59. Oxilaingo burdinola-errotaren presa (Markina-Xemein)
5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO
Villarreal Berrizkoa, Ilustrazioaren aitzindaria Euskal Herrian
1669an Arrasaten jaioa, Pedro Bernardo Villarreal Berrizkoa Euskal Herriko Aurre-Ilustrazioaren erakusle izan zen, arrazoia eta espiritu zientifikoa pragmatismoaren eta industriaurreko ekoizpenari aplikatutako berrikuntzaren zerbitzura jarri zituena.
Oinarrizko ikasketak Bergarako jesuiten ikastetxean egin zituen, Euskal Herriko goi mailako irakaskuntzako erakunde aitzindarietako batean, Oñatiko Unibertsitatearekin batera. Iruñean jarraitu zituen ikasketak, jesuiten instituzio batean orduan ere. Bere goi mailako ikasketak Salamancan egin zituen. 1687an Arrasateko bere etxera itzuli zen, eta handik oinordetzan jasotako ondasunak kudeatzen hasi zen, erroten eta burdinolen artean, instalazio hidrauliko ugari hartzen zituztenak. Laster, Villarreal Berrizkoa Lekeition zuen etxera joan zen.
Bere familiak metatutako baliabideen kudeaketa pertsonalak bere pentsamolde pragmatiko eta zientifikoa erabiltzera eraman zuen, benetako arazoen irtenbide teknikoak bilatzeko. Izan ere, Euskal Herri kantauriarreko industria-sektorearen zati handi batek arazo horiek partekatzen zituen, euskal ibaien ibarrak antzeko aparatu mekanikoz beteta baitzeuden.
Bere liburutegi eta idazmahaitik, Pedro Bernardo burdinolen eta erroten instalazio hidraulikoei buruzko tratatu bat idazten hasi zen. Bereziki, berrikuntza garrantzitsuak egin zituen instalazio horietara beharrezko ur-bolumena biltzeko eta bideratzeko erabili beharreko hesiak eraikitzeko sisteman: arku eta kontrahorma-presak. Erromatarren garaian jada ezagutzen baziren ere, ez ziren batere ohikoak izan Erdi Aroan eta Aro Modernoan, garai horietan, grabitatekoak (falka sekzioko presa zuzen txikiak) asko zabaldu zirelarik. Egileak, bere aldetik, karga eta indarren proba enpirikoak egingo ditu, eraikuntza parametro batzuen arabera arrazionalizatzea ahalbidetuko diotenak (behar adina ur bideratzeko behar den altuera, ibilguaren zabalera osoa ur goraldietan, etab.). Gainera, proposamenak Kantaurialdeko eremu geografikora egokituko dira. Eremu horretan, ibaiek oso malda handiko tarteak dituzte, eta, askotan, 3 eta 6 metro bitarteko garaierak gainditu behar dira. Proposamenak ur-bolumen handiko ibaietan aplikatu behar dira, baina urte-sasoiko erregimenean. Gainera, ur-soberakinak husteko sistemak proposatu zituen, funtsezkoak eurite ugarien garaian.
Villarreal Berrizkoa 1740an hil zen, eta bere ikerketa lanaren ondorioz, presa eta aparatu hidrauliko ugari kontserbatzen dira, horien artean hau, Oxilaingo errotari dagokiona.
Oxilaingo presa
Barroetatarrena zen, Markinako bailarako leinu garrantzitsuenetariko batena, bere botere ekonomikoa burdinolaz eta errotaz osatutako industriaurreko gunean oinarritzen zuena. Oxilain baserriak oraindik instalazio hidraulikoen hondarrak ditu. Hala ere, urez hornitzen zituen presa da oraindik egoera onean dagoena.
Instalazioa Villarreal Berrizkoaren agindupean eraiki zen, eta berak diseinatutako arku-sistemaren adierazgarritzat jo daiteke. Korrontearen kontra dauden bi arku eskartzano dira, erdiko kontrahorma batean eta ertzetako ostiko banatan bermatuta daudenak. Aurrealdea hareharrizko harlanduzkoa da, eta barrualdea, berriz, morteroa duen harlangaitzezkoa. Goialdean grapaz lotutako lauzak ditu, eta beheko isurbidea. Arkuen luzerak ibilguaren 26 metroko zabalera hartzen du.