Hizkuntzen kudeaketa praktiken bilatzailea
2024an praktika onak partekatzeko 4. Topaketa egin da Bilboko Euskalduna jauregian.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskalitek hizkuntzen kudeaketa praktiken bilatzailea aurkeztu zuten 2021ean, eta ordutik hona, jasotako praktiken berri ematen da urtero topaketa hauetan.
Helburua
Euskalit Fundazioak garatu duen tresna honek enpresa pribatuek eta erakunde publikoek hizkuntzak kudeatzeko erabiltzen dituzten praktikak partekatzeko eta zabaltzeko helburua du hizkuntzen kudeaketa aurreratuaren eta integratuaren garrantzia indartzeko.
Zer da praktika on bat?
Erakundean hizkuntzen erabilera areagotzeko eta hizkuntzen kudeaketa hobetzeko funtzionatu duen (emaitza onak eman dituen) egiteko modu bat, tresna bat, dinamika bat… Erakundeak normaltzat jotzen duen hori beste erakunde batentzat baliagarria eta berritzailea izan daiteke: hizkuntzen kudeaketa estrategia orokorrean integratzeko praktikak, langileen euskararen erabilera areagotzeko dinamikak, hornitzaileen kudeaketa egiteko tresnak edota bezeroen zerbitzu-hizkuntza bermatzeko irizpideak eta mekanismoak bildu dira bilatzailean, besteak beste.
Auzolana
Praktika onen bilatzailea auzolanean osatutako ekimena da. Enpresek edo erakundeek eskuzabaltasunez partekatzen dituzte hizkuntza-kudeaketan aurrera egiteko baliagarriak izan zaizkien praktikak. 26 erakunderen 40 praktika gehiago bildu ditu bilatzaileak 2024an. Guztira, 90 erakunderen 160 praktika aurkitu daitezke bertan. Helburua bilatzaile hori elikatzen jarraitzea eta praktika onak interesa duten enpresa edo erakundeen eskura jartzea da. Praktika onen bilatzailea Euskaliten webgunean dago, eta eskuragarri dago kontsulta egin nahi duten erakunde guztientzat.
2024ko ekitaldian aurkeztu diren praktika onak:
- NEIKER. Sorkunde Mendarte
Euskararen kudeaketa eta sustapena nekazal ikerketan: hizkuntza-irizpideak egoera komunikatibo ezberdinetarako eta sare sozialetarako eredu linguistikoak.
- CARITAS BIZKAIA. Urtza Usabel
Bideratzaileen sarea eta Xuxurlatzaileak
- OSAKIDETZA. Gontzal Lopez eta Ane Arrieta
Pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa eta Euskaraz bai txill! kanpaina
- FAGOR EDERLAN. Jon Ander Loidi eta Usoa Egurbide
Euskara plana kudeatzeko aplikazio informatikoa