38.- Lurzorua Babesteko 2020rako Estrategia
Helburuak
1990eko hamarkadaren hasieratik hona, lurzorua kutsaduratik babesteko EAEko politikak aldez aurreko plangintza bat izan du bere oinarrian, eta horri jarraitu dio EAEko ingurumen-organo eskudunak. Plangintza hori bi dokumentu nagusitan zehaztu da: lurzorua babesteko Gida Plana (1994) (ez zen onartu baina halakotzat erabili zen), eta EAEko lurzoru kutsatuei buruzko 2007-2012 arteko Plana.
Garapen jasangarrirako 2002-2020 arteko EAEko ingurumen-estrategiaren ildoan, EAEko lurzoru kutsatuei buruzko 2007-2012 arteko Plana egitea agindu zuen lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko den otsailaren 4ko 1/2005 Legeak. Planaren helburu nagusia zen lurzoruaren kudeaketarik onena lortzea legedi berrira egokitutako gizarte- eta ekonomia-sistemaren barruan, kudeaketa horren bidez lurzoruaren kutsadurari aurre egitea, eta lurraren kalitate-aldaketak —lehengo, egungo eta etorkizuneko giza jardueren ondorio— ahalik eta eraginik txikiena izatea gizakien osasunean eta ekosistemen funtzionamenduan.
Gobernu Kontseiluak 2007ko abenduan onartu zuen plan hori, eta bere indarraldia teorian 2012ko ekitaldian amaitu zen arren, gaur arte inspiratu du lurzoru kutsatuen politika. Plana baloratzeko, ixteko eta hartaz hausnartzeko prozesu bati ere ekin zitzaion, EAEn arlo horretako jarduerak gidatuko dituen hurrengo estrategia sortzen hasteko.
Hausnarketa horretatik aurrera, eta kontuan hartuta 2015eko ekainean onartu zela lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko den 4/2015 Legea, lurzoru kutsatuen arloko dokumentu berri bat idazteari ekin zaio, eta oraindik hasiera-hasieran dago.
Estrategia berri horren oinarrian aurrekoaren printzipioak eta aurrerapenak egongo dira, baina kontzeptu berriak bereganatu beharko ditu, jardun-arlo zabalago batean, kontuan hartuta lurzorua modu eraginkorragoan erabili behar dela (Baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeko Europako bide-orria, COM(2011) 571), eta azken helburuak "lurzoruaren degradazio garbia zero izatea" planteatzen duela UNCCD erakundeak (United Nation Convention to Combat Desertification), Rio+20 xedeen barruan.
Saila
Denborazko konpromisoa
2016-2020
Garatzeko jarduerak eta baliabideak
Aurreko atalean aipatutako kontzeptuak gogoan hartuta ekin zaio plana egiteari, eta honako hauek izango dira ideia nagusiak:
- Dagoen informazioa aztertzea, interpretatzea eta hartaz hausnartzea. Indarrean egon den bitartean egindako lanari eta ondorengo hausnarketari esker informazio ugari sortu da, eta horretaz baliatuz egingo da plangintza berria.
- Dauden tresnak identifikatzea eta erabiltzea (Udalsarea 21, fabrikazio berdeko programa, ingurumen-baimen integratua, diru-laguntzen aginduak, berrikuntza-programak, etab.), lurzorua kutsaduratik babesten jarraitzeko, potentzialitate handikoak diren eta eraginkorrak direla frogatu duten tresnak lehenetsiz.
- Loturak ezartzea onartuta edo onartzeko bidean dauden beste dokumentu batzuekin (2020rako Ingurumen Programa, Hondakin Plana, ur-plangintza, aurri industrialak eta gune degradatuak lehengoratzea, lurralde-antolamendua / hiri-plangintza, nekazaritza, etab.), laneko oinarri sendoak bilatuz.
- Plangintza berria lotzea lurzoru kutsatuen arloko legeriarekin eta Europako jarraibideekin. Europar Batasunean une honetan ez dago arlo honi buruzko legeria espezifikorik, baina lurzorua kutsaduratik babestea agertzen da hainbat eta hainbat dokumentutan, eta haietatik aterako da estrategia berriaren motor izan daitekeen guztia, eta jardun-lerro eta tresnak diseinatzeko oinarri izan daitekeen guztia.
- Gehiago inplikatzea beste eragileak —batik bat publikoak—, sailen arteko eta instituzioen arteko lankidetza egon dadin lurzorua kutsaduratik babesteko orduan eta, ondorioz, estrategia berria aplikatzeko orduan, lurzorua baliabidetzat hartuz eta modu eraginkorrean erabil dadin sustatuz.
Bestalde, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko lege berriko xedapen iragankor baten arabera, EAEko Gobernuak, lurzoru (kutsatuen) planaz gain, legea indarrean jarri eta bi urteko epean onartuko du estrategia bat, erosioarengatik, materia organikoa galtzeagatik, gazitzeagatik, trinkotzeagatik, biodibertsitatea galtzeagatik, zigilatzeagatik, luiziengatik eta uholdeengatik degradatu ahal diren lurzoruen funtzio naturalak eta erabilera babesteko, mantentzeko eta lehengoratzeko. Estrategia berri honen bidez, lurzorua modu eraginkorragoan erabiltzea bilatuko da, hainbat kontzeptu hartuz; adibidez, ekosistemen zerbitzuak babestea, edo lurzoruko erabileren plangintza ez ezik zorupekoena ere egitea. Lehen fase honetan ez da bilatuko estrategia hau garatzea, baina bai erronka berrirako prestatzeko lehenbiziko lanak egitea.
Helburu horiek lortze aldera, jarraian eskema moduan datozen lanak egingo dira hurrengo hilabeteetan.
Lurzoruen funtzio naturalak eta erabilera babesteko, mantentzeko eta lehengoratzeko estrategia.
- 1. egitekoa. Aurreko planaren eta bestelako iturrien dokumentazioa eta datuak berrikustea, planaren edukiaren lehen proposamen orokor bat egiteko.
- 2. egitekoa. Egoera identifikatzea eta aztertzea. Diagnostikoa
- 3. egitekoa. Planak izango duen esparrua elkarrekin definitzeko prozesu bat diseinatzea eta gauzatzea. Arlo horretan adituak diren eragileek parte hartzea.
- 4. egitekoa. Planaren edukiari buruzko lehen proposamen bat egitea.
- 5. egitekoa. Eragileekin kontrastatzeko eta parte hartzeko prozesu bat diseinatzea eta gauzatzea.
- 6. egitekoa. Dokumentu teknikoa idaztea.
- 7. egitekoa. Jarduera-esparru berri honetan lehen estrategia bat egin ahal izateko ikuspuntua lantzea.
- 8. egitekoa. EAEko lurzoruaren gaineko eraginak aurrez identifikatzea eta neurtzea, informazio-iturriak identifikatzea eta ezagutza-mapa bat egitea.
- 9. egitekoa. Estrategia egiteko metodologia planteatzea.
Segimendu eta ebaluaziorako formulak
Plana hasi berritan dagoenez, ezin da aipatu jarraipena eta ebaluazioa egiteko formula eta konpromiso espezifikorik; idazketa-prozesuan zehar garatuko dira.