Hezkuntza Saila

Irakasleen etengabeko prestakuntza eta familien prestakuntza. Zer da?

Hezkuntza-sistemaren baten arrakastaren atzean faktore nagusi hau egon ohi da beti: irakasleek prestakuntza, trebetasun, motibazio, inplikazio eta bokazio nahikoa izatea, hain zuzen. Irakasleen prestakuntza estu-estu lotuta dago hezkuntzaren xedeekin eta Oinarrizko Hezkuntzako ikasleen irteera-profilekin. Horixe da, hain juxtu, bai hasierako prestakuntzaren bai etengabeko prestakuntzaren gakoa, eta horregatik da ezinbesteko horren aurrean hezkuntza-komunitate oso-osoak arduraz eta konpromisoz jokatzea.

Ildo horretan, nahitaezkoa da prestakuntza-proposamen guztien artean koherentzia izatea irizpide nagusia: hasierako prestakuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren artean; prestakuntza-eragile eta -entitateen artean; teoriaren eta praxiaren artean; aurrekontuetan horretarako bideratzen den diruaren eta horrek hobekuntzetan duen eraginaren artean...

Hona zer den prestakuntza: nork bere burua ezagutzaren eraikuntzan trebatzeko prozesua, hezkuntza-jardueretan eta irakasleen garapen profesionalean oinarritua. Ikasle guztiek dute kalitatezko hezkuntza bat izateko eskubidea, bai eta prestakuntza- maila handia izan arren etengabe ikasten jarraitzen duten profesionalen esku egotekoa ere, hezkuntza-sistemak etengabe hobera egin dezan.

Hezkuntza ardura nagusi duten esparruetan (eskolan, unibertsitatean, babes- zerbitzuetan) prestakuntzaren inguruan garatutako planteamendu orokorrak ezaugarri hauek izan behar ditu:

  • Arreta hezkuntzarekin lotutako jardueretan jarri behar du, eta irakaskuntza hartu behar du aztergai eta gogoetagai.
  • Konpetentzietan eta diziplinarteko planteamendu orokorretan oinarritutako ikuspegia sustatu behar du.
  • Eguneratze zientifikoarekin, didaktikarekin eta hezkuntza-antolaerarekin lotutako alderdi guztiak orekatu behar ditu.
  • Gizarte-trebetasunei eta alderdi emozionalei behar besteko arreta eskaini behar die, bai eta, oro har, irakaskuntzan tartean izan ohi diren gainerako alderdiei ere.
  • Profesional guztien arteko lankidetza-prozesuak (maila bereko pertsonen prestakuntza, sareen sorrera) erraztu behar ditu.
  • Prestakuntzarako plangintzak egitean, ardatza ikastetxea bera dela ohartu eta bultzatu behar du.
  • Gizarte-ardura handiak dituzten profesionalak prestatu behar ditu, kritikoak bai, baina aldaketei preaktibotasunez eta sormenez aurre egingo dietenak.

Hezkuntza-sistemaren xedeak eta irakasleei exijitzen zaizkien konpetentziak ezin bereiz daitezke. Horrek, Edgar Morin-i eta Philippe Perrenoud-i jarraituz, hiru perspektiba hauek aintzat hartu eta hirurak uztartzera garamatza: herritar izatea, konpetentziak eraikitzea, eta garapen pertsonal eta emozional orekatua erdiestea. Gaur egungo hezkuntza-sisteman, ezinbestekoa da irakasleek hainbat bide urratzea, eta, besteak beste, kulturen arteko bitartekari, hezkuntza-komunitateko sustatzaile eta gidari izatea; beharrezkoa da, irakasleak gai izatea ikaskuntza adierazgarriko egoerak sortzeko, heterogeneotasuna kudeatzeko, beren lanbideaz kritikoki gogoeta egiteko eta gaur egungo gizartean hezkuntzak zer toki izan behar lukeen hausnartzeko.

Ikasleei bizitzen irakastea, horixe da hezkuntza-sistema orok xede nagusitzat izan behar lukeen ardatza, eta horren arabera trebatu behar lirateke maisu-maistra guztiak. Horregatik, hain zuzen, beharrezkoa izango da irakasleei ondo irakastea zeinen konplexu eta anitzak izango diren egunero aurrean izango dituzten egoerak, halaxe jabetuko baitira haiei aurre egiteko behar izango dituzten gaitasunez:

  • Ikasleek pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, besteekin batera bizitzen, norbera izaten, zer edo zer egiten eta ekimenez jokatzen ikas dezaten beharrezkoak diren prozedurak irakasteko gaitasuna.
  • Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak aztertzeko, garatzeko eta ebaluatzeko gaitasuna.
  • Ikasleengan ikasteko gogoa pizteko eta, etxekoekin lankidetzan, beren bizi- proiektuak nola eraiki orientatzeko gaitasuna.
  • Proposamen didaktikoak ikasleen premietara egokitzeko eta moldatzeko gaitasuna.
  • Beste irakasle eta hezkuntza-eragile batzuekin elkarlanean aritzeko gaitasuna, eta haiekin batera ikastetxea kudeatzen eta etengabe hobetzen aritzekoa.
  • Jarduerak gure erkidegoko hizkuntza ofizialak erabiliz lantzeko gaitasuna; baita, beharrezkoa balitz, atzerriko hizkuntzaren batean lantzekoa ere.
  • Curriculumean informazioaren teknologiak erabili eta txertatzeko gaitasuna.
  • Irakasle-lanbideari buruzko ikuspegi etiko bat lantzeko gaitasuna, eta gizartearekin konpromisoz jokatzekoa, irakaslea ere gizarte-eragile denez gero.
  • Hezkuntzan jarduteak dakartzan problemak eta gatazkak konpontzeko gaitasuna.
  • Norberaren etengabeko prestakuntza planifikatzeko gaitasuna.

Irakasleek aktiboki hartu behar lukete parte zenbait auziri buruzko gogoetetan, eta, hala, berei legokieke, berez, ikasleek zer eta nola ikasten duten hausnartzea eta hezkuntza-sistemaren xede nagusiak zein diren aztertzea. Horretarako, ezinbestekoa da maila eta kalitate handiko prestakuntza akademiko eta pedagogikoa eskaintzea irakasleei, eta, horretan, sektore sozio-ekonomiko eta kultural askotako lantaldeek parte hartzea, gizarteak berak ere konfiantza handiagoa izan dezan haien lanean.

Ezaugarriak

Esan liteke eskoletako irakasleen kopuruak gora egiten duela, hartako kide direnek taldean lan egiten, beren bizipenak konpartitzen eta ezagutza sortzen ikasten duten neurrian. Hala, bada, prestakuntza-ildo berriak urratzea ez ezik, esku-hartze pedagogikoko modu berriak sortu beharra ere badakar ikastetxe bateko maila guztietako irakasleek elkarrekin lanean arituz ikasten aritzeak. Irakasle bakoitzaren eta instituzioaren beraren gaitasun potentziala elikatzen du delako prestakuntza horrek, eta berrikuntzak urratsak egitera eramaten, ideiak sortzeko gaitasunaren eta zenbait proiektu berritzaile abiaraztearen bitartez.

  • Etengabeko prestakuntzak ez ditu azken xedetzat irakasle eta eskoletako langileak hartzen, ikasleak baizik, eta, alde horretatik, irakasleek konpromisoz eta arduraz jokatu behar dute, delako prestakuntza hori praktikan jarri eta aurretiaz ezarritako helburuak ikasturtez ikasturte betetzeko.
  • Ikastetxeetan berrikuntza-proiektuak martxan jartzen direla bermatu behar du prestakuntzak. Prestakuntzarekin batera, ezinbestez jarri behar dira abian berrikuntza-prozesuak; alegia, ikastetxe bateko esparru guztiei eragingo dieten aldaketa-planak: curriculumeko alderdiei, metodologiari, antolaerari, etxekoekin, zenbait entitaterekin nahiz komunitateko instituzioekin elkarlanean jarduteari, ikasgelan lan egiteko moduari...
  • Alderdi indibidualenetan oinarritutako prestakuntza-eredua baztertu egin behar da, eta, horren ordez, eskoletan ardaztutako prestakuntza-ereduak bultzatu, lekuan lekuko ikastetxeetako premietara egokitutako proiektuen bitartez, eta, horretan, lekuan lekuko proiektu eta planak hartu behar dira kontuan: hobekuntza-planak, esku-hartze globaleko proiektuak, hezkidetza-proiektuak...; eta hezkuntza-komunitateek bizi dituzten errealitate askotarikoak ere kontuan hartu behar dira: ikastetxeko hezkuntza-komunitateko kideentzako prestakuntza-proiektuak, esaterako. Horregatik, mundu osoko adituek proposatzen dutenez, ikastetxean "Ikaskuntzarako Komunitate Profesional" bat sortu behar da, irakasleek ezaguerak eta esperientziak konpartitu ditzaten, ikasleen ikaskuntza hobetzea helburu hartuta.
  • Dena dela, prestakuntza indibidualak beharrezko izaten jarraitzen du, geure hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparruko eskakizun berriei erantzuteko batez ere, hura gabe ezin gerta baitaiteke inolako mentalitate- eta sinesmen- aldaketarik. Ezinbestekoa da, hala ere, prestakuntza hori lekuan lekuko ikastetxeak daudeneko testuinguruan kokatzea.
  • Azkenik, beharrezkoa da prestakuntza-prozesuaren baitan beronen garrantzia bera ere ebaluatzea, eta, horretarako, sakon aztertzea prozesu horrek zer eragin dituen bai ikasgelan, bai, oro har, ikastetxeko eguneroko bizitzan (curriculum- esparruan, antolaeran, metodologian, ebaluazioetan, etxekoekin eta gizarteko nahiz komunitateko entitateekin elkarlanean jardutean...). Prestakuntza-proiektu guztietan beren garrantzi eta eraginei buruzko informazioa eman behar denez gero, nahitaezkoa izango da zenbait adierazlez baliatzea, proiektuon ondorioak sistematizatzeko eta objektibatzeko.

Modalitateak

Prestakuntza-modalitateei dagokienez, begi-bistakoa da modalitateok inguruabar eta kasuen araberakoak izango direla. Alde horretatik, kontuan hartu behar da prestakuntza-saioak non egingo diren (herrian, eskualdean, atzerrian); zer iraupen izango duten (hitzaldi, jardunaldi, ikastaro, gaikuntza-saio, master edo beste zer modutan); zer eduki landuko dituzten (premia errealenetatik abiatuko diren, ikuskera proaktiboz eginak dauden, etorkizuna kontuan hartzen duten...); zer modalitate izango duten (Internet bidez, bertara joanez, pertsonala, taldekakoa...).

Azken urteotan badirudi joera mintegi- eta talde-izaerako prestakuntza-saioak eskatzekoa izan dela, eta prestakuntza indibiduala, berriz, bazter samartuta gelditu dela. Izan ere, bai eskolarteko bai eskola barruko mintegiek itzeleko garrantzia dute, haietan bikain uztartzen baitira esperientzia-truke, praktikei buruzko azterketa eta prestakuntza espezifikoarekin lotutako gainerako alderdi guztiak.

Ikastetxe-sareetan parte hartzea ere aparteko modalitatea dugu irakasleek beren etengabeko prestakuntzan aurrera egin dezaten, elkarri zenbait prozesu interesgarriren berri emateko aukera ematen baitute, praktika onenei buruzko informazioa konpartitzeko parada emateaz batera. Sarean lan egiten dutelarik, ikastetxeek atzean uzten dituzte garai bateko egitura hierarkizatzaile, zurrun eta isolatuak, eta lidergoa nahiz ikaskuntza ulertzeko modu berriak errazten. Sarean ikastea oinarri duten prozesuetan, parte-hartzaileek beren burua autorregulatu dezakete, elkarrekin ekin diezaiokete unean uneko erronkei aurre egiteko proposamen eta konponbideak bilatzeari. Ikasteko modu hori estu-estu lotuta dago lankidetzarekin, maila bereko pertsonen arteko interakzioarekin, talde-lanarekin eta konpromiso konpartituekin; hala, kasu gehien-gehienetan, gure praktikek hobera egiten dute, sarean ikasten badihardugu.

Gogoan hartu behar da, halaber, zeinen aukera paregabea ematen diguten IKTek irakasleen etengabeko prestakuntzan urratsak egiteko: lankidetza, geure praktikei buruzko gogoeta eta hezkuntza-berrikuntza sustatzen dute formatu guztiz berriok.

Irakasleen prestakuntzari eta eguneratzeari dagokienez, prestakuntza teoriko- praktikoko modalitatea balio handikotzat jotzen denez gero, halakoak antolatzen dituzte bai ikastetxeetan, bai prestakuntza-zentroetan, hezkuntza-arloko aditu eta eragileak laguntzaile hartuta.

Prestakuntza-arloko eragileekin talde-lanean eta elkarlanean aritzea guztiz beharrezkoa da, etengabeko prestakuntzarekin lotutako proposamenek arrakasta izango badute. Alde horretatik, prestakuntza-planak diseinatu, antolatu eta ebaluatzeko, komenientzia handikoa litzateke Hezkuntza Administrazioak eta Irakasleentzako Prestakuntza Eskolek elkarrekin lan egitea, lekuan lekuko ikastetxeekin lankidetzan.

Lekuan lekuko testuinguruek ere aukera itzelak ematen dituzte ikasten jarraitzeko, gizarte-esparruko lanbide guztien arteko harreman eta lokarriak estutzen eta bultzatzen dituztenez gero. Zentzu horretan, irakaskuntza formalaren eta ez- formalaren arteko lokarriak estutzen ditu komunitateak, eta Tonuccik hiri hezitzaile esaten zion horretara eramaten duen bidea urratzen. Hala, ikasle guztiek behar bezala aurrera egingo badute, beharrezko gertatuko zaigu hezkuntza-esparruko eta komunitate osoko eragileak inplikatzea eta konprometitzea gure proiektuan.

Prestakuntzak norberaren kontzientzian aurrera egin beharra dakar, ikasitakoak kolokan jarri beharra, erantzun teoriko eta praktikoak bilatu beharra, eta, batez ere, problema pertsonalei eta profesionalei aurre egiteko modu berriak barneratu beharra. Horregatik, hain zuzen, hezkuntza-sisteman inplikatuta dauden gizon-emakume guztien ardura da prestakuntza. Horrez gain, elkarrekin lan egin beharra ere badakar prestakuntzak, garrantzi handikoa baita hartan diharduten eragileen arteko lankidetza eta kooperazioa. Beste alde batetik, ezin ahantz daiteke sistema hobetzea duela helburu prestakuntzak; ikasleen irteera-profilean definitutako oinarrizko konpetentziak lorraraztea, batik bat. Eta, amaitzeko, garbi esan dezagun prestakuntza faktore erabakigarria dela, kalitatea eta bikaintasuna oinarri dituen gure euskal hezkuntza- sistemak arrakasta lortzeko.

Etengabeko prestakuntza indartzeko proposamenen abiapuntu izango diren aldaketa sakonenak, noski, ikastetxeetan egin behar dira. Erantzukizun hori gogoan harturik, beraz, eskolek autonomia nahikoa izan behar dute beren premien eta prospektiben arabera prestakuntza-plan propioak sortzeko. Hezkuntza Administrazioak eta beste zenbait hezkuntza-eragilek ikastetxe eta zentro guztientzat ezarritako prestakuntza- ildo estrategikoei erantzun behar diete, jakina, lekuan lekuko prestakuntza-plan horiek.  

Eta, jakina, prestakuntza-arloko eragileen artean, Administrazioari ere garrantzi handia aitortu behar zaio. Hezkuntza-administrazioari dagokio, baliabideen bitartez ekarpenak egiten dituen neurrian, administrazioak berak (berritzegune) nahiz beren zentro elkartuei (prestakuntza-zentro “profesionalak”, hala nola unibertsitateak eta goi- mailako prestakuntza-zentroak) zerbitzuak eskaintzen dizkieten beste hezkuntza- eragile batzuek gidatutako babes-zerbitzuen prestakuntza-eskaera eta  -eskaintzaren planifikazioa koordinatzea. Eta eskoletan, unibertsitateetan eta prestakuntza- zentroetan egiten den lanaren jarraipena egitea ere badagokio, jakina. Erantzukizun horiek betetzeko, Administrazioak ezinbestez erlazionatu behar du eskolekin eta goi- mailako prestakuntza-zentroekin, haien errealitatera egokitu eta oinarri zientifiko kontrastatuak dituen prestakuntza sustatzeko. Baina, horrez gain, barne-egitura malgu, garden eta zabal bat ere garatu behar du, prestakuntza-lanetan arduraz jokatuko badu. Hala, bada, prestakuntzari dagokionez, eskoletako berrikuntza-proiektuak sustatzeko erabili behar ditu Administrazioak eskura dituen baliabide (pertsonal, estruktural, material eta ekonomiko) guzti-guztiak.

Testuinguru horretan, komeni da, lehenik eta behin, irakasleen prestakuntza hizpide hartzea, beharrezkoa baita haien baliabide pertsonal eta profesionalak aitortzea, batetik, eta haien lana eta ikasleen ikaskuntza erraztuko dituzten erantzunik egokienak bilatzea, bestetik. Ikaskuntza-  eta irakaskuntza-prozesuei buruz gogoeta egitea eta hobetzea, horixe hartu beharko litzateke lehentasuntzat prestakuntzan. Gogoeta- eta hobekuntza-saiakera horrek pertsonala eta komunitarioa izan behar du aldi berean, denok konpartitzeko moduko kultura pedagogikoa lortzea baita helburua. Dena dela, ezinbestekoa da, halaber, beste eragile batzuen alde apustu egitea, haiek ere parte hartzen baitute ikasleen hezkuntzan; aipa ditzagun eragile horietako batzuk: administrazioko eta zerbitzuetako langileak, begiraleak, boluntarioak, adituak, laguntzaileak... Eragile horiek guztiek ondo jakin behar dute hezkuntza-sistemaren barruan zer funtzio dagokien, irakasleekin batera modu koherentean lan egingo badute.  

Familia (gurasoak nahiz tutoreak) helburu duen prestakuntza, horra hor lehenetsi beharko genukeen estrategia-ildoetako bat. Bide bera urratzeko indarrak batu nahi badira, beharrezkoa da prestakuntza-plan koherente bat egitea, ikasleen irteera- profilean aurreikusitako oinarrizko konpetentziak lortzen direla bermatzeko eta ikasleek ikastetxea kudeatzeko lanetan parte hartzen dutela ziurtatzeko. Beraz, ikastetxeetako Hezkuntza Proiektuan bertan ere argi eta garbi adierazi behar da familiek eskolarekin batera elkarlanean jardun behar dutela.

Unibertsitateak eta goi-mailako prestakuntza-zentroak, gainera, prestakuntza-arloko ezinbesteko eragileak dira, eta halaxe aitortu behar zaie. Bien ala bien erantzukizuna bikoitza da: batetik, egungo eta etorkizuneko profesionalak hezi eta gaitu behar dituztelako; eta, bestetik, berriz, kalitatezko hezkuntza-sistema berritzaile bat eraikitzen lagunduko duten ezagutza-faktoreak etengabe bilatu, esperimentatu eta eraikitzeko ardura duelako. Bi lanoi ekiteko, beharrezkoa da unibertsitate eta prestakuntza-zentroek zabal, malgu eta sormenez jokatzea, gurean eta nazioartean prestakuntzari buruz egon litezkeen beste erreferentzia eta ikuspegi batzuk ere onartzeko, eta, horiek abiapuntutzat hartuta, hezkuntzari eta hezkuntza-sistemaren antolaerari buruzko proposamen zientifikoak egitea. Beste alde batetik, bertako eskolak ere kontuan hartu behar ditu ikuskera horrek, eskola baita hezkuntzan zein gizartean aldaketak ekarriko dituen eragile nagusia.

Hauxe da, ziur asko, etengabe hobetzeko aukera gehien ematen dituen esparrua. Hezkuntza-administrazioak eta unibertsitateak urrats ugari egin dituzte, inolako zalantzarik gabe, baina modu paraleloan eta elkarren berri jakin gabe. Alde batetik, Administrazioak bere egituretatik abiaturik erantzun die zenbait premiari. Beste alde batetik, berriz, egia da historikoki Irakasleentzako Prestakuntza Eskolek zailtasun handiak izan dituztela ikerketa-ildo garrantzitsuak garatzeko, haietan Diplomatura- mailako ikasketak baino ez baitira eskaini orain arte. Hori dela eta, egia da azken urteotan sekulako aldaketa izan dela Irakasleentzako Prestakuntza Zentroetan. Baina, hala eta guztiz ere, oraindik bide luzea dugu aurretik, administrazioaren, ikastetxeen eta unibertsitatearen arteko elkarlana hobetu eta aurrera begira erabakiak zorrotz eta kritikoki hartzeko. Horren aldeko apustua ezinbestekoa da, kalitatezko hezkuntza- sistema bat lortuko badugu.

Baina hezkuntzaren alorreko ikerkuntzaren auziari, noski, beste ikuspegi batetik heldu behar zaio: prestakuntzarenetik, alegia. Hezkuntza-alorreko masterren eskaintza nabarmen hobetu daiteke, hezkuntza-sistemaren premietara albait gehien egokitu daitezen. Beren bizimoduan eta ikastetxean bertan modu autonomo eta zuhurrean jokatuko duten profesionalen profilean sakontzeko, beren lana etengabe aztertu, berraztertu eta, hala dagokionean, beste bide bat urratzeko gai izango diren irakasleak hezteko, sarean eta taldean lan egiten, eta ikaskuntzaren nahiz gizarte-eraldaketaren alde jokatzen dakiten eragile dinamikoak sortzeko, laburbilduz, hasierako nahiz etengabeko prestakuntza makulutzat harturik maisu-maistra eta irakasle-ikertzaile izango direnen profila sendotzeko, horretarako behar-beharrezkoa da irakasleei "plus" bat ematea, eta hori master baten eta praktika oinarri duten hezkuntza-arloko ikerketen bitartez baino ezin lor daiteke.

Ez da ahaztu behar ikerketek hezkuntza-zentroak izan behar dituztela helburu, baina ikerketak egiteko ekimenak beste nonbaitetik etor daitezkeela, ez bakarrik Administraziotik eta Unibertsitateetatik. Hezkuntza-zentroek berek ere jardun dezakete ikerketan, bai eta haiek laguntzea xedetzat duten babes-zerbitzuek eta hezkuntza-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek ere, horietan beharrezkoa baita ikerketa, beren hezkuntza-eskaintza etengabe berritzen eta hobetzen jarraitzeko.