Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

9. Ezkueko saroia

1. ETAPA: HONDARRIBIA • DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Sasoiko abeltzaintza-guneak

Euskal Herrian abeltzaintza sartu zenetik, gizakiak mendialdeak kolonizatu ditu artaldeak eta txerri-taldeak elikatzeko. Goi Erdi Aroan, Pirinioen mendebaldean eta Kantauriko mendebaldean gutxienez, mendiko larre eta basoak kudeatzeko sistema propioa garatu zen, espazio horien erabilera arautzeko. Oro har, honako arau hau zegoen: mendian sartzen ziren abereak beren jatorrizko haranera itzuli behar ziren iluntzerako. Erregulazio-sistema horrek zenbait salbuespen onartzen zituen, saroiak, batik bat. Antolamendu modu horien arabera, animalientzako instalazio batzuk zeuden (txabolak, arditegiak, etab.) non eskubide eta erabilera berezi batzuk aplikatzen baitziren, mendiko gainerako lekuetan aplikatzen ez zirenak: haietara sartzen zenak besteek ez zituzten ahalmen batzuk zituen.

Eskubide horiek, funtsean, baimena ematen zioten titularrari bere abere-taldea gune horietan gordetzeko, iluntzean jatorriko haranera eramateko beharrik izan gabe. Saroiei esker, X. eta XI. mendeetatik aurrera, behi-talde handien jabeek (monasterioak eta bestelako eliz jaurgoak, batez ere) posible izan zuten animaliak urtaroaren arabera lekuz aldatzea: barrualdeko eta Pirinioetako larreetatik, kostaldeko eta klima epelagoetako larreetara.

Denborarekin, Euskal Herri Atlantikoan, saroiek forma zehatza hartu zuten: oinplano zirkularra eta neurri jakin batzuk zituzten. Basoaren zura ustiatzeko eremuak mugatzeko ere erabili ziren. Zur horrekin, batez ere, burdinoletan erretzeko ikatza ekoizten zuten.

Ezkueko saroia eta Erdi Aroko abeltzaintza

Jaizkibel mendia zeharkatuz Ezkueko abeltzaintza-gunera doan errepidea utzita, mendi-lepo txiki bat zeharkatu ondoren hareharrizko haitz batera iristen gara. Hurbildu ahala, lurrean agertzen diren harrizko eraikuntzek atentzioa ematen digute. Artaldeak gordetzeko arditegien hondarrak dira. Arrokaren lehen malkarretan, espazio lauak ikus ditzakegu, batzuk harresi txikiz edo harrizko zokaloz inguratuta. Gorago, harkaitzaren azpian, eremu lau bat dago, iparraldeko haizetik eta eguraldi txarretik babestua. Haitzaren ekialdean txabola baten hondakinak ageri dira oraindik ere. Txabola duela gutxi eraiki zen, eta leku horretako azken artzainentzako babesleku izan zen.

XIV. eta XV. mendeetako dokumentazioak erakusten digu bazirela Jaizkibelen zenbait saroi. Iruñeko Katedrala zen haien jabe, eta Nafarroako iparraldeko behizainen ganadua bazkatzen zen han. XIV. mendearen erdialdean, inguruko bizilagunak eta Hondarribiko kontzejua azienda hori beren jurisdikzioan sartzearen aurka agertu ziren, bertakoentzat konpetentzia baitzen. XVIII. mendearen erdialdean, leku horiek erregulartasunez erabili ziren berriro: barrualdeko mendietatik kostaldeko mendietara mugitzen ziren artzain eta artaldeak.

Partekatu

unesco