Ingurumenari buruzko informazioa eskatzea
- Nork eskatu ahal du ingurumenari buruzko informazioa?
- Zeintzuk dira pertsonei dagozkien eskubideak?
- Nork du ingurumenari buruzko informazioa emateko betebeharra?
- Zeintzuk dira agintari publikoen betebeharrak?
- Nola egin ingurumenari buruzko informazioa jasotzeko eskaera?
- Agintari publikoek beti eman behar dute erantzuna
- Zein kasutan ukatu daiteke ingurumenari buruzko informazioa?
- Agintari publikoek ingurumenari buruzko informazioaren truk kobratu al dezakete?
- Erreklamazioak
- Dokumentuak
Edozein pertsonak eska dezake administrazio eta erakunde publikoen esku dagoen ingurumenari buruzko informazioa, baita funtzio eta zerbitzu publikoak egikaritzen eta eskaintzen dituzten erakunde pribatuen esku dagoena ere. Pertsona orok du ingurumenari buruzko informazioa eskatzeko eskubidea, baita hiritartasun gabekoek edota egoiliarrak ez direnek ere. Pertsona guztiek dute ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea; berdin dio atzerritarra izan edota leku batean zein bestean bizi.
Ingurumenari buruzko informazioa eskatzen duenak ez du zertan adierazi informazio hori eskatzeko arrazoia ezta interesa ere.
- Agintari publikoen esku dagoen ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea dugu, inolako azalpenik eman beharrik gabe.
- Legeek ematen dizkiguten eskubideei eta horiek modu egokian egikaritzeari buruzko informazioa emateko eska diezaiekegu. Baita informazioa bilatzeko laguntza ere.
- Eskatutako informazioa legeak ezartzen duen gehieneko epean jasotzeko eskubidea dugu.
- Informazio zein modu edo formatutan lortu nahi dugun aukera dezakegu: formatu elektronikoan (Excel, Word, pdf, shape, jpg,…), paperezko kopian, CD bidez, etab.
- Informazioa, zati batez edo osorik, ez emateko arrazoiak zeintzuk diren jakin dezakegu; baita erantzuteko epea luzatzearen arrazoia edota informazioa eskatutako formatuan eman ez izanari buruzkoa ere.
- Jasotako informazioaren truk zenbat eta zein kasutan ordaindu behar dugun jakiteko eskubidea dugu (tasa eta prezio publikoen zerrendaren arabera).
Ingurumenarekin lotutako kontsultak egiteko, Udalen, Aldundien edota Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailetara jotzea da ohikoena; hala ere, badira informazio hori sortu eta emateko gaitasuna duten bestelako administrazio nahiz erakunde publiko eta pribatuak ere. Agintari publiko guztiek dute, beraien jarduera-eremua edozein izanda ere (industria, energia, garraioa, osasuna, nekazaritza edota beste edozein), beraien esku dagoen ingurumenari buruzko informazioa emateko betebeharra.
- Legeen arabera pertsonek dituzten eskubideei buruzko informazio egokia ematea, bai eta eskubide horiek egikaritzeko bideei buruzkoa ere.
- Ingurumenari buruzko informazioa lortu nahi dutenei laguntza ematea eta, ahal den neurrian, horren inguruko aholkularitza eskaintzea.
- Agintari publikoen zerrenda bat eratzea, bakoitzak duen informazioa kontuan hartuta. Zerrenda horiek publikoak dira, eta gutxienez agintari publiko horiek guztiak bateratzen dituen zerrenda bat egon behar du Autonomia Erkidego bakoitzean.
- Informazioa eskuratzeko Interneten erabilera sustatzea.
- Ingurumenari buruzko informazioaren eskaerak tramitatu eta ebazterakoan bizkortasun-printzipioa bermatzea.
- Ahal den neurrian, informazioa eguneratua, zuzena eta konparatzeko modukoa izan dadila bermatzea.
- Ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea modu efektiboan egikaritu ahal izateko neurriak hartzea; horien artean, gutxienez, jarraian aipatzen diren neurrietatik bat egon beharko da:
- Ingurumenari buruzko informazio zerbitzuak hornitzea.
- Informazio horren kontsultarako bideak sortu eta mantentzea.
- Erregistroak, ingurumenari buruzko informazioa jasotzen duten zerrendak edota informazio-puntuak sortzea; horiek, modu argian zehaztu beharko dute non aurkitu daitekeen eskatutako informazioa.
Edukia:
- Eskatzailearen izen-abizenak, eta jakinarazpenetarako lehenetsi den modua edota helbidea.
- Eskaera: argia, zehatza eta arrazoizkoa. Galdera zabal edo orokorregiak egitea saihestu behar da. Informazio jasotzeko modua edota formatua zehaztu daiteke.
- Lekua eta data.
- Informazio-eskatzailearen sinadura.
- Eskaera zuzenduta dagoen organo, zentro edo unitate administratiboa. Eskaerak ebazteko eskumena duen agintari publikoari igorri behar zaizkio, hau da, eskatutako informazioaren jabe den erakundeari.
Eskabideak aurkezteko lekua:
- kasuan kasuko administrazioorganoetako erregistroak.
- edozein administrazio-organoren erregistroak: Estatuko Administrazio Orokorrekoak, Autonomia Erkidegoetako edozein Administraziokoak, edo Tokiko Administrazioa osatzen duten erakunderen batekoak (baldin eta dagokion hitzarmena izenpetu bada).
- Posta-bulegoetan.
- Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatiko edo kontsuletxeetako bulegoetan.
- posta elektronikoz, faxez, Web postontzien bidez, etab.
Idatziz ez ezik, ahoz ere eska daiteke informazioa (telefonoz edo aurrez aurre). Hala eginez gero, zurekin hitz egin duen pertsonaren izena, data, eta zer eskatu duzun apuntatzea gomendatzen da. Eskabidea jasota uzteko, erabilgarria izan daiteke eskaria ahoz egin ostean posta elektroniko bat bidaltzea, hitzartu diren baldintzak baieztatuta gera daitezen.
- Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaerak egiteko, euskadi.eus gunean Kontaktua erlaitza sakatuta, buzoi orokorrean (eskatzaileak ez du bere burua identifikatu behar) nahiz Informazio publikorako sarbidean sar zaitezke. Azkenengo horretan esakaera sartzeak prozeduraren hasiera hasten du eta horretarako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu beharra dago. Kontaktua atalean telefonoz eta aurrez aurre egiteko informazioa ere ba dago.
Arau orokorra informazioa zabaltzearen aldekoa izan behar da. Agintari publikoek, modu argian zehaztutako kasu konkretuetan baino ezingo dute ukatu ingurumenari buruzko informazioa.
Interes publikoek nagusitu behar dute interes pribatuen gainetik.
Ezin daiteke ingurumeneko emisioei buruzko informazio-eskaerarik ukatu.
Ingurumenari buruzko informazioa zati batez emango zaio eskatzaileari, baldin eta eman beharreko informazioa bereizteko moduan badago, hau da, ukatutakoa eta gainerakoa.
Epeak
Erantzuteko epea, eskabidea eskudun agintari publikoaren erregistroan jasotzen denetik hasiko da zenbatzen. Ingurumenari buruzko informazioa, albait arinen eman beharko da, hau da, hilabeteko epean, beranduen jota.
Epea bi hilabete luzatu ahalko da; horrez gain, luzapen horren berri eman beharko zaio informazioa eskatu duenari, bai eta luzapena justifikatzen duten arrazoiak ere.
Agintari publikoak modu desegokian egindako informazio-eskaeraren bat jasotzen duenean ahalik eta lasterren eta, gehienez jota, hilabeteko epea agortu aurretik, eskatzaileari eskaera zehazteko eskatu eta horretarako laguntza emango dio.
Agintari publikoek ahalik eta lasterren eta gehienez hilabeteko epean jakinarazi behar diote eskatzaileari eskatutako informazioa ukatu egin zaiola, osorik edo zati batez; era berean, uko horren arrazoiak ere eman beharko zaizkio.
Jakinarazpena idatziz edota elektronikoki egingo da, baldin eta eskaera idatziz egin bada, edo hala eskatu bada. Jakinarazpenean errekurtsoa jartzeko prozedurari buruzko informazioa ere jaso beharko da.
Formatua
Informazioa, eskatutako modu edota formatua ez den beste batean eman daiteke kasu hauetan bakarrik:
- Informazioa dagoeneko beste modu edota formatu batean eman denean, eta hori eskuratzea errazagoa denean. Kasu horretan, agintari publikoak eskatzaileari jakinarazi beharko dio, non eskura dezakeen informazio hori, edota zuzenean igorri beharko dio, eskura dagoen formatuan.
- Agintari publikoak informazio hori eskatutakoa ez den beste modu edota formaturen batean ematea erabakiz gero, behar bezala justifikatu beharko du.
Agintari publikoak eskatutako informazioa ez duenean
Informazio hori duen agintari publikoari eskaria igorri behar dio, eta horren berri eman beharko dio eskatzaileari.
Hori egitea ezinezkoa denean, zuzenean eskatzailea informatu, eta eskatutako informazioa lortzeko zein agintari publikorengana jo behar duen esan beharko dio.
- Eskatutako informazioa ez dagoenean agintari publikoaren edota horren mendeko beste erakunderen baten esku.
- Eskaera ez denean arrazoizkoa, esaterako, eskatutako informazioaren bolumenak administrazio-zerbitzuak kolapsatzen dituenean.
- Eskaera orokorregia bada, hau da, eskatzaileari aholku eta laguntza emateko ahaleginak egin arren, agintari publikoak eskatutako informazioa zein den zehazki identifikatzeko arazoak dituenean.
- Eskaera prestatze bidean dagoen materialari edota bukatu gabe dauden dokumentuei buruzkoa bada: agintari publikoa aktiboki lantzen ari den zirriborroak, behinbehineko datuak, etab. Ukoa arrazoi horretan oinarritutakoa bada, uko horren jakinarazpenean adierazi beharko da zein den material hori prestatzen ari den agintaria; era berean, prestaketa hori bukatzeko aurreikusi den denbora ere jakinarazi beharko da. Esaterako, zentral nuklear batean egindako ikuskaritzaren emaitza ez da prestatze bidean dagoen dokumentua, informazio osoa baizik; horrela ebatzi dute Auzitegiek.
- Eskaera barne-komunikazioei buruzkoa denean, emandako informazioaren interes publikoa handiagoa denean salbu.
- Eskatutako informazioa emateak honakoen gain eragin negatiboa izan dezakeenean:
- Jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak: patenteak, merkataritzako markak, diseinuak, copyright.
- Merkataritzako eta industriako izaera duten datuen konfidentzialtasuna: industriako sekretuak, sekretu estatistikoak, sekretu fiskala.
- Datu pertsonalen izaera konfidentziala: helbideak, kaltetuen izenak, NAN, etab.
- Informazio horren bidez beste pertsona baten eskubide eta interesak kaltetzen direnean, borondatez eman denean, betiere. Norbanakoek agintari publikoei nahitaez eman beharreko informazioa beti izango da eskuragarria.
- Eskatu den informazioak aipatzen duen ingurumenaren babesari kalte egiten dionean. Modu berezian, mehatxupean dauden espezieen kokalekuari edota espezie horien ugalketa-lekuei buruzkoak.
- Agintari publikoen prozeduren konfidentzialtasunari, konfidentzialtasun hori Lege-mailako arau batean aurreikusita dagoenean.
- Prozedura judizial bati lotuta dauden auziei, edota epaitegietan izapidetze bidean daudenei.
- Nazioarteko harremanei, defentsa nazionalari edota segurtasun publikoari.
Bai, baina kobratzen den zenbatekoa arrazoizkoa izan behar da. Horren arabera, eta arau orokor gisa, kobratzen den zenbatekoak ez du gainditu behar materiala produzitzeko kostu-errealari dagokion zenbatekoa.
Agintari publikoek jendearen eskura jarri beharko dituzte ingurumenari buruzko informazioa eskatzeagatiko tasa, prezio publiko nahiz pribatuen zerrenda, bai eta ordaindu beharrik ez dagoen kasuak ere.
Zerrenda edo erregistro publikoak (agintari publikoen zerrenda, agintari publikoen esku dauden ingurumenari buruzko informazio-zerrendak edo erregistroak, edota informazio puntuak) ikustea doakoa da, bai eta eskatutako informazioa in situ aztertzea ere.
Erreklamazioak egin daitezke administrazio publikoen aurrean eta epaitegietan. Horrez gain, Arartekoan eta Europar Batasunean.
Eskatutako informazio hori emateko betebeharra duen agintari publiko baten aldetik berariazko erantzunik egon ezean, administrazio-isiltasun bidez onartu dela ulertuko da. Isiltasun horrek, beraz, pertsona horri informazioa jasotzeko eskubidea aitortzen dio. Eskubide hori egikaritzeko, dagozkion prozedura judizialak erabili, eta zuzenean jo ahalko du administrazioarekiko auzien jurisdikzioko Epaitegien aurrera.
Eskatzaileak agintari publikoen aldetik erantzuna jaso arren, erantzun horri desegokia deritzonean, gora jotzeko errekurtsoa jar dezake, bai zuzenean erantzuna eman zuen organoaren aurrean, bai zeharka mailaz goragoko organoaren aurrean. Errekurtsoaren ebazpenarekin ados ez badago edota ebazpena epe barruan ematen ez bada, eskatzaileak administrazioarekiko auzibidera jotzeko aukera izango du.
Agintari publikoak mailaz goragoko organorik ez duenean, bai zuzenean administrazioarekiko auzibidera jota, bai aukerako berraztertze-errekurtsoa jarriz informazioa eskatu zitzaion organo beraren aurrean. Azken errekurtso hori hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi beharko da; behin epe hori igarota, eta ez lehenago, jo ahal izango du eskatzaileak auzibidera.
Erakunde pribatu batek funtzio publikoak egikaritzen baditu, edota administrazio publiko baten agintaritzapean ingurumenarekin lotutako zerbitzu publikoak ematen baditu, erreklamazioa jarri ahal izango da aipatu administrazioaren aurrean.
Azken aldaketako data: