Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak
Abenduaren 22ko 6/2003 Legearen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena, II. Titulua kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideei buruzkoa da, eta horren barruan, VII. kapituluak horien hizkuntza-eskubideak aipatzen ditu, Euskararen Erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezarritakoari jarraituz.
Kapitulu horri hasiera ematen dion 37. artikuluaren arabera, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek eskubidea dute ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko, baita Euskal Autonomia Erkideagoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzeko. Horren ildotik, uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua onartu zen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza-eskubideei buruzkoa dena, eta eskubide horiek bermatzeko asmoz sortu zena.
Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-eskubideak bermatzearen aldeko apustu garbia egin du; horren adierazle, 2014ko ekainaren 24an Gobernu Batzordean onartutako 2013-2016 Euskararen Agenda Estrategikoak horren inguruan jasotakoa:
Administrazioaz gain, enpresa pribatuek ere hizkuntza eskubideen inguruko diskurtsoa barneratu eta bere egin dezaten lan egingo dugu, eta, lehen aipatu dugun moduan, enpresetako euskara planak sustatzen ere ahaleginduko gara. Alabaina, administrazioak edota enpresa pribatuek izango duten jarreraz gain, biztanleria da honen guztiaren protagonista, eta bizitzarako esparru guztietan dituen hizkuntza eskubideez jabetu behar duena, jarrera proaktiboa garatuz, inongo konplexu edo gatazka kutsurik gabe.
Araudia
- Azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa.
- Abenduaren 22ko 6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena.
- Otsailaren 9ko 2/2012 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea aldatzekoa.
- 123/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza-eskubideei buruzkoa.
- 204/2010 Dekretua, uztailaren 20koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza-eskubideei buruzko Dekretua aldatzekoa.
Eskubideak bermatuz, zerbitzua hobetu (pdf, 1.82 Mb)