Arreta Soziosanitarioa
EAEn, arreta soziosanitarioaren helburua da pertsonen osasun-egoera eta autonomia hobetzea, haien ongizate orokorra sustatzeko, gizarte- eta osasun-zerbitzuetako sistemen jarduera koordinatuaren bidez. Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak (12/2008, abenduaren 5ekoak) honela dio: «Arreta soziosanitarioak barnean hartzen du osasun-arazo larriak edo muga funtzionalak direla-eta, eta/edo gizarte-bazterkeriako arriskua dela-eta, arreta soziosanitario koordinatu eta egonkorra, arreta-jarraitutasunaren printzipiora egokitua, behar duen pertsonei zuzendutako zainketen multzoa».
EAEn, arreta soziosanitarioa zerbitzu soziosanitarioen sistemak koordinatzeko eredu baten arabera ematen da duela 25 urtetik hona.
Testuinguru horretan, erakundeek ahaleginak batzen dituzte pertsonen eta haien premia soziosanitarioen inguruko erakundeak, antolaketa- eta asistentzia-kulturak, hizkuntzak eta interes heterogeneoak bateratzeko, esku-hartze ororen ardatz gisa.
Eskumenen, antolaketaren eta asistentziaren aldetik konplexutasun handia dago lurralde-eremu desberdinetako sistemen arteko harremanetan (erkidegokoa, forala eta tokikoa). Konplexutasun hori lan-esparru koordinatu batean antolatzen da, EAEko egungo Gobernantza Soziosanitarioko Eredua osatzen duten organo erabakitzaileek eta koordinazio soziosanitarioko figurek egituratuta.
EAEko arreta soziosanitarioaren bereizgarriak hauek dira: EAEn arreta soziosanitarioa eskaintzen duten elkarteek eta erakundeek 25 urtez metatutako esperientzia, eta arreta hori pertsonak beren ohiko gizarte-ingurunean egon daitezen sustatzera bideratuta egotea, arreta ingurune horretan eman dakien eta arreta horrek beren eta beren zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duela bermatzeko, pertsona bakoitzaren bizimoduak eta nahiak errespetatuz.
EAEko arreta soziosanitarioa asistentziaren, antolaketaren eta erakundearteko koordinazioarekin egituratzen da, egokitze-ekosistema konplexu batean, eta horrek:
- lege-esparru bati jarraitzen dio, eta 25 urtez pilatutako eskarmentua du, gizarte-sistemaren eta sistema sanitarioaren ibilbide desberdinak barne hartuz (antolamendu-mailan, baliabide-zuzkiduran edo horien «adinean» eta «heldutasun-mailan»).
- Gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu sanitarioak ikuspegi jasangarriarekin, zabalarekin eta inklusiboarekin ematen dituzten erakunde eta elkarte guztiak bat etortzeko eta koordinatzeko espazio komun baten alde egin du.
- Funtsezko baldintza deritzo erakundearteko, antolakuntzako eta asistentziako koordinazioari, baliabideak optimizatu eta sinergiak aprobetxatuko badira, eta bikoiztasunak, efizientziarik ezak eta arreta eta zaintzak ematean babesgabetasun-arriskuak sortzea ekiditeko.
- Ekitatearen ikuspegia bere egiten du: a) lurraldeartekoa, biztanleen beharrei erantzuteko orduan homogeneotasuna lortzen saiatzen baita hiru lurralde historikoetan, eskumen-autonomia errespetatuz; eta b) soziala, osasun-arloko desberdintasun sozialak murrizten lagunduz eta gizarte-kohesioa sustatuz.
- Ikuspegi integral bati jarraitzen dio hedapenean, arretaren continuumean oinarrituta, zainketen esparru integral batetik abiatuta eta pertsonak eta haien ingurunea ardatz gisa hartuta –zainketan parte hartzen dutenak barne–, arreta partzializatzearen eta/edo zainketak deslokalizatzearen ondoriozko askotariko kalteak gainditzeko.
- Komunitatean eta etxean arreta areagotzen duen eredu bat proposatzen du, iraupen luzeko zainketa-ekosistemen aldeko apustuarekin, pertsonen bizi-proiektua errespetatuz, eta pertsonen bizi-zikloaren egoera, gorabehera eta etapa guztietan autonomia eta bizitza osoa sustatuz, ikuspegi prebentibo eta jasangarri batetik.
- Pertsonak jartzen ditu bere zerizanaren eta antolamenduaren erdigunean, bereziki, arrazoi askotariko eta konplexuengatik arreta soziosanitarioaren lehentasunezko subjektu bihurtzen diren kolektibo zehatzak: arreta soziosanitarioaren xede-kolektiboak dira.
- Kontuan hartzen ditu eraldaketa soziodemografiko sakoneko testuinguru batean sortzen diren erronkak (zahartzea, bakardadea, familia-ereduen aldaketak, besteak beste), eta horiei erantzuna ematen saiatzen da, bi sistemen jarduera koordinaturako gaitasunak indartuz, premia soziosanitarioei aurrea hartzeko eta arreta emateko.
- Autonomia eta bizitza independentea sustatzea defendatzen du, pertsonen eta haien ingurunearen ongizaterako elementu gisa, eta horiek arriskuan jartzen dituzten faktoreen agerpena geldiarazteko, apaltzeko eta/edo geroratzeko ekimenak bultzatzen ditu.
- Herritarren behar soziosanitarioei erantzuten dieten politika publikoen diseinuan herritarrek parte hartzea sustatzen du.
EAEko arreta soziosanitarioaren arau-oinarria hiru lege eta dekretu bat dira:
- 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia-erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak arautzekoa
- 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, EAEko antolamendu sanitarioarena
- 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, EAEko Gizarte Zerbitzuena
- 150/2022 Dekretua, abenduaren 7koa, Euskadiko gobernantza soziosanitarioari buruzkoa
Arreta soziosanitarioan esku hartzen duen eragile publiko bakoitzak baditu bere eskumenak, eta biztanleen behar soziosanitarioen benetan erantzungo bazaie, ezinbestekoa da erakundeak ados jartzea.