28. Mutiozabal ontziola (Orio)
2. ETAPA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN • ZARAUTZ
Mutiozabaldarrak, ontzigile ospetsuak
Miguel Antonio Mutiozabal, industria-multzo honen fundatzailea, jatorria Usurbilen zuten ontzigile familia ospetsu bateko hirugarren belaunaldiko kidea zen. Bere arbasoetako batzuk (aita, aitona eta zenbait osaba) ontzi-eraikuntzan arituak ziren Oria ibaiaren behe-ibilguan, Aginaga auzoan (Usurbil). Mutiozabaldarren trebezia eta gaitasuna nabarmenak izan ziren azken mendeko eraldaketa ekonomiko eta egoera gatazkatsuetara moldatzeko garaian.
Kalixto Arin eta Jose Bernardo Arizabalorekin bat eginda, Mutiozabalek faktoria berri bat abian jarri zuen 1887an, gaur egun Mutiozabal ontziola eta Arin y Embil altzarien fabrika dauden lekuan. Enpresaren hasierako helburua egurraren salerosketara bideratua bazegoen ere, Uriberriko faktoriatik makineriaren zati bat hara eraman eta noizbehinka altzariak eta barkuak eraikitzen hasi ziren. Jarduera horietan aritzeko azpiegiturez gain, konpainiak egurra gordetzeko eraikin bat ere bazuen, gaur egun Etxe Luze esaten zaiona, Orioko zubitik ibaian gora goazela.
1899an Miguel Antonio Mutiozabalek jarduera horiek bertan behera utzi, eta hamarkada batez beste negozio batzuetan aritu zen: faktorian eskabetxatzeko lantegi bat jarri zuen. 1910ean, altzarien industriak jasaten zuen krisialdiaren aurrean, eta arrantzarako bapore txikien eskari handia ikusita, ontzigintzara itzuli zen. Horretarako, ontziola txiki bat eraiki zuen bere etxebizitza eta eskabetxatzeko lantegiaren artean (gaur egungo Mutiozabal ontziola). Ontzigintzara emandako bigarren fase hau 1916an eten zen, jarduera Uriberriko faktoriara eraman baitzuen. Handik gutxira, 1922an, Orioko faktoriara itzuli zen betiko, 1929an erretiroa hartu arte. Hala ere, hor ez zen bukatu ontziolaren jarduera, izan ere, handik aurrera beste ontzigile batzuek errentan hartu zuten.
Gipuzkoako azken ontziola tradizionala
Mutiozabal ontziola Gipuzkoako ontziola tradizionalen artetik gaur arte zutik iraun duen eraikin bakarra da. Orioko Udalak erosi ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntza ekonomikoari esker zaharberritua izan da. XIX. mendean sortu zen ontziak eraikitzeko faktoria tipologia baten azken adibidea da Gipuzkoan. Instalazio industrial bat da, ontzi-eraikuntza iraunkorreko konpainia eta enpresei dagokiona, eta industrializazioko makina tipikoak (lurrun edota argindarrarekin eragindakoak) erabiltzen dituena bere baitan. Hala ere, lantegi honen jarduera industriaurreko ontzioletan jasotako ezagupenen oinordeko zuzena zenez, eta bertan egurrezko barkuak eraikitzen zirenez oraindik, ontziola hauek tradizionaltzat jotzen dira.
Trapezio itxurako nabe bat da, 15 x12 m-ko azalerakoa, eta arrapala du kairaino jaisteko. Arrapala edo harmaila hori barkuen eraikuntzarako zen, plano inklinatuan kokaturik dago eta barku baten ebakiduraren forma du. Nabearen egitura egurrezkoa da, hormarte bakarrekoa, eta bulegoarentzat solairuarte bat izateaz gain, bost arkuazpi ditu. Itsasadarrera ematen duen fatxadak egurrezko ohol estuz osaturiko itxitura du, eta barkuen tamaina handiak hala eskatuko balu desmuntatu egin daiteke. Mendebaldeko eta hegoaldeko fatxadek harlangaitzezko zokaloa dute, eta haren gainean oholezko itxitura teilatuko hegalera arte. Estalkia teila lauz egina da eta baoak ditu argi zenitalari pasatzen uzteko. Eraikinera sartzeko ate burudun bat dago mendebaldeko fatxadan.