Osasun Saila

Terminoen glosarioa

Aktiboetan oinarritutako osasunaren lanketa komunitarioa
Osasunaren sustapenaren arloko lan-eredua, komunitatearen indarguneen identifikazioan oinarritua, ahalduntze, gaikuntza, parte-hartze eta erantzukizuneko prozesu gisa. Osasuneko defizit-ereduaren kontrara, prozesuak osasunaren jatorria azpimarratzen du eta konponbideak bilatzen ditu pertsonen eta komunitateen osasunerako elementu positibo edo aktiboetatik abiatuta.
Komunitate bakoitzak talentu, gaitasun, interes eta esperientzia erabilgarriak ditu konponbide positiboen bilaketan erabiltzeko.
Osasunerako aktiboak
Gizabanako, komunitate eta populazioek osasuna eta ongizatea mantentzeko daukaten ahalmena indartzen duen edozein faktore edo baliabide.
Komunitatean dauden baliabideak dira (pertsonekin, tokiekin, instituzioekin edo erakundeekin erlazionatuak), eta horiek komunitatearen edo komunitatea osatzen duten pertsonen osasuna sustatzeko eta bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko erabil daitezke.
Osasuna sortzen ez duen eta sortzen duen baliabide baten (aktiboa) arteko aldea da komunitateak azken hori aberastasun gisa, hau da, norberaren, familiaren edo komunitatearen ongizatea hobetzen duen elementu gisa adierazi eta onartzea. ecurso que sí lo hace, activo, es que la comunidad lo señale y lo reconozca como riqueza, como un elemento que mejora el bienestar a nivel individual, familiar o comunitario.
Komunitatearen agenteak
Administrazioa, baliabide profesionalak eta teknikoak (gizarte-arloko, osasuneko, hezkuntzako zerbitzuak...) eta herritarrak (hala elkarteak nola kidetu gabeko pertsonak).
Komunitatea
Pertsonen talde espezifikoa. Pertsona horiek zona geografiko zehaztu batean bizi dira eta/edo jarduten dute, kultura, balio eta arau berdinak partekatzen dituzte eta denboran zehar garatu diren erlazio moten araberako egitura sozial batean antolatuak daude. Komunitate bateko kideek beren identitate pertsonala eta soziala eskuratzen dute komunitateak iraganean garatu dituen eta etorkizunean alda daitezkeen sinesmen, balio eta arau komunak partekatzen dituztenean. Komunitateko kideek talde gisa beren identitatearen kontzientzia dute eta behar komunak partekatzen dituzte, baita behar horiek asebetetzeko konpromisoa ere.
Osasun arloko gizarte-desberdintasunak
Osasuneko desberdintasun bidegabeak eta saihesgarriak faktore sozial, ekonomiko, demografiko edo geografikoek zehaztutako populazio-taldeen artean. Desberdintasun horiek osasunarekin erlazionatutako baliabideetarako pertsonek beren gizarte-maila, sexu, lurralde edo etniaren arabera dituzten sarbide-aukeren emaitzak dira; hori dela eta, osasun okerragoa izaten dute sozialki ahulagoak diren kolektiboek.
Osasunaren gizarte-mugatzaileak
Pertsonak zer baldintzatan jaio, hazi, bizi, lan egin, zahartu eta elkarrekin erlazionatzen diren; azken finean, beren bizi-baldintzez eta beren osasunean eragina duten baldintzez ari gara.
Mugatzaileek (besteak beste, bizitokiak, heziketa-mailak, gizarte-harremanek, lan motak, diru-sarrera mailak, zerbitzuen eskuragarritasunak, politika ekonomiko, kultural eta ingurumenekoek eta merkatuko legeek) osasunean daukaten pisua askoz ere handiagoa da osasun-sistemarena bararena baino.
Osasunerako ahalduntzea
Prozesu bat, non pertsonek beren osasunari eragiten dioten erabakietan eta ekintzetan kontrol handiagoa eskuratzen duten.
Osasun indibidualerako ahalduntzea, batez ere, gizabanakoek beren bizitza pertsonalari buruzko erabakiak hartzeko eta kontrolatzeko gaitasuna da. Komunitatearen osasunerako ahalduntzea gizabanakoak era kolektiboan jardutea da, beren komunitateko osasunaren eta bizi-kalitatearen mugatzaileetan eragin eta kontrol handiagoa lortzeko helburuarekin; hala, ekintza komunitarioaren helburu hori garrantzitsua da osasunerako.
Esku-hartze komunitarioa osasunean
Partaidetza-prozesu baten bidez komunitatearekin eta komunitatetik egindako esku-hartzea da. Komunitateak soilik esku-hartzearen hartzaile gisa jarduten duen bestelako esku-hartzeez desberdina da.
Partaidetza komunitarioa osasunean
Komunitate bat inplikatzea bere beharrei erantzuten dien komunitate-prozesuak aztertzen, diseinatzen, martxan jartzen eta ebaluatzen, helburu partekatuak ezarriz eta era kooperatiboan jardunez. Komunitatea antolatzea eta kontzientzia kolektiboa izatea da. Komunitatearen parte-hartzea eta ahalduntzea oso lotuta dauden kontzeptuak dira.
Prozesu komunitarioa osasunean
Hainbat agente komunitariok osasunaren mugatzaileak lantzea komunitate batean, partaidetza komunitarioaren mekanismoak txertatuta.
Ingurune jakin batean jarduten duten gizarte-arlo, osasun, hezkuntza, udal edo asoziazioetako agenteek populazioaren osasunean eragiteko duten gaitasuna da.
Osasun-zerbitzuei dagokienez, beren lanean ikuspegi komunitarioa txertatzea izango litzateke.
Osasunaren sustapena
Osasuna sustatzea gizarte- eta politika-prozesu global bat da, eta prozesu horren baitan gizabanakoen trebetasun eta gaitasunak indartzeko ekintzak ez ezik, gizarte, ingurumen eta ekonomiako baldintzak aldatzeko ekintzak ere sartzen dira, osasun publikoan eta indibidualean duten eragina murrizte aldera. Osasuna sustatzeko prozesuak bide ematen die pertsonei osasunaren mugatzaileak gehiago eta hobeto kontrolatzeko. Parte-hartzea funtsezkoa da osasunaren sustapenaren arloan lan egin ahal izateko.
Osasunerako tokiko sarea
Komunitateko hainbat agenteren taldea (administrazioa, baliabide profesional eta teknikoak eta herritarrak), era ez-hierarkikoan antolatuak gai edo kezka komunen inguruan, betiere komunitatearen osasunean zuzenean eragiten badute eta era aktiboan eta sistematikoan aztertzen badira, bikoiztasunak saihestuz eta baterako lana sustatuz konpromisoaren eta konfiantzaren oinarriaren gainean.
Osasun komunitarioa
Gizabanakoen eta taldeen osasunaren adierazpen kolektiboa komunitate zehaztu batean, gizabanakoen, familien, gizarte, kultura eta ingurumeneko ingurunearen ezaugarrien arteko interakzioak zehaztua, baita osasun-zerbitzuek eta faktore sozial, politiko eta globalen eraginak zehaztua ere.

Azken aldaketako data: