Euskadiko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana 2021-2025

Helburuak

Euskadiko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana osatu da, elikagai eta pentsuen segurtasunaren eta kalitatearen arloko legezko eskakizunak betetzeko, alde batetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai eta pentsuen kontrol ofizialaz arduratzen diren agintaritza guztiek elkarren artean koordinatzeko dituzten beharrei erantzuteko, bestetik.

Nekazaritza eta Elikadura Politikari buruzko 17/2008 Legearen 101.2 artikuluak agintzen duenari jarraikiz, plan hau martxan jartzea aurrerapauso handia izan da; izan ere, administrazioek elikakate osoan egiten diren kontrol ofizial guztiak integratzeko elkarrekin lan egitea eta elkarren artean koordinatzea lortu da. Horrek bide eman du hutsuneak detektatzeko eta kontrol ofizialerako dauden baliabideak optimizatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak (EJ-EGJI) Seta Foru Aldundietako nekazaritza- eta abeltzaintza-arloetako sail eskudunek, Elika Fundazioaren laguntzarekin, Nekazaritzari, Abeltzaintzari, Arrantzari eta Elikadurari buruzko Kontrol Ofizialerako Programa hau egin dute, Europako lege-esparrua eta administrazio zentralak ezarritako oinarriak errespetatuz, baina EAEko elikagaien ekoizpen-sistemaren errealitatera eta euskal administrazioaren egituretara egokituta.

Agiri honetan, zehatz azalduta dago zer-nolako kontrol ofizialak eta jarduketak egin diren elikagai eta pentsuen segurtasunarekin, animalien osasunarekin, landareen osasunarekin, animalien ongizatearekin, giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuen (SANDACH) kudeaketarekin, merkataritza-kalitatearekin, elikagaien kalitate bereiziarekin eta nekazaritza ekologikoarekin loturiko legeria betetzen ote den egiaztatzeko. Plana egiteko, aintzat hartu dira Elikakatearen Kontrolerako 2021-2025eko Plan Nazionalean (PNCOCA) zehaztutako ildo nagusiak.

Kontrol ofizialen bitartez, aldez aurretik detektatu eta ezabatu nahi dira arriskuak. Hori dela eta, kontrolak arrisku-analisi xehe batean oinarrituz antolatzen dira, zehatz-mehatz. Gainera, kalitate, efikazia, eraginkortasun eta proportzionaltasun goreneko irizpideak betez egin behar dira, eta, era berean, tokiko eta kalitatezko produktuak ekoitzi eta merkaturatzen dituzten operadore txikiei aurrera egiten eta beren burua sustatzen laguntzeko behar besteko malgutasunaz ezarri behar dira, betiere higienearen, ingurumenaren eta animalia-ongizatearen arloko arauei erreparatuta.

Plan honi bost urteko indarraldia emango zaio (2021-2025), bat egin dezan Europako estrategiekin eta Elikakatearen Kontrol Ofizialerako III. Plan Nazionalarekin. Hala, behar besteko denbora-tartea egongo da hala helburuak eta lehentasunak ezartzeko nola aurreikusitako lan guztiak egiteko. Era berean, urte anitzeko eskemari esker, urtero aztertu ahal izango da egindako lana, aintzat hartuz urteko jarraipen txostenen emaitzak, gertatzen diren lege-aldaketak edo kontuan izatekoa den beste edozein alderdi. Hartara, kontrol-jarduerak berriz programatzeko aukera ere egongo da.

Plana, horrenbestez, hala elikakatean inplikaturiko sektoreei nola kontrol ofiziala egiteko eskumena duten administrazioei eragiten dieten kontrol ofizialak hobetzeko tresna bat da.

Legegintzaldia

XII. Legegintzaldia