Osasun Saila

Jarduera fisikoa eta Osasuna

itzuli>

Zer da jarduera fisikoa?

Jarduera fisikoa esaten diogu energia kontsumitzen duen gorputzeko borondatezko mugimendu orori. Izan daiteke:

  • Ariketa fisiko programatua, hau da, kirola esaten diogun hori: futbola, saskibaloia, tenisa, boleibola edo beste zenbait jarduera, hala nola aerobica, yoga, tai-txia eta abar.
  • Gorputza mugiarazten duten jarduerak; jolasten garenean, lanean, garraio-modu aktiboetan, etxeko lanetan eta aisialdiko jardueretan egiten direnak.

Horrenbestez, ez da ezinbestekoa gimnasio batera joatea edo lehia-kirol bat egitea aktibo izateko. Egunean zehar egiten ditugun jarduerek onura berberak eragiten dituzte.

Erabaki hauetakoren bat hartzen badugu, bizimodu osasungarriagoa izango dugu:

  • Eskailerak erabili, igogailuaren ordez.
  • Autoa utzi, eta oinez edo bizikletaz ibili.
  • Dagokigun autobus-geltokiaren ordez aurrekoan jaitsi autobusetik.
  • Etxeko lanak egin, hala nola oheak egin, erratza pasatu edo leihoak garbitu.
  • Lorategiko lanak egin (lurra mugitu, belarra moztu, arbolak inausi…).
  • Eguneko uneren batean oinez ibiltzera ateratzea, nahiz eta aurreikusita ez egon.

Egunerokotasunean aktibo izateak osasun hobea izaten eta hobeto sentitzen laguntzen digu.

Jarduera fisikoaren onurak

Frogatuta dago jarduera fisikoa maiztasunez egiteak kardiopatia koronarioak eta istripu zerebrobaskularrak, II motako diabetesa, hipertentsioa, koloneko minbizia, bularreko minbizia eta depresioa izateko arriskua gutxitzen dituela.

Gainera, jarduera fisikoa faktore erabakigarria da energia kontsumitzeko, eta, beraz, ezinbestekoa, energia orekatzeko eta pisua kontrolatzeko.

Informazio horren berri izanagatik ere, Euskadiko helduen % 30ek bakarrik egiten du osasun-egoera ona ziurtatzeko nahikoa jarduera fisiko.

Jarduera fisikoak gozamena eta ongizatea eragin behar ditu, eta pertsonei zoriontsu izaten lagundu behar die.

Jarduera fisiko motak

SJarduera fisikoa egiten den intentsitatearen arabera, honela sailkatzen da:

  • Jarduera fisiko neurritsua: taupadak ugaritu, eta bero sentsazioa eta arnasketa-erritmoa areagotu egiten dira. Hitz egin dezaket baina ez abestu.
  • Jarduera fisiko bizia: izerdia aterarazten du, arnasketa biziagotu egiten da, eta ezin da hitz egin jarduera egiten ari garen bitartean.

Azken aldaketako data: