estetika soilagokoa, baina jatorrizko gorputzaren antolamendua jarraitzen zuen diseinu batekin.

2. pabiloia solairu bakarreko eraikina da, altuera handikoa. Bi isurkiko teilatua du, eta argiztapen naturala lortzen du, leihate handien bidez. Zokaloa harlangaitzezkoa da eta altxaera hormigoizkoa. Fatxadak frontoi angeluzuzen bat du, eta lerro lodi batzuk luzituan (inguru, pilastra eta inposta-lerro gisa), lerro zuzenak eta kurbatuak konbinatzen dituztenak.

Azkenik, 3. pabiloia hormigoi armatuzko eraikina da, solairu bakarrekoa. Hiru nabe ditu, eta zerra-hortzeko teilatua (shed). Fatxadak pilastra bikoitzak ditu, eta kapitelak leihate bertikalekin tartekatuta daude. Fatxada burutzen duen frisoan, eraikinaren eraikuntza eta eraberritze urteak eta Talleres de Guernica S.A. izena daude.

Bere instalazioetan Gerra Zibileko (1936-1939) babesleku antiaereo bat dago.

Partekatu

unesco