129. Sestaoko hilerriko portada (Sestao)
7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE
Hilerriaren historia
Sestaon bazegoen hilerri zahar bat parrokia-elizaren ondoan, eta garai batean udal batzarrak han egiten ziren, baina Independentzia Gerran, agintari frantziarrek beste bat eraikitzea agindu zuten, “herritarrengandik bereizi eta urekin komunikatzen ez zuena”. 1811an hilerri berria eraikitzen ari ziren, baina ez zen gaur egun dagoena. Biztanle kopuruak gora egin ahala, hilerri zaharra handituz joan zen, 1850ean eta 1881ean. Urtetxo batzuk geroago, ordea, 1890ean, herriko populazioa hainbeste hazi zenez eta hilerri hori parrokiaren eta hainbat etxeren ondo-ondoan zegoenez, gaur egungo kokalekuan beste bat eraiki zuten. Kasto Zabala udal arkitektoak zuzendu zituen lanak, eta Durangoko kareharrizko harlauzak eta Oizeko harearrizko harlanduak erabili ziren eraikuntzarako.
Hilerriko kapera urte berean eraiki zen; oinplano angeluzuzena du eta bi isurkiko teilatua. Fatxadaren goialdea zirkulu erdiko arku batek eta burdinazko gurutze batek burutzen dute. Ertzetan hilerriko portadaren antzeko pitxerrak ditu.
Arte-deskribapena
Sestaoko hilerriko portada neoklasikoa da eta garaipen arku erromatar bat gogorarazten du nolabait. Erdikoa zirkulu erdiko arkua da, eta alboetakoak, burudunak; tarteak bereizteko, estilo jonikoko kapitel mistoak dituzten pilastrak ageri dira. Goiko errematea erdiko arkuaren gaineko frontoiak osatzen du, eta gainerako zatian, karelak, horma-hobiak, gurutzea eta lau pitxer daude. Portada ikonografia ugariz apaindurik dago, eta erabilitako motiboek garaiko ohiturei jarraitzen diete: horma batek erabat bereizten ditu bizien eta hilen munduak. Besteak beste, hareazko ordulari hegaldunak denboraren etengabeko joana gogorarazten digu, buru-hezurra eta tibiak herioaren sinbolo dira ehorzketa esparruetan, eta palmondo-orria heriotzaren gaineko garaipenaren sinbolo.
Eraikinaren estiloa klasizismoaren eta garaiko arkitektura publikoan ohikoak ziren forma eklektikoagoen arteko trantsizioaren adibidea da. Historizismo desberdinak obra berean elkarrekin agertzea izan zen garai hartan hilerriak egiteko Bizkaian hobetsi zen estiloa.