Lehendakaritza

24.- Ikasle etorkinei hezkuntza-arreta eskaintzeko plana Eskola eredu Inklusibo eta Kulturartekotaren barruan (2012-2015)

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Plan hau Hezkuntza Sailak ezarri duen hirugarrena izanik (2003, 2207 eta 2012), aurreko biak ditu abiapuntu.  Planak aintzat hartzen du ikasle etorri berrien harreraz eta –hizkuntzaren eremuan batez ere- hezkuntza-arretaz aurreko hamarkadan ikasitakoa.  Ikasle etorkinentzako Plan honek ikasle guztientzako Kulturarteko Hezkuntza proposatzen du, helburu nagusi honetan oinarrituta:  hezkuntza-kultura, -politika eta -jardueretan kulturarteko ikuspegia txertatzea.

“Ikasle etorkinentzako hezkuntza-arretarako…”  plan honek ekitatea eta eskola-arrakasta aldarrikatzen ditu ikasle guzti-guztientzat eta, aldi berean, aurre egiten dio arrazakeria- edota bazterkeria-adierazpen orori. Horretarako, hiru HELBURU ESPEZIFIKO proposatzen ditu:

  • KULTURARTEKO IKUSPEGIA SENDOTZEA IKASTETXEETAN, ikuspegi horrekin bat datozen antolamendu-ekimen berritzaileen bidez, eta irakasleak prestatu eta aholkatzeko prozesuen bidez. Hartara, hainbat xede eta ekintza zehazten dira:  kulturarteko ikuspegia txertatzea ikastetxeko dokumentazio ofizialean, ikastetxeen proiektu orokorrak bultzatzea, zuzendaritza- eta irakasle-taldeei kulturarteko hezkuntzaz aholku ematea, ikasle guzti-guztien eskola-arrakasta lortzera bideratutako jarduera eraginkorretan laguntzea, familiekiko harremanak hobetzea...
  • ARAUDIA, PROGRAMAK ETA EKINTZA-JARDUERAK EGUNERATU ETA MOLDATZEA, ikasle guztiak era inklusiboan eskolatu ahal izateko irizpideei men eginez.  Aurreikusitako ekintzek ikasle etorri berriak eskolatzeko irizpideak berrikusi, bateratu eta argitzea bilatzen dute (ohiko matrikulazio-epeetatik kanpo iristen direnak bereziki); bestalde, ikasle horien ebaluazio-prozesua berrikustea ere proposatzen da, ikasle guztien hezkuntza-beharrizanetara doitzeko. Hartarako, koordinazioa eta ekimen bateratuak bultzatzea proposatzen da, bai Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin baita beste erakunde eta elkarteekin ere.
  • BALIABIDE BEREZIEN ERAGINKORTASUN ETA KOORDINAZIOA BULTZATZEA, aniztasun handiko egoeretan lan egiteko erronkaren aurrean ikastetxeen planteamenduak hobetzeko. Baliabide material eta didaktikoak hornitzeaz gain, Plan honetako irakasle espezifikoen (Hizkuntza Indartzeko Irakasleak eta Kulturarteko Dinamizatzaileak) eraginkortasun-maila aztertzea ere proposatzen da; horrez gain, zenbait ikastetxetan esku-hartze orokorreko proiektuak abian jartzeko eta sarean lan egiteko ekintzak ere aurreikusten dira.

Saila

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura

Denborazko konpromisoa

Ikasle Etorkinentzako…” plana hiru ikasturtetan egon da indarrean (21012tik 2015era). KRONOGRAMA batean zehaztuta daude 12 xede eta 40 ekintzak:

  • 1. helburu espezifikoa: 5 xede eta 21 ekintza
  • 2. helburu espezifikoa: 4 xede eta 13 ekintza
  • 3. helburu espezifikoa: 3 xede eta 6 ekintza
EBALUAZIOA

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Proposamen hauen garapenak erakunde eta eragile ezberdinen inplikazioa eskatzen du (Hezkuntza Sailburuordetza, Berriztatze Zuzendaritza, Ikuskaritza, ISEI-IVEI, Berritzeguneak…) eta berorien ardura da proposamenak betetzea. Ekintzen jarraipena Eskola Inklusiboaren Esparruan Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategiko (2012-2016)-ko 9. atalean (Planaren ebaluazioa) ezartzen denaren arabera egingo da.

2014-2015 ikasturtean zehar Jarraipen Batzordeak bi ebaluazio-saio egin zituen. Batzorte Teknikoarentzat egindako txostenean nabarmendu egiten da anbizio handiko Plana dela;  halaber, beste programa batzuetatik ere erantzuna ematen zaiela zenbait helbururi, bidenabar bada ere.  Hala eta guztiz ere, gizarte- eta eskola-egoerak hain aldakorrak direlarik, aitortu egiten da zenbait gaitan oraindik ere sakontzen jarraitu beharko dela, errealitateari eman beharreko hezkuntza-erantzuna egokia izango bada.

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data: 2016/06/30
Azken aldaketa: 2016/01/12