Feminizazioa eta berdintasuna Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean. Emakumeek parte hartzeko espazioak eta berdintasun-estrategiak erakundeetan

Erakundea:
Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa
Organoa:
Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritza
Egoera:
Proiektua aribidean

Helburuak

Ikerketa-proiektuaren helburua Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (aurrerantzean, EHSS) feminizazioa aztertzea da.

  • Lan honen ondorioetarako, feminizazioa zer den, zer dimentsio dituen eta emakume-kopuru handiaren nolakotasuna finkatuko da.
  • Ondoren aztertuko da zergatik den EHSS eta dagokion lan-arloa (esku-hartze soziala, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legeko 4. artikuluaren arabera) sektore eta arlo feminizatu bat, eta zer ondorio dituen horrek
  • Orientabide eta neurri batzuk ezarriko dira arlo jakin batzuetan, berdintasunerako bidean aurrerapausoak emateko, genero-ikuspegitik eta ikuspegi intersekzionaletik.

Zehazki, eta beste kontu batzuk aintzakotzat hartzea baztertu gabe, gai hauek aztertu nahi dira: emakumeen presentzia eta partaidetza erakundeen espazioetan (boluntarioak / soldatapeko langileak; lidergo-, zuzendaritza- edo koordinazio-lanpostuak / zuzeneko arreta eman edo zuzeneko esku-hartzea egiten den lanpostuak; gobernu-organoak, etab.); erakundeek nolako apustua egiten duten berdintasunaren alde, beren misioarekin bat etorriz; eta apustua nola gauzatzen den zehazki.

  • EHSSren 2020ko Liburu Zuriako eta 2021eko barometroko datuei jarraituz, erakundeetan diharduten emakumeen ehunekoek gora egin du gutxika, bai boluntarioen bai soldatapekoen kasuan. Dena den, presentzia hori ez da berdin gauzatzen espazio guztietan. Horregatik, proiektu honekin ulertu nahi da zergatik indartu den emakume-kopurua handia izateko joera, argitu emakume-kopurua handia edo txikia den erakundeen espazioen nondik norakoak, aztertu kausak eta ondorioak (pertsonentzat, erakundeentzat, instituzioentzat…) eta ezarri egoera hobetzeko orientabideak.
  • Bestalde, emakumeen eta gizonen berdintasuna erakundeek bizi eta bultzatzen duten funtsezko balio bat da. Datuen arabera, berdintasun-plan formalizatua duten edo helburu horrekin lotutako ekintzak egiten dituzten erakundeen ehunekoa handitu da. Horrek agerian uzten du berdintasuna erakunde horien balioen eta misioaren elementu garrantzitsu bat dela, eta, beraz, konpromiso eta ekintzen bidez gauzatzen dutela. Ildo horretan, proiektuaren baitan aztertu nahi da nola bizi eta gauzatzen den berdintasuna erakundeen barruan; zer mekanismo edo estrategiarekin hedatu eta bultzatzen den; eta nola eman daitezkeen aurrerapausoak.

Ikerlana genero-ikuspegiarekin, ikuspegi intersekzionalarekin eta begirada feministarekin egingo da, nola esparru kontzeptuala eta teorikoa eraikitzean hala diseinu metodologikoa prestatu eta landa-lana egiten denean. Arreta berezia jarriko da landa-laneko ahots gehienak emakumeenak izateko.

Horrenbestez, begirada kritikoa erabiliko da, errealitate sozialaren alderdi jakin batzuk lehenesten dituena eta aldeak eta desberdintasunak nabarmentzeko aukera ematen duena. Faktore sozialek eta kulturalek emakumeen eta gizonen ohituretan, jokabideetan, balioetan edo jarreretan duten eragina sakonki aztertuko da horretarako. Bestalde, emakumeen eta gizonen errealitatea osotasunez ikusi ahal izateko, emakumeen aniztasuna kontuan hartuko da, bai eta jasan ditzaketen bereizkeria ugariak ere, generoa beste aldagai batzuekin erlazionatzen denean; esate baterako, adinarekin, jatorriarekin, maila sozioekonomikoarekin eta desgaitasunarekin.

Azkenik, proiektuaren planteamenduan eta garapenean beti hartuko dira kontuan erakundeetako talde garrantzitsuak, erakundeen ekintzen hartzaileak, boluntarioak, zuzendariak eta abar barne.

 Zehazki, proiektuak helburu hauek ditu:

  1. Aztertzea nolakoa den emakumeen presentzia erakundeen espazioetan: erakundeen lanaren hartzaileen artean, boluntarioen artean, soldatapeko langileen artean, bitarteko lanpostuetan edo erantzukizun handiko karguetan, zuzendaritzan, liderren artean eta gobernu-organoetan.
  2. Erakundeen berdintasun-egiturak, -dinamikak eta -estrategiak aztertzea, erakundeen konpromiso-maila erakusten dute eta.
  3. EHSSko erakundeetan emakume-kopuru handia egoteko joera ulertzea, horri buruz batera hausnartzea eta parte hartzen duten espazioetan gertatzen diren ordezkaritza-desberdintasunez gogoeta egitea elkarrekin.
  4. Erakundeek ikuspegiak eta balioak partekatzea, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrerapausoak emateko lan-ildoak

Atxikitzen zaion plana

Metodologia mistoa da proiektuaren helburuetarako egokiena. Horretarako, teknika kuantitatiboak eta teknika kualitatiboak konbinatuko dira. Zehazki:

  1. Elkarrizketa sakonak egitea berdintasuneko eta ikuspegi feministako adituei: elkarrizketak egiteko gidoi erdiegituratua abiapuntutzat hartuta, ikertzaile-taldeak banakako elkarrizketak egingo dizkie hirugarren sektore sozialeko, instituzioen arloko eta arlo akademikoko emakume adituei. Era horretan, aditu gisa dituzten ibilbideak eta garrantziak hirugarren sektore sozialeko berdintasunari eta feminizazioari buruzko gogoeta sakona egiteko aukera emango dute. Zortzi elkarrizketa sakon egitea aurreikusten da.
  2. Dokumentuak berrikustea: estatuan eta nazioartean hirugarren sektore sozialari buruz egindako azterlan diagnostikoak berrikusiko dira, ikerlanerako datu interesgarriak eskaintzen dituztenak, eta arreta sexuaren arabera bereizitako informazioan ipiniko da. Era berean, hirugarren sektore sozialeko erakundeetan eta esku-hartze sozialean emakumeen eta gizonen berdintasuna jorratzen duten bibliografia eta araudia berrikusiko da, eta arreta berezia jarriko da gizarte-zerbitzuetan, genero-ikuspegitik eta ikuspegi feministatik.
  3. Bigarren mailako iturrietako datuak eta datu diagnostikoak aztertzea: hainbat eragiketa estatistikotako datuak bilduko dira, hirugarren sektore sozialeko eta dagozkion jarduera-arloetako feminizazioari eta berdintasunari aurrenekoz gerturatzeko, eta arreta berezia jarriko da gizarte-zerbitzuetan. Bestalde, EHSSren feminizazio-prozesuak ulertzeko informazio garrantzitsua (boluntarioen, hartzaileen, soldatapekoen eta abarren datuak sexuaren arabera bereizita) eskaintzen duten segida historikoak (EHSSren barometroak edo liburu zuriak), berdintasunarekin lotutako ekintzak eta abar berreskuratu eta aztertuko dira.
  4. Onlineko galdetegia erakundeei: onlineko galdetegi labur bat diseinatu eta EHSSko erakundeei helaraziko zaie. Helburua informazio hau lortzea izango da: erakundeetan emakumeak nagusi diren espazioen ezaugarriak; erakundeetan egon daitekeen segregazio bertikala eta horizontala; emakumeen posizioak, harremanak eta rolak; berdintasuna bultzatzeko erabiltzen diren estrategiak (planak, batzordeak, kontratazioa genero-ikuspegiarekin, etab.); berdintasunaren presentzia eguneroko dinamiketan; genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala programa eta zerbitzuetan aplikatzea, etab.
  5. Eztabaida-taldeak: ikertzaile-taldeak galderen gidoi erdiegituratu bat erabiliko du eta EHSSko erakundeetako emakumeekin bilduko da (hartzaileak, boluntarioak, esku-hartzean diharduten soldatapekoak, zuzendaritzan diharduten soldatapekoak, gobernu-organoetako kideak, etab. Helburua elkarrizketan aritzea eta ikuspuntuak alderatzea da, erakundeetako errealitateari buruz, emakume gehiago egoteak dituen ondorioei buruz, horren ondoriozko rol eta dinamikei buruz, eskaintzen diren partaidetza- eta berdintasun-espazioei buruz, etab. Sei eztabaida-talde egitea aurreikusten da, eta lurraldeei begira anitzak izateko ahalegina egingo da.
  6. Laneko mintegia: helburua topaleku bat sortzea da, hainbat erakundetako emakumeek EHSSn gehiengo izateari eta espazioetako ordezkaritza-desberdintasunei buruz elkarrekin hausnartzeko eta, orobat, ikuspegiak partekatu eta berdintasunean aurrera egiteko ildoak bultzatzeko.

Genero-ikuspegia zeharka aplikatuko zaie landa-lanean baliatzen diren teknikei, eta arreta berezia ipiniko da, besteak beste, intersekzionalitatea, aniztasuna, emakumeen beharrak eta partaidetzaren baldintzatzaileak kontuan hartzeko. Horrez gain, terminologia egokia erabiliko da lan-prozesuan sortzen diren dokumentuetan eta azken txostenean, emakumeek EHSSko erakundeetan bizi dituzten errealitate zehatzak agerian jarri ahal izateko.

Eremua

1.fasea: ikerlana diseinatzea

2.fasea: landa-lana eta azterketa. Elkarriketa sakonak, onlineko galdetegia erakundeei eta eztabaida-taldeak.

3.fasea: gogoeta eta txostena

4.fasea: emaitzak transferitzea

Parte-hartzaileak eta eragileak

Esan bezala, azken urteotan, emakumeen presentzia (boluntarioak eta soldatapeko langileak) handitu egin da erakundeetan. Orobat, berdintasun-plana duten erakundeen ehunekoak ere gora egin du, eta helburu horrekin zerikusia duten ekintzak egiten dituzten erakundeen ehunekoak ere bai, nahiz eta plan formalizatu bat ez eduki. EHSSren 2020ko Liburu Zurian bertan gai horri buruzko gogoetak jaso ziren, eta, erronken artean, ikerlan honekin argi eta garbi lotuta dauden bi aipatu ziren:

  • ERRONKA: Zaintza erdigunean jartzearen eta talentua erakartzearen aldeko apustua egitea, eta, horretarako, enpleguaren kalitatea eta zerbitzuen eta profesionalen egonkortasuna bermatuko dituen lan-esparru bat sortzea.
  • ERRONKA: Koherentzia mantentzea erakundearen jardueraren eta misioaren artean, misioaren betetze-maila ebaluatzea, eta sektorearen elementu eta balio propioak neurtzeko edo ebaluatzeko tresnak sortzeko lan egitea.

Era berean, bi erronkak Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala Sustatzeko Estrategiaren bi arlorekin lotuta daude: 2. Antolaketa eta kudeaketa indartzea (6. erronka). 4. Jasangarritasuna, autonomia, gardentasuna eta kontuak ematea (8. erronka).

Halaber, proiektua erreferentzia diren nazioarteko bi esparrurekin lotuta dago: 2030 Agendarekin eta eskubide sozialen Europako zutabearekin. Genero-berdintasuna bi esparru horien helburu eta xedeen artean modu esplizituan jasota dago. Zehatz-mehaz, 2030 Agenda Garapen Jasangarrirako 17 Helburuk osatzen dute, eta 5. GJHan (genero-berdintasuna) emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea eta emakume guztiak ahalduntzea aldarrikatzen da. Xedeak, besteak beste, emakumeen partaidetza osoa eta benetakoa izatea zein lidergorako aukera-berdintasuna ziurtatzea dira, bizitza politiko, ekonomiko eta publikoko erabakimen-maila guztietan.

Euskadin, aipatzekoa da Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Country 2030 I. Agenda onartu zuela, gobernu-programa GJHekin lerrokatzeko.  Bestalde, aukera-berdintasunaren eta lan-merkatura sartzeko berdintasunaren harira, eskubide sozialen Europako zutabeak finkatzen du emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasuna arlo guztietan bermatu eta sustatu behar dela, baita lan-merkatuko partaidetzan, lan- eta enplegu-baldintzetan eta norbere karreraren bilakaeran ere. Gainera, zutabeak adierazten du emakumeek eta gizonek ordainsari bera jasotzeko eskubidea dutela, balio bereko lana egiteagatik.