Berotegi efektuko gasak isurtzeko baimenari buruzko ohiko galderak
Zer da berotegi efektuko gasak isurtzeko baimena?
Berotegi efektuko gasak isurtzeko baimena Emisio Eskubideen Salerosketa Erregimenean sartuta dagoen instalazio orok bere funtzionamendurako izan behar duen baimena da.
1/2005 Legeko laugarren xedapen gehigarriari jarraituz erregimenetik baztertuak izan diren instalazioak betebehar honetatik salbuetsiko dira.
Zein kasutan eskatu behar da baimenaren aldaketa?
Titularrak instalazioaren izaeran, funtzionamenduan edo tamainan ematen den edozein aldaketaren edota instalazioaren identitatearen edo titularraren helbidearen aldaketen berri eman beharko dio organo eskumendunari.
Orokorrean, honako kasu hauek eragiten dute baimena aldatu beharra:
- Instalazioaren kategoria aldatzea.
- Emisio baxuko instalazio izendapenari eragiten dioten aldaketak gertatzea.
- Emisio iturriak aldatzea.
- Isuriak zehazteko erabiltzen den metodologia aldatzea, kalkulu metodologia neurketa metodologiarekin ordezkatuta edo alderantziz.
- Erabilitako maila aldatzea.
- Isuriak dituzten iturri berriak sartzea.
- Kalkulu faktore baten balio lehenetsia aldatzea, balioa Jarraipen Planean eta Baimenean ezartzen denean.
- Izen soziala aldatzea.
Noiz aldatu behar da berotegi efektuko gasen isurien Jarraipen Plana?
Instalazioaren titularrak Jarraipen Plana aldatu beharko du honako kasu hauetan:
- Jarraipen Planean agertzen ez diren jarduerak, erregaiak edo lehengaiak erabiltzearen ondorioz isuri berriak sortzen direnean.
- Erabilgarri dauden datuak aldatu direnean neurgailu berriak instalatu direlako, azterketa edo laginketa metodo berriak aplikatzen direlako edota beste edozein arrazoirengatik, isuriak zehaztasun handiagoz zehazten dituztelako.
- Aurreko jarraipen metodoa aplikatzean lortutako datuak okerrak direnean.
- Jarraipen Planean eginiko aldaketek jakinarazitako datuen zehaztasuna hobetzen dutenean, teknikoki bideraezina bada edo zentzugabeko kostuak sortzen dituenean salbu.
- Jarraipen Plana jarraipen eta jakinarazpeneko legeriarekin bat ez datorrenean eta, ondorioz, organo eskumendunak plana aldatzeko eskatzen dionean instalazioaren titularrari.
- Egiaztapen txostenean Jarraipen Plana hobetzeko gomendioak ezartzen direnean.
Zer da Jarraipen Planaren funtsezko aldaketa?
Instalazio baten funtsezko aldaketen artean, honako hauek sartzen dira:
- Instalazioaren kategoria aldatzea.
- Emisio baxuko instalazio izendapenari eragiten dioten aldaketak gertatzea.
- Emisio iturriak aldatzea.
- Isuriak zehazteko erabiltzen den metodologia aldatzea, kalkulu metodologia neurketa metodologiarekin ordezkatuta edo alderantziz.
- Erabilitako maila aldatzea.
- Isuriak dituzten iturri berriak sartzea.
- Isuriak dituzten iturrietan aldaketak gertatzea, iturri horien sailkapena (nagusia, bigarren mailakoa edo minimis) aldatzea eraginez.
- Kalkulu faktore baten balio lehenetsia aldatzea, balioa Jarraipen Planean eta Baimenean ezartzen denean.
- Laginketa, azterketa edota kalibrazio prozedura berriak sartzea, isurien datuen zehaztasunari zuzenean eragiten dioten kasuetan.
- Isuriak kuantifikatzeko metodologia aplikatu edo egokitzea, biltegiratze kokalekuan ihesak ematen direnean.
Zer da instalazioaren etete partziala?
Jardueraren etete partziala ematen da instalazioko azpi-instalazio baten jarduera % 50 baino gehiago jaisten denean hasierako jardueraren aldean (2011/278/UE Erabakiaren 23 eta 24. artikuluak). Gainera, jardueraren etete partziala izateko, azpi-instalazio horrek debaldeko eskubideen esleipenean honako parte-hartzea izan behar du:
- Instalazioaren debaldeko emisio eskubideen esleipenean, gutxienez % 30 edo;
- 50.000 emisio eskubide baino gehiagoko debaldeko esleipena.
Nola jakin instalazio baten jardueraren etete partziala eman dela?
Instalazio batek jardueraren etete partziala jasan duela jakiteko 2013-2020 aldirako NIMs emisio eskubideen esleipenerako eskaeran dagoen K erlaitzeko V atala begiratu beharko da.
Gainera, jardueraren etete partziala emateko azpi-instalazio baten jarduera gutxienez % 50 jaitsi beharko da debaldeko esleipenaren kalkulurako erabilitako jarduerarekin konparatuz. Hau da, 2013-2020 aldirako debaldeko esleipenaren kalkulurako erabilitako HALa erdira edo gutxiagora jaitsi beharko da.
Nola eragiten dio jardueren etete partzialak debaldeko emisio eskubideen esleipenari?
Instalazio baten jardueraren etete partziala eman dela jakinda, debaldeko eskubideen esleipena egokitu beharko da etete partziala eman eta hurrengo urtetik aurrera.
Egokitzapena honela egingo da:
- Jarduera maila % 50 eta % 75 artean jaisten bada, hasierako debaldeko eskubideen esleipena % 50era jaitsiko da.
- Jarduera maila % 75 eta % 90 artean jaisten bada, hasierako debaldeko eskubideen esleipena % 25era jaitsiko da.
- Jarduera maila % 90 baino gehiago jaisten bada, azpi-instalazio horrek ez du debaldeko esleipenik jasoko.
Zer da gaitasun handiagotze nabarmena? Eta gaitasun murrizte nabarmena?
Handiagotze nabarmena
Azpi-instalazio baten gaitasuna nabarmen handiagotzen da hasieran instalatutako gaitasuna handitzen denean, honako baldintza hauen arabera:
- Azpi-instalazioaren konfigurazio teknikoaren eta funtzionamenduaren arabera aldaketa fisiko identifikagarri bat ematen da (aldaketa hau ez da produkzio lerro baten ordezkapen sinple bat) eta;
- Azpi-instalazioaren funtzionatzeko gaitasuna, hasieran instalatutako gaitasunaren % 10 baino gehiagokoa da, edo;
- Aldaketa fisikoa izan duen azpi-instalazioak jarduera maila esanguratsua du, hau da, 50.000 eskubideko esleipena urtero eta, gutxienez, instalazio osoko debaldeko esleipenaren % 5.
Murrizketa nabarmena
Bestetik, gaitasunaren murrizketa nabarmena gertatzen da aldaketa fisiko identifikagarri bat edo gehiago ematen denean, non aldaketa horiek azpi-instalazio baten hasieran instalatutako gaitasunaren murrizketa sortzen duten. Murrizketa hori proportzionala litzateke handiagotze nabarmenarekin (hasieran instalatutako gaitasunaren % 10 baino gutxiago bada eta 50.000 eskubideko esleipena urtero eta, gutxienez, instalazio osoko debaldeko esleipenaren % 5).
Nola identifikatu instalazio baten handiagotze edo murrizketa nabarmena eman den?
Handiagotze nabarmena
Handiagotze nabarmena azpi-instalazio mailan gertatzen da. Hortaz, handiagotze nabarmena emateko aldaketa fisiko identifikagarri bat edo gehiago gertatu beharko da azpi-instalazioaren konfigurazio teknikoan eta funtzionamenduan.
Handiagotze nabarmen bat gertatzeko, azpi-instalazioaren gaitasuna honela handituko da:
Gberria / Ghasierakoa >= 1,10
Non:
Hasierako gaitasuna: 2013-2020 aldirako emisio eskubideen esleipen eskaerako NIMs orrian, 3.b atalean jartzen duenaren arabera.
Gaitasun berria: funtzionamendu aldaketa eman eta lehenengo 6 hilabeteetako produkzio bolumen handieneko 2 hilabeteak. Funtzionamendu aldaketako lehenengo eguna izango da, egiaztatua eta onartua dagoen 90 eguneko lan jarraitua, edo, produkzio zikloa jarraitua ez den instalazioetan, 90 eguneko aldiaren lehen eguna, produkzio zikloetan banatuta, non aldatutako azpi-instalazioa behintzat bere gaitasunaren % 40ra funtzionatzen duen.
Murrizketa nabarmena
Murrizketa nabarmena azpi-instalazio mailan gertatzen da. Hortaz, murrizketa nabarmena emateko aldaketa fisiko identifikagarri bat edo gehiago gertatu beharko da azpi-instalazioaren konfigurazio teknikoan eta funtzionamenduan.
Murrizketa nabarmen bat gertatzeko azpi-instalazioaren gaitasuna honela murriztuko da:
Gberria / Ghasierakoa <= 0,90
Non:
Hasierako gaitasuna: 2013-2020 aldirako emisio eskubideen esleipen eskaerako NIMs orrian, 3.b atalean jartzen duenaren arabera.
Gaitasun berria: funtzionamendu aldaketa eman eta lehenengo 6 hilabeteetako produkzio bolumen handieneko 2 hilabeteak. Funtzionamendu aldaketako lehenengo eguna izango da, egiaztatua eta onartua dagoen 90 eguneko lan jarraitua, edo, produkzioa zikloa jarraitua ez den instalazioetan, 90 eguneko aldiaren lehen eguna, produkzio zikloetan banatuta, non aldatutako azpi-instalazioa behintzat bere gaitasunaren % 40ra funtzionatzen duen.
Nola eragiten dio gaitasunaren aldaketa nabarmenak debaldeko emisio eskubideen esleipenari?
Gaitasunaren handiagotze nabarmenak debaldeko emisio eskubideen esleipen gehigarria suposatzen du. Kasu honetan, Estatu Kideak erabakiko du zein den esleitzen zaion emisio eskubideen kopurua, debaldeko esleipenerako metodologiaren eta gaitasun handitzearen arabera.
Bestetik, gaitasuna nabarmen murrizteak debaldeko emisio eskubideen esleipena murriztea suposatzen du. Kasu honetan, Estatu Kideak erabakiko du zein den murrizten zaion emisio eskubideen kopurua, gaitasun murrizketaren arabera.