Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jabetza intelektuala

Jabetza intelektuala eskubide pertsonalek eta ondare-eskubideek osatzen dute. Eskubide horiek obraren erabateko erabilera eta ustiapenerako eskubide esklusiboa esleitzen diote egileari, eta muga bakarrak Legean ezarritakoak dira.

Egileei eta beste titular batzuei (artistak, ekoizleak, irrati-difusioko erakundeak...) dagozkien eskubideen multzoa barne hartzen du, haien sorreraren ondoriozko obra eta prestazioei dagokienez.

Obra literario, artistiko edo zientifiko baten jabetza intelektuala egileari dagokio, sortze hutsagatik.

Egileari dagokio bere obra edozein modutan ustiatzeko eskubideak esklusiboki baliatzea, eta, bereziki, erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko eskubideak. Eskubide horiek ezin izango dira gauzatu haren baimenik gabe, Jabetza Intelektualaren Legean aurreikusitako kasuetan izan ezik (ustiapen-eskubideak hirugarrenei lagatzea).

OHARTARAZTEN DA adimen artifiziala erabiliz sortutako obrak EZIN izango direla inskribatu.

1. Honako hauek erregistra daitezke:

Gaur egun ezagutzen diren edo etorkizunean asmatzen diren edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ukiezinez adierazitako jatorrizko sorkuntza literario, artistiko edo zientifiko guztiak. Besteak beste, honako hauek hartuko dira kontuan:

  • Liburuak, liburuxkak, inprimakiak, epistolarioak, idazkiak, diskurtsoak eta alokuzioak, hitzaldiak, auzitegi-txostenak, katedraren azalpenak eta izaera bereko beste edozein obra.
  • Musika-konposizioak, letrarekin edo gabe.
  • Obra dramatikoak eta dramatiko-musikalak, koreografiak, pantomimak eta, oro har, antzerki-lanak.
  • Lan zinematografikoak eta ikus-entzunezko beste edozein obra.
  • Eskulturak eta margolanak, marrazkiak, grabatuak, litografiak eta historia grafikoak, tebeoak edo komikiak, bai eta horien entseguak edo zirriborroak eta gainerako obra plastikoak ere, aplikatuak izan edo ez.
  • Arkitektura- eta ingeniaritza-obren proiektuak, planoak, maketak eta diseinuak.
  • Topografiari, geografiari eta, oro har, zientziari buruzko grafikoak, mapak eta diseinuak.
  • Argazki-lanak eta argazkiaren antzeko prozeduraren bidez adierazitakoak.
  • Ordenagailu-programak

Egileak jatorrizko obraren gainean dituen eskubideei kalterik egin gabe, jabetza intelektualaren xede dira, halaber:

  • Itzulpenak eta egokitzapenak.
  • Berrikuspenak, eguneratzeak eta idatzoharrak.
  • Laburpenak
  • Musika-konponketak.
  • Obra literario, artistiko edo zientifiko baten edozein eraldaketa

Jatorrizko titular hauei dagozkien interpretazio, exekuzio edo ekoizpenak ere inskriba daitezke:

  • Artista interpretatzaileak edo exekutatzaileak.
  • Fonograma-ekoizleak.
  • Ikus-entzunezko grabazioen ekoizleak.
  • Irrati-difusioko erakundeak.
  • Argazki hutsen errealizadoreak.
  • Jabari publikoan dagoen obra argitaragabe bat zilegi den moduan jendarteratzen duten pertsonak.
  • Osaera tipografikoagatik, aurkezpenagatik eta gainerako ezaugarri editorialengatik indibidualizatu daitezkeen obren editoreak.
  • Datu-base baten gaineko sui generis eskubidearen titularrak.

Azkenik, eskubide errealak eratzeko, eskualdatzeko, aldatzeko edo azkentzeko egintzak eta kontratuak inskriba daitezke, bai eta beste edozein egintza eta titulu ere, borondatezkoak nahiz beharrezkoak, baldin eta eskubide inskribagarri horiei eragiten badiete.

2. Ezin da erregistratu:

  • Industria-diseinuak, patenteak, asmakizunak, izendapenak, markak eta logotipoak, industria-jabetzaren legeriaren bidez babesa lortzen dutenak.
  • Jolasak, sistemak, proiektuak, ideiak, teknikak, metodoak, kontzeptuak, gauzak egiteko edo eraikitzeko prozedurak, metodo edo aurkikuntza zientifikoak edo teknikoak, printzipio matematikoak, formulak eta algoritmoak, edo laneko edozein kontzeptu, prozesu edo metodo.
  • Lege- edo erregelamendu-xedapenak eta dagozkien proiektuak, jurisdikzio-organoen ebazpenak eta erakunde publikoen egintzak, erabakiak, eztabaidak eta irizpenak, bai eta aurreko testu guztien itzulpen ofizialak ere.

Obra bat lehen aldiz inskribatzeko eskaerarekin batera, identifikatzeko alea aurkeztu behar da.

Obren identifikazio-aleak euskarri digitalean aurkeztuko dira (gogora dezagun gaur egun Jabetza Intelektualaren Erregistroa digitala dela).

Hala ere, aurrez aurreko eskabideen kasuan, obra-motak aukera ematen badu, paperezko euskarrian aurkeztu ahal izango dira, ez-ohiko aukera bezala. Azken kasu horretan, obraren alea paperean aurkeztuko da, koadernatu GABE, orrialdeak zenbakituta, zirriborrorik eta zuzenketarik gabe, eta egileen izenburua eta izen-abizenak azalean adierazita.

Aurkezten diren obren aleetan egile guztien izen-abizenak agertu behar dira, baita obraren izenburua ere. Hainbat dokumentu eskatzen direnean (adibidez, ikus-entzunezko lanak), informazio hori guztietan agertuko da. Bildumen kasuan, bilduma osatzen duten obren ale bakoitzean edo azal batean agertu beharko da.

Obra mota bakoitzean, igo daitekeen fitxategiaren formatua adierazten da. Nolanahi ere, igo ahal izango den gehieneko tamaina 1 GB izango da. Obrak tamaina handiagoa badu, Jabetza Intelektualaren Erregistroko bulegoan aurkeztu beharko da, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Jabetza intelektualeko eskubideak:

Jabetza intelektualeko eskubideei lotutako eskubideak (interpreteen, ekoizleen eta exekutatzaileen eskubideak):

Egilea bera edo egileak, bai eta jabetza intelektualeko eskubideen titularrak edo eskubide horien ondorengo titularrak ere, zuzenean edo ordezkari baten bitartez.

Espedientean parte hartzen duten egile eta titular guztien indarreko nortasun-agiriak aurkeztu beharko dira. Pertsona juridikoen kasuan (enpresak, elkarteak, etab.), honako hauek aurkeztu beharko dira: IFK, eratze-eskriturak eta estatutuak, bai eta hura ordezkatzen duen pertsonaren ordezkaritza-ahalordea eta haren indarreko nortasun-agiria ere.

Inskripzio-eskaera egingo du espedientearen ondoren eskubideen titularra izango den pertsonak edo haren ordezkariak.

Jabetza intelektualeko eskubideen titularra egilea ez bada, egileak bere eskubideak laga beharko dizkio.

Jabetza intelektualeko eskubideak “inter vivos” edo “mortis causa” laga daitezke. Kasuaren arabera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Inter vivos:

  • Egileak ustiapen-eskubideen titularrarekiko duen lan-harremanaren ondorioz sortu da obra, beste baten kontura lan-kontratu baten ondorioz hain zuzen ere (egilearen lan-kontratua aurkeztu beharko da, baita soldatapeko egilearen erantzukizunpeko adierazpena ere).
  • Eskubideak lagatzeko kontratua (dagokion zerga ordaindu izanaren, Ogasun Publikoan likidazioa egiteko aurkeztu izanaren edo salbuespenaren egiaztagiria aurkeztu beharko da horrekin batera).

Mortis causa

  • Jaraunspena esleitu eta onartzeko eskritura publikoa, jabetza intelektualeko eskubideak eskualdatzen diren obra berariaz jasotzen duena. Testamentuan obrak berariaz aipatzen ez badira, notario-agiri bat ere onar daiteke, obra horiek jarauntsiaren zati direla adierazten duena, jaraunsleak nor diren adieraziz. Ez da interesdunaren adierazpenen akta bat izan behar, dokumentu bat baizik, notarioak egiaztatzen duena obra horiek jaraunspenaren zati direla eta obra horien jaraunsleak pertsona jakin batzuk direla, behar bezala identifikatuta.
  • Dagokion zerga ordaindu izanaren, Ogasun Publikoan likidazioa egiteko aurkeztu izanaren edo salbuespenaren egiaztagiria aurkeztu behar da.