Osasun Saila

Gomendioak osasuna babesteko, airean ozono-maila altu dagonean

Ozonoa, oso kontzentrazio baxuan, guk arnasten dugun airearen osagai bat da.

Kontzentrazio hori handitzen denean, ozonoak eragina izan dezake aire zabalean ariketa fisikoa egiten duen biztanleriaren osasunean batez ere ume, heldu eta ozonoarekiko sentikortasun bereziko pertsonen kasuan. Egoera hori eguzki irradiazio handieneko egunetan gertatzen da, udan bereziki. Ondoko taulak osasuna babesteko gomendio batzuk eskaintzen ditu.

Recomendaciones Ozono

Ozonoa (O3) gas oxidatzaile eta erreaktiboa da; atmosferan dago, kontzentrazio txiki-txikiak eratuz, eta bere ezaugarriak asko aldatzen dira tokitik tokira.

Ozono gehiena estratosferan dago (12 - 40 km-ko altueran). Ozono estratosferikoa da, hizkuntza arruntean ozono geruza deitzen zaiona, eta Lurreko bizitza babesten du, eguzkitik lurrera datozkigun erradiazio ultramorea iragaziz. Ozono geruza gutxituz gero, erradiazio ultramore handiagoa jasotzen dugu, osasunean ondorio kaltegarriak sortuz.

Bestalde, ozono troposferikoa dugu, atmosferaren behealdean, arnasten dugun airean hain zuzen ere; horrek ere kalte egin diezaioke bai giza osasunari, gai kutsatzailea delako, bai landarediari, daukan izaera oxidatzaileagatik.

Ozono troposferikoari, izan ere, “ozono txarra” deritzo, eta zuzenean edo zeharka kaltetu dezake giza osasuna, landareen hazkuntza eta fisiologia, edota ekosistemen funtzionamendua (negutegi efektua bultzatzen baitu).

Ozono troposferikoa era askotan sor daiteke, adibidez:

Prozesu naturalen ondorio gisa, hau da, lurzoruan eta landaredian dauden gai konposatuek sortua, ekaitz elektrikoen bidez, ozono estratosferikoaren intrusioengatik, eta, batez ere, jatorri antropogeniko bat dagoenean, alegia, kutsatzaile primarioek (esaterako, giza jarduera askok sortutako nitrogeno oxidoak eta konposatu organiko hegazkorrak) erreakzio kimikoak eragiten dituztenean oxigeno atmosferiko eta argi ultramorearekin topo egin dutelako.

Kutsatzaile primario horiek, hain xuxen, ozono kantitate handia (kutsatzaile sekundarioa) sortarazten dute, baldin eta batera gertatzen badira honako baldintza meteorologiko hauek: zeru oskarbiak, eguzki-erradiazio bizia, tenperatura altuak eta haize falta. Beraz, ozonoaren maila altuenak ez dira ustekabean eratzen, baizik eta maiatzetik irailera bitartean eta eguerdi aldera, hain justu, eguzki-irradiazio handiena dagoen orduetan.

Arnasten dugun airean ozono kontzentrazioa handitu ahala, osasun-arazoak ager daitezke, hala nola, arnasa hartzeko zailtasuna eta asmaren areagotzea, begietako eta arnas sistemako mukosetan narritadura arinak, eztula eta eztarri lehorra…

Kontzentrazioa handiagotuz gero, gaitzek okerrera egin dezakete, birika-funtzioa txartuz, gorputzaldi txarra eta buruko mina eraginez, lan-gaitasuna gutxituz, nekea eta zorabioak sorraraziz, etab.

Eta ozono mailak igotzen jarraitzen badu, aipaturiko sintomez gainera, beste batzuk ager daitezke: botagura, bularreko mina arnasa hartzerakoan, bai eta birika-gaitasuna behin behineko gutxitzea ere.

Ozonoak ez die berdin erasaten persona guztiei. Izan ere, populazio talde batzuk okerrago sentitzen dira, ozonoaren maila oso altua denean, besteak beste:

  • Bihotzeko edo arnasketako patologiak (asma, bronkitisa,?), diabetesa edo inmunodepresioa dutenak.
  • 6 urtetik beherako haurrak eta adineko pertsonak.
  • Haurdun dauden emakumeak.
  • Lanagatik aire kutsatuaren eraginpean denbora luzea ematen dutenak.

Bestalde, esan beharra dago badirela pertsona batzuk ozonoarekiko bereziki sentiberak direnak; eta, ozono maila txiki-txikia izan arren, izugarri sufritzen dute, gainerako populazioak ez bezala.

Ozonoaren maila oso handia denean, ez da komeni esfortzu fisiko handiko jarduerarik egitea; murriztu egin beharko litzateke jarduera horretara ematen den denbora edo, bestela, ordezkatu, beste jarduera moderatuago batekin (adibidez, paseatu, korrika ibili ordez). Beste aukera bat da jarduera atzeratzea, O3–ren maila askoz baxuagoa den orduetarako (goiz edo ilunabarrean egiteko).

Alerta egoera (kutsadura larriko aldia) gertatzen den kasuan, gomendagarriena da aire zabalean esfortzu fisikoko jarduerarik ez egitea.

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak denbora errealean argitaratzen ditu airearen kalitatea kontrolatzeko sarearen analizatzaileetatik lortutako datuak. Datu horiek helbide honetan kontsulta daitezke:

Euskadiko airearen kalitateari buruzko informazioa

Azken aldaketako data: