Lehendakaritza

Garapenerako Lankidetzaren IV. Plan Zuzentzailea 2018-2021

Helburuak

2018-2021 aldi berri honetan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta III. Gida Planaren esparruan hasitako lankidetza-ereduaren berrikuspenean aurrerapausoak ematen jarraitzea da gure asmoa. Nazioarteko testuinguruak planteatzen dizkigun erronkei erantzuteko, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lankidetzaren ahalmen eraldatzailea zabaltzeko, egiteko modu jakin batzuetan eta euskal lankidetzaren printzipioetan sakondu beharra dago, eta baita ikuspegi berriak bultzatu ere, gure lankidetza-eredua berrikustea ahalbidetuko digutenak. 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) onesteak aukera-agertoki bat zabaltzen du hainbat erronkari heltzeko, besteren artean: garapenerako politiken koherentzia, eragile desberdinen egituraketa eta gobernuen zeregin proaktiboago baten premia.

Dokumentu honek 2018-2021 aldirako plangintzaren funtsezko elementuak biltzen ditu, bederatzi kapitulutan antolatuak:

- Lehen kapituluan, nazioarteko testuingurua eta 2030 Agendak gure lankidetza-politika finkatu eta zabaltzeko duen ahalmena aztertu eta bultzatu nahi dugun garapena karakterizatu dugu.

- Bigarren kapituluan, aldi horretarako aurreikusitako eginkizuna, ikuspegia, printzipioak eta helburuak aurkeztu ditugu.

- Hirugarren kapituluan, berriz, datozen urteetan euskal lankidetzaren eraldaketa-ahalmena sustatzeko bultzatu nahi ditugun ikuspegiak daude bilduta.

- Laugarren kapituluan, zeharkako lehentasunak, sektorialak, geografikoak eta testuinguruaren araberakoak ezarri ditugu.

- Bosgarren kapituluan, ikuspegien eta lehentasunen kapituluetan planteatutako erronkei aurre egiteko bultzatuko diren jardun estrategikoaren ardatzak zehaztu ditugu.

- Seigarren kapituluan, datozen urteetarako komunikazioaren aldeko gure apustua burutzen eta zehazten da.

- Zazpigarren kapituluan, adierazitako aldirako proposatutako jarraipen eta ebaluazioko sistema aztertzen da. Kapitulu hori I. eranskineko jarraipen eta ebaluazioko matrizearekin osatuta dago.

- Zortzigarren kapituluan, plana inplementatzeko beharrezkoak diren baliabideak, tresnak eta parte hartze eta gobernantza-sistema daude zehaztuta.

- Azkenik, bederatzigarren kapituluan, AUZO(LAN)KIDEAK aurkeztu ditugu. Ekimen enblematikoak dira eta, jardun estrategikoaren ardatzen esparruan, planean planteatzen diren ikuspegi berriak garatzen dituzte.

- Dokumentuaren amaieran, eranskin gehigarri bat dago. II. eranskinean, Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuk osagarritasunari, koordinazioari eta koherentziari lotuta egiten ari diren ekimenen mapaketa bat gehitu dugu.

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Denborazko konpromisoa

2018-2021

Azken aldaketako data: