Joko-makinak homologatzeko eta inskribatzeko baldintzak
Homologatzeko eta Modeloen Sekzioan inskribatzeko eskaera Jokoa Arautzeko Agintaritzari egin beharko zaio. Eskaerak, gutxienez, honako eduki hau izan beharko du:
- Modeloaren izen komertziala eta makinen bertsioa edo bertsioak.
- Fabrikatzailearen edo inportatzailearen izena, eta Jokoaren Erregistro Nagusiko Sekzioko erregistro-zenbakia.
- Makinaren eta haren altzarien, kabineteen edo kokalekuen behar adina argazki, baita makinaren neurriak ere.
- Makinetako jokoaren edo jokoen ezaugarrien azalpena, eta, hala badagokio, horiek erabiltzeko moduarena.
- Makinaren eta bere sistema elektrikoaren planoak.
- Behe-tentsioaren arloan indarrean dagoen erregelamendu elektroteknikoa eta osagarrizko jarraibide teknikoak betetzen dela adierazten duen deklarazioa; behe-tentsioko erregelamendu elektroteknikoa (842/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa onesten duena).
- Makinaren eskuorri teknikoa, makinak nola funtzionatzen duen eta nola jokatzen den azaltzen duena.
- Makinak beste elementu batzuekin, makinekin, pilatutako sariak ikusteko pantailekin, kontrol-gailu nagusiekin, edo bestelako gailuekin zein mekanismoekin izan litzakeen konexioei buruzko xehetasunak; baita horien funtzionamendu- eta erabilera-protokoloak ere.
- Hala dagokionean, joko-programen zerrenda, joko-programak duen gailua eta hura identifikatzeko eta egiaztatzeko elementuak zehaztuta. Oso ohikoak ez diren prozedura teknikoak erabiltzen badira, enpresa fabrikatzaileak edo inportatzaileak homologatze-prozesuan horiek egiaztatzeko bitartekoak jarriko ditu. Edonola ere, enpresa fabrikatzaileak joko-programak eta horiek identifikatzeko eta egiaztatzeko elementuak modu independentean ikuskatzeko aukera emango dio Jokoa Arautzeko Agintaritzari.
- Homologatu nahi den modeloak indarreko arauak betetzen dituela jasotzen duen adierazpena.
- Gaitutako saiakuntza-laborategian eginiko saiakuntzari buruzko txostena, zeinaren xedea baita ziurtatzea modeloaren ezaugarriak eta funtzionamendua bat datozela Erregelamendu honetan eta garatzen duten arauetan ezarritakoarekin, baita aurkeztutako agirietan eginiko zehaztapenekin ere.
«B» eta «C» makinen eta makina laguntzaileen kasuan, gainera, honako datu hauek jasotzen dituen azalpen-memoria erantsiko da:
- Partida soilaren prezioa, eta hala dagokionean, aldibereko partidena, baita makinan egin litezkeen apustuena ere.
- Makinak eman dezakeen sari handiena, baita irabazien planaren eta sarien ezaugarrien zehaztapena ere, makinak eman litzakeen «poto» edo «jackpot» sariena barne. Sariok eskuratzeko prozedura ere zehaztu beharko da.
- Sarien itzulketa-portzentajea, portzentaje hori kalkulatzeko bete beharreko zikloa edo jokatu beharreko partida-kopurua zehaztuta.
- Sari-portzentajea aldatzea ahalbidetzen duen gailurik edo mekanismorik duen ala ez, alda daitekeen portzentajea zehaztuta.
- Makinak duen beste edozein gailu edo mekanismo, haien funtzionamenduari buruzko azalpenarekin.
- Joko-programaren softwarearen identifikazioa. Jarraian adierazten diren algoritmoetako bi jaso beharko dira, gutxienez: CRC32, MD5 eta/edo SHA1. Algoritmo horiek eguneratzeko, Jokoa Arautzeko Agintaritzaren Ebazpenaren bidez ordezkatuko ahal izango dira.
- Jokoaren edo jokoen ezaugarrien azalpen-memoria, makinetan nola erabili eta nola jokatzeari buruzkoa.
- Joko-programa biltzen duten memoria, mikrokontrolagailu, disko gogor, DVD, edo bestelako gailu guztietako bakoitzean itsatsita egon beharko duen estalkia identifikatzeko modeloa.
- Jokoaren sekuentziaren estatistiken laburpena, gutxienez joko-arloko sailburu eskudunaren Aginduan ezarritako segidako partida-zikloa jasoko duena. Simulazio horren originala gordailuan lagako da, formatu digitalean, Jokoa Arautzeko Agintaritzan.
- Jokoa gordeta dagoen euskarriaren ale bat. Euskarri hori bakarrik ordezkatu ahal izango da aurretiaz beste homologazio bat ematen bada. Eskatzaileak doan laga beharko dio Jokoa Arautzeko Agintaritzari dagokion memoria-irakurgailua.
- Modeloak dakarren kontagailu homologatuaren ezaugarrien zehaztapena.
Azken aldaketako data: