Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak - Zer da?
Informazioaren eta Jakintzaren Gizartea agertu izana da egungo gizartean gertatzen ari diren eraldaketa nagusietako bat. Jakintza bihurtu da merkantziarik baliotsuena, eta hezkuntza da hura eskuratzeko eta ekoizteko bidea. Jakintzan oinarritutako ekonomia lehen mailako helburu bihurtu da, eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) jakintza hori sustatzeko tresna indartsuak dira. Dena dela, Oinarrizko Hezkuntzaren erronka -oinarrizko konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspuntutik- ez da soilik ikaslea Informazioaren eta Jakintzaren Gizarterako prestatzea, eta bere barne hartzen du jakintza horiek eta prozedurazko eta jarrerazko beste baliabide batzuk erabiltzea, eskaera konplexuei erantzuteko. Horregatik, IKTak erabiltzeko gure orientabideak konpetentzien araberako eta oinarrizko konpetentziak lortzeko hezkuntzaren ikuspuntuan sartzen dira.
Ikuspuntu horren arabera, oinarrizko hezkuntza amaitzen duen ikasleak konpetentzia digitala eta mediatikoa eduki behar du, hau da, egungo herritarrek eskatzen duten alfabetizazio edo trebakuntza funtzional osoa. Hori ez da ebaluatzen baliabide horiek zenbat eta zenbateko maiztasunez erabiltzen diren neurtuta, baizik eta bizitzaren eremu eta egoeretan egoki, ganoraz eta arduraz aplikatzen diren ikusita. Hori agerian geratzen da bai zeregin bat diseinatzean eta planifikatzean -informazioa biltzea, balioestea eta antolatzea, jakintza bihurtzeko- bai ekoizpen digital multimediak sortzean (banaka edo taldeka). Horrek guztiak ezin du ahaztu emaitzak komunikatzea eta partekatzea, sare sozialetan eta digitaletan parte aktiboa hartuz, hala baitagokio biztanleria digital konektatu bati, erkidegoan ikasi eta hazten denari. Oinarrizko Hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek eduki behar dute PLE delakoa (Norberaren Ikaskuntza Ingurunea), hau da, norberak erabiltzen dugun tresna, zerbitzu eta konexioen multzoa, konpetentzia berriak eskuratzearekin lotutako helburuak lortzeko eta bizian zehar ikasteko.
Multimedia-konpetentzia hori eskuratu ahal izateko (euskarri analogikoetan eta digitaletan) beharrezkoa da baliabide digitalak (metodologikoak, instrumentalak,...) normalizaturik egotea irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta egoeretan, diziplina-arlo guzti-guztietan. Helburua da IKTak ikasgelen egunerokoan infiltratzea eta beren aukera berritzaileak txertatzea, hala nola gertatzen den egungo gizartean, non egunetik egunera zabalduago dauden.
IKTak integratu eta curriculumean sartzeko, eta konpetentzia digitala curriculumean garatzeko, hiru ikuspuntu osagarri erabili eta mailaka ezarriko dira: konpetentzia digitala, jakintza-arlo gisa (IKTez ikastea); konpetentzia digitala, curriculum-arloetako eduki didaktiko multimediekin jarduteko (IKTetatik ikastea); konpetentzia digitala, ikaskuntzarako eta jakintza eraikitzeko tresna gisa (IKTekin ikastea).
Konpetentzien araberako hezkuntzan, konpetente izateko, adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak jakin behar dira:
- IKTak oso lagungarriak izan daitezke bitarteko tresna gisa, ikasleek adierazpenezko edukiak ikas ditzaten eta irakasleek hobeto irakats dezaten. IKTak erabiltzeak indartu egiten du irakatsi eta ikasteko prozesuko inputaren kalitatea, modu integratuan erabili baitaitezke baliabide multimediak.
- IKTak oso lagungarriak izan daitezke ikaskuntza-prozesuak hobetzeko, zeharkako eta diziplina baitako prozeduren tresna bitartekari moduan. IKTek ekarpen handia egin dezakete zehar-prozedura asko ikasteko, adibidez ikasten ikastea, komunikatzen ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta ekiten ikastea. Frogatuta dago IKTen ekarpena diziplina baitako prozedura guztiak ikasteko ere, batik bat algoritmikoak. IKTak, gainera, baliabide apartak dira aniztasuna aintzat hartuta ikasleei hezkuntza pertsonalizatua eskaintzeko.
- IKTak oso lagungarriak izan daitezke modu ordenatuan eta berreskuragarrian biltegiratu eta aurkezteko irakatsi eta ikasteko prozesuaren edukia, prozesuak eta produktuak.
- IKTak lagungarriak izan daitezke ohitura eta jarrera batzuk garatzeko ere: prozesu kognitiboak (arreta, jakin-mina, interesa, motibazioa...) eta, batik bat, prozesu metakognitiboak (kontzientzia hartzea eta autorregulazioa); komunikazio-prozesuak (entzute aktiboa, errespetua...); lankidetzarako ohiturak eta jarrerak, sareko elkarlana, etab. Alde horretatik, gizakia errespetatzea eta erabiltzaileen eskubide nahiz betebeharrak aintzat hartzea oinarri duten printzipio etikoekin bat datozen ohituretan eta jarreretan heztea ezinbestekoa da, besteekin batera bizitzeko eta digitalki komunikatzeko.
Laburtuz, gure eredu honek hiru berritasun pedagogiko ditu:
- Aro digitaleko ikaskuntzak eta irakaskuntzak problema eta proiektu errealak aurkezten dituzte, eta ikasleak laneko planak antolatu eta beharrezko lanak egin behar ditu, ados jarri eta haiei behar bezala erantzuteko;
- banakako ikaskuntzaz haratago, egungo paradigmak elkarlanean ikasarazten du, bai ikasgelan bai Internetez;
- azkenik, ikasgela ireki eta zabaldu horretan, irakaslearen lana gehiago da jarduerak antolatzea eta ikuskatzea, informazioaren igorle huts izan gabe.