45. Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategia 2020
- Erakundea:
- Osasuna
Helburuak
Biomedikuntza eta osasun arloetako I+G+b-ari buruzko interesa ia-ia unibertsala da, ekonomiaren garapenean ekarpen zuzena egiten duelako, eta gainera, zuzeneko harremana dagoelako biztanleriaren osasunaren eta haren garapen-mailaren artean. Interes bikoitz hori dela-eta, azken hamarkadetan herrialde garatu guztiek nahiz beren bizi-baldintzak hobetzeko asmoa dutenek gero eta baliabide gehiago bideratzen dituzte eta politika espezifikoak ezartzen dituzte gai horren inguruan.
Osasuneko I+G arloak ezagutza berria sortzen du, eta organismoen funtzionamenduari buruzko galderei erantzuten die. Horren ondorioz, batzuetan, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzen dira prebenitzeko eta pazienteak hobeto diagnostikatu, monitorizatu, tratatu eta/edo zaintzeko, edo osasunaren sustapenerako estrategiak sortzen dira. Enpresa-sareak halako berrikuntzak garatzen ditu zientzia eta teknologia arloko eragileekin eta osasun-sistemarekin konektatuta. Berrikuntzak zein ingurunetan garatzen diren, bertan enplegua, aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa sortzen laguntzen da. RIS3 Euskadi estrategiak eta beste ekimen batzuek eragin nagusi hori lortu nahi dute; horretarako, zeharkako eta erakunde arteko jarduerak beharrezkoak dira. Baina gainera, jakina denez, osasuneko ikerketa- eta berrikuntza-jarduerek nahiz jarduera horien emaitzak eta eraginak garrantzi instrumentala dute osasun-sistemarentzat, arrazoi hauengatik:
- Lagungarri dira pertsonen osasuna hobetzeko, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeari esker; baina horrez gain, sortutako ezagutza jarduera klinikoan integratu eta aplikatzea, osasun zerbitzuetan eta inplementazioan ikertzea edo antolakuntza arloan berrikuntzak egitea mesedegarria da kalitate handiagoa lortzeko eta osasun-sistemek pertsonei eskaini ahal dieten zaintza hobetzeko.
- Osasun-sistemaren funtzionamendua hobetzen dute, eta bereziki, berrikuntza lagungarria izan daiteke sistemaren lehiakortasun eta iraunkortasunerako; alde horretatik, sistema etengabe eraldatzen eta egokitzen laguntzen du, eta horri esker, bere helburua betetzen jarraituko du, hau da, pertsonei arreta ematen. Hala, sistema zein gizartetan txertatuta dagoen, gizarte horren eboluzioari erantzungo dio.
Euskal osasun-sistemak ikerketa eta berrikuntzako jarduerak garatu izan ditu, sortu zenez geroztik. Duela bi hamarkada, egituratze-prozesu bat hasi zen. Ikerketa Unitateak sortu ziren, eta geroago (2002), Berrikuntza eta Ikerketa Sanitariorako Euskal Fundazioa (BIOEF) sortu zen. Hala, aurrerakada nabarmena egin ahal izan da osasun-sistema publikoaren ikerketan, eta, oraindik orain, sistema horren berrikuntzan.
Arretaren ardatza, aurreko epealdi hartan, kudeaketa hobetzea eta ikerketako eta berrikuntzako jarduera handitzea izan zen, pertsonak, proiektuak, finantzaketa eta emaitzak xede zirela. Datuek erakusten dituzte aurrerakada horiek (argitalpenak, jabetza intelektuala,...), ikerketa-jardueretarako kudeaketa integralak bideraturik. Bestalde, berrikuntzaren ardatza osasun-zerbitzuen hobekuntza izan da, zeina, besteak beste, antolamendu mailako berrikuntza-proiektuen bidez gauzatu baita.
Egituraketako eta laguntzako etapa horren ostean, eta azken urteotan osasun-sisteman I+G+b arloko jarduerak eraginkortasun handiagoarekin egiten ari diren arren, antza denez datuek erakusten dute jauzi kualitatiboa egin behar dela beste etapa batera; etapa horretan ikerketako eta berrikuntzako jardueren sendotze, lidergo eta orientazio estrategikoa xede izango dira, eta hala, gaur egun lortzen duten eragina hobetuko da, hain zuzen ere gaur egungo ahalmen eta gaitasunak erakusten ez dituen eragina.
Horregatik guztiarengatik, osasun arloko ikerketa eta berrikuntza indartzea Osasun Sailaren lehentasunetako bat da. Halaxe dago islatuta Osasun Sailaren Ildo Estrategikoetan, non osasun arloko ikerketa eta berrikuntzaren ildo estrategiko berri bat eratzen den. Ildo estrategiko hori bera errepikatzen eta hedatzen da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan. Ikerketa eta berrikuntza jarduerak jasota daude, halaber, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren Ildo Estrategikoetan eta 2013-2020 Osasun Planean (osasun-plangintzako tresna nagusia), eta horrek, oro har, osasun arloko esparru estrategikoa zehazten du. Baina, horretaz gain, osasun-sistema funtsezko elementua da RIS3 Euskadi Estrategia garatzeko, zeinak biozientziak-osasuna bikotea lehentasunezko hiru arloetako baten moduan identifikatu baitu.
Osasuneko I+G+b jarduera bultzatzeko eta osasun-sistemak biozientziak-osasuna arloari lagun diezaion bideratzeko modurik onena estrategia bat lantzea dela uste izan da. Estrategia horren izena Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia (2020) da.
Estrategiaren egitekoak berak laburbiltzen ditu helburu nagusiak: “Euskal Autonomia Erkidegoan biozientziak-osasuna arloaren garapena sendotzen laguntzea; horretarako, I+G+b jarduerak instituzionalizatuko dira osasun-sisteman eta enpresekiko eta beste eragile batzuekiko elkarreraginak bideratuko dira, osasunean eta balio-sorkuntzan emaitzak hobetzeko”.
Estrategiaren garapen emankorraren bidez, 2020rako nahi den ikuspegia lortuko da: "Ikerketako eta berrikuntzako jarduerengatik eta emaitzak pertsonen osasuna hobetzeko, sistemaren beraren jarduera hobetzeko eta enpresa-sarearekin lankidetzan aberastasuna eta enplegua sortzeko erabiltzeagatik aintzatetsia den osasun-sistema publikoa".
Legegintzaldia
XI. Legegintzaldia
Garatzeko jarduerak eta baliabideak
Lau helburu estrategiko ditu Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiak (2020).
- Herritarren osasuna hobetzea eta aberastasuna sortzen laguntzea xede duten I+G+b arloko jardueren eragina handitzea.
- Ikerketako eta berrikuntzako jarduera laguntza- eta irakaskuntza-lanarekin integratzeko aurrera egitea.
- Osasun-sistemako langileek ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alorreko jarduerak egitea sustatzea eta pazienteen eta herritarren inplikazioa areagotzea.
- Osasunaren alorrean, ikerkuntzaren eta berrikuntzaren finantziazioa hobetzea, bai barneko eta bai kanpoko baliabideen bitartez.
Helburu estrategiko bakoitzaren barruan helburu operatibo edo partzialak daude, eta helburuei erantzun nahi dien jarduera-ildoak lau ardatz estrategiko hauetan egituratzen dira: Inpaktua, Integrazioa, Pertsonak eta Baliabideak.
1. HELBURUA.
- 1-1: Ikerketa eta berrikuntzaren ebaluazio-prozesuak (exante eta expost) garatzea, ikerketa/berrikuntza mota bakoitzari eta ikuspegi traslazionalari egokiturik, eta osasun-sistemaren beharretara orientaturik.
- 1-2 : Prospektiba laguntzea eta osasun-teknologien eta -prozeduren ebaluazioa osasun-sistemaren beharretara egokitzea, eta horien erabilpena hobetzea, erabakiak hartzeko eta betearazteko.
- 1-3 : Osasun-sistemaren I+G+b jardueraren emaitzen balioztapena erraztea, eta horien ezarpena eta/edo transferentzia bultzatzea.
- 1-4: Zientzia-teknologiako enpresa eta eragileekin lankidetza areagotzea, osasun-sistema erreferentziako bazkide bihur dadin.
- 1-5: Berrikuntzen garapena bultzatzea, osasun-sistema horien bultzatzailea izanik.
- 1-6: Ikerketa eta berrikuntzarekin lotutako apustu komunak definitzea, RIS3 Estrategiaren esparruan.
2. HELBURUA.
- 2-1: Sistemaren behar eta gaitasun nagusien inguruan ikerketa- eta berrikuntza-agendak garatzea.
- 2-2: Ikerketaren eta berrikuntzaren plangintza-, kudeaketa- eta gobernantza-eredua hobetzea ikuspegi sistemiko eta integratu baten bidez.
- 2-3: Informazio-sistemen aprobetxamendua eta iturri ezberdinetako datuen erabilera hobetzea.
- 2-4: Arau- eta lege-esparrua egokitzea I+G+b sisteman txertatzeko.
- 2-5: Sistema ireki, konektatu eta nazioartekotu baterantz aurrera egitea.
3. HELBURUA.
- 3-1: I+G+b jardueren errekonozimendua areagotzea eta lan-ibilbideen garapena erraztea.
- 3-2: Osasun-sisteman sartzen diren pertsonen ikerketaren eta berrikuntzaren arloko gaikuntza areagotzea, baita etengabeko prestakuntza ere.
- 3-3: Ikerketa- eta berrikuntza-komunitateak jasotzen duen laguntza hobetzea, bai metodologiaren/teknikaren aldetik, bai administrazioaren aldetik.
- 3-4: Herritarrek eta pazienteek I+G+b prozesuaren faseetan partaide eta orientatzaile gisa duten inplikazioan aurrera egitea.
4. HELBURUA.
- 4-1: Ikerketa eta laguntza espezializatuko taldeen oinarrizko finantzaketa egonkorra ematea.
- 4-2: I+G+b-ra bideratutako barne-baliabideen helburuzko izaera sustatzea.
- 4-3: Osasun Sailak ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetarako egindako zuzeneko finantzaketa berrikustea, eta sistemaren beharretarantz berbideratzea.
- 4-4: I+G+b jardueretarako finantzaketa pribatuaren bolumena handitzea
Denborazko konpromisoa
2020ra arteko epea ezarri da Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiak gauzatzeko, hots, Osasun Planean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP) ezarritako epe berbera. Estrategia pixkanaka garatuko da, urteko ezarpen-planen arabera.
Segimendu eta ebaluaziorako formulak
Estrategia tresna praktiko, bizi eta eguneragarri bat izateko sortu da, eta konpromiso bat dauka jarraipen bat egiteko, gauzatze-, jarduera- eta inpaktu-adierazleen bidez. Helburua:
- Hedapenaren monitorizazioa egitea, aurreikusitako jarduerak egin diren eta helburuak zein mailatan bete diren egiaztatzeko.
- Estrategia gauzatzearen bidez lortutako emaitzen ebaluazioa egitea.
Estrategiaren hedapena pixkana egingo da, urteko ezarpen-planen arabera. Plan horiek ardatz estrategiko bakoitzean ezarritako jarraibideekin lerrokatuta egongo dira. Hedapenaren monitorizazioa egiteko metodologia erraz bat erabiliko da; ezarpen-planean identifikatutako ekimen guztien abiarazpena, aurrerabidea eta, hala dagokienean amaiera erregistratu beharko da. Amaitzean, egindako jardueren zerrenda eskuratuko da, aurrerabidearen adierazlea jasota egongo dena.
Halaber, ardatz edo norabide estrategiko bakoitzari atxikitako adierazle nagusien koadroa barne hartzen du estrategiak, ekintza abian jarri ahala lortutako emaitzak neurtzeko edo ebaluatzeko.
Egun eskuragarri dauden informazio-sistemek adierazle horiek neurtzea ahalbidetzen dute, baina jardueren eta agertokiaren eraldaketaren inpaktu orokorra jasotzeko, beharrezkoa izango da beste neurketa bat egitea.
Monitorizazio-sistemak jarraibide hauek bete beharko ditu:
- Aurreikusitako jardueren betetze-mailaren segimendua egin beharko da urtean behin, baita emaitzena ere, eta biak ezarritako adierazleen arabera ebaluatuko dira.
- Estrategiaren aldiaren erdi aldera (2018. urtea) bitarteko berrikuste bat egingo da. Osasun-sisteman egindako aldaketak, sistema horretan I+G+b ezartzeko erritmoa eta ingurunearen bilakaera direla medio, estrategian proposatutako lerroak birpentsatu behar izatea gerta daiteke, edota lerro eta jarduera berriak ezarri behar izatea.
- Amaieran, estrategiaren betetze-maila orokorra aztertuko da, hurrengo aldirako plangintza errazteko.
Estrategiaren gobernantza eta hedapena Osasun Sailaren ardura izango dira (BIOEF-Berrikuntza eta Ikerketa Sanitariorako Euskal Fundazioaren laguntzarekin), baina estrategiak maila anitzeko izaera du, osasun-sistemaz gaindikoa, eta, halaber, sektore anitzeko jarduerak eta horien segimendua egiteko biozientziak-osasuna esparruko RIS3ren pilotutza-taldeari lotuta dago.
Aldizkako ebaluazioak
- Ebaluazio data:
Azken ebaluazioa
- Ebaluazio data:
Azken aldaketako data: