Mintegia: euskararen gaineko diskurtsoak
Euskararen diskurtsoak enpresetan
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak lan-munduan euskararen gainean dauden diskurtso nagusiak aztertzeko jardunaldia egin du Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan (Tolare baserrian). Jardunaldia streaming bidez eskaini da eta ehun lagun baino gehiagok jarraitu dute hitzaldia.
“Euskararen diskurtsoak enpresetan” izenburupean, eremu sozioekonomikoan euskara nola edo zenbateraino aldatu den aztertuko dute, kontuan izanik pertsonak, enpresen egoera eta ingurua ere aldatu egin direla. Horrekin batera, bereziki teknologia aurreratuen sektoreak euskararen gainean duen diskurtsoa ere aztergai izan da, enpresa teknologikoak traktoreak direlako sarritan lan-munduan.
Josune Zabala Alberdi Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak eman dio hasiera mintegiari. Ondoren, Ana Urkiza idazle eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariak hartu du hitza eta inspirazio hitzaldia eskaini du.
- Emunek “EuskaraGoiTek, hizkuntza-kudeaketaren gaineko diskurtsoa teknologia aurreratuko sektorean” lana aurkeztu du (PDF, 1 MB) . Abel Irizarrek azaldu du Teknologia aurreratuaren sektorea estrategikoa dela lan-munduan, trakzio-funtzioa betetzen duelako. Horren ondorioz, euskarak lan-munduan posizio hobea lortzeko, estrategikoa izan daiteke teknologia aurreratuaren sektorean ere aurrerapausoak ematea. Lan honetan sektore horretako diskurtsoak aztertu eta sailkatu dituzte, eta euskararentzat aukera eta mehatxu izan daitezkeen narratibak identifikatu dituzte.
- Elhuyarreko Imanol Azkuek eta Amaia Zarrabeitiak, berriz, “Lan-munduko euskara-planen transmisioa. Motibazioa, diskurtsoa, balioak” lana aurkeztu dute (PDF, 1003 KB) . Duela hiru hamarkada lehen euskara-planak abian jarri zirenetik aldaketa ugari izan dira, eta lan honen bidez aztertu dute zertan diren gaur egun orduko ametsak, asmoak, nahiak, balioak…, edo nola arrazoitzen duten gaur egun euskara bultzatu eta indartu beharra.
Amaieran, Karmelo Ayestak hitzaldia eman du (PDF, 1 MB) etorkizuneko gakoak azpimarratzeko.