Biodibertsitatea
Biodibertsitatea da biziak har dezakeen forma aniztasuna eta aberastasuna adierazteko erabiltzen dugun terminoa: gene barietatea, landare eta animalia espezie barietateak, espezie baten egon daitezkeen arrazak, paisaiak eta ekosistemak.
Dibertsitate biologikoa baliotsua da, ez berez bakarrik; baita ekosistemen funtziona-menduaren oinarria delako ere, eta hortaz, aipatu bezala, gure osasunaren eta oparotasunaren oinarria.
Espezie baten desagerpenak oreka naturala aldatzen du, bere ekosistema guztiaren funtzionamendua arriskuan jartzen du eta, lehenago edo geroago, era batera edo bestera, gure bizi-kalitatean eta ekonomian eragin ohi du. Nahiz eta ekosistema zehatz bateko espezie gehienen funtzioei buruz ezer gutxi jakin, ikerketek egiaztatzen dute ekosistema zenbat eta anitzagoa izan orduan eta egonkorragoa dela eta ez hain ahula. Beraz, zenbat eta anitzagoa orduan eta gaitasun handiago gure ongizatearen oinarri diren ingurumen zerbitzuak eskaintzeko.
Geografiari dagokionez, Euskadiren iparraldean klima euritsua eta epela dago, atlantikoa. Erdialdea lehorragoa da, eta klima kontinentala du. Azkenik, Arabar Errioxan, klima mediterraneoa dago. Horrenbestez, gure lurraldean askotariko espezieak daude, eurosiberiar ohikoetatik mediterranear garbietara.
Kokapenari dagokionez, Pirinioen eta Kantabriar Mendikatearen artean dago, eta lurralde menditsua da, beraz, bi mendikateetako espezie bereziak ere aurki daitezke.
Lurraldearen erliebe malkartsuaren ondorioz, hainbat espezietarako askotariko baldintzak daude eta kostaldean, tenperaturak egonkorragoak direnez, klima epelagoetako espezieetarako babeslekuak daude. Barietateari esker, iraganean, etapa klimatiko hotzago edo beroagotan iritsitako espeziek bizirik iraun dute.
Lurraldeko mendikateen altuera ertainak «zulo» bat sortzen du Kantabriako Mendikateak eta Pirinioek osatzen duten hesian. Hala, iparraldetik hegoalderantz edo alderantziz mugitzen diren espezieentzako igarobide nagusietako bat izan da eta da, bai migratzeko, bai hedapen eremua zabaltzeko.