34. San Anton mendiko multzoa (Getaria)
3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA
Talaia eta portu naturala
San Anton mendia, itxuragatik jendartean “Getariako Sagua” izenez ezagutua, lehen irla bat zen, baina XV. mendean dike bat eraikitzen hasi zirenetik, lehorrari lotua geratu da betiko. Euskal kostaldeko irlarik altuena da, eta tontorreko talaia kostalde guztiko behatoki onena, Matxitxako Lurmuturretik Landetako hondartzetaraino (Frantzia) hartzen duena. Mendi malkartsua da; hango labar bakartietan antxeta-koloniak eta bestelako hegazti-espezieak bizi dira.
Hegoaldeko labarraren oinetan Getariako portu zaharra dago. Lehorrarekin komunikatzeko, irla eta lehorra lotzen dituen malekoiaren bidez egiten zen. Portuko jarduerak naturalki babesteko San Antonek izan duen funtzioa hobetzeko, giza eraikuntza ugari gehitu dira mendeetan zehar. Mendiko talaiaren bi kokaguneetan (saguaren burua dirudien harkaitzean bata, mendi-tontorrean bestea), talaiariei babesa emateko eraikinak ikus daitezke. Lehenengoan, San Anton ermita zegoen Erdi Arotik, eta haren oinarriak ikus daitezke oraindik XIX. mendean eraikitako itsasargiaren alboan. San Antongo ermitauak talaiari zeregina betetzen zuen. Bigarren eraikina talaiarena da, XX. mende hasierakoa, Katxapo esaten zaiona.
Portura ematen duen hegoaldeko mendi-magalean, XV. mendeko kai zaharrez gain, Erdi Aroko bi ermita kokatzen ziren: San Gregoriorena ekaitzek suntsitu zuten; San Pedro Ugartekoarena, San Pedro Getariakoa marinel-kofradiaren lehen egoitza izan zen. Erlijio- eta laguntza-gune horien ondoan lonjak eta txabolak ezarri ziren mendeetan zehar, arrantzaleek lehorrean egiten zituzten jarduerak aurrera eraman ahal izateko. Lonja horietako batzuek zutik diraute oraindik San Anton mendiaren oinetan, baina gehienak bertan behera utzita daude, 1919tik aurrera kaia hainbat aldiz handitu zutenetik portu-jarduerak instalazio berrietan egiten baitzituzten.
Ibilbidea historia militarrean zehar
San Anton mendia eremu babestua da gaur egun, eta bertan paseatu gaitezke, parke itxura ematen dioten hainbat bide eta bidexkak zeharkatzen baitute. Getariako historian gerra-pasarteak izan ziren; iraganean gertatutako borrokaldien ondorioz San Anton mendia gotortzea erabaki zuten. Gaur egun Lehen Karlistaldian (1833-1839) eraiki eta Azken Karlistaldian berriz baliatutako fortifikazioen hondarrak nabarmentzen dira. Batetik, San Anton gotorleku edo gazteluko hormen eta lur-lanen hondakinak nabarmentzen dira; mendi-tontorrean daude, Katxapo deritzon talaiaren erakin inguruan. Bestetik, hegoaldeko magaleko labar ertzean, zenbait bateria kokagune daude; bertatik, liberalen artilleriak karlisten esku zeuden hiribildua eta haren inguruak erasotzen zituen. Bateria izandako horiek ikuspegi paregabeko behatokiak dirudite gaur egun, eta haietako batzuetan haitzean zulatutako haitzuloen hondakinak ageri dira, bolbora eta munizioa gordetzeko erabiltzen zirenak.