Lehendakaritza

[46] - 14. Euskadiko 2020ko Agenda Digitala

Helburuak

Euskadiko 2020ko Agenda Digitala, modu laburtuan AD@2020, Eusko Jaurlaritzak Euskadin Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartea egoki sustatzeko diseinatu duen plan estrategikoa da, eta horretarako hainbat neurri traktore eta bultzatzaile antolatu ditu, 2016-2020 epealdian hedatzeko helburuarekin.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ustez, arlo honetan eskumena duelarik, digitalizazioa bultzatzea euskal gizartearentzat apustu disruptibo irabazlea egitea da 2020ko horizonteari begira; gainera, uste du egoki dela murgilduta dauden eragile guztiek babes sinergiko, proaktibo eta koordinatua ematea, sustapenerako politika publikoen arloan hamabost urtez luzatu den esperientzia egiaztatuan oinarrituz.

Euskadik dagoeneko maila handiko kokapen digitala duen arren, Agendaren xedea da teknologiek eskaintzen dituzten aukera aprobetxatzeari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoa goragoko maila batean kokatzen laguntzea, lehiakortasuna, ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko.

Espezializazio adimendunaren estrategiarekin bat eginda, Euskadik arlo guztietan izan behar ditu adimen digitaleko esparru edo geruzak, eta geruza horiek elkarren artean nahastu behar dira, sareko ekosistema birtual bat eratzeraino, Euskadiko lurralde errealean bermatuta.

Aukera horiek egoki aprobetxatzeko, susperraldia hasten ari delarik eta aurrekontu zorrotzen testuinguru batean, Euskadiko 2020ko Agenda Digitalean honako alderdi hauek planteatu dira:

  • Eusko Jaurlaritzako sail guztiek informazioaren gizartea bultzatzearen aldeko konpromisoa hartua dutela islatzea, eta horretarako helburu, erronka eta egitasmoak zehaztea.
  • Toki administrazioen parte hartzea kontuan hartzea, ahaleginak bateratzeko eta garapena koordinatua eta kapilaritate handiagokoa izateko.
  • Enpresei, erakundeei eta gizarte osoari gonbidapena egitea plana bereganatzeko, EIKTek ematen dituzten abantailen eta aukeren onuradun izateko, eta Euskadiren bilakaera ekonomiko eta sozialari posizio sendoago eta digitalago batetik aurre egiteko.

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

4 A, 11 Erronka Estrategikok, Ekintza Ildo ugarik eta 62 Egitasmo Traktore zehatzek egituratzen dute plan hau, planteatutako helburuak lortzea xede. Trakziorako hartu diren egitasmoen ezaugarriak dira berrikuntza maila, helburuetan duten eragina eta eragin integratzailea.

Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan izeneko ardatzak aurrera egin nahi du industria adimendunean, batez ere Basque Industy 4.0 Estrategian fokua jarrita eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimendunaren Estrategian zehaztutako sektoreetara orientatuta, sektore horiei eusten dieten garapen teknologiko berriek eskaintzen duten ahalmenaren bidez, eta negozio eredu berriak ere kontuan hartuz. Hona hemen ardatz hau osatzen duten erronkak:

  • 1. erronka: EIKT aurreratu eta irisgarriak sektore industrial estrategikoen esku jartzea, I+G fasetik hasi eta industriari aplikatzeko teknologiak eta soluzioak garatu arte.
  • 2. erronka: industria adimenduna bultzatzea eta, horretarako, fabrikazioan EIKTak txertatzea, balio kateak integratzea eta balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuak garatzea.
  • 3. erronka: EIKTen erabilera indartzea, zertarako eta enpresa berriak, negozio eredu berriak eta merkaturatzeko bide berriak sortu, handitu eta sendotzeko.

Gizarte lehiakor eta aktiboaren ardatzak bermatu behar du pertsonek behar diren konpetentzia digitalak edukitzea, zertarako eta gizarte barruan, izan lan ingurunean edo izan ingurune profesionalean, familia bizitzan, aisialdiko jardueretan nahiz arlo digitaletik garapen sozialerako egindako ekarpenean, ezin hobeto molda daitezen. Erronka hauek osatzen dute ardatza:

  • 4. erronka: pertsonen konpetentzia digitalak hobetzea, beren enplegagarritasuna handitzeko eta ikaskuntzara hurbilarazteko.
  • 5. erronka: EIKTei loturiko profil profesionalen sorkuntza eta eskaera sustatzea ekonomiaren sektore guztietan.
  • 6. erronka: herritarren artean teknologien eta edukien erabilera fidagarri eta segurua aktibatzea.

Administrazioa ingurune digitalean izeneko ardatzean, administrazio publiko desberdinek beren funtzioa gardenago betetzeko landu behar dituzten erronkak jasotzen dira, betiere herritarren parte hartzea eta zerbitzu publiko aurreratu eta kalitatezkoak sustatuz, eta, horretarako, orain arte ezinezkoak ziren bideak jorratuz. Ardatz honetan erronka hauek jasotzen dira:

  • 7. erronka: EIKTek duten ahalmena aprobetxatuz, zerbitzu publikoak eta zerbitzuok herritarrei emateko modua berritzea.
  • 8. erronka: Euskadin administrazio publiko ireki, efikaz eta efizientea sendotzea.
  • 9. erronka: Eusko Jaurlaritzaren IKT eredu berria hedatzea, IKTen arloan administrazio publikoa eta Euskadiko sektore publikoa bat etortzea xede.

Azkenik, Lurralde adimendun eta kohesionatuaren ardatzak garapen honetarako behar diren azpiegitura teknologikoekin lotutako erronkak jasotzen ditu, hiri eta landa inguruneetan balio erantsi handiko zerbitzuak landu daitezen eta, horrela, lurraldea hobeto kohesiona dadin.  Hona hemen ardatza zehazten duten erronka konkretuak:

  • 10. erronka: belaunaldi berriko banda zabala hedatzen amaitzea, bereziki, jarduera ekonomiko industriala dagoen eremuetan eta periferian kokatutako populazio guneetan.
  • 11. erronka: trakzio proiektua lantzea, tokiko eremuan zerbitzu adimendunak txertatzeko (lurralde adimenduna).

Esan dugun bezala, ardatzok elkarri konektatuta daude. Ardatz bakoitzak baditu balio erantsiko nodo batzuk gainerakoak garatzen laguntzen dutenak, ekosistema digitaleko oinarrizko gaitasunak izaki. 62 egitasmo traktore horietako bakoitza berez garrantzitsua izanik ere, berezitzat jo genitzakeen lau jarduketa hauek nabarmendu litezke:

  • Teknologia digitalen belaunaldi berria Euskadiko egitura industrialean garatuz eta txertatuz, Basque Industry 4.0 Estrategian zehaztuta dagoen etorkizuneko euskal industria eraikitzea.
  • Europak gomendatzen dituen ildoei segituz, pertsonen funtsezko konpetentzia digitalak bultzatzea, eta horiek hobetu, baliozkotu eta balioan jartzea.
  • Euskal sektore publikoaren kudeaketa teknologikoaren eredu bateratu, eraginkor eta eguneraturantz jotzea, eredu hori zerbitzu publikoen modernizazioaren eta berrikuntzaren oinarria izan dadin.
  • Euskadiko lurralde osoan belaunaldi berriko banda zabaleko azpiegiturak jartzea, konektibitate maila handia edukitzea giltzarri izan dadin lurraldearen antolamendu eta kohesiorako, bai Agenda Digital honetan jasotzen diren egitasmo guztiak lantzeko bai Eusko Jaurlaritzaren beste plan batzuk ere lantzeko.

 

Denborazko konpromisoa

Euskadiko 2020ko Agenda Digitalak bost urteko denbora horizontea dauka erronkak beteko direla ziurtatzeko, identifikatutako trakzio egitasmoak lantzeko eta, hala badagokio, lantzeko egoki ikusten diren egitasmo berriak txertatzeko, kontuan harturik gauzapenean norainoko aurrerabidea egin den, edo lege, ekonomia, gizarte nahiz teknologiaren arloan izandako aldaketei erantzute aldera. 

Denboran egokitzeko espiritua gauzatzeko, eta Batzorde Zuzendariari ebaluazioa, jarraipena, berrikuspena egiteko eta aldaketak proposatzeko edo zabaltzeko emandako eginkizunen barruan, 2017ko azaroaren 7ko datarekin, urteko saio egin zen, 2017ko ekitaldiari dagokionez.

Aztertu egin ziren Euskadin Informazioaren Gizarteak duen egoera, datu erreferentzialei dagokienez, Planean jasotako helburuen betetze maila, lehentasunak eta egitasmoak, indarrean dauden joera instituzional, ekonomiko, sozial eta teknologikoak, eta, ondoren, aipatu saioan Planean hainbat aldaketa egitea erabaki zen aho batez, identifikatutako aldaketak kontuan hartzeko eta helburuak hobeto bete ahal izateko. Aldaketa horiek, elementu estrategikoen gainekoak zein Egitasmo traktoreen gainekoak izan, ez dute erabateko aldaketarik eragiten Planaren Ikuspegian eta bere Erronketan. Aitzitik, beharrezko egokitzapen bat dira, ezarritako Erronkak hobeto eta eraginkorrago bete ahal izateko.

Dokumentu berri batean jasotzen dira onartutako eguneraketak eta aldaketak, bai Jarduketa Bereziei, bai Planaren Egitasmo Traktoreei, baita ere Aginte Panelari dagokionez. Dokumentu hori Agendan sartuko da, Euskadiko 2020ko Agenda Digitalaren 2017ko eguneraketaren Eranskin moduan.

Planeko kudeaketa organoak

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 17ko Aginduaren bitartez “Euskadiko 2020ko Agenda Digitala” onartu da. Agindu horretan Gobernantza eredu bat ezartzen da, Planaren kudeaketa errazteko, tartean inplikaturiko eragileen harremanak eta parte hartzea segurtatzeko eta aldizka estrategia berrikusteko.

Euskadiko 2020ko Agenda Digitala kudeatu, jarraipena egin eta ebaluatzeko antolaketa ereduak hiru konpromiso eta esku hartze maila hauek ezartzen ditu:

  1. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila, sailburuaren bitartez, Planaren onarpenerako.
  2. Batzorde Zuzendaria, Plana maila estrategikoan gidatu eta gainbegiratzeko organo gisa.
  3. Zuzendaritza Teknikoa, maila operatiboan Planaren kudeaketaz eta jarraipenaz arduratzeko. Zehazki, egitasmo bereziekiko koordinazioa zainduko du eta Idazkaritza Teknikoko zereginak txertatuko ditu Plan osorako.

Aldi berean, parte hartzeko organo propioa ez duten jarduketa berezietarako, bi batzorde berezi definitu dira hiru maila horien jardueran laguntzeko eta eragileen partaidetza errazteko.

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarte Zuzendaritzari dagozkio Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartea garatu eta sustatzera bideratutako jarduketak, hau da:

  • Euskal gizartean informazioaren eta ezagutzaren gizartea garatzera jotzen duten neurriak sustatzea; hori guztia administrazio eta gobernu elektronikoaren arloan Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuei dagozkien beste eskumen batzuen kalte gabe.
  • Enpresa berrikuntzaren, kudeaketa kalitatearen, pertsonen eta informazioaren eta ezagutzaren gizartearen arloko jardute programak landu, betearazi eta ebaluatzea.

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data:

Azken aldaketako data: