[04] - Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun seguru eta jasangarriko Plan Estrategikoa Euskadin 2020-2025

Helburuak

Nazio Batuen Erakundeak zehaztutako Garapen Jasangarriko Helburuak erreferentziatzat hartuta, Europar Batasunak heriotzak eta, lehenengoz, lesio larriak % 50 murrizteko helburuak ezarri ditu 2021-2030 aldirako bide-segurtasuneko bere politikaren esparruan. Helburu horiek lortzen laguntzeko, Batzordeak bide-segurtasunerako esparru komun bat proposatu du 2021-2030 aldirako, besteak beste, honako ekintza hauek jasotzen dituen ekintza-plan batekin batera:

  1. Errepide eta bazterbide seguruak: «Sistema Seguruaren» ikuspegiak errepideak, haien diseinua, trazadura eta abiadura-mugak egokitzea esan nahi du, istripuek heriotza eta lesio larririk eragin ez dezaten. Batzordeak bide-azpiegituren segurtasunaren kudeaketari buruzko Zuzentaraua berrikustea proposatzen du, gardentasun handiagoa eskatzeko eta sare osoan dauden arriskuak identifikatzeko.
  2. Bide-segurtasunaren gobernantza hobetzea: EBko bide-segurtasunari buruzko datuek islatzen duten geldialdi-joerari aurre egiteko ezinbestekoa da «Sistema Seguruaren» ikuspegi berria. Planteamendu horren baitan, helburu argiak ezarri behar dira, eta sektore guztien eta bide-sarearen erabiltzaile guztien ekintza itundu bat behar da, gobernantza-egitura hobetu baten esparruan.
  3. Errepideen erabilera segurua: Bide-sarearen erabiltzaileen portaera (abiadura, segurtasun-uhala edo kaskoa erabiltzea, alkohola edo beste droga batzuk kontsumitzea, gidatzean edo oinez ibiltzean arreta galtzea) ezinbestekoa da istripu larriei aurrea hartzeko. Segurtasun orokorrari eta oinezkoen segurtasunari buruzko erregelamendua berrikusteko proposamenak onura garrantzitsuak eragingo ditu segurtasunari dagokionez (abiaduran laguntzeko sistema adimendunak, logura antzemateko teknologia edo, alkohola kontsumituz gero, blokeatzeko gailuetarako interfaze normalizatuak).
  4. Larrialdiari emandako erantzunaren azkartasuna eta eraginkortasuna: Istripu baten ondoren arreta eraginkorra emateak (langile kualifikatuek dagokion zentrora azkar garraiatzea barne hartuta) murriztu egiten ditu jasandako lesioen ondorioak. Testuinguru horretan, jarraipen estua egin behar zaie eCall sistema (istripu bat izanez gero larrialdietara deitzeko sistema automatizatua) hedatu izanaren ondorioei.
  5. Bide-segurtasuna etorkizuneko egoeretara egokitzea: Konektagarritasunak eta automatizazioak sekulako potentziala eskaintzen dute, epe luzera, bide-segurtasunerako. Dena den, haien arriskuak aztertu behar dira, hala nola zibersegurtasunarekin eta ibilgailu oso automatizatuen funtzionamenduarekin (zirkulazio mistoko inguruneetan) lotutakoak. Horrenbestez, eta mugikortasun-paketearen barruan, Batzordeak mugikortasun konektatuari eta automatizatuari buruzko estrategia integral bat proposatzen du.

Legegintzaldia

XII. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

  1. Trafikoaren kudeaketan eta bide-segurtasunean aktiboki inplikatuta dauden erakunde eta agentzia guztien arteko koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak finkatzea.

    • Bide Segurtasunaren aldeko Euskal Ituna sinatzea.
    • Bide nagusien eta bigarren mailako errepideen erakunde titularrekin koordinazioa eta lankidetza indartzea, baita tartean dauden beste erakunde eta agentzia publiko eta pribatu batzuekin ere, hala, trafikoaren kudeaketa eta bide-segurtasuna hobetzeko.
    • Erresilientzia indartuko duen arriskuak kudeatzeko sistematika bat garatzea eta ezartzea, trafikoan gerta daitezkeen gorabeheren aurrean erantzun azkar eta eraginkorrak artikulatuz.
    • Talde zaurgarrien artean trafiko-istripuei aurrea hartzeko kontzientziazio eta bide-hezkuntzako programa eta plan espezifikoak sustatzea.
  2. Kolektibo zaurgarriengan jarduteko prestakuntza-, prebentzio- eta sentsibilizazio-programa espezifikoak ezartzea.

    • Talde zaurgarrien artean trafiko-istripuei aurrea hartzeko kontzientziazio eta bide-hezkuntzako programa eta plan espezifikoak sustatzea.
  3. Trafiko zuzendaritzaren eskumenekoak diren bideetan bide-segurtasunaren babesa areagotzeko tresna berriak ezartzea.

    • Trafikoa eta bide-segurtasuna kudeatzeko komunikazio-bideak monitorizatzeko sistema teknologikoak indartzea.
    • Zirkulazioaren kudeaketaren eta bide-segurtasunaren arloan Berrikuntza kudeatzeko eredu bat diseinatzea eta ezartzea.
  4. Adimenak gidatutako bide-segurtasuneko eredu bat garatzea.

    • Euskal errepideetako trafikoaren kudeaketan eta informazioan eraginkortasuna handitzea, Euskadiko Trafikoaren Kudeaketa eta Informazio Zentroan metadatuak/datu masiboak erabiliz.
    • Bide-segurtasuna hobetzeko informazio-sistema konbinatuak garatzea.
  5. Dinamika sistemiko eta egituratu bat artikulatzea herritarrekin eta gizarte zibilarekin harremanetan jartzeko eta elkartzeko, eta gardentasunerako eta kontu emateko.

    • Herritarrekin eta gizarte zibilarekin harremanetan jartzeko eta elkartzeko dinamika sistematiko eta egituratu bat artikulatzea.
    • Kontrol- eta komunikazio-mekanismoak ezartzea, herritarrei gardentasuna eta kontu ematea bermatzeko.
  6. Herritarrekin bi noranzkoko komunikazio zuzena ahalbidetuko duten mekanismoak eta kanalak ezartzea.

    • Herritarrekin zuzenean komunikatzeko bi noranzkoko dinamika sistematiko eta egituratu bat artikulatzea.
    • Izapideak arintzea, prozedurak sinplifikatzea eta horietara sarbidea erraztea, administrazio-bulegoetara eraman beharrik izan gabe.
  7. Trafiko Zuzendaritzako lantaldean pertsona konprometituak eta kualifikatuak izatea, kide izateko sentimendua dutenak eta pozik daudenak.

    • Ikuspegi parte-hartzailea duen lidergo-eredu baten alde apustu egitea.
    • Erakundeak behar dituen kualifikazio-mailak ziurtatzea.
    • Ezagutzaren kudeaketa sistematizatzea.
    • Barne-komunikazioa lantzea.
    • Aintzatespena sistematizatzea.

Denborazko konpromisoa

Plan honen indarraldia 2025erako ezarri da, Europar Batasunak ezarritako programazioarekin eta helburuekin bat etorriz.

Planeko kudeaketa organoak

Trafiko Zuzendaritza da Euskal Autonomia Erkidegoan bide-segurtasuneko politikak egiteaz eta kudeatzeaz arduratzen den organoa, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Segimendu eta ebaluaziorako organoak

Trafiko Zuzendaritzako Zuzendaritza Batzordea.

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Euskadin Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2021-2025 Plan Estrategikoaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, honako mekanismo hauek aurreikusi dira:

  • Hiruhileko maiztasuna, Trafiko Zuzendaritzako Zuzendaritza Batzordean Planaren jarraipena egitea.
  • Planaren urteko ebaluazioa, egindako ekintzak, horien aurrerapen-maila eta aurreikusitako helburuen lorpena aztertzeko. Ebaluazio horiei esker, egon daitezkeen desbideratzeak hauteman eta aurreikusi, eta beraz, ezarritako ekintzetan hobekuntzak identifika daitezke.