Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

159/2012 DEKRETUA, uztailaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko aplikazio informatikoak irekitzea eta berrerabiltzea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 164
  • Hurrenkera-zk.: 3841
  • Xedapen-zk.: 159
  • Xedapen-data: 2012/07/24
  • Argitaratze-data: 2012/08/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Azken urteetan, administrazio publikoak modernizazio-prozesu batean murgildu dira; horren baitan, erabateko kultura-aldaketa egin da, gobernu irekiaren printzipioak oinarri hartuta, hots: gardentasuna, irekitasuna eta lankidetza. Egungo egoera ekonomikoan, printzipio horiek are beharrezkoagoak bihurtu dira, erakunde publikoen osasun demokratikoa hobetzeaz gain, administrazioaren eraginkortasun-maila areagotzen laguntzen baitute.

Besteak beste, administrazio publikoen aplikazio informatikoak irekitzearen eremuan ezarri dira gobernu irekiaren printzipioak, beste batzuen eskura jartzeko administrazio publikoek beren kabuz edo beste batzuen bitartez garatzen dituzten aplikazio informatikoak.

Horrekin lortzen den berrerabilpenak iturburu-kodearen garapen-, mantentze- eta bilakaera-kostuetan nabarmen aurreztea ahalbidetzen du. Baina, batez ere, ezagupenean eta berrikuntzan oinarritutako ekonomiaren garapena sustatzen du eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien enpresa-ekosistema garatzen laguntzen du; izan ere, horren lehiakortasuna hobetzen da zerbitzu publikoak hobetzeko helburu bakarra lortzera bideratutako sektore pribatuaren eta sektore publikoaren arteko lankidetzaren bidez (kontuan hartu behar da zerbitzu publikoen kalitatea informazioaren teknologien erabilera masiboan oinarritzen dela kasu gehienetan).

Aplikazio informatikoak irekitzea eta berrerabiltzea Europar Batasunaren agendan sartu da, partekatzea, berrerabiltzea eta lankidetzan aritzea nozioa oinarri hartuta. Espainian, administrazio elektronikoaren garapen-esparruan erabili da nozio hori. Hala, Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 45. artikuluak xedatzen du administrazio publikoek beste edozein administrazioren eskura jar ditzaketela aplikazio informatiko hauek, hitzarmena egin beharrik gabe eta ordainik hartu gabe: jabetza intelektualerako eskubideen titulartzat haiek dituztenak. Bestalde, 46. artikuluak xedatzen du administrazio publikoek direktorioak izan behar dituztela, nahi duenak aplikazioak nahi duenean berrerabiltzeko, Administrazio elektronikoaren esparruan elkarreragingarritasunerako Espainiako eskema arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuarekin bat.

Elkarreragingarritasunerako Espainiako eskemaren xedea da beharrezko baldintzak sortzea administrazio publikoek erabiltzen dituzten sistemen eta aplikazioen elkarreragingarritasun teknikoa, semantikoa eta antolakuntzakoa bermatzeko; horiei esker, zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoen bidez gauzatuko dituzte eskubideak eta beteko dituzte obligazioak, eta horrez gain, onuragarria izango da eraginkortasunari eta efizientziari dagokienez.

4/2010 Errege Dekretuak, 16. artikuluan, aplikazio informatiko berrerabilgarriei eta iturburu-kode irekia edo iturburu irekiak dituztenei aplika dakizkiekeen lizentziamendu-baldintzak xedatzen ditu. 17. artikuluan ere, beste zenbait baldintza garatzen ditu. Batetik, aplikazio informatikoen direktorioak beste administrazio publikoetako tresna baliokideekin lotuko dira, modu librean berrerabili ahal izateko. Bestetik, aintzat hartu beharko dira zer konponbide izan daitezkeen, sistema edo zerbitzu berrien premiak eta jada ezarrita dauden sistemen hobekuntzak eta eguneratzeak guztiz edo partzialki betetzeko edo egiteko. Azkenik, aplikazio informatikoen iturburu-kodea aipatutako direktorioetan argitaratu beharko da, eraginkortasun eta efizientzia hobea lortze aldera, partekatze-, berrerabiltze- eta lankidetza-jarduerak bultzatzeko.

Ildo beretik doa Justizia Administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duen uztailaren 5eko 18/2011 Legea ere; hain zuzen, legearen 55. artikuluak xedatzen du justizia-administrazioek beste edozein erakunde judizialen edo administrazio publikoren eskura jar ditzaketela aplikazio informatiko hauek, hitzarmena egin beharrik gabe eta ordainik hartu gabe: jabetza intelektualerako eskubideen titulartzat hura dutenak. Horrez gain, aplikazio informatiko horiek iturburu irekikotzat izendatu ahal izango dira, 4/2010 Errege Dekretuaren 16. artikuluan definitutakoaren antzera, izendapen horren ondorioz Justizia Administrazioaren funtzionamenduan gardentasun handiagoa lortzen bada. Halaber, 55. artikuluan xedatzen denez, Justizia Administraziorako konponbideak garatzeko bidean, egungo sistemak, zerbitzuak, azpiegiturak eta aplikazio informatikoak berrerabiltzea sustatuko da, betiere elkarreragingarritasun- eta segurtasun-baldintza teknologikoek horretarako aukera ematen badute. Bestalde, 56. artikuluak xedatzen duenez, justizia-administrazioek aplikazio informatikoen direktorioak eguneratuta izango dituzte modu librean berrerabiltzeko, 4/2010 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duen antzera.

Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak modernizazio-prozesu horretan sakonduko du, eta irekitasunaren printzipio nagusia ezarriko du, bai administrazio elektronikoaren esparruan bai administrazio horren jabetzako edozein aplikazio informatikoren esparruan. Halaber, euskal administrazioak areagotu egingo du baliabide publikoak modu arrazionalean erabiltzeko hartutako erabakia, jada erabilgarri dagoena baliatzera behartuko baitu bere burua, helburu hauek lortzeko: kostuak murriztea eta baliabide horiek kudeaketa publikoari benetako balio erantsia ematen dioten prozesuetan erabili ahal izatea.

Hala, dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko aplikazio informatikoak irekitzeko edo jendearen eskura jartzeko nahiz berrerabiltzeko baldintzak zehazten ditu; aplikazio horiek iturburu irekiko aplikazio informatikotzat hartuko dira. Zehazki, jarraibide komunak ezarri dira aplikazio informatikoen edozein iturburu-kode eskuratzeko, garatzeko, mantentzeko, konfiguratzeko eta aldatzeko nahiz horiek irekitzeko aplika daitezkeen erabilera-baldintzetan.

Dekretu honetan zehaztu diren jarraibide guztiak Eusko Jaurlaritzak ezarri ohi dituen beste neurri batzuen osagarriak dira, helburu hauek lortzeko: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko partaideek aplikazio informatikoak eskuratzeko edo horien garapena, mantentze-zerbitzua eta bilakaera kontratatzeko erabiltzen dituzten baliabideen eraginkortasuna handitzea, eta bestetik, aplikazio informatikoen kalitatea eta aplikazio horien prestazioen eraginkortasuna bermatzen duten jarduera egokiak sustatzea, bai produktuen artean, bai aplikazio informatikoak garatzen eta merkaturatzen jarduten duten sektoreko enpresen artean.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko uztailaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen helburua da bere aplikazio-eremuan sartuta dauden erakundeetako edozeinen aplikazio informatiko guztiak irekitzeko edo jendearen eskura jartzeko baldintzak ezartzea, berrerabili ahal izateko.

  2. Era berean, dekretu honen helburua da aplikazio informatikoen bizitza-zikloan zehar aplikazio horiek eskuratu, garatu edo mantendu ahal izateko zein baldintza bete behar diren ezartzea aplikazio horien berrerabilpena baimentzen duten erakundeek. Aipatutako jarduerak norberaren bitartekoekin nahiz kontratazio bidez gauzatzen dituztenek bete beharko dituzte baldintza horiek.

  3. Dekretuaren aplikazio-eremuan sartuta dagoen erakundeetako edozeinek aplikazio informatiko baten iturburu-kodearen zati bat gutxienez eskuratu edo garatu badu bere bizitza-zikloan zehar izandako aldaketek eragindakoak barne, aplikazio hori dekretu honen eraginpean geratuko da.

  4. Aipatutako erakundeetako edozeinek aipatutako aplikazio informatikoen zein zatiren jabetza intelektualaren eskubideak dituen, zati horiek geratuko dira dekretu honek ezarritakoaren eraginpean.

Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, erakunde autonomoei eta administrazio instituzionala osatzen duten zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatuko zaie.

Dekretu honen aplikazio-eremuan sartutako erakundeek honako printzipio orokor hauek bete behar dituzte:

  1. Erantzukizun-printzipioa, derrigorrean erabili beharko baitituzte dagoeneko garatuta dauden aplikazioak, estali nahi diren premiak bete ditzaketen neurrian.

  2. Berrikuntza irekiaren printzipioa, barne-ezagutza eta kanpo-ezagutza bateratzen baititu zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntza eragiten duten proiektu teknologikoak garatzeko.

  3. Administrazio publikoen arteko lankidetza-printzipioa; lankidetza horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak gainerako administrazio publikoen eskura jarriko ditu garatu ditzakeen aplikazio informatikoak, modu librean, publikoki eta doan.

  4. Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eraginkorraren printzipioa; horrela, Dekretuarekin lotutako sektore ekonomikoaren garapena bultzatuko da, ezagutza partekatua oinarri hartuta.

  5. Neutraltasun teknologikoaren printzipioa eta informazio-teknologien eta komunikazioen aurrerapenera moldatzeko gaitasunaren printzipioa. Horrela, 2. artikuluan deskribatutako erakundeek bermatuta izango dute alternatiba teknologikoak aukeratzeko askatasuna, bai eta aurrerapen teknologikoak merkatu librean garatzeko eta ezartzeko askatasuna ere. Ondorio horietarako, aipatutako erakundeek estandar irekiak soilik erabiliko dituzte.

  6. Gardentasun-printzipioa; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren jabetzako aplikazio informatikoen iturburu-kodeak irekiko dituzte, bai eta aplikazio horiek eraikitzeko jarraitu den plangintza eta horien deskribapen osoa zabaldu ere.

  1. Aplikazio informatikoen berrerabilpena bultzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Iturburu Irekiko Aplikazio Informatikoen Direktorioa sortu da; direktorioaren erabilera librea, publikoa eta doakoa izango da Internet bidez. Direktorio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen agerpenaz arduratzen den organo eskumendunak kudatuko du.

  2. Direktorio hau Estatuko Administrazio Orokorraren Teknologia Transferitzeko Zentroak duen aplikazio informatikoen direktorioarekin lotuko da, modu librean berrerabiltzeko, bai eta antzeko helburua duen beste edozein direktoriorekin ere, Interneten zer agerpen duen jakin eta gero.

  1. Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen diren erakundeek, aplikazio informatiko bat haren bizitza osorako eskuratu, garatu edo mantendu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Adminis­trazio Publikoaren Iturburu Irekiko Aplikazio Informatikoen Direktorioa kontsultatuko dute, bai jarduera horiek norberaren bitartekoekin egiten direnean, bai kontratazio bidez gauzatzen direnean. Kontsultaren xedea da, berrerabili ahal izateko, eskura zer konponbide dauden aurkitzea, sistema edo zerbitzu berrien premiak eta jada ezarrita dauden sistemen hobekuntzak edo eguneratzeak guztiz edo partzialki betetzeko edo egiteko balio dutenak, betiere elkarreragingarritasun- eta segurtasun-baldintza teknologikoek horretarako aukera ematen badute.

  2. Guztiz edo partzialki berrerabiltzeko aukerarik ez badago, egoera hori azaltzen duen memoria bat argitaratu beharko da Iturburu Irekiko Aplikazio Informatikoen Direktorioan; bertan, aplikazio informatiko baten iturburu-kodea garatzeko edo mantentzeko premia arrazoituko da, bai jarduera horiek norberaren bitartekoekin egiten direnean bai kontratazio bidez gauzatzen direnean. Memoria horretan, halaber, informazio hau azaltzen duten eranskinak sartuko dira:

    1. Aplikazio informatiko berriaren deskribapen praktikoa.

    2. Sortuko den iturburu-kodearen egitura edo arkitektura modularraren deskribapena. Sortutako aplikazio informatiko berria beste aplikazio baten parte bada, azken horren arkitektura modularra ere azalduko da.

    3. Aplikazioaren berrerabilera errazteko hartutako neurrien deskribapena; besteak beste, garapen edo mantentze-zerbitzu horren ondorioz eragindako moduluen edo osagaien emaitza partzial edo mugarri bakoitza jendearen esku zer datatan jartzea aurreikusten den azaltzeko plangintza zehaztuko da. Hain zuzen ere, sei hilabetetik beherako kadentzia izango da. Horrez gain, planifikatutako mugarri bakoitzaren ezaugarri funtzionalak, arkitektonikoak eta teknologikoak deskribatuko dira, bai eta bakoitzaren balioespen ekonomikoa ere.

    4. Hala dagokionean, kontratazio horrek hirugarrenen jabetzakoak diren produktuekiko mendekotasunen bat izatea azaltzen duten arrazoiak. Horrelakoetan, produktu horien guztien erreferentzia, egokitzapena eta abiapuntua zehaztuko dira, bai eta osagai bakoitzari eta dokumentazioari dagozkien lizentziak ere. Halaber, kontratazioaren zenbateko guztian zer eragin duen adieraziko da; horrez gain, mendekotasun horiek aldi baterako edo betiko diren eta mendekotasun hori baliogabetzea aurreikusi den zehaztuko da. Azken kasu horretan, noiz baliogabetzea aurreikusten den eta mendekotasun bakoitzaren baliogabetzeak, guztira, zer kostu duen adieraziko da.

      Aplikazio informatiko baten iturburu-kodearen garapena edo mantentze-lana dagozkion zerbi­tzuak kontratatuz egiten bada, eta kontratazio-prozesuaren ondorioz, hirugarrenen jabetzakoak diren produktuen ahalmena, edukia, plangintza edo mendekotasunak aldatzen badira, atal honetan deskribatutako informazioa behar bezala eguneratu beharko da, kontratazio hori gauzatu aurretik. Gainera, aldaketa horiek arrazoitzen dituen memoria bat erantsi beharko da.

  3. Dekretu honen aplikazio-eremuan sartutako erakundeek uste badute behar beste arrazoiak daudela, segurtasunarekin edo aplikazio informatikoaren osagairen bat sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-iturri izan den edo izan daitekeen ustearekin lotura dutenak, murrizteko erabakia arrazoitzeko memoria labur bat idatzi beharko dute Iturburu Irekiko Aplikazio Informatikoen Direktorioan, ez besterik. Memoria horretan, murrizketa horren arrazoiak azaltzeaz gain, aplikazio informatiko horrekin lortu nahi den funtzionaltasunaren deskribapen labur bat eta artikulu honetako 2.d) atalean azaldutako informazio guztiari buruzko eranskinak gehituko dira. Artikulu honetako 2.b) eta 2.c) ataletan jasotako informazioari dagokionez, murrizketa eragin duen kausarekin talka egiten ez duen informazioa soilik argitaratuko da. Murrizketa hori aldi baterako izango da, eta edozein unetan berrikusi ahal izango da. Beraz, 2. artikuluan aipatutako erakunderen batek murrizketa horiek baliogabetzea erabakitzen badu, informazioa eguneratuko du artikulu honen edukiaren arabera.

  1. Dekretu honen xedea da aplikazio informatikoak irekitzeko edo jendearen esku jartzeko baldintzak ezartzea, gero berrerabili ahal izateko; beraz, irekitze-prozesu hori bermatzeko, bertan argitaratzen diren kontratu-pleguetan edo -klausuletan erakunde kontratatzaileak kontratuaren xede diren aplikazio informatikoen jabetza intelektualaren eskubideak eskuratzea jasoko da.

  2. Ondorio horietarako, informazio- eta telekomunikazio-sistemetan eskumena duen zuzendaritzak kontratazio horietan sartu beharreko klausula-eredua egingo du. Eredu hori modu orokorrean aplikatuko da, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak aurretiko txostena egin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren.

1. 2. artikuluan deskribatutako erakundeek jendearen eskura jarriko dituzte 4. artikuluan deskribatutako direktorioan aplikazio informatiko bakoitzaren iturburuak jasotzen dituzten dokumentuak, 5. artikuluko 2.c) atalean aipatutako plangintzaren arabera, dagozkien mugarrietan haiek eskuratu ahala. Horretarako, mugarri bakoitzari buruzko dokumentuak argitaratuko dira, eta bertan, dagokion aplikazioaren iturburuen zati bat, bederen, sartzen bada, zer lizentzia behar dituzten adieraziko da, iturburuen dokumentazioarekin batera. Horrez gain, mugarri bat lortu ondoren, mugarri hori dagokion aplikazioaren ahalmena, edukia, plangintza edo hirugarrenen jabetzakoak diren produktuekiko mendekotasunak, aurrez argitaratu direnak, aldatzen badira, 5. artikuluan aipatutako informazio hori guztia behar bezala eguneratu beharko da, eta aldaketa horiek arrazoitzen dituen memoria labur bat erantsi beharko da.

  1. Aplikazio informatikoen iturburuak irekitzerakoan edo jendearen eskura jartzerakoan, Direktorioan argitaratzen diren aplikazio informatikoak iturburu irekiko aplikaziotzat hartzen direla bermatzen duten lizentziak erabiliko dira. Lizentzia horiei esker, aplikazio informatikoekin hau egin daiteke:

    1. gauzatu, edozein helburu lortzeko.

    2. horien iturburu-kodea zein den jakin.

    3. aldatu edo hobetu.

    4. edozein administrazio publikori, pertsona fisikori edo juridikori birbanatu, aldaketekin edo aldaketarik gabe, betiere lizentzia-hartzaileak jatorrizko aplikazio informatikoa edo horren aldaketaren bat oinarri hartuta sor dezakeen aplikazio informatikoak aipatu berri diren lau puntu horiek bete ahal izatea bermatzen badu.

  2. Direktorioan argitaratutako iturburu irekiko aplikazio informatikoen nahiz aplikazio horiek prozesatuko dituzten datuen estandarrek eta formatuek urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak, Administrazio elektronikoaren esparruan elkarreragingarritasunerako Espainiako eskema arautzen duenak, 11. artikuluan estandarrei buruz xedatutakoa bete beharko dute, edo bestela, dekretu hori ordezkatzen duen beste arau batek xedatutakoa. Hala, erabili beharreko aplikazio informatikoen eta datuen araberakoak izango dira, eta horrenbestez, formatu bakoitza zertarako definitu den, hari emango zaio lehentasuna. Beraz, ez dira inoiz erabiliko formatu pribatiboak edo itxiak, edota, estandar irekitzat argitaratu ez direnez, neutraltasun teknologikoa bermatzen ez dutenak.

  3. Dekretu honen aplikazio-eremuan lizentzia-emailetzat sailkatutako erakundeek dekretu honen xede diren aplikazio informatikoak edozein administrazio publikoren edo edozein pertsona fisiko edo juridikoren eskura jarri ditzaten, hitzarmena egin beharrik gabe eta ordainik hartu gabe, honako obligazio hauek bete beharko dira lizentziamendu-baldintzetan:

    1. lizentzien helburu bakarra aplikazio informatikoak eta horiei dagozkien dokumentuak ustiatzea eta berrerabiltzea izatea.

    2. lizentziek aukerarik ez ematea hirugarren bat aplikazio informatiko horretaz eta aplikazio horri dagozkion dokumentuez modu esklusiboan jabetzeko.

    3. lizentzietan argi jasotzea lizentzia-emaileak ez duela erantzukizunik izango lizentzia-hartzaileak aplikazioa gaizki erabiliz gero.

    4. lizentzia-emaileak ez izatea obligaziorik lizentzia-hartzaileari asistentzia teknikoa emateko edo lizentziaren xede den aplikazio informatikoaren nahiz haren dokumentuen mantentze-lanak egiteko.

    5. lizentzia-emaileak lizentzia-hartzaileari kalte-ordainik eman beharrik ez izatea, aplikazio informatikoan edo hari dagozkion dokumentuetan akatsen bat izanez gero.

1. 2. artikuluan aipatutako erakunderen batek uste badu behar besteko arrazoiak daudela, segurtasunarekin edo aplikazio informatikoaren osagairen bat sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-iturri izan den edo izan daitekeen ustearekin lotura dutenak, aurreko artikuluan aurreikusitako aplikazio informatikoaren iturburu-koderen bat ez argitaratzea erabaki dezake. Horrelakoetan, aplikatu diren murrizketak arrazoitzeko memoria argitaratu beharko da Iturburu Irekiko Aplikazioen Direktorioan; memoria horretan, 5. artikuluan deskribatutako memoriaren bertsio eguneratuan zer eragin izan duen azalduko da.

  1. Murrizketa horiek aldi baterako izango dira, eta edozein unetan berrikusi ahal izango dira. Beraz, 2. artikuluan aipatutako erakunderen batek murrizketa horiek kentzea erabakitzen badu, informazioa eguneratuko du, aurreko artikuluan zehaztutakoaren arabera.

  1. Informatika- eta telekomunikazio-gaietan eskumena duen zuzendaritzak zehaztuko ditu dekretu honen xede diren aplikazio informatikoak irekitzeak eta berrerabiltzeak eragindako ondorioen jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak.

  2. Era berean, zuzendaritzak otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan, 10. artikuluan, edo hori ordezkatzen duen beste arau batean, deskribatutako Informatika eta Telematika Errekurtsoen Zentsuan sartuko du dekretu honetako 4. artikuluan deskribatutako Direktorioan argitara emandako aplikazio informatikoen iturburuei buruzko informazio eguneratua, eta horrez gain, urtero, memoria bat argitaratuko du bertan. Memoria horretan, aurreko atalean aipatutako adierazleak aztertu eta direktorio horretako informazioa ustiatuko da.

Lehenengoa. Dekretu honetan adierazitako lizentziamendu-baldintzak bete daitezen, 2. artikuluan aipatutako erakundeek honako lizentzia hau erabiliko dute, gehienetan, iturburu irekiko aplikazio informatikoetarako: Europako Batzordeak onartutako Europar Batasunaren Lizentzia Publikoa (EUPL), 1.1 bertsioa edo ondorengoak. Dena den, aipaturiko lizentziamendu-baldintzak jasotzen dituzten beste lizentzia batzuk ere erabili ahal izango dira. Bestalde, aplikazio informatikoei dagozkien dokumentuetarako, Creative Commons-Attribution-ShareAlike lizentzia (CC-By-SA) erabiliko dute, batez ere, 3.0 bertsioa edo ondorengoak.

Bigarrena. Dekretu hau indarrean sartzen denetik, hiru hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek sektore publikoaren parte diren sozietate publikoetan, fundazioetan eta partzuergoetan dituzten ordezkariek, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera, dagozkien erabakiak sustatu eta onartuko dituzte, dekretu honetako edukia erakunde horietan jarduera-irizpide propiotzat har dezaten. Horrez gain, martxoaren 1eko 6/2012 Legean aipatzen diren partaidetza publikoko erakundeetan, aipatutako ordezkariek antzeko erabakiak onartzea sustatuko dute.

Dekretu hau, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko uztailaren 24an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.