Lurzorua
Lurzorua baliabide naturala eta habitata da. Gizakiaren denbora-eskalan baliabide ez-berriztagarritzat hartzen da.
Lurzorua lurraren azal solidoaren eraldatze-geruza da, habitat biologikoaren bizitzaren eta ingurugiro-baldintza berezien eraginpean osatua, eta etengabeko urtaro-aldaketaren eta garapen bitxiaren menpe eratua, bere kokaleku geografikoaren arabera. Jatorrizko ingurune arrokatsuaren gainean (arroka amaren gainean) gertaturiko prozesu fisiko, kimiko eta biologikoen emaitza gisa sortu da; prozesu-multzo horri orokorrean meteorizazio deitzen zaio.
Meteorizazioaren fenomeno indartsuenak lodiera mugatuan gertatzen dira, azalaren lehen bi metrotan, jarduera biologikoa kokatzen den lekuan. Meteorizazioaren ezaugarriak eta, beraz, lurzoruaren eboluzioa baldintzatzen dituzten faktoreak klima, topografia, organismo biziak, arroka ama eta igarotako denbora dira. Emaitza lurzoruaren profil bat sortzea da, hau da, bere sorreran esku hartu duen faktore-multzoa adierazten duen geruza horizontalen segida tipikoa.
Bere konposizioaren ikuspuntutik, lurzorua material konplexua da, solidoz (materia minerala eta materia organikoa), likidoz (batez ere ura, zenbaitetan haitzen osagai izaten baita) eta gasez (airea eta ur-lurruna, nagusiki) osatua. Era berean, gasek eta likidoek matrize solidora erants daitezkeen substantzia disolbatu edo esekiak izaten dituzte.
Lurzoruaren sorrera guztiz prozesu mantsoa da. Lurzoruaren 30 cm-ko geruza osatzeko 1.000 eta 10.000 urte bitartean behar dira. Ikuspuntu horretatik, lurzorua berriztagarria ez den baliabidetzat jo behar da eta, beraz, babestu egin behar da.
Lurzoru-talde desberdinak sorrarazten dituzten aldagai ugari eta garrantzitsuak daude. Ildo horretatik, FAO-UNESCOk ezarritako Sailkapen Gakoak lurzoruen 26 unitate eta 103 azpiunitate bereizten ditu guztira. Aipatu behar da lurzoru-unitate horien ia erdiak Euskal Autonomia Erkidegoan aurki daitezkeela, oso maila desberdinetan bada ere.
Urteetan zehar lurraren azalean egindako giza jardueraren ondorioz, kontzeptu berria asmatzeko premia sortu da, lurzoru artifizialaren kontzeptua hain zuzen; lurzoru artifiziala lurzoru naturalari materialak gaineratuz lortzen da. Materialen jatorria era askotakoa izan daiteke; material naturalak izan daitezke (buztinak, legar heterometrikoak, etab.), ala material artifizialak (eraikuntzako zaborrak, fabrikazio-prozesu askotako hondakinak, adibidez, zepak, etab.).
Lurzoru-mota hau sorrarazi duen arrazoi nagusia euskal orografia malkartsua da, giza kokalekuak eta ondorengo jarduerak errotik baldintzatu baititu. Ibaietako bailaretan kokaturiko populazioa hazten zihoan, eta padura-guneak eta uholde-lautadak betetzeko premia sortu zitzaion, hau da, egoera naturalean urteko zatirik handiena urez beterik ematen zuten guneak bete behar izan zituen bere jarduerak egiten jarraitu ahal izateko. Hori gertatu da lurzoru-zati egonkor handiak behar dituzten industria-instalazio nagusi gehienetan.
Azken aldaketako data: