Eusko Jaurlaritzak Baltikoko Itsasoko Eskualderako EBren Estrategiak (EUSBSR) antolatutako jardunaldian parte hartu du, egun hauetan, Suediako hiriburuan. Ekitaldi horretan adituak eta arduradun politikoak bildu dira, Europar Batasunean eskualdeen arteko lankidetza hobetzera bideratutako estrategietako praktika onenei eta aurrerapenei buruz eztabaidatzeko.
Euskal ordezkaritzak, Mikel Anton Europako Gaien zuzendaria eta Marta Marín Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaria buru zituela, Itsaso Baltikoaren estrategiari buruzko mahai-inguru eta saioetan parte hartu du. Adibide hau baliagarria izan da makroeskualde-estrategiek EBko garapen jasangarrian eta lurralde-kohesioan nola lagun dezaketen azaltzeko.
Baltikoko Itsasoko Eskualderako EBren Estrategia
Estartegiak nazioz gaindiko lankidetza sustatzen du Itsaso Baltikoko eskualdean. Estrategia hiru helburu nagusitan banatzen da: itsasoa salbatzea, eskualdea lotzea eta oparotasuna handitzea. Estrategian parte hartzen duten EBko estatu kideak Suedia, Danimarka, Estonia, Finlandia, Alemania, Letonia, Lituania eta Polonia dira. Gaur egun, Polonia da presidentea.
Ekitaldia Europako funtsen erabilera aztertzeko aukera ere izan da, hala nola ESF+, estrategia horiek inplementatzen laguntzeko.
Hurrengo ekitaldiak
Martxoaren 7an, ostirala, Antonek Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen IV. Konferentzian parte hartuko du, Vigon. Hitzaldi horretan, “Arku Atlantikoaren Makroeskualdea” izeneko mahai-inguruan parte hartuko du. Horren helburua Atlantikoko makroeskualdearen proiektua eta haren ildo estrategikoak jendeari ezagutaraztea da.
Europako Gaien zuzendariarekin batera, Xosé Lago, Galiziako Xuntako Kanpo Ekintzako eta Mugaz Gaindiko Lankidetzako zuzendariorde nagusia; Nuria Castaño, Asturiasko Printzerriko Gobernuko Eskualde Ereduaren Estrategiarako eta Inbertsioak Erakartzeko zuzendari nagusia; Luis Ceia, Portugalgo Enpresarien Elkarteko (AEP) presidenteordea; eta Elise Wattrelot, Arku Atlantikoaren Batzordeko idazkari exekutiboa, izango dira. Manuel Reigosa Vigoko Unibertsitateko errektoreak moderatuko du mahaia.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
REVIE - Red Vasca de Información Europea: acceso a otros contenidos de actualidad europea