Arautegia

Inprimatu

388/2024 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 234
  • Hurrenkera-zk.: 5498
  • Xedapen-zk.: 388
  • Xedapen-data: 2024/11/26
  • Argitaratze-data: 2024/12/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak 4. artikuluan ezarri zituen Lehendakaritzari dagozkion jardun-arloak aurrerago, lehendakariaren uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuak ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua aldatu zuen.

Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren antolaketa- eta funtzio-esparru berria honela dago egituratuta: Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusia; Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusia; Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusia; eta Euskadi Berriaren komisionatua.

Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiari dagokio Lehendakaritzako zerbitzu komunen koordinazio orokorra, zuzendaritza eta kudeaketa, eta, bereziki, lehendakariari laguntza politikoa eta teknikoa ematea, gobernu-ekintza zuzendu eta koordinatzeko.

Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiari dagokio Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanak planifikatzea, babestea eta koordinatzea.

Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiari dagokio Eusko Jaurlaritzaren komunikazio eta publizitate instituzionaleko estrategia zuzentzea eta koordinatzea, baita ikerketa eta berrikuntza soziala eta 2030 Agenda garatzea ere.

Euskadi Berriaren komisionatuari dagokio lehendakariari laguntzea, Euskadiren etorkizuneko estrategien arloan dagozkion eskudantziak erabiltzen.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, aholkatu, planifikatu eta ebaluatzeaz arduratzen da, emakumeen aurkako indarkeria matxistari dagozkionak barne hartuta.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia lankidetza- eta elkartasun-arloaz arduratzen den zuzenbide pribatuko ente publikoa da, berau sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legea betez.

Horregatik, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidaten ahalmenez baliatuz, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an egindako bilkuran gaia aztertu ondoren, hau

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (dekretu hori uztailaren 30eko 36/2024 Dekretuak aldatu zuen), Lehendakaritzak honako jardun-arlo hauek ditu esleituta:

  1. Lehendakariari laguntza ematea Jaurlaritzaren ekintza planifikatzen eta koordinatzen; halaber, gobernu-programa eta plan estrategikoak bultzatzea eta horiei jarraipena egitea.

  2. Jaurlaritzaren bozeramailetza.

  3. Erakundeen arteko eta sailen arteko koordinazioa, eta proiektu estrategikoak, gizarte- eta sektore-eraldaketei aurre egiteko, lankidetza-gobernantzako eredu batean.

  4. Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika.

  5. Parte-hartze soziala eta herritarrentzako informazio zuzena, multimedia- eta komunikazio- teknologia berrien bidezko edukiak sortuta, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailarekin lankidetzan.

  6. Gizarte- eta erakunde-harremanak.

  7. Euskadiren kanpoko ordezkaritza- eta proiekzio-politika.

  8. Jaurlaritzaren politika gai hauetan: Europako gaiak, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza, euskal gizataldeak eta euskal etxeak.

  9. Lankidetza- eta elkartasun-politika.

  10. 2030 Agendaren ezarpena bultzatzea, hargatik eragotzi gabe agenda hori Jaurlaritzaren sektore-politiken bidez gauzatzea.

  11. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, planifikatu, koordinatu, ebaluatu eta horiei buruz aholku ematea, emakumeen kontrako indarkeria matxistari buruzkoak barne.

  12. Prospekzio eta azterketa soziologikoa.

  1. Talentua sustatu, atxiki eta erakartzeko politika.

  2. Euskadi Berria, ongizatearen Euskadi berri bat egiteko prospektiba, azterketa eta eredugintza; eta hori guztia sailen artean koordinatzea.

  3. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

  1. Aurreko artikuluan aipatutako arloei dagozkien egitekoak betetzeko, Lehendakaritzak honako organo hauek izango ditu:

  1. Lehendakaria:

    Kabinete Zuzendaritza.

  2. Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusia:

    1. Araubide Juridikoaren Zuzendaritza.

    2. Zerbitzu Zuzendaritza.

    3. Koordinazio Estrategikoaren Zuzendaritza.

  3. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusia:

    1. Europako Gaien Zuzendaritza.

    2. Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen Zuzendaritza.

    3. Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza.

    4. Ordezkaritzak: Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza, Euskadiren Argentinako eta Uruguaiko Ordezkaritza, Euskadiren Txileko Ordezkaritza, Euskadiren Kolonbiako Ordezkaritza, Euskadiren Estatu Batuetako eta Kanadako Ordezkaritza, Euskadiren Mexikoko Ordezkaritza, Euskadiren Frantziako Ordezkaritza eta Euskadiren Madrilgo Ordezkaritza.

  4. Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusia:

    1. Komunikazio Sozial eta Digitalaren Zuzendaritza.

    2. Nortasun Korporatiboaren Zuzendaritza.

    3. Azterlanen Zuzendaritza.

    4. Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritza.

  5. Euskadi Berriaren komisionatua.

  1. Lehendakaritza osatzen duten idazkaritza nagusietako titularrek lehendakariaren menpe jardungo dute zuzenean eta hierarkikoki, eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean xedatutakoaren ondorioetarako, sailburuorde maila izango dute.

  2. Euskaditik kanpo dauden ordezkaritza bakoitzeko titularrek zuzendari-maila izango dute, ekainaren 30eko 7/1981 Legeak aurreikusitako ondorioetarako.

  3. Lehendakaritza osatzen duten idazkaritza nagusietako titularrek emandako ebazpenek administrazio-bideari amaiera emango diote.

  1. Euskadiren etorkizuneko estrategien arloan lehendakariari dagozkion eskudantziak gauzatzeko, Euskadi Berriaren komisionatuaren laguntza izango du, eta komisionatu horrek honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Prospekzio-azterlanak sustatzea eta Euskadiren garapenerako epe ertain eta luzeko etorkizuneko agertokiak modelizatzea.

    2. Euskadirentzat eredu eta ikaskuntza izan daitezkeen nazioarteko politika publikoak, esperientziak eta arrakasta-kasuak identifikatzea.

    3. Etorkizuneko ongizatearen Euskadiren hausnarketa estrategikoa eta diseinua sustatzea, sailen eta erakundeen arteko koordinazioan.

    4. Euskadiren etorkizuneko ongizatearen faktore eta elementu nagusiei buruzko eztabaida publikoa bultzatzea.

  2. Euskadi Berriaren komisionatuak, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen ondorioetarako, sailburuorde maila izango du.

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea organismo autonomo administratiboa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago, Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiaren bidez, Emakunde sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legean ezarritakoaren arabera. Organismo horri dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatzea, aholkatzea, planifikatzea eta ebaluatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzkoak barne.

  2. eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, agentzia hori sortzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legean ezarritakoaren arabera.

Lehendakaritzari atxikita edo lotuta daude, halaber, honako organo hauek, bere sorrera-arauetan ezarritakoaren arabera:

  1. Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legeak sortua eta azaroaren 22ko 237/2011 Dekretuak arautua.

  2. Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordea, abuztuaren 31ko 127/2007 Dekretuak arautua.

  3. Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordea, martxoaren 18ko 52/2008 Dekretuak arautua.

  4. Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea, ekainaren 28ko 96/2016 Dekretuaren bidez sortua eta arautua.

  5. Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea, apirilaren 11ko 234/1995 Dekretuak arautua.

  6. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Euskadiko Eragile Anitzeko Foroa, uztailaren 6ko 166/2021 Dekretuak arautua.

  7. Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordea, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak sortua aurrerago, Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legeak aldatua eta martxoaren 24ko 71/2009 Dekretuak arautua.

  8. Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseilua, otsailaren 22ko 1/2007 Legeak sortua aurrerago, Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legeak aldatua, eta irailaren 16ko 158/2008 Dekretuak arautua.

  9. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea, abenduaren 26ko 261/2006 Dekretuak arautua.

  10. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Arteko Batzordea, urtarrilaren 16ko 5/2007 Dekretuaren bidez arautua.

  1. Lehendakaritzaren egitura osatzen duten idazkaritza nagusi guztiei dagokie, dekretu honetan zehaztutako arlo espezifiko bakoitzari dagozkion egitekoez gain, honako egiteko orokor hauek betetzea:

    1. Kontratazio-organo gisa jardutea esleituta dituzten jardun-arloei dagozkien gaietan, baldin eta indarreko legeriaren arabera kontratu txikitzat jotzen ez badira. Hala ere, kontratazio-organo gisa jardungo dute zuzenean haien mende dauden zuzendaritzen jarduera-eremua gainditzen duten kontratu txikietan ere, baldin eta beren jardun-eremuei dagozkien gaiak badira.

    2. Beren jardun-arloei dagozkien gaietan espedienteak izapidetzeko beharrezkoak diren gastuak baimentzea eta onartzea, hargatik eragotzi gabe 9.2.f) artikuluan xedatutakoa.

    3. Bitarteko pertsonifikatuekin mandatuak egitea, beren jardun-arloei dagozkien gaien esparruan, betiere beste organo batzuei esleitu ez bazaizkie, eta kontuan hartuta 116/2016 Dekretua, uztailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzekoa.

  2. Dirulaguntzen arloan, Lehendakaritzaren egitura osatzen duten idazkaritza nagusi guztiei dagokie, dekretu honen hurrengo kapituluetan zehaztutako arlo espezifikoei dagozkien egitekoez gain, honako egiteko orokor hauek betetzea:

    1. Beren jardun-arloei dagozkien arloetako dirulaguntzen oinarriak onartzea eta deialdiak egitea, salbu eta indarrean dagoen xedapen orokor batek kontrakoa ezartzen badu.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, beren jardun-arloei dagozkien gaietan, esleitutako dirulaguntza izendunak ematea.

  3. Lehendakaritzaren egitura osatzen duten idazkaritza nagusietako bakoitzari dagokio Lehendakaritzaren hizkuntza-normalizazioaren erantzukizuna bere gain hartzea, bere eskumeneko arloetan, eta euskararen erabilera sustatzea, bai zerbitzuak ematean, bai lan-hizkuntza gisa erabiltzean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Jaurlaritzak euskarari buruz onartutako agenda estrategikoan xedatutakoarekin bat etorriz.

  4. Lehendakaritzaren egitura osatzen duten idazkaritza nagusietako bakoitzari dagokio martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, berdintasun-printzipioa integratzeko ezartzen dituen aginduak betearazteaz arduratzea, bai eta Eusko Jaurlaritzak onartutako berdintasun-planetan ezarritako neurriak betearazteaz arduratzea ere.

  5. Lehendakaritzaren egitura osatzen duten idazkaritza nagusietako bakoitzaren titularrek beren jardun-arloetako organoek emandako egintzak ofizioz berrikusteko prozedurak hasi eta ebatziko dituzte.

Lehendakaritzaren egitura osatzen duten zuzendaritza guztiei dagokie, dekretu honen hurrengo kapituluetan zehaztutako arlo espezifikoei dagozkien egitekoez gain, honako egiteko orokor hauek betetzea:

  1. Kontratazio-organo gisa jardutea esleituta dituzten jardun-arloei dagozkien gaietan, indarreko legeriaren arabera kontratu txikiak direnean.

  2. Indarrean dagoen legerian txikitzat tipifikatutako kontratuetarako beharrezkoak diren gastuak baimentzea eta onartzea beren jardun-arloei dagozkien espedienteetan.

    15.000 euroko edo hortik beherako gastuak baimentzea eta onartzea, zergak kanpo utzita.

  1. Beren eskumeneko arloan, Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuta, euskararen erabilera normalizatzeko planean ezarritako helburuak zehaztea eta helburu horiek ezartzeko eta ebaluatzeko behar diren ekimenak garatzea.

  2. Lehendakaritzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburuak beren eremuan zehaztea, eta helburu horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak sustatu, gauzatu eta ebaluatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko politiken kudeaketa integratua gauzatuz; hori guztia, Araubide Juridikoaren Zuzendaritzako Berdintasunerako Unitatearen koordinaziopean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin lankidetzan.

    II KAPITULUA

    KABINETE ZUZENDARITZA

  1. artikuluan esleitutako egitekoez gain, honako hauek dagozkio Kabinete Zuzendaritzari:

    1. Lehendakariari beharrezko laguntza eta aholkularitza ematea, bere jardun-eremuan dituen eskumenak eta egitekoak bete ditzan.

    2. Lehendakariari laguntzea lehendakariaren ezagutza eta jarduna eskatzen duten gobernu-gaietan, eta sailei horretarako behar den informazioa eskatzea.

    3. Lehendakariaren agenda zuzentzea eta kudeatzea, eta lehendakariaren lan-programaren jarraipena egitea.

    4. Lehendakariaren Idazkaritza zuzendu eta koordinatzea.

    5. Irizpide orokorrak ezartzea, lehendakariak gizarte-eragileekin, herritarrekin eta erakundeekin dituen harremanak erraztea eta sustatzea, horretarako behar diren ekintzak gauzatzea eta horien jarraipena egitea.

    6. Lehendakaritzaren harreman publikoak zuzendu eta koordinatzea.

    7. Lehendakariak parte hartzen duen jardunaldi eta ekitaldi ofizialak zuzendu, antolatu eta behar bezala garatzen direla bermatzea, Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuta.

    8. Sailetako titularrak eta haien kabineteak koordinatzea, harreman instituzionalekin, presentzia publikoekin eta abarrekin zerikusia duten gaietan.

    9. Lehendakariak parte hartzen duen ekitaldi guztietan protokoloa ezartzea.

    10. Lehendakariak kanpora egiten dituen bidaiei dagokien estaldura logistikoa ematea, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuta.

    11. Kanpoko pertsona ezagunek Euskadira egiten dituzten bidaiei dagokien estaldura logistikoa ematea, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuta.

  1. Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiari, zuzenean eta hierarkian lehendakariaren menpe, 6. artikuluan esleitutako egiteko orokorrez gain, honako egiteko hauek dagozkio:

    1. Lehendakariari beharrezko laguntza eta aholkularitza ematea, bai eta behar duen informazio politikoa eta teknikoa ematea ere, bere jardun-eremuan dituen eskumenak eta egitekoak betetzeko.

    2. Dekretu honen 1. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Lehendakaritzari dagozkion egitekoak eta jardun-arloak koordinatzea, bai eta zerbitzu erkideen kudeaketaren zuzendaritza ere.

    3. Jaurlaritzako sailekin eta Lehendakaritzarekin harremana duten organismoekin komunikazio-organo gisa jardutea.

    4. Jarduera-planei eta ekimen sektorialei buruzko informazio-prozedura egokiak ezartzea eta mantentzea, lehendakariak Jaurlaritzaren jarduna koordinatu dezan.

    5. Sailetako jardueren koordinazio orokor eta sektorialerako prozedurak eta tresnak proposatzea, eta horien gauzatzea gainbegiratzea.

    6. Gobernu Programari lotutako adierazle-sistemaren kudeaketa zuzendu eta koordinatzea, Ogasun eta Finantza Sailarekin lankidetzan.

  2. Lehendakaritzari dagozkion eskumenen esparruan, Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiaren titulartasuna duenak honako egiteko hauek hartuko ditu bere gain:

    1. Xedapen orokorren eta erabakien proiektuak prestatzen laguntzea eta horiek lehendakariari proposatzea, eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitekoen eta jardun-arloen esparruan beharrezkoak diren zirkularrak, jarraibideak eta egintzak ematea.

    2. Lehendakariari laguntzea Gobernu Kontseiluak edo haren baitan sortzen diren batzorde delegatuek Jaurlaritzaren Lehendakaritzari esleitutako jardun-arloetan onartu behar dituzten gaiak aurkezten, defendatzen eta izapidetzen.

    3. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren dirulaguntzen deialdiak egitea eta dirulaguntzak ematea, Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiaren berezko gaiak lantzen dituztenean edo gainerako idazkaritza nagusien jardun-arloak gainditzen dituztenean.

    4. Idazkaritza nagusietako baten berezko esparrutik kanpo dauden eta indarrean dagoen legeriaren arabera kontratu txikiak ez diren arloetako kontratazio-organoa izatea, eta, oro har, aurrekontu-araubidearen eta kontratazio-araubidearen arloan sailetako titularrei esleitzen zaizkien ahalmenak baliatzea.

    5. Era berean, eskumena izango du bitarteko propio pertsonifikatuekin mandatuak sinatzeko, idazkaritza nagusietako baten berezko esparrua gainditzen duten gaietan, betiere beste organo batzuei esleitu ez bazaizkie.

    6. Lehendakaritzaren eskumenekoak diren espedienteak izapidetzeko beharrezkoak diren gastuak baimentzea eta onartzea, dekretu honetan beste organo batzuei esleitu ez bazaizkie. Nolanahi ere, euren zenbatekoa dela-eta, zenbait gastu Gobernu Kontseiluari egokituko zaizkio.

    7. Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluak sail bakoitzari ematen dizkion eskumenak erabiltzea, Lehendakaritzari atxikitako behin-behineko langileak izendatzea barne.

    8. Ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea, bai eta Idazkaritza Nagusiaren jarduera-eremutik gorakoak ere.

  1. artikuluan esleitutako egitekoez gain, honako hauek dagozkio Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari:

    1. Lehendakaritzaren eskumen-eremuan, Gobernu Kontseiluari dagozkion gaiak prestatu eta koordinatzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharrekoak ere.

    2. Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organoei laguntzea Legebiltzarreko esku-hartzeak egiten, eta, organo eskudunen bitartez, Lehendakaritzak Arartekoarekin, Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin eta beste erakunde publiko batzuekin dituen harremanak koordinatzea eta bideratzea.

    3. Lehendakaritzaren aholkularitza juridikoa eta araugintza, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzetan.

    4. Saileko organoei aholkuak ematea sektore publikoko kontratuen legeriari buruz, legeria hori hartan araututako edozein prozeduratan behar bezala aplikatzeari buruz eta kontratuak betearazteari buruz, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuek beste eskumen batzuk esleituta izatea.

    5. Lehendakaritzarako interesgarriak diren legeria, jurisprudentzia eta doktrinaren jarraipena egitea.

    6. Berdintasunerako Unitatearen jarduerak zuzentzea eta Lehendakaritzako organoak bultzatzea, koordinatzea eta haiekin lankidetzan aritzea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak sustatutako neurriak betearaztea sustatzeko.

    7. Prozedura judizialetan Lehendakaritzaren interesen jarraipena egitea eta haren defentsan lankidetzan aritzea organo eskudunaren bitartez.

    8. Euskadiren kanpoko ordezkaritzetako titularrekin lankidetzan aritzea, Zuzendaritzari dagozkion gaietan, behar beste ekintza egiteko, ordezkaritzek behar bezala funtziona dezaten.

    9. Sortzen diren ondare-erantzukizuneko espedienteak hastea eta izapidetzea, ondoren Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiko titularrari helarazteko, hark ebatz ditzan.

1. 7. artikuluan esleitutako egitekoez gain, honako hauek dagozkio Zerbitzu Zuzendaritzari:

  1. Lehendakaritzaren esparruan, aurrekontuaren aurreproiektua egitea, aurrekontuaren jarraipena egitea eta kudeaketa ekonomiko-administratiboa gauzatzea.

  2. Lehendakaritzako bulegoen barne-araubidea mantentzea, horiek administratzea eta horien ondarea eta ekipamendua kontserbatzen direla zaintzea.

  3. Euskadiren kanpoko ordezkaritzetako titularrekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea, beren egoitzek behar bezala funtziona dezaten beharrezkoak diren jarduera guztiak egiteko, zuzendaritzaren berezko gaietan.

  4. Euskadiren kanpoko ordezkaritzek behar bezala funtziona dezaten behar diren jarduketa guztiak egiten laguntzea eta jarduketa horiek egiten direla bermatzea, batez ere ondareari, obra eta altzariei, informatika- eta telekomunikazio-baliabideei, ibilgailuei eta langileei dagokienez, besteak beste.

  5. Laneko Segurtasun eta Osasun Unitatearen jarduerak zuzentzea eta antolatzea.

  6. Jarduerak bultzatzea eta Eusko Jaurlaritzaren esparru orokorreko proiektuak koordinatzea Lehendakaritzan, arlo hauetan: kalitatea eta etengabeko hobekuntza, herritarrentzako arreta, administrazio elektronikoa eta zerbitzu digitalak, datuen eta informazioaren gobernantza, berrikuntza, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta gobernu ona.

  7. Lehendakaritzak herritarrei informazioa eta arreta emateko dituen zerbitzuen funtzionamendu egokia ziurtatzea (2. eta 3. arreta mailak), bai eta Eusko Jaurlaritzako Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuarekin (Zuzenean) harremanak behar bezala antolatzea ere, bere eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela ziurtatuz.

  8. Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa irispidean izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei ematen zaizkien erantzunak, sektore publikoko informazioaren berrerabilera, eta Lehendakaritzaren datu publikoak modu irekian eskaintzeko lana koordinatu eta horien guztien jarraipena egitea, betiere gardentasunaren eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen politikarekiko koherentziaz.

  9. Lehendakaritzako Erregistro Orokorra eta Artxiboa kudeatzea.

  10. Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzeko, Eusko Jaurlaritzak onartutako jarraibideetatik eratorritako egitekoak betetzea.

  11. Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordean bokal gisa parte hartzea.

    1. Langileen arloan, honako egiteko hauek dagozkio Zerbitzu Zuzendaritzari:

      1. Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikitako langileak administratzea eta kudeatzea, eta diziplina-espedienteak izapidetzeko administrazio-organo eskuduna izatea.

      2. Langile-beharrak ebaluatzea eta Lehendakaritzako lanpostuen zerrendaren proposamena egitea.

      3. Gizarte-ekintzako, prestakuntzako eta langileen hobekuntzako planak eta programak prestatzea, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak arlo horretan dituen eskudantziak.

      4. Lehendakaritzako zerbitzuen eta bertako lan-sistema eta -metodoen barne-antolamenduari, arrazionalizazioari, aplikazio informatikoei, administrazio digitalari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, Lehendakaritzako gainerako organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunekin koordinatuta.

      5. Jardun-eremu honen barruan egokia den beste edozein, beste organo bati esleitu ez bazaio.

    2. Kontratazioaren esparruan, Zerbitzu Zuzendaritzari honako hauek dagozkio:

      1. Sektore publikoko kontratuen legeriari lotutako prozedurak izapidetzea, hargatik eragotzi gabe Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak eta Lehendakaritzako beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak.

      2. Kontratazio-organo gisa jardutea idazkaritzetako baten berezko eremua gainditzen duten gaietan, indarreko legeriaren arabera kontratu txikiak direnean.

Koordinazio Estrategikoaren Zuzendaritzari, 7. artikuluan esleitutako egitekoez gain, honako hauek dagozkio:

  1. Gobernu-programaren eta adierazleen panelaren jarraipena eta kontrola.

  2. Sailekin hitz egitea, sailen arteko koordinazio-estrategiak eta baterako lanerako mekanismoak formulatzeko, Jaurlaritzaren baterako ekintzara bideratuta.

  3. Sailei aholkuak ematea beren jardueren plangintzan, programazioan eta ebaluazioan, bereziki sailen artean edo erakundeen artean eragina dutenean. Jarduera horiei dagokienez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailarekin eta Ogasun eta Finantza Sailarekin koordinatuta jardungo du.

  4. Sailarteko edo erakundearteko organoetan parte hartzea, haien jarduera gobernu-ekintzara bideratzeko, eta organo horien koordinazioa sustatzea, organo horien funtzionamendua modu eraginkorrean eta efizientean hobetzeko.

  5. Jaurlaritzaren proiektu estrategikoen prestaketa koordinatzea sailen arteko eta erakundeen arteko elkarrizketarekin, eta gobernu-ekintzaren jarraipena egitea, bai eta horiei buruzko informazio- eta jarraipen-prozeduren proposamena egitea ere.

Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiari, zuzenean eta hierarkikoki lehendakariaren mende, 6. artikuluan esleitutako egiteko orokorrez gain, honako hauek dagozkio:

  1. Lehendakariari laguntzea Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpo-harremanetarako estrategia politiko-instituzionala zehazten eta zuzentzen.

  2. Jaurlaritzaren eta bere sailen kanpo-harremanak planifikatu, bultzatu eta koordinatzea diplomazia publikoa, ekonomikoa, kulturala, akademikoa, zientifikoa eta gastronomikoa barne, Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiarekin lankidetzan.

  3. Jaurlaritzari eta bere sailei laguntza eta aholkuak ematea, kanpo-harremanen arloari eta lehendakariak arlo horretan emandako jarraibideak betetzeari dagokienez. Ildo horretan, Jaurlaritzaren Lehendakaritzari laguntzeko egitekoak beteko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Eskualdeetako Lantaldean eta eskualdeko beste organo edo erakunde batzuetan duen ordezkaritza instituzionala den aldetik. Gainera, lehendakaria ordezkatuko du Eskualdeetako Lantaldean eta eskualde mailako beste organo edo antolakunde batzuetan.

  4. Euskadin kanpoko pertsona ospetsuen presentzia planifikatzea, babestea eta koordinatzea.

  5. Europako erakundeei dagokienez jarduteko politika zehaztea, bereziki Europar Batasunari eta Europako Kontseiluari dagokienez.

  6. Mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza-harremanak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, eta, bereziki, Nafarroako Foru Komunitatearekiko eta Euskal Hirigune Elkargoa erakundearekiko lurralde-artikulazioko harremanetan sakontzea, Euskal Autonomia Erkidegoarekin dituzten harreman berezietan oinarrituta.

  7. Kanpoan diren euskal gizataldeekiko harremanetarako politika planifikatu, gauzatu eta kudeatzea.

  8. Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatzea nazioarteko jarduerei eta organismo multilateralei dagokienez.

  9. Erakundeen arteko koordinazioa lantzea Estatuko Administrazioarekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei eragiten dieten gaietan Europako politikaren, Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanen eta Estatuaren nazioarteko politikaren jarraipena egiteko, kanpo-ekintza hobeto gauzatzen dela bermatze aldera.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoak nazioarteko tratatuak egiten eta negoziatzen izango duen parte-hartzea zuzentzea eta koordinatzea, Estatuko Administrazioarekin adostutako bideak erabiliz.

  11. Euskal Autonomia Erkidegoaren presentzia eta parte-hartzea koordinatzea, Estatuak gai hauetan duen borondatea osatze aldera sortzen diren konferentzia, batzorde edo organoetan.

  12. Euskadiko entitate publiko edo pribatuekiko harremanak garatzea eta entitate horiekin koordinatzea, kanpoko jarduera garrantzitsuak egiten dituztenean.

  1. Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordearen esparruan, euskal erakundeen arteko lankidetza eta kooperazioa bultzatzea, kanpo-harremanen arloko proiektuetan.

  2. Talentuaren aldeko euskal estrategia bat abian jartzea bultzatzea.

  1. Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren ordezkaritzarekin harremanak izatea, bai eta Estatuko ordezkaritza diplomatikoekin ere.

    1. Jaurlaritzaren kanpo-ekintza integratua ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzaren sailei, haren organismo autonomoei, sozietate publikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ente publikoei dagokienez egiteko horiek betetzea, eta kanpo-harremanen inguruan ematen diren arauen eta xedapenen proiektuei buruzko txostenak egitea.

    2. Euskadiko Kidego Kontsularrarekiko harremanetan komunikaziorako bitartekoa izatea.

    3. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiari eta haren organoei esleitutako egitekoek lurralde historikoen eta toki-erakundeen jardueran eragiten dutenean, lankidetzarako eta kooperaziorako bide egokiak ezarriz gauzatuko dira.

    4. Euskadiren kanpoko ordezkaritzek behar bezala funtziona dezaten behar diren jarduerak proposatzea eta bultzatzea.

    5. Euskadiren kanpoko ordezkaritzei laguntza eta sostengu teknikoa ematea, txostenak eta memoriak prestatzeko, solaskideak edo eragileak identifikatu eta aurkitzeko, eta, oro har, haien ohiko funtzionamendua ahalbidetzeko.

  1. Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen Zuzendaritzari dagokio, 7. artikuluan esleitutako egitekoez gain, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak bere jardun-eremuan dituen egitekoak betetzea, eta bereziki:

    Gobernuaren eta bere sailen jarduna gidatzea eta koordinatzea ordezkaritzarik ez dagoen eskualdeetan.

    2030 Tokiko Koalizioak Euskadin duen Idazkaritzaren eta organismo multilateralen eremuko ekintza koordinatzea Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiarekin.

  2. Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen Zuzendaritzari dagokio Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak bere jardun-eremuan dituen egitekoak betetzea, eta, bereziki, Gobernuak ordezkaritzarik ez duen lekuetan:

    1. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko titularrari laguntzea kanpo-harremanei lotutako politika kudeatzen eta gauzatzen.

    2. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak definitutako Kanpo Harremanetarako Plan Estrategikoan jasotako jarduera-ildoak eta ekintzak landu, bultzatu, koordinatu, gauzatu eta ebaluatzea.

    3. Eusko Jaurlaritzako sailek, organismo autonomoek eta sozietate publikoek Europar Batasunetik kanpo egiten dituzten ekintzak bultzatzea, horien jarraipena egitea eta koordinatzea, Euskadiren ekonomia, enpresak eta kultura sustatzeko lana koherentea eta eraginkorra dela bermatzeko.

    4. Eusko Jaurlaritzak nazioarteko antolakundeekin eta antolakunde multilateralekin dituen harremanak bultzatzea eta erraztea.

    5. Izaera horizontaleko organismo eta sareetan parte hartzea, bai horiekiko harremanak bultzatzeko, bai Eusko Jaurlaritzako beste sail, organismo autonomo eta sozietate publiko batzuek organismo horiekin dituzten harremanen jarraipena egiteko.

    6. Euskadi atzerrian ezagutarazteko ekintzak bultzatzea, haren industrian, ezagutzan, erakunde-berezitasunetan, hizkuntzan eta kulturan oinarrituta.

    7. Euskadin nazioarteko organismoen egoitzak irekitzeko laguntza eta euskarria ematea.

    8. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak kanpoan egiten dituen jarduerak koordinatzeko tresnak proposatzea eta kudeatzea, Jaurlaritzaren kanpo-ekintzaren estrategia politiko-instituzionala ziurtatzeko.

  1. Europako Gaien Zuzendaritzari dagozkio, 7. artikuluan esleitutako egitekoez gain, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak bere jardun-eremuan dituen egitekoak betetzea, eta bereziki:

    1. Gobernuaren politiken eta bere sailen ekintzen lidergoa eta koordinazioa, Europar Batasunarekiko, Arku Atlantikoarekiko, Pirinioetako Lan Elkartearekiko eta Euroeskualdearekiko.

    2. Jaurlaritzaren eta bere sailen arteko koordinazioa Europako erakundeen, Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako Arku Atlantikoko Batzordearen, Euroeskualdearen eta Pirinioetako Lan Elkartearen arteko harremanetan.

    3. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko titularrari laguntzea Europako ekintza eta Jaurlaritzaren lurralde-lankidetza bultzatzen eta koordinatzen.

    4. Autonomia Erkidegoaren eta Europar Batasuneko eta Europako Kontseiluko erakunde eta organoen arteko harremanetarako organo gisa jardutea, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin koordinatuta.

    5. Jaurlaritzak Europar Batasunaren araudia eta politikak egiten eta aplikatzen esku har dezan beharrezkoak diren koordinazio-neurrien betearazpena zuzentzea eta garatzea, bai eta neurri horiek aplikatzeko Jaurlaritzaren Sare Operatiboa garatzea ere.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek Europako erakundeetako organo eta lantaldeetan eta, bereziki, Europar Batasunekoetan izango duten parte-hartzea bultzatzea, garatzea eta koordinatzea.

    7. Europar Batasunaren zuzenbidearen aplikazioa gainbegiratzea eta koordinatzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren komunikazio ofizialak eta, bereziki, Europar Batasunaren ordenamenduak ezartzen dituen betebeharren ondoriozkoak (zuzentarauen transposizioa, estatu-laguntzen proposamenen jakinarazpenak, arau-hausteen prozedurak...) kontrolatzea eta Europako erakundeetara eta, bereziki, Europako Batzordera bideratzea, betiere horretarako legez ezarritako bideak erabiliz.

    9. Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak Madrilen duten ordezkaritzarekiko harremanak garatzea, Euskadiren Madrilgo ordezkaritzarekin koordinatuta.

    10. Jaurlaritzako sailek, organismo autonomoek eta sozietate publikoek programazio-dokumenturik edo programa eragilerik behar ez duten Europar Batasuneko programa eta ekimenetan parte har dezaten bultzatzea, eta parte-hartze hori koordinatzea eta ebaluatzea.

    11. Jaurlaritzako sailei Europar Batasunaren jarduerari buruzko informazioa eta jarraipena emateko tresnak zuzentzea eta koordinatzea.

    12. Jaurlaritzako sailei aholku ematea beren interesekoak diren Europar Batasunaren araudi, politika eta jarduerei buruz.

    1. Zabalkunde- eta dibulgazio-ekintzak garatzea Europar Batasunaren eraikuntzari buruzko eremuetan, gai horiei buruzko azterlanak eta prestakuntza-ekintzak egitea, eta Europako Informazioaren Euskal Sarea bultzatzea.

  2. Lurralde-lankidetzari buruzko jarduerei dagokienez, Europako Gaien Zuzendaritzari dagokio:

    1. Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak osatutako Lurralde Lankidetzarako Europako Taldearen (LLET) barruan lankidetza bultzatzea eta koordinatzea, haren gobernantza-organoetan parte hartuz.

    2. Euroeskualdeko Konferentzian edo Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoan lankidetza bultzatzea eta koordinatzea, gobernantza-organoetan parte hartuz.

    3. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusia ordezkatzea Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) bileretan.

    4. Jaurlaritzaren ordezkaritza teknikoa koordinatzea Europar Batasunaren Interreg Europe ekimenaren kudeaketan.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-lankidetzako programak egitea eta horien jarraipena egitea, Europar Batasunaren kohesio-politikaren esparruan, bereziki, Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzako Programaren esparruan (POCTEFA).

    6. Nafarroako Foru Komunitatearekiko eta Euskal Hirigune Elkargoa erakundearekiko harremanak sustatzea, beste erakunde eta organismo publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan, Euskal Autonomia Erkidegoarekin dauden harreman-lotura berezietan oinarrituta.

    7. Europako lurralde-entitateekiko aldebiko eta alde anitzeko lurralde-lankidetza bultzatzea eta koordinatzea.

    8. Mugaz gaindiko harremanak sustatzea mugaren bi aldeetako eragile publiko eta pribatuen artean.

    9. Jaurlaritzako sailen mugaz gaindiko ekintzari buruzko aholkularitzan laguntzea.

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari dagozkio, 7. artikuluan esleitutako egitekoez gain, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak bere jardun-eremuan dituen egitekoak betetzea, eta bereziki:

  1. Kanpoan diren euskal komunitateekiko harremanak.

  2. Euskal etxeekin lankidetzan aritzeko politikak diseinatu eta garatzea.

  3. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko titularrari laguntzea kanpoan den euskal komunitatearekiko harreman-politika kudeatzen eta gauzatzen. Politika horrek euskal etxeetako bazkideak eta bazkide ez diren euskal jatorriko pertsonak biltzen ditu.

  4. Euskadiren eta kanpoan den euskal komunitatearen arteko loturak eta harremanak sustatzea, koordinatzea, ezartzea eta areagotzea; bereziki, harreman sozialak, kulturalak eta ekonomikoak.

  5. Kanpoan den euskal komunitatea egituratzea eta elkarrekin lotzea.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoaz Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legean esleitutako egitekoak betetzeko organo arduradun gisa jardutea, bertan jasotako aurreikuspen, eskubide eta prestazioak betez.

  7. Euskal gizataldeak eta etxeak indartzen laguntzea, haien barne-kohesioa eta elkarteen ekintzen eraginkortasuna bultzatuz.

  8. Ordenamendu juridikoaren eta aurrekontu-baliabideen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den euskal komunitateari laguntza, sostengua eta babesa ematea.

  9. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den euskal komunitatearen eta erkidegoko botere publikoen arteko komunikazio-bideak ezar daitezen erraztea.

  10. Urtero, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna antolatzea; eta lau urtean behin, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen Munduko Biltzarra.

  11. Euskal Gizataldeei laguntzeko lau urteko Plana koordinatzea eta, hala badagokio, gauzatzea.

  12. Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea babestea eta laguntzea.

  1. Hezkuntza Sailarekin, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin eta Etxepare Institutuarekin koordinatuta, kanpoan den euskal komunitatearen artean euskal kultura eta hizkuntza zabaltzeko eta mantentzeko proiektuak garatzea, bai eta Euskadiko eta euskal gizataldeak dauden herrialdeetako euskal errealitatearekin bat datozen historiari eta gaurkotasunari buruzko ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, erakusketak eta kongresuak antolatzea ere.

  2. Euskal Etxeen eta Federazioen Erregistro Ofiziala kudeatzea.

  1. Euskadiren eta kanpoan den euskal komunitatearen artean hurbilketa handiagoa sustatzeko komenigarriak diren azterlan eta argitalpenak egitea eta zabaltzea.

  2. Euskal emigrazioaren memoria historikoa biltzen lagunduko duten ekintzak bultzatzea.

  1. Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza, egoitza Bruselan duena, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren mende egongo da zuzenean eta hierarkian, eta, Europako Gaien Zuzendaritzarekin koordinatuta, Euskadi ordezkatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore anitzeko interesak Europar Batasuneko erakundeetan defendatzeko eta sustatzeko organoa da. Horretarako, honako egiteko hauek beteko ditu:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoaren interesak ordezkatzea Europar Batasuneko erakundeen eta organoen aurrean, bai eta Bruselan egoitza duten antolakunde multilateralen eta organoen aurrean ere.

    2. Euskadiren interes sozioekonomikoak, sektorialak eta profesionalak kudeatzea, Europar Batasuneko ekimenek interes horietan eragiten duten neurrian.

    3. Europako Gaien Zuzendaritzari laguntzea bere egitekoak betetzen, bereziki Jaurlaritzako sailei aholkuak ematen, beren interesekoak diren Europar Batasunaren araudiari, politikei eta jarduerei buruz.

    4. Erabakiak hartzeko prozesuaren jarraipena egitea eta informazioa lortzea, Europar Batasunaren legegintzako ekimenei dagokienez, baldin eta ekimen horiek Autonomia Erkidegoaren eskumenei edo interesei eragiten badiete.

    5. Eragile sozioekonomikoak eta agintari autonomikoak Europar Batasuneko erakundeekin elkartzeko azpiegitura izatea.

    6. Europar Batasunean esku hartzeko borondatea duten entitate publiko eta pribatu autonomikoei aholkularitza teknikoa ematea, laguntzarako zentro logistiko gisa.

    7. Autonomia Erkidegoaren eta Espainiak Europar Batasunean duen Ordezkaritza Iraunkorraren arteko harreman-organo gisa jardutea.

    8. Europako erakundeekin eta egoitza Bruselan duten beste antolakunde batzuekin zuzeneko jarduerak egitea, Sailak Europar Batasunaren araudiak eta politikak egiten eta aplikatzen esku har dezan, eta sailek egindako politiken berri izatea, premiazko arrazoiak direla-eta beharrezkoa denean.

    9. Bruselan, autonomia-erkidegoen, länder herrialdeen edo erregioen beste bulego batzuekin lankidetzan aritzea.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko entitate eta organoen eta Bruselan kokatutako beste entitate publiko eta pribatu batzuen arteko lankidetza erraztea, Euskadiren sektore anitzeko interesak defendatzeko eta sustatzeko.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek Europako erakundeetako organo eta lantaldeetan eta, bereziki, Europar Batasunekoetan parte hartzeko behar diren jarduerei ekitea.

  2. Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzaren titularrak kontratazio-organo gisa jardungo du bere lurralde-eremuan egindako kontratuetan, baldin eta sektore publikoko kontratuen legerian araututako kontratu txikiei eta higiezinen errentamendu-kontratuei buruzkoak badira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 41. artikuluaren 2. apartatuaren a) eta b) letretan aurreikusitako baldintzetan. Era berean, kontratazio horiek eragiten duten gastua baimentzea dagokio.

  1. Euskadik Argentinan eta Uruguain, Txilen, Kolonbian, Estatu Batuetan eta Kanadan, Mexikon, Frantzian eta Madrilen dituen ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritza-organoak dira, euskal gizataldeekiko harremanen arloan eta sektore anitzeko interesak defendatu eta sustatzearen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenen esparruan, bakoitzak bere jardun-eremu geografikoan.

  2. Euskadiren kanpoko ordezkaritza horiek, zuzenean eta hierarkian Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren menpe, eta Kanpo Harremanen eta Organismo Multilateralen Zuzendaritzarekin eta Europako Gaien Zuzendaritzarekin koordinatuta, honako egiteko hauek izango dituzte:

    1. Ordezkaritzak dauden lekuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eragile ekonomiko eta sozialen arteko lankidetza eta elkargunea sustatzea.

    2. Tokian tokiko erakunde, enpresa eta entitateekiko harremanetarako organoak izatea, bisitak, topaketak eta informazio-trukeak egiteko eta enpresa-, ekonomia- edo gizarte-loturak ezartzeko.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko operadoreen arteko topaketak egiteko azpiegitura eta laguntza-zentroak izatea.

    4. Ordezkaritzak dauden leku bakoitzeko araudiei, politikei eta aukerei buruzko aholkularitza, orientazioa eta informazioa ematea Eusko Jaurlaritzako sailei, toki- eta foru-erakundeei, enpresei, unibertsitateei, zentro teknologikoei eta gainerako ekonomia- eta gizarte-eragile interesdunei.

    5. Ordezkaritzak dauden leku horietan diharduten Euskal Autonomia Erkidegoko entitateen beharrak ebaluatzea eta dagozkien proposamenak bideratzea.

    6. Euskadin dauden kultura-adierazpen guztiak zabaltzea. Euskararen berezitasuna bereziki zainduko da, kanpoan dauden euskal gizataldeetako herritarrek, edo euskal gizatalde izan gabe euskararen gaineko interes berezia duten pertsonek, euskara ezagutzeko aukera izan dezaten.

    7. Lankidetza-harremanak ezartzea euskal kultura, tradizioak eta hizkuntza bultzatzeko eratutako erakunde, elkarte eta zentroekin, bai eta Euskadiri arreta berezia eskaintzen dioten toki-entitateekin ere.

  3. Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Ogasun eta Finantza Saileko organoen mende funtzionalki, Euskadiren kanpoko ordezkaritza bakoitzaren titularrak, bere eremuan, honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Ordezkaritza bakoitza dagoen lekuan bizi diren lan-kontratuko langileak kontratatzea eta enpresaburuen berezko ahalmenak baliatzea langileen eta haien ordezkarien aurrean eta erakunde publiko eta pribatuen aurrean.

    2. Ordezkaritzako langileen soldata-igoerak ebaztea, Gobernu Kontseiluaren erabakietan jasotako baldintzetan.

    3. Kontratazio-organo gisa jardutea dagokion lurralde-eremuan egindako kontratuetan, baldin eta sektore publikoko kontratuen legerian araututako kontratu txikiei eta higiezinen errentamendu-kontratuei buruzkoak badira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 41. artikuluaren 2. apartatuaren a) eta b) letretan aurreikusitako baldintzetan. Era berean, kontratazio horiek eragiten duten gastua baimentzea eta onartzea dagokio.

    4. Eusko Jaurlaritza ordezkatzea administrazio publikoen aurrean, ordezkaritzaren ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren izapide guztietan eta, bereziki, zergak kudeatu eta ordaintzeko eta lizentziak eta baimenak lortzeko behar diren izapide guztietan.

Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiari, zuzenean eta hierarkikoki lehendakariaren mende, 6. artikuluan esleitutako egiteko orokorrez gain, honako hauek dagozkio:

  1. Jaurlaritzaren komunikazio integraleko estrategia diseinatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

  2. Jaurlaritzaren nortasun eta komunikazio korporatiboaren garapena eta kudeaketa zuzentzea eta koordinatzea.

  3. Jaurlaritzaren nortasun eta komunikazio digitala ezarri, zuzendu eta koordinatzea.

  4. Jaurlaritzaren komunikazio eta publizitate instituzionaleko politika ezartzea eta koordinatzea.

  5. Sailen eta erakundeen arteko lankidetza eta gizarte-lankidetza bultzatzea Gizarte Berrikuntzaren eta 2030 Agendaren eremuetan, arlo horietan aliantza instituzionalak eta gizarte zibilarekiko aliantzak dinamizatuz.

  6. Jaurlaritzako sailei eta Euskadiko erakunde publikoei 2030 Agenda betetzen laguntzea, eta agenda horren ezarpenaren ebaluazioa bultzatzea.

  7. Berrikuntza sozialaren eta 2030 Agendaren arloan, zabalkundea, komunikazioa eta sustapen soziala bultzatzea.

  8. Berrikuntza politikoa eta publikoa sustatzea, bai eta herritarren parte-hartzea eta ekintza komunitarioa ere.

  9. Demokrazia indartzeko ildoak bultzatzea, ikerketa, berrikuntza, lankidetza eta ekimenak garatuz, hala nola jarduera politikoaren eredugarritasunaren aldeko ituna.

  10. Lehendakariari beharrezko laguntza eta aholkularitza ematea, bere jardun-eremuan dituen eskumenak eta egitekoak bete ditzan.

  11. Lehendakaritzako gaiei dagozkien egoera eta alternatibei buruzko diagnosi, prospekzio eta azterketen azterlanak eta txostenak sustatzea.

  12. Lehendakaritzan eta Jaurlaritza osoan hausnarketa estrategikoko prozesuak sustatzea.

  1. Jaurlaritzaren ikerketak eta azterlanak koordinatzea.

  2. Jaurlaritzaren datuak eta informazioa kudeatzeko estrategia diseinatzea, erabakiak hartzeko.

  1. Lehendakaritzaren eta Jaurlaritza osoaren gaietan berrikuntzarekin zerikusia duten prestakuntza-prozesuak sustatzea eta zuzentzea.

  1. artikuluan esleitutako egitekoez gain, honako hauek dagozkio Komunikazio Sozial eta Digitalaren Zuzendaritzari:

    1. Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

    2. Jaurlaritzaren komunikazio digitala zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

    3. Gobernuaren komunikazio-estrategia ezartzea.

    4. Jaurlaritzako sailei lehendakariak bere esku-hartze instituzionaletarako behar duen laguntza eskatzea.

    5. Jaurlaritzaren ekintzen informazio-estaldura egokia bermatzea, barnean hartuta lehendakariari eta Jaurlaritzaren bozeramailetza-arloari buruzkoak.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetako eta organismo autonomoetako prentsa-zerbitzuen koordinazioa eta jarduera instituzionalei eragiten dien dibulgazio- eta informazio-ekintza bermatzeko beharrezkoak diren irizpideak eta mekanismoak ezartzea.

    7. Jaurlaritzak komunikabideekin dituen harremanak zuzentzea.

    8. Jaurlaritzak gizartearen eta herritarren ordezkariekin harreman zuzena izateko ekitaldiak eta jarduerak diseinatu eta antolatzea, Kabinete Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    9. Euskadiren irudi instituzionala kanpoan zabaltzeko informazio- eta publizitate-irizpideak eta -politikak ezartzea.

    10. Jaurlaritzaren komunikatuak, erreferentziak eta prentsa-oharrak prestatzea.

    11. Euskadiko eta nazioarteko gaurkotasunaren isla informatiboari buruzko azterlanak eta txostenak egitea, eta egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala aztertzea, ikuspegi informatibotik.

    12. Herritarrei gobernu-ekintzari buruzko zuzeneko informazioa ematea, edukiak sortuz.

    1. Prestakuntza eta berrikuntza sustatzea Jaurlaritzan komunikazioan diharduten langileen artean.

  1. artikuluan esleitutako egitekoez gain, honako hauek dagozkio Nortasun Korporatiboaren Zuzendaritzari:

    1. Jaurlaritzaren nortasun korporatiboaren politika ezartzea.

    2. Nortasun korporatiboa egokitzeko eta moldatzeko beharrezkoak diren arau-aldaketak bultzatzea.

    3. Jaurlaritzari lotutako marken erabilera ebaluatzea eta jarraipena egitea, eta, hala badagokio, aldaketak eta hobekuntzak proposatzea.

    4. Nortasun korporatiboarekin lotutako arauak garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren estilo-eskuliburuak eta gainerako materialak egitea.

    5. Jaurlaritzaren komunikazio publikoaren eta publizitate-komunikazioaren estrategia ezartzea.

    6. Gizartea sentsibilizatzeko publizitate-kanpainak eta neurriak koordinatzea, bai eta Eusko Jaurlaritzaren eta bere sailen ekintzen hedapena ere, Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen bitartez.

  1. artikuluan esleitutako egitekoez gain, honako hauek dagozkio Azterlanen Zuzendaritzari:

    Jaurlaritzaren Lehendakaritza Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen bidez gizarte-errealitatearen egoerari eta bilakaerari buruz informatuta edukitzeko beharrezkoak diren azterlanak, txostenak, analisiak eta ekintzak egitea.

    1. Jaurlaritzak egiten dituen azterlan soziologikoak koordinatzea.

    2. Gizarte-ikasketen arloan erakundeen arteko lankidetza-ildoak ezartzea.

    3. Euskal gizartean entzute aktiboko prozesuak bultzatzea.

    4. Jaurlaritzaren behatokiek eta organismoek sortutako datuak monitorizatzea eta koordinatzea.

    5. Jaurlaritzaren datuetatik balio publiko handiagoa sortzeko prozesuak bultzatzea, big data eta adimen artifiziala bezalako teknologien bidez.

    6. Laneko gaiekin zerikusia duten ezagutza-sare eta -ekitaldietan parte hartzea.

    7. Azterketa- eta analisi-metodologietan berrikuntza eta esperimentazioa sustatzea.

Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzari, 7. artikuluan esleitutako egitekoez gain, honako hauek dagozkio:

  1. Berrikuntza sozial eta politikorako proposamenak egitea.

  2. Berrikuntza sozial eta politikoaren arloan proiektuak eta ekimenak sustatzea, esperimentazioa eta ikaskuntza bultzatuz.

  3. Ezagutza aurreratua eta hausnarketa-prozesuak sustatzea zuzendaritzarekin zerikusia duten gaietan.

  4. Unibertsitateekin eta bestelako gizarte- eta kultura-antolakundeekin lankidetza-sareak ehuntzea.

  5. Euskadin kalitatea eta kultura demokratikoa sustatzea.

  6. Beste erakunde eta eragile batzuekiko lankidetza sustatzea, gobernantza kolaboratiboa, herritarren parte-hartzea eta ekintza komunitarioa indartzeko.

  7. Sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak sustatzea eta gauzatzea, bai herritarrentzat, bai haien zerbitzura dauden langileentzat, herritarren arteko asoziazionismoa, herritarren parte-hartzea eta komunitatearen garapenerako lankidetza-praktika pribatuak edo publiko-pribatuak sustatzeko.

  8. Herritarren eztabaida-prozesuak bultzatzea, eta herritarrek prozesuetan duten parte-hartze mailari buruzko txostenak ebaluatzea eta egitea, beharrezkoak diren hobekuntza-mekanismoak proposatzeko.

  9. Eztabaida publikoen eta agertzen diren gaien jarraipena egitea.

  10. Sailen arteko koordinazio- eta jarraipen-estrategiak bultzatzea, gizarte-trantsizioaren eta 2030 Agendaren arloko Jaurlaritzaren baterako ekintzara bideratuta.

  11. 2030 Agendako Lehentasunen Euskal Programari dagokionez sailen eta erakundeen arteko lankidetza eta gizarte-lankidetza dinamizatzea, eta horren jarraipena egitea.

  12. Prestakuntza- eta hausnarketa-prozesuak bultzatzea.

  1. Lehendakaritzako Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta, euskararen erabilera normalizatzeko planean ezarritako helburuak zehaztea eta horiek ezartzeko eta ebaluatzeko behar diren ekimenak garatzea.

  2. Lehendakaritzako langileen euskalduntze-prozesua eta hizkuntza-normalizaziokoa koordinatzea, Lehendakaritzako Zerbitzu Zuzendaritzarekin lankidetzan, eta euskararen erabilera sustatzea, dagokion euskara-unitatearen bidez, hizkuntza-normalizazioaren arloan eskumena duten organo zentralekin lankidetzan.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Idazkaritza nagusietako, zuzendaritzetako eta Euskadiren kanpoko ordezkaritzetako titularren lanpostuak hutsik badaude edo titularrak kanpoan edo gaixorik badaude, ordezkapenak arau hauen arabera egingo dira:

  1. Idazkaritza nagusietako titularrei esleitutako eskumenak eta egitekoak haien mendeko zuzendariek beteko dituzte, egitura honetan agertzen diren hurrenkera berean.

  2. Zuzendariei eta Euskadiren kanpoko ordezkariei esleitutako eskumenak eta egitekoak hierarkian goragoko hurrengoak beteko ditu.

  3. Aurreko arauak nahikoa ez direnean, gainetik dagoen hurrengo administrazio-organoak izendatzen duenak beteko du administrazio-organoaren eskumena.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Euskadiren Kolonbiako Ordezkaritza eta Madrilgoa sortzen dira, eta horiek martxan jartzeko behar diren baliabide material eta pertsonalez hornituko dira, dagokion Aurrekontuen Legearen arabera.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Ogasun eta Finantza Sailak, horretarako aurreikusten diren zuzkiduren barruan, dekretu honetan aurreikusitakoa eraginkorra izateko behar diren baliabide ekonomikoak emango ditu.

Indargabetuta geratzen dira Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretua eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo txikiagoko beste edozein xedapen.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 26an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.