Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

26. San Martin ermita (Orio)

2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ

Bide bazterreko tenplu zaharra

Tenplu honen lehen aipamenak XVI. mendekoak dira, eta lehenagoko eraikin gotikoarekin lotuak ageri dira. Hala ere, haren jatorria askoz lehenagokoa da segur aski, eta, Erdi Aroko bizigune batekin zerikusia izango zuen agian. Hain zuzen ere, San Martin baserriko hormen hondarrak ikus daitezke oraindik tenpluaren ondoan, seroretxe gisa erabili zena hasieran.

Orioko hiribildua eta Donostia lotzen zituen bide nagusiaren bazterrean kokaturik dago, Oria ibaiaren bokalearen gaineko tontor batean. Kokapen horrek debozio handia eragin zuen baserritarren eta bidean zebiltzan ibiltarien artean, bai eta Oria ibaiaren barra arriskutsua zeharkatu behar zuten bertako arrantzaleen artean ere. Adibidez, 1520an idatzi ziren Orioko San Pedro Marinel Kofradiaren ordenantzetan esaten zen aspalditik ematen zirela limosnak San Martin ermitarentzat. Hain zuzen ere, ermita horri emandako limosnek eragindako liskarrak ordenantza horiek idaztea ekarri zuen; izan ere, ordura arte ohituren arabera erregulatu zen, ermandade soil baten moduan. Orioko parrokoaren nahia zen arrantzaleek derrigorrezko kanon bat ordaintzea eta soilik parrokiari; baina arrantzaleek argudiatu zuten dohaintzak borondatezkoak zirela, eta parrokiari ez ezik ermitari ere ematen ziotela. Ondorioa honako hau izan zen: borondatezkoak izatetik derrigorrezkoak izatera pasa ziren dohaintzak, baina zati bat San Martinek jasoko zuen. Hala, bada, Kofradiak Elizaren berrespena eta ordenantza idatziak izan zituen.

Arte-ezaugarriak

Nabe bakarreko eraikin soila da, hareharrizko harlanduz eta egurrezko estalkiz egina. Jatorrizko ermita gotikoa zen, eta garai hartako ojiba-portada mantentzen da. Gerora, XVII. mendean, tenplua altueran eta azaleran handitua izan zen. Nabarmentzekoa da burualdearen handitzea, non abside irten bat eraiki baitzuten, atal soileko kanoi-ganga batez estalia. Burualdeak santuaren irudia duen erretaula bat jasotzen du; XVII. mendekoa da, halaber, barroko estilokoa. Marinelek santutegi horri dioten debozioaren erakusgarri da ex-voto gisa sabaitik zintzilik dagoen barku-maketa.

Partekatu

unesco