Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Lurzoruaren degradazioa

Ingurumena / Lurzorua

Lurzoruaren degradazioa lurzoruek bere berezko funtzioak betetzen jarraitzeko duten egungo edo etorkizuneko ahalmena murrizten duen prozesu degeneratiboa da. Hori arrazoi naturalengatik nahiz arrazoi antropikoengatik gerta liteke.

Oro har, lurzoruaren degradazioko bi prozesu-mota bereizten dira:

  • Lurzoruko partikulen lekualdatzea sorrarazten dutenak. Garrantzitsuenak urak eta haizeak eragindako higadurak dira.
  • Lurzoruaren degradazioa in situ sorrarazten duten fenomenoak. Degradazio fisikoko (trinkotzea, artifizializazioa) edo kimikoko prozesuak izan daitezke (azidotzea, gazitzea, materia organikoa galtzea, kutsadura)

Higadura

ZERGATIAK

Lurzoruaren higadura fenomeno konplexua da, eta bertan bi prozesuk hartzen dute parte: agregakinen hausturak eta eratorritako partikula finen garraioa beste leku batzuetara. Desertizazioa bultzatzen duen lurzoruaren geruza galtzeaz gain, arrastatutako partikulak poluzioa transmititzeko bide izan daitezke (plagizidak, metalak, mantenugaiak, mineralak, etab.). Fenomeno naturala den arren, giza jarduerek bizkortu egin dute. Higadura lurzorua uraren edo haizearen eraginpean jartzen duen edo isurketa-uren emaria eta abiadura handitzen dituen edozein giza jarduerak sorraraz dezake.

Uraren poderioz higadura sortzeko arriskua ezin handiagoa da euri asko egiten duen aldietan, lurzorua urez gainezka dagoenean eta azalean landaredi gutxi duenean, eta ura lurzoruaren gainean mugi dadin errazten du. Sortzen den isurketaren eraginak lurzoruaren zati garrantzitsuak deuseztatzen ditu, eta uraren bide nagusi gisa funtzionatzen duten higadura-ubideak sortzen ditu; horrek arazoa larriagotu baino ez du egiten.

Klima idor eta erdi-idorrek berezko duten haizeak eragindako higadura ia beti lurzoruaren landare-estalkia murriztearen ondorioa izaten da, bai gehiegizko artzaintzagatik, bai landaredia etxeko nahiz nekazaritzako erabileratarako deuseztatu delako.

ERAGINAK

Lurzoruaren higadurak eragiten dituen inpaktuak era askotakoak dira eta horien ondorio ekonomikoak kalkulatzen zailak dira. Urak eragindako higadurak lurzoruen geruza emankorraren hainbat milimetro desagerrarazten ditu urtero (Morgan, 1986). Era berean, lurzoruaren urari eusteko ahalmena ere murriztu egiten da.

Zaila da higaduraren ondorioz galdutako mantenugaiak eta materia organikoa berreskuratzeko beharko liratekeen ongarrien kalkulua egitea, baina argi dago diru-inbertsio handiak beharko liratekeela. Lurzoruaren higadurak ekosistemei ere eragiten die, batez ere landare-estalkia desagertu den guneetan, eta erabat edo zati batean deuseztatu egiten ditu.

NEURRIAK

Higadura kontrolatzeko programen funtsezko alderdietako bat gehiegizko higadura sor daitekeen leku eta garaien aurreikuspena da. Leku eta une jakin batean higaduraren ondorioz lurzorua galtzea faktore askoren menpe dago, eta faktore-multzo horri "lurzoru-galeraren ekuazio unibertsal" deitu zaio. Ekuazio hori gaur egun mundu osoan erabiltzen da higagarritasun-mapak egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan egungo landaredi-estalkia oso tresna eraginkorra da higaduraren aurka. Desagertuz gero, arazoa larriagotu egingo litzateke. Babes-politikak ezartzeko garaian, garrantzitsua da garapenak, nekazaritzako berrikuntzak edo beste jarduerek ez diotela kalterik eragingo landaredi-estalki horri, eta ez dutela desagerraraziko.

 

Trinkotzea

ZERGATIAK

Nekazaritzako makina astunek sorturiko eragin errepikakor eta metagarriaren ondorioz eta gehiegizko artzaintzaren ondorioz sortzen da, lurzoruak hezetasun handia duenean. Ez da nekazaritzako lurzoruetan bakarrik gertatzen, eraikinak eta jende asko ibiltzen den aisialdiko eremuak dauden lekuetan ere gerta daiteke.

Bi trinkotze-mota nagusi daude: sakonera txikian gertatzen dena, edo sakonera handiagoan gertatzen dena, zorupean. Lehena lurra ereiteko prestatzeko faseetan gertatzen da gehienbat, ongarriak eta pestizidak erabiltzen baitira. Zorupeko trinkotzea uztan zehar erabilitako makina astunek eragiten dute, bai eta ardatz astunak dituzten ahalmen handiko tankeen bidez animalia-jatorriko hondakin organikoak barreiatzeak ere. Lurzorua trinkotzea nekazaritzako produktibitatearentzat arriskurik handiena izan daiteke.

Klima idor eta erdi-idorrek berezko duten haizeak eragindako higadura ia beti lurzoruaren landare-estalkia murriztearen ondorioa izaten da, bai gehiegizko artzaintzagatik, bai landaredia etxeko nahiz nekazaritzako erabileratarako deuseztatu delako.

ERAGINA

Trinkotzeak lurzoruaren jarduera biokimiko eta mikrobiologikoa aldatu egiten ditu. Sortzen den eragin fisiko handiena porositatea murriztea da, horren ondorioz landareen sustraiek aire eta ur gutxiago eskuratzen baitituzte. Era berean, sustraiek zailtasun handiagoa dute lurzoruan sartzeko eta ez dituzte behar adina mantenugai eskuratzen. Ondorioz, jarduera biologikoa nabarmen mugatzen da. Trinkotzearen beste eragin bat isurketaren areagotzea da, euri-ura iragazteko ahalmena murriztu egiten baitu. Horregatik, urak higadura eragiteko arriskua handitu egiten da, lurzoruak azaleko geruzak galdu egiten ditu eta, ondorioz, mantenugaiak ere galdu egiten dira.

Fenomeno horren ondorioz uzten produktibitatea galtzeari buruzko gutxi gorabeherako kalkuluak egin dira, eta lurzoruaren azala trinkotzearen kasuan % 13ra iristen da; zorupeko trinkotzeak, aldiz, % 5 eta % 35 bitarteko galerak eragin ditzake.

NEURRIAK

Lurzoruaren azala trinkotzea erraz konpontzen da lurzorua era egokian lanberritzen bada eta, urte pare baten buruan desagertu ere egin daiteke, prozesu biologikoei euren bidea egiten uzten bazaie. Zorupearen trinkotzea, hala ere, iraunkorragoa da eta ezin da erraz konpondu, egungo teknikek ez baitute epe luzerako irtenbiderik eskaintzen.

Aplikatu beharreko neurri onena prebentzioa da. Nekazaritzako lurzoruetan trinkotzea batez ere makina astunek eragiten dutenez, makina horien ardatz- eta gurpil-kopurua areagotuz, pneumatikoen zabalera handituz eta haien presioa murriztuz eragotzi daiteke (Hakanson eta Petelkau, 1994). Ibilgailu txikiagoak eta arinagoak erabiltzea ez da onuragarria, sarriago pasa behar baitira, eta horrek lortu nahi denaren aurkako emaitza izan dezake. Aplikatu beharreko beste prebentzio-neurri bat nekazaritzako lanak planifikatzea da, adibidez, hezetasun handia dagoenean makina astunak ez erabiltzea.

Eraikuntzak direla eta azalera zigilatzeak dakarren arazoari dagokionez, orain dela ez asko gaur egun inaktibo dauden industria-jarduerak (industria-aurriak) egin ziren eremuei arreta berezia eman behar zaie, oraindik azalera alferrik zigilatuta baitute.

Artifizializazioa

Artifizializazioa lurzorua kontsumitzea eta okupatzea da, etxebizitzak, azpiegiturak edo ekipamenduak egiteko. Artifizializazio kontzeptuak bere baitan hartzen ditu lurzorua iragaizteko egiten diren ekintzak. Beraz, oro har esanda, artifizializazioaren kontzeptua eta lurzorua zigilatzearen kontzeptu teknikoa baliokideak dira.

Hauek dira lurzoruaren artifizializazioak eragiten dituen inpaktu garrantzitsuenak EAEn:

  • Lurraldea zatitzea eta biodibertsitatea galtzea.
  • Lurzoru emankorrak betiko galtzea. EAEren topografia menditsua eta kokalekuen eredua dela eta, artifizializatutako lurzoru gehienak ibarretan daude.
  • Inpaktu klimatikoa (tenperatura nabarmen altuagoa izaten da artifizializatutako lurzoruetan artifizializatu gabekoetan baino).
  • Jabetza publiko hidraulikoaren eta lurreko eta itsasoko jabetza publikoaren arroak okupatzea. Horren ondorioz, ibaien emaria hazi egiten da eta uholdeak egoteko arriskua handitzen da, eta, beraz, baita hondamendiak gertatzekoa ere.
  • Sistema hidrikoa kalteltzea (lurrazaleko eta azpiko uraren emaria geldiaraztea ...)

Azidotzea

ZERGATIAK

Azidotzea lurzoruan H+ ioien kontzentrazioa handitzen denean gertatzen da. Arrazoi ugarirengatik gertatzen da, bai arrazoi naturalengatik (euri-urak katioiak garbitzean, lurzoruaren materia organikoaren deskonposizio mikrobiarra gertatzen denean), bai nekazaritzako jardueren (ongarri azidotzaileak) edo kanpoko poluzioaren ondorioz (euri azidoa).

Oro har, lurzoruaren azidotzea bultzatzen duten lau prozesu aipa daitezke:

  • Prozesu naturalak, adibidez, azido organiko eta karbonikoen disoziazioa euri-uraren ondorioz baseak lixibiatzearekin batera
  • Ongarri nitrogenatuak oker erabiltzea
  • Basoak koniferen bidez berritzea
  • Poluitzaileak atmosferara igorteza, nagusiki energia sortzeko, industriako eta garraioko prozesuen ondorioz
  • Azken faktore hori da Europa osoan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan baso-eremu handietan lurzoruak azidotzearen arrazoi nagusia. Hiru poluitzaile –sufre dioxidoa (SO2), nitrogeno oxidoak (NOx) eta amoniakoa (NH3)- jotzen dira errudun nagusitzat. Gas horiek hainbat iturritatik igortzen dira, eta atmosferan zehar garraiatzen dira milaka kilometrotan. Lurzoruan kokatzen direnean, haien azidotasuna areagotu egiten da. Lurzoru gehienek azidotasun-maila jakin bat onartzen dute, eta maila hori aldatu egiten da inguruaren arabera. Karga kritikoa gainditu denean, prozesu naturalak eten egiten dira eta horrek sarri ondorio oso larriak izaten ditu, askotan basoak deuseztatu egiten baitira.

ERAGINA

Azidotzeak ingurugiroan sorrarazten duen eragin garrantzitsuena lurzoruko konposatu azidoak azaleko nahiz lurpeko uretara lixibiatzea da. Azidotutako lurzoruetatik drainatzen den urak aluminio-kontzentrazio handiak izaten ditu (Van Bremen eta Verstraten, 1991). Elementu horrek eragin kaltegarri ugari izaten ditu azaleko uretan (uretako bizitza narriatu egiten du), bai eta lurpeko uretan ere (akuiferoak poluitu egiten ditu). Beste eragin esanguratsu bat lurzoruen ahalmen iragazle indargetzailea murriztu egiten duela da; ondorioz, azaleko eta lurpeko urak kanpoko eragile kaltegarrien menpe geratzen dira.

Nekazaritzako lurzoruetan emankortasuna murriztu egiten du, materia organikoa degradatu egiten duten fenomenoak gertatzen baitira, eta mantenugaiak galdu egiten dira. Nekazaritzakoak ez diren lurzoruetan, azidotzearen ondorioz landareek bizitasuna galdu egiten dute; hori dela eta, orriak galdu eta hondatu egiten zaizkie, eta azkenik landare-espezieak hil egiten dira. Azkenik, landare-espezieen dibertsitatea galdu egiten da eta lurzoruko organismoetan aldaketak gertatzen dira, espezie azidofiloak ugaltzea errazten baita.

Gazitzea

Lurzoruan gatz disolbagarrien edukia handitzea lurzoru askotan ageri den arazoa da. Hainbat prozesuren emaitza izaten da, eta horien artea honako hauek aipa daitezke:

  • Lurpeko uraren ekintza. Gazitutako akuifero baten maila freatikoa azaletik hurbil dagoenean, gatzak profil edafiko osora hedatzen dira.
  • Ureztatzeko uretako gatzen migrazioa edo zenbait konposatu aplikatzearen ondorioz gazitzea.

Gainera, fenomeno hori drainatze urriegiak sorraraz dezake, ebapotranspirazio handiarekin batera, iragazkortasun urriko lurzoruetan edo itsasotik hurbil dauden lurzoruetan ureztatzeak ezartzearen ondorioz, edo itsas brisak gatz-ekarpenak egitearen ondorioz.

Arazo hau ez da asko gertatzen gure autonomia-erkidegoan, arazo horren garrantzi gutxik kasu isolatu batzuk besterik ez baitira ezagutzen.

Materia organikoa galtzea

Lurzoruaren materia organikoa ezinbestekoa da lurzoruaren egitura gordetzeko, beharrezko ura ez galtzeko eta erreserba nutritibo gisa jarduteko. Lurzoruaren zenbait erabilerek lurzoruaren materia organikoaren edukia errotik murriztu dezakete.

Prozesu hori sorrarazten duten arrazoi nagusiak hauek dira: nekazaritza intentsiboa eta uzten hondakinak otalurretan bertan in situ erretzea. Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi berezia duen beste faktore bat artzaintzako inguruetan larreak erretzea da, sasiak deuseztatzeko. Lehen hori eginez gero kalitate hobeko bazka lortzen zela usten zen. Gaur egun jarduera hori geroz eta gutxiago egiten da.

 

Kutsadura

Lurzoruan barrena gai poluitzaileak sartzeak honako ondorioak dakartza: lurraren hondamena, lurzoruak bere eginkizunetako batzuk galtzea eta/edo ura poluitzea. Proportzio jakin batzuetatik gora metatzen badira gai poluitzaileak lurzoruan, ondorio txar ugari jaso ditzakete elika-kateak eta, ondorioz, giza osasunak, baita era guztietako ekosistemek eta bestelako natur baliabideek ere.

Tokian tokiko lurzoruaren poluzioa meatzaritzari, industria-instalazioei eta zabortegiei (martxan nahiz itxita daudenei) lotuta egon ohi da. Meatzaritzari dagokionez, hona arrisku aipagarrienak: lohien biltegiratzea, meategietako ur azidoak eta zenbait erreaktibo kimiko erabiltzea. Instalazio industrialak, berriz, lurzoruaren poluzio puntualaren eragile nagusi izaten dira hainbatetan. Lixibiatuak, bestalde, zabortegien inguruko lurzorua eta substratu geologikoa hondatu eta ondoren lurpeko zein lur gaineko uretara pasatzen dira.

Azken aldaketako data: 2017/08/25