Soldata-arrakalari buruzko nazioarteko II. Kongresua
Idoia Mendia Cueva
Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua
Berdintasun osoa, zuzeneko edo zeharkako diskriminaziorik gabe adinagatik, generoagatik edo gaitasun funtzional desberdinengatik, lehen mailako erronka demokratikoa da. Eta, emakumeei dagokienez, desberdintasun hori egiturazkoa da, biztanleriaren erdiari eragiten baitio. Eusko Jaurlaritzaren programak xede hori txertatzen du sail guztien zeharkako elementu gisa, eta, Lanaren eta Enpleguaren arloari dagokionez, balio bereko lanak egiteagatik gizonek eta emakumeek batez beste irabazten dutenaren arteko aldea murrizteko politika aktiboak ezartzen ditu.
Eta hor dago soldata-arrakalaren eta zaintzarekin eta kontziliazioarekin lotutako gizarte- eta kultura-ohituretatik sortzen den zeharkako diskriminazioaren gakoa. Horregatik, genero ikuspegia ezartzen da negoziazio kolektiboan eta laneko arriskuen prebentzio-planetan, eta emakumeen kontratazioa bultzatzen da sektore maskulinizatuetan.
XII. legealdi honetan jarduera horiek hedatuz joan dira, eta horri esker nabarmenki murriztu da arrakala; lau puntu, hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, horren aldeko funtsezko faktoreak izan dira berdintasun planen nahitaezkotasuna, plan horiek negoziazio kolektiboaren parte izatea, Lan Ikuskaritzaren jardueraren intentsitate handiagoa, soldata-auditoretzak eta plan horien gardentasun-betebeharra. Era berean, azken lan-erreformaren ondorioz, emakume gehiago sartu dira lan-jarduera ordaindu eta eskubidedunean, eta lanaldi partziala murriztuz joan da. Hala ere, emakumeak dira oraindik kontratu horiek gehien hartzen dituztenak, eta, ondorioz, ordaindutako ordu gutxiago eta diru-sarrera propio gutxiago aitortzen zaizkie.
Bide horretan sakontzen jarraitu behar dugu, baina oinarrizko gai bat ahaztu gabe: arrakala badagoela, oraindik ere existitzen dela, eta badirela hori ukatzen dutenak. Horregatik, beharrezkoa da elkarrizketa-, gogoeta- eta proposamen-espazioak indartzea, desberdintasun hori zuzentzen laguntzeko ez ezik, eragile sozial eta ekonomikoak eta herritar guztiak sentsibilizatzeko ere, guztiz bidegabea den arrakala hori ixteko beharraren inguruan.
Uste sendo horrekin, soldata-berdintasunarekin lotutako hainbat jardunaldiren bidea landu dugu. Horrela, joan den urtean Soldata Arrakalari buruzko Lehen Biltzarra antolatu genuen, eta 2023an finkatu egingo dugu. Programa honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, zulo beltz hori ixten laguntzeko, Euskadi berdinago bateranzko bidean.
Mariano Jabonero
Iberoamerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusia (OEI)
Generoko soldata-arrakalari buruz hitz egitea eskubideen eremuan sartzea da. Emakumeen herritartasun osoaren aitorpenaz hitz egitea da; duela hamarkada batzuk arte eremu publikoan parte hartzea mugatuta zuten emakumeen munduko biztanleriaren erdiaren ordezkaritzaz; eta baliabideak modu desberdinean birbanatzea eragin duen botere hierarkizatuaz.
Nahiz eta aurrerapenak egon diren eta datuek erakusten duten Iberoamerikan pixkanaka arrakalak murrizten ari direla, oraindik asko dago egiteko. Aldaketen abiadura motela da eta alde handiak erakusten ditu zein sektoreren arabera. Global Gender Gap 2022 txostenaren arabera, Latinoamerika eta Karibe hirugarren postuan daude genero-parekotasunaren indizea % 72,6koa duten zortzi eskualderen artean (Ipar Amerikako % 76,9ren eta Europako % 76,6ren atzetik). Eskualdean aurrerapenen egungo abiadurari eutsiz gero, gizonen eta emakumeen arteko aldeak desagerrarazteko, 67 urte beharko lirateke ixteko (132 urte, gainerako herrialdeak kontuan hartuz gero) eta, horrela, erabateko parekotasuna lortzeko.
Soldata-arrakalari erreparatzen badiogu, joera errepikatu egiten da: indizeen hobekuntzak erritmo motelean eta sektoreen arteko desberdintasunak. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, Latinoamerikan emakumeen soldatak gizonen soldataren ehuneko gisa % 87 inguru dira. Covid 19aren pandemia galga izan zen, eta, kasu batzuetan, atzera egin zuen aurrerapenetara; izan ere, bete-betean eragin zuen emakumeek presentzia handiagoa duten sektoreetan, hala nola hezkuntzan, ostalaritzan edo merkataritzan. Baina, gauza guztien gainetik, emakumeei zaintza-lanak esleitzeak, ia modu esklusiboan, emakume asko lan-merkatutik irtetera edo lanaldia murriztera behartzea ekarri zuen.
Testuinguru horretan, beharrezkoa da erreformari eustea, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrailaren murrizketa bizkortzeko politikak ezartzeko. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundearentzat lehentasun estrategikoa da hori, bere misio-ardatzen barruan, eta halaxe ezarri dugu, herrialde kide guztien laguntzarekin, gure 2023-2024 Programa-Aurrekontuan, Giza Eskubide, Demokrazia eta Berdintasunerako Programa Iberoamerikarra sortuz. Programa horren hirugarren ekintza-ardatzaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzen laguntzea, emakumeen giza eskubide gisa, eta, aldi berean, aukera aparta da gure gizarteen kohesio sozialerako, giza garapenerako eta garapen ekonomikorako.
Eusko Jaurlaritzak eta EIAk antolatutako Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko II. Kongresua gure fundazioak hartutako konpromisoaren parte da, eta gure Iberoamerikako Programa berriaren bidez berretsi da. Ziur gaude topaketa emankorra izango dela eta giza eskubideen eta gure demokrazia paritarioen aldeko agendak aurrera egiten lagunduko duela.
Soldata-arrakalari buruzko I. Kongresua, 'Berdintasuna, talentua eta lehiakortasuna' izenburupean, 2022ko ekainaren 22an eta 23an egin zen, Bilboko Euskalduna Jauregian. Laburbilduta, lehen kongresu hartan egindako bidea izan zen, lehenik eta behin, soldata-arrakala nola sortzen den ikustea eta horri buruz hausnartzea, eta, hortik abiatuta, arrakala desagerrarazteko politika publikoak eta zenbait sektoretako nazioarteko enpresek ezarritako jarduerak aztertzea.
Generoaren araberako soldata-arrakala honela definitzen da: gizonek eta emakumeek beren lan-jardueran jasotako batez besteko soldataren arteko aldea. Arrakala horren arrazoia ez da bakarra; gure gizartean errotuta dauden hainbat faktoreren ondorioa da, sexuaren araberako lan-banaketan eta genero-rol eta -estereotipoetan oinarritzen direnak. Lan-merkatuan, segregazio bertikalak eta horizontalak, emakumeen lan-baldintza desberdinek (behin-behinekotasun handiagoa, nahi ez den lanaldi partzialeko kontratazio handiagoa, besteak beste) eta zaintza-erantzukizunetan parte-hartze desberdina izateak emakumeen diskriminazioa indartzen dute eta, desberdintasun horien ondorioz, emakumeen eta gizonen ordainsariak ere desberdinak dira.
Gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna, errotikoa, Eusko Jaurlaritzaren desafio estrategiko eta zeharkakoa da. Baina baita helburu demokratikoa ere, gizarte guztiak ere bere gain hartu behar duena. Izan ere, generoagatiko desberdintasun-mota askok indarkeria psikiko eta fisikoa dute adierazpide ankerrena. Hala ere, adierazpide horien jatorrian, askotan, emakumeen bizitza bete-betea eta librea eragozten duen mendekotasun ekonomikoa dago.
Soldata-arrakala, gizonek eta emakumeek lan-eremuan kobratzen dutenaren batez bestekoaren aldea, desberdintasun horren adierazleetako bat da. Soldata-diskriminazioa –emakume izateagatik gutxiago ordaintzea– debekatuta dagoen arren, inguruabar sozialak, gure lan-merkatuaren funtzionamendu-ohiturak, enpresetako praktikak, hitzarmen kolektiboak, emakumeek beren lanaldiari edo lanbide-sustapenari uko egiteko gizarte-ohiturak... faktore horiek guztiek desberdinkeria bultzaten duten eta mugatu behar ditugun desberdintasunak sorrarazten dituzte.
Emakumeen eta gizonen laneko berdintasunari buruzko hausnarketa partekatua bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak soldata-arrakalari buruzko bigarren kongresu hau antolatu du. Gai honetan adituak diren pertsonek soldata-arrakala zergatik dagoen azaltzen duten faktoreak eztabaidatuko dituzte jardunaldi horretan, bai eta lan-merkatuan emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko enpresak abian jartzen ari diren politika publikoak eta ekintzak ere. Lan-eragile guztiok, eta gobernuek ere bai, funtsezko zeregina dugu soldata-berdintasuna bermatzeko, eta oraingo hau abagune ona da gaia eztabaidatzeko eta aztertzeko.
Oraingo honetan, Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko II. Kongresua elkarrekin antolatzeko, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundea OEI (Organización de Estados Iberoamericanos para la Educación, la Ciencia y la Cultura) gonbidatu du Eusko Jaurlaritzak. Erakunde hori da Iberoamerikan hezkuntzaren, zientziaren, teknologiaren eta kulturaren arloan lankidetza aldeaniztuneko erakunde handiena garapen integralaren testuinguruan, eta espanieraz eta portugesez mintzatzen diren 23 herrialdek osatzen dute. 2022tik, OEIk misio-ardatz berri bat du: Giza Eskubideen, Demokraziaren eta Berdintasunaren Programa, Garapen Jasangarriaren Agendarekin lerrokatua, ikuspegi dimentsioaniztun eta holistiko batekin, erakunde demokratikoak, sendoak eta giza eskubideak bermatzen dituzten konpromiso eta prozesuekin koherente direnak bultzatzeko, eta herritartasun arduratsu eta demokratikoa finkatzeko. OEIren aburuz, berdintasuna –bereziki, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna– eta emakumeen ahalduntzea ardatz kritikoa eta zeharkakoa dira, bere barneko eta kanpoko jardunbidean.
Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko II. Kongresuak aurreko kongresuak hasitako hausnarketan sakonduko du, eta emakumeek eta gizonek baliabide ekonomikoetan eta aukera sozial eta politikoetan duten parte-hartze desberdina aztertuko du.
Foro Ekonomiko Globalaren 'Genero Arrakalen Txostena (2022)' lanaren arabera, oraindik 132 urte behar ditugu emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna lortzeko, benetan zifra kezkagarria eta ezkorra; izan ere, pandemiaren eta egungo krisiaren ondoren, 20 urte atzera egin dugu, 2020ko datuekin alderatuta.
Kongresuaren arrazoiketa-ildoa izango da emakumeek eta gizonek dimentsio guztietan berdintasunez parte hartu behar dutela, irispide bera izan baliabide guztietara eta boterera, baldintza- eta aukera-berdintasunez, bai eta erabakimena ere, ekonomian, gai sozialetan, hezkuntzan, prestakuntzan eta politikagintzan.
Planteamendu integral batetik abiatuta, eta lehendakariordearen hitzei jarraikiz, II. kongresu honek emakumeen herritartasun bete-betekoaren nahia jorratuko du. Horretarako, Nancy Fraser filosofo feministak proposatzen duen hiru dimentsioko teoriatik abiatuta, II. kongresu honek justizia eta genero-berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren hiru printzipioak jorratuko ditu: aitortza, birbanaketa eta gizon-emakumeen ordezkaritza parekidea.
Aitortza: Zereginen banaketa sozial eta sexualak lan produktiboaren eta erreproduktiboaren arteko banaketa ekarri du; ikuspegi horretatik, gizonei espazio publikoa esleitu izan zaie (lan produktiboa), eta emakumeei, berriz, espazio pribatua (ugalketa-lana eta etxeko lanak eta zaintza-lanak). Deskribatutako esleipena eraikuntza sozial bat da, hain barneratuta dagoena non pentsatzen baita rol tradizionalak gizonen eta emakumeen berezko izaeratik eta gaitasunetatik datozela.
Rol horiek gizarte-balorazio desberdina dutenez, lanaren sexu-banaketak botere-harreman hierarkikoak ekarri ditu gaur egun arte, eta, beraz, gizonen eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasuna. Eskema horretan, etxeko lanak eta zaintza-lanak –emakumeei ematen zaizkienak– ez du aitortzarik eta ikusgarritasunik jaso, eta, gainera, ordaindu gabeko lana izan da.
Emakumeak produkzio-sektorean sartzeak (erakunde publikoetan, sektore pribatuan edo gizarte-eragileetan) ekarri dituen aurrerapenak gorabehera, hortik ez da segitu gizonak zaintza-lanetan eta etxeko lanetan aritu direnik maila berean. Emakumeen presentzia bikoitz horrek, produkzio-sektorean eta sektore erreproduktiboan, ondorio garrantzitsuak ditu emakumeen garapen pertsonal eta profesionalean. Alde batetik, bikoiztasun horrek murriztu egiten ditu emakumeek lan hobeak edo maila-igoerak lortzeko dituzten aukerak, ez baitute gizonek adinako denborarik sareak ehuntzeko eta beren karreretan inbertitzeko, eta bestetik, McKinsey-k erakutsi duenez («Women in the Workplace» 2022), presentzia bikoitz horrek modu dramatikoan eragiten du emakumeek pairatzen dituzten estres-maila handietan, eta nekea (burn out) jasateko arrisku larria sortu.
Emakumeen herritartasun bete-beteak gai horiek kontuan hartzea eskatzen du. Benetako genero-justizia lortzeko lehen urratsa da desberdintasun-mota horiek aitortzea. Premia-premiazkoa da botere publikook politika publikoak bultzatzea, rol sexista horiek ez betikotzeko eta horien ondoriozko desberdintasunei aurre egiteko.
Birbanaketa: Lanaren banaketan dagoen aldeak segregazio bertikala edo kristalezko sabaia dakar (kontzeptu horri zoru itsaskorra gehitu behar zaio) bai eta segregazio horizontala ere, hau da, lan-segmentazio argi eta garbia, batetik feminizatuta dauden sektore edo jarduerak dituena (osasuna, hezkuntza, zaintzak), eta bestetik maskulinizatuta dauden sektoreak (eraikuntza, industria), batak eta besteak oso lan-baldintza desberdinak edukita, non, oro har, emakumeek lan-baldintza kaskarragoak dituzten. Lan-merkatuko horma horiek eraistea funtsezkoa da benetako berdintasuna lortzeko eta lan- eta soldata-arrakalari amaiera emateko. Hori dela eta, emakumeek eta gizonek zaintza-lanetan duten parte-hartzea orekatu eta errebalorizatu beharra dago, eta, aldi berean, emakumeek tradizioz maskulinizatuta egon ohi diren sektoreetan jardutea eta, alderantziz, gizonek tradizioz feminizatuta egon ohi diren sektoreetan jardutea arrazoizko helburu bat da, ezinbestekoa, baliabideak eta aukerak berdintasunez birbanatuko badira. Hori guztia, gainera, behar-beharrezkoa da eskura dugun giza talentua maximizatzeko.
Ordezkaritza: Parte-hartze politikoari dagokionez, emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunak etengabeko kezka-iturria izan dira, modernitatearen eta sistema demokratikoaren sortze beretik. Emakumeek eta gizonek eremu publikoan eta politikoan duten ahotsaren eta eragimenaren desorekak legitimitatea eta justizia soziala murrizten dizkie politika publikoei, baina ez hori bakarrik, eraginkortasuna ere ahultzen die, emakumeen interesak eta ikuspegiak kontuan hartzea eragozten baitu, emakumeen beste irizpide batzuen aniztasunetik harago. Emakumeek politikan duten partaidetzaren inguruko kuotak eta antzeko beste ekintza positibo batzuek izan dituzten ondorio onuragarriei buruzko ebidentzietatik abiatuta, aztertuko dugu nola zabaldu ditzakegun neurri horiek hauteskunde-eremu politikotik harago sektore pribatura eta gizarte-eragileetara, eta nola arindu ditzakegun emakumeen benetako parte-hartzea murrizten jarraitzen duten oztopoak.
Ildo horretan, aztertuko dugu nola emakumeek sindikatuen mugimenduan eta enpresa-erakundeetan eta enpresetan izan duten parte-hartze diferente horrek negoziazio kolektibotik kanpo utzi dituen emakumeen eta gizonen enpresa mailako berdintasunarekin lotutako gaiak. Aldaketak eta hobekuntzak legeen bidez egin dira, baimenak eta lizentziak ahalbidetuz (batez ere, emakumeentzako eta gizonentzako baimen berdinak eta besterenezinak), bai eta enpresetan berdintasun-planak zabaltzeko betebeharraren bidez ere.
9:30 – 10:00 INAUGURAZIO EKITALDIA
- Idoia Mendia. Bigarren Lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua (Eusko Jaurlaritza)
- Mariano Jabonero. Iberoamerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusia (OEI)
10:00 – 10:45 ESPARRU HITZALDIA
- Ana de Miguel. Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitateko Filosofia Moral eta Politikoko irakaslea eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko Ikerketa Feministen Institutuko ‘Teoria Feministen Historiak’ ikastaroaren zuzendaria.
10:45 – 11:15 KAFERAKO ATSEDENALDIA
11:15 – 12:30 Lehen elkarrizketa: EMAKUMEEN ERABATEKO HERRITARTASUNA AITORTZEA
- Eulalia Pérez Sedeño. Zientzia, teknologia eta generoko ikertzailea Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Filosofia Institutuko Zientzia, Teknologia eta Gizarte Sailean (CSIC)
- Francisco Cos. Genero Justizia Programaren koordinatzailea Gizarte Garapenerako Nazio Batuen Ikerketa Institutuan (UNIRSD)
- Marta Macho-Stadler. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako ‘Mujeres con ciencia’ blogaren editorea.
- Cristina Gallo. Kirol-kazetaria, emakumeetan, kirolean eta olinpismoan espezializatua.
Moderatzailea: Alfonso Gurpegui. Enplegu eta Gizarteratze sailburuordea. Lan eta Enplegu Saila (Eusko Jaurlaritza)
12:30 – 13:45 Bigarren elkarrizketa: LAN-MERKATUKO BALIABIDEAK ETA AUKERAK BIRBANATZEA
- Valentina Patrini. Gizarte Politiketako analista Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko Enplegu, Lan eta Gizarte Gaietako Zuzendaritzan (OCDE)
- Paula Ruiz Torres. UGTko koordinatzaile konfederala eta Eurokadreseko presidenteordea, Europako koadroen kontseilua.
- Ana Mohedano Escobar. Gizarte Segurantzako Erakunde Iberoamerikarreko Idazkariorde Nagusia (OISS)
- Marian Tapia Saiz. Zorrotz Legazpi S.L.L.-eko zuzendari nagusia.
- Iñigo Eizaguirre. Eroski Taldeko Gizarte Zuzendaria.
Moderatzailea: Irune Aguirrezábal Quijera. Giza Eskubideen, Demokraziaren eta Berdintasunaren Iberoamerikako Programaren zuzendaria (OEI)
13:45 – 15:00 BAZKARIA
15:00 – 16:15 Hirugarren elkarrizketa: EMAKUMEEN ETA GIZONEN ORDEZKARITZA PAREKOTASUNEAN
- Beatriz Llanos. Gobernuan eta Administrazio Publikoan doktorea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Demokrazia, Genero eta Komunikazio Politikoko gaietan nazioarteko aholkularia.
- Jamile Socolovsky. Argentinako Langileen Zentraleko (CTA) Genero eta Aniztasun idazkaria eta Argentinako CONADU Unibertsitate Irakasleen Federazio Nazionaleko Nazioarteko Harremanetarako idazkaria.
- Mari Cruz Vicente Peralta. CCOOko Ekintza Sindikal eta Enpleguko idazkari konfederala.
- Cristina Antoñanzas Peñalva. UGTko idazkariorde nagusia.
Moderatzailea: Elena Pérez Barredo. Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea. Lan eta Enplegu Saila (Eusko Jaurlaritza)
16:15 – 17:15 Mahai ingurua: 'Arrakalaren errealitateak. Emakumezko langileen ahotsa'
- Zainketa-sektorea: Esther Guirado (SAD)
- Merkataritza-sektorea: Verónica Pérez Bilbao (Supermercados BM)
- Garbiketa-sektorea: Ana Belén Martín Guerra (Garbialdi)
- Metal-sektorea: Ana Villate Larrieta (Nervacero)
- Automobilgintza-sektorea: Nerea Álvarez Porras (Vectalia)
Moderatzailea: Naiara López de Munain. Kazetaria.
17:15 AMAIERA
- Irune Aguirrezábal Quijera. Giza Eskubideen, Demokraziaren eta Berdintasunaren Iberoamerikako Programaren zuzendaria (OEI)
- Elena Pérez Barredo. Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea. Lan eta Enplegu Saila (Eusko Jaurlaritza)
INAUGURAZIO EKITALDIA
ESPARRU HITZALDIA
HIZLARIAK
Soldata-Arrakalari buruzko Nazioarteko II. Kongresua 2023ko ekainaren 14an egingo da Bilboko Azkuna Zentroan (Euskadi)
Iristeko moduari buruzko informazioa: