Arautegia
Inprimatu12/2019 DEKRETUA, urtarrilaren 29koa, Kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko bekak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 23
- Hurrenkera-zk.: 540
- Xedapen-zk.: 12
- Xedapen-data: 2019/01/29
- Argitaratze-data: 2019/02/01
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional; Funtzio publikoa
Testu legala
1995ean, Eusko Jaurlaritzak Europako gaien eta eskualdeen arteko lankidetza eremuetan profesionalak prestatzeko beka-politika abian jarri zuen, Lehendakaritzaren eremuan.
Beka hauen aurrekari hurbilenak hauek dira: uztailaren 26ko 171/2011 Dekretua (Kanpo harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko bekak arautzekoa) eta uztailaren 26ko 172/2011 Dekretua (Kanpoko euskal gizatalde eta etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzekoa). Martxoaren 18ko 36/2014 Dekretuak aldatu zuen azken dekretu hori.
Momentu horretan, bekak bi dekretutan arautzea erabaki zen. Baina egindako deialdietan eskuratutako esperientziaren ostean, eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala kontutan harturik, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari egokia iruditu zaio Europako gaien, kanpoko euskal komunitatearen eta kanpo-harremanen alorretan profesionalak espezializatzeko bekak batera arautzea, irizpideak bateratuta, baina beka-modalitate bakoitzaren berezitasunei eutsiz.
Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da Lehendakariari laguntza ematen dion organoa Euskal Autonomia Erkidegoak kanpo harremanetarako duen estrategia politiko instituzionala zehazten eta zuzentzen, eta idazkaritza nagusi horri dagokio Jaurlaritzak kanpoan duen harremana programatzea, sustatzea eta koordinatzea. Kanpo harremanen, Europar Batasunaren eta kanpoko euskal komunitatearen alorretan gauzatzen ditu, besteak beste, bere eginkizunak.
Beraz, dekretu honen helburua da kanpo harremanen arloan gazteak prestatzeko bekak sustatzea hiru alorretan: Europako gaien alorrean, kanpoko euskal komunitatearen alorrean eta kanpo harremanen alorrean.
Horregatik guztiagatik, Lehendakariak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak, 2019ko urtarrilaren 29ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
Dekretu honek kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko bekak arautzen ditu.
Beka horiek honako hiru modalitate hauetan sailkatzen dira:
Europako gaietako bekak: Eusko Jaurlaritzan Europako gaien alorrean eskumena duen zuzendaritzari esleitu zaizkion arloei buruzko prestakuntza emateko bekadunei.
Kanpoko euskal komunitatearen alorreko bekak: Eusko Jaurlaritzan kanpoko euskal komunitatearen alorrean eskumena duen zuzendaritzari esleitu zaizkion arloei buruzko prestakuntza emateko bekadunei.
Kanpo-harremanetako bekak: Eusko Jaurlaritzan kanpo-harremanen alorrean eskumena duen zuzendaritzari esleitu zaizkion arloei buruzko prestakuntza emateko bekadunei.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bulegoetan jaso ahal izango da prestakuntza hori, edo EAEk kanpoan dituen ordezkaritzetako edozeinetan edo haien mendeko bulegoetan, deialdi bakoitzean zehaztutakoaren arabera.
Dekretu honetan araututako beken onuradun izateko, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte pertsona eskatzaileek:
Bekak iragarritako urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, edo ofizialki onartutako Euskal Etxe bateko bazkide izatea.
Unibertsitateko goi-mailako edo graduko tituluduna izatea. Atzerriko tituluen kasuan, titulu horren aitortzaren kopia digitalizatua aurkeztu beharko da, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat (errege-dekretu horren bitartez ezartzen dira unibertsitateko ikasketa-maila ofizialarekiko eta tituluekiko homologaziorako eta baliokidetza-adierazpenerako baldintzak eta prozedura, bai eta goi-mailako hezkuntzako atzerritar ikasketak baliozkotzekoak ere, eta esaten da zer prozeduraren bidez zehaztu behar den zer elkarrekikotasun duten, goi-mailako hezkuntzarako kualifikazioen espainiar esparruko mailei dagokienez, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko eta diplomadun titulu ofizialek).
Beken deialdia egin den urteko urtarrilaren 1ean 28 urte izatea gehienez.
Unibertsitate-titulua duten pertsonentzako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako beste bekarik ez jaso izatea aurrez.
Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren pertsonak, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz. Zehapenaren iraunaldian zehar izango da aplikagarri eskakizun hori.
Beka hauek itzulgarriak ez diren diru-laguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak arautzeko indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatuko dira.
Bekak esleitu eta jaso arren, ez da inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik sortuko bekadunen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean; horrela, bekadunei gomendiotan emandako lanak bat etorri beharko dira bekaren helburuarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko duten harremanak ez du inolaz ere antzik izango bere pertsonalarekin duen harremanarekin.
Bekak hamabi hilabetetarako dira. Bekaz lagundutako jardunean hasitako egunetik aurrera zenbatuko da epea, eta esleipen-ebazpenean zehaztuko da egun hori. Beken iraupena luzaezina izango da.
Kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiaren edo sailburuordetzaren titular den pertsonak emandako ebazpen baten bidez egingo dira beken deialdiak, aldizka.
Honako hauek zehaztu beharko dira ebazpen horretan: deialdiaren xedea, deialdiko beken modalitatea eta kopurua, beken destinoa, zenbatekoa eta ordainketa, hautaketa-batzordearen osaera eta kideen izendapena, 12. artikuluan adierazitako baloratzeko irizpideak, haien haztapena eta, proben modalitatea, eta eskabideak aurkezteko modua eta epeak, baita eskabide-eredua ere.
Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, eta denek jakin dezaten, www.euskadi.eus web orrian argitaratuko da ebazpen hori.
Dekretu honetan araututako bekak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Hortaz, dekretu honetan aipatutako balorazio-irizpideak eta hautatzeko prozedurak kontuan hartuta, prozedura gainditzen duten hautagaiei soilik esleituko zaizkie, gehienez ere, deitutako beken kopurura iritsi arte.
Prozeduraren deialdia eta ebazpena, ebazpen bakar baten bidez gauzatuko dira bekaren modalitate guztietarako. Kanpo-harremanen eremuan eskumena duen idazkaritza nagusiaren edo sailburuordetzaren titular den pertsonak emango du ebazpen hori.
Pertsona interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko.
Bitarteko elektronikoak erabiltzeko prozedurari eta jarraibideei dagokienez, dagokion deialdian ezarritakoaren arabera jokatuko da.
Eskabideak kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiari edo sailburuordetzari helarazi beharko zaizkio, bertaratuta edo bide telematikotik, eta zer bekatarako aurkezten diren adierazi beharko da:
Zuzenean aurkeztu ahal izango dira deialdi-ebazpenean adierazten den zuzendaritzan, Eusko Jaurlaritzaren herritarrak hartzeko bulegoetan edo Administrazio Prozedura Erkidearen esparruan aplikagarri den araudian zehaztutako tokietan.
Bide telematikotik aurkeztu ahal izango dira, dekretu honen 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Eskatzaile bakoitza deitutako beka-modalitateetako bakar batera aurkeztu ahal izango da.
Eskaera-orriarekin batera, honako dokumentu hauen kopia soila edo eskaneatua aurkeztu beharko da:
NANa edo, hala badagokio, pasaportea.
Pertsona eskatzaileak beken deialdia egiten den urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan zuela egiaztatzen duen errolda-agiria, edo, hala badagokio, dagokion Euskal Etxeak emandako eta ofizialki onartutako ziurtagiria, pertsona eskatzailea aipatutako egun hori baino lehenagotik Euskal Etxe horretako bazkide dela ziurtatzen duena.
Goi-mailako edo graduko unibertsitate-titulua eta, hala badagokio, dagokion homologazioa.
Curriculum vitaea, ikasketa-espedientea erantsita.
Eskatzaileak egindako ikasketen eta dakizkien hizkuntzen ziurtagiriak. Merezimendu gisa aintzat hartuak izateko, aurkezten diren ziurtagiriek ofizialak izan beharko dute, eta balio akademikoa izan.
Mediku-ziurtagiria, non zehaztu beharko baitu bekadunak ez duela bere zereginak eta betebeharrak egoki garatzea galaraziko dion gaixotasunik.
Laguntza izapidetzen duen organoak 8.3 artikuluaren a), b), c) eta e) letretan adierazitako dokumentazioa lortzeko edo egiaztatzeko aukera izango du, dagozkion elkarreragingarritasuneko organoen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Eskabidea aurkezten den unean, eskatzaileak hauxe adierazi beharko du, deialdi ebazpenean ezarritako eredu normalizatuan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:
Zuzena dela eta errealitatearekin bat datorrela eskaeran adierazitako informazioa, curriculum vitaekoa eta erantsitako gainontzeko dokumentazioa.
Eskatzaileak ez duela aurrez jaso honelako beste bekarik, edo unibertsitate-titulua duten pertsonentzako beste bekarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.
Ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapen edo zehapen penalik eta ez dagoela laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekuren baten pean, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Hautatze-prozesua amaitu ondoren, eta bekak esleitu aurretik, organo kudeatzaileak egoki iritzitako jatorrizko agiriak aurkezteko eskatuko du, eskatutako eta adierazitako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko.
Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo eskatutako dokumentazioa falta badu, eskatzaileak hamar eguneko epea izango du behin behineko zerrenda argitaratzen den egunetik hasita, hutsa zuzentzeko edo eskatutako agiriak aurkezteko. Zuzentzeko errekerimendu horiek beka-modalitate bakoitzari dagokion instrukzio-organoak egingo ditu.
Epe hori igarotzen bada eskabidea zuzendu gabe, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legeak) 68. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Behin-behineko zerrendak www.euskadi.eus web orrian argitaratuko dira, eta onartutako, baztertutako eta zuzentzeko dauden eskabideak zerrendatuko dituzte; eta baztertutakoak zergatik baztertu diren eta zuzentzeko daudenak zuzentzeko zer dokumentu aurkeztu behar diren adieraziko da ere. Hiru zerrenda ezberdin argitaratuko dira, bana beken modalitate bakoitzeko.
Baztertutako pertsona interesdunek hamar eguneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita. Epean aurkeztutako erreklamazioak onartuak edo baztertuak izango dira behin-betiko onartuen eta baztertuen zerrendetan.
Erreklamazioak aurkezteko edo eskabidea zuzentzeko epea igarotzean, behin-betiko onartuen eta baztertuen zerrendak, guztira hiru zerrenda.
Beka modalitate bakoitzerako, honako kide hauek osatutako hautaketa-batzordeak zenbatetsiko ditu merezimenduak:
Bekaren modalitate bakoitzaren alorrean eskumenak dituen zuzendaritzaren titular diren pertsonak; eta horietako bat batzordeburua izango da. Berdinketa gertatuz gero, batzordeburuak kalitate-botoa izango du.
Kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako goi-mailako hiru teknikarik, beka-modalitate bakoitzari dagokion alorreko bana; horietako bat batzordeko idazkaria izango da.
Hautaketa-batzorde horretako kideen izendapenari dagokionez, emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkari-kopurua orekatua izan dadin ahalegindu behar da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Gainera, Batzordeko kideak izendatzerakoan kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea. Batzordeko kideek euren jardunean hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute.
Deialdi-ebazpenean zehaztuko dira batzordeko kideak, eta ordezkapenak aurreikusi ahal izango dira, karguak hutsik badaude, titularrak bertaratzen ez badira, gaixorik badaude edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada ordezkoak izateko.
Hala badagokio, hautaketa-batzordeak espezialisten laguntza izan dezake. Aholkulariek hitza izango dute batzordean, baina botorik ez.
Hautaketa-batzordeak elkarrizketak egin ahal izango dizkiete hautagaiei, Europako eta nazioarteko egoera ekonomikoaren eta politikoaren berri ba ote duten jakiteko, bai eta euskal diasporaren edo euskal emigrazioaren berri ere, eta eskatutako profilera egokitzen diren ala ez aztertzeko.
Batzordearen erabakiek batzordekide gehienen aldeko botoa beharko dute.
Honako balorazio-irizpide hauei jarraituko zaie bekaren modalitate guztietan:
Unibertsitateko ibilbide akademikoaren arabera, 10 puntu emango dira, gehienez, lizentzian edo graduan lortutako eta dokumentuen bidez egiaztatutako batez besteko nota kontuan hartuta. Honela banatuko dira puntuak:
2 puntu, batez besteko nota 5 eta 5,99 bitartekoa bada.
4 puntu, batez besteko nota 6 eta 6,99 bitartekoa bada.
6 puntu, batez besteko nota 7 eta 7,99 bitartekoa bada.
8 puntu, batez besteko nota 8 eta 8,99 bitartekoa bada.
10 puntu, batez besteko nota 9 eta 10 bitartekoa bada.
Eskatzaileak Europar Batasunaren, kanpo harremanen edo kanpoan den euskal komunitatearen alorrean dituen ezagutzak, bakoitzak eskatutako beka motaren arabera; 15 puntu emango dira gehienez, honela banatuta:
10 puntu, gutxienez 50 orduko iraupena duen ikastaro bakoitzeko.
15 puntu, gutxienez 100 orduko iraupena duen ikastaro bakoitzeko.
Euskara jakitea, ahozko eta idatzizko gaitasuna kontuan hartuta; 20 puntu emango dira gehienez, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan eta euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuetan xedatuaren arabera, baldin eta B1 maila egiaztatzen badu, honela banatuta:
B2: 5 puntu.
C1: 10 puntu.
C2: 20 puntu.
Ingelesa jakitea, ahozko eta idatzizko gaitasuna kontuan hartuta; 15 puntu emango dira gehienez, otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuak (araubide bereziko hizkuntza-ikasketen mailetako -oinarrizkoa, tartekoa, aurreratua eta gaitasun maila- curriculuma ezartzekoak eta ikasketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan jartzekoak) xedatuaren arabera, honela banatuta:
B1: 5 puntu.
B2: 10 puntu.
C1 edo maila altuagoa: 15 puntu.
Atzerriko beste hizkuntza batzuk jakiteagatik, 10 puntu emango zaizkie, gehienez, B1, B2 mailako edo goragoko jakintza egiaztatzen dutenei, otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuak (araubide bereziko hizkuntza-ikasketen mailetako -oinarrizkoa, tartekoa, aurreratua eta gaitasun maila- curriculuma ezartzekoak eta ikasketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan jartzekoak) xedatuaren arabera, honela banatuta:
B1: 2,5 puntu.
B2: 5 puntu.
C1 edo maila altuagoa: 10 puntu.
Eskatzailearen profil akademikoa, -pertsonak duen ezagutza eta nazioartean izandako harremanen esperientzia bezala hartuta- bekaren xede den edukietara egokitzea; 15 puntu emango dira gehienez, deialdi-ebazpenean ezarritakoaren arabera.
Hautaketa-batzordeek behar diren probak egin ahal izango dituzte aipatutako irizpide horiek baloratzeko.
Beka-modalitate bakoitzeko arlo bakoitzean eskumena duten zuzendaritzei dagokie prozeduraren instrukzioa egitea.
Egindako balorazioa kontuan hartuta, Hautaketa Batzordeak txosten bat egingo du eta beka-modalitate bakoitzeko instrukzio-organoei bidaliko die, hauek, balorazioa eta espedientea ikusita, dagozkion ebazpen-proposamenak egin ditzaten.
Beka-modalitate bakoitzeko instrukzio-organoek beken behin-behineko esleipen-proposamena formulatuko dute gutxienez 50 puntu lortu dituzten hautagaien artetik, beren modalitateko hautagai-zerrenden artean gehienezko puntuazioa lortu duten pertsonei. Proposamen hori arrazoitua izango da eta interesatuei jakinarazi beharko zaie deialdian ezartzen den moduan, eta hamar eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazioak aztertu ondoren, organo instrukzio-egileak behin betiko ebazpen-proposamena aurkeztuko du.
Gainera, beka-modalitate bakoitzeko instrukzio-organoek ordezkoen zerrenda formulatuko dute, norbaitek uko eginez gero edo bestelako gorabeheraren bat gertatuz gero ordezkoak izateko. Ordezkoen zerrenda hori kasuan kasuko balorazio-irizpideak aplikatzearen ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren araberakoa izango da, baldin eta hautaketa-fasean gutxienez 50 puntu lortutako hautagaiak soilik kontuan hartuta.
Bekak esleitu gabe gera daitezke, bai hautagairik ez delako aurkeztu, bai hautagaiek ez dutelako gutxieneko puntuazioa lortu.
Kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiaren edo sailburuordetzaren titular den pertsonak, instrukzio-organoek egindako behin betiko ebazpen proposamenak kontuan hartuta, dagokion esleipen-ebazpena emango du. Ebazpen horretan zioak adieraziko dira, baita administrazio prozedura agortzen duela ere. Gainera, beken onuradunak izendatuko dira, destinoak eta jardunean hasteko eguna adieraziko dira, eta ordezkoen zerrenda emango da, halakorik badago. Baldintzak betetzen dituen hautagairik ez badago, bekak esleitu gabe geratzen direla adieraziko da ebazpenean.
Esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta denek jakin dezaten, www.euskadi.eus web orrian argitaratuko da ere.
Ebazpen horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiaren Administrazio Auzietarako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, gehienez ere sei hilabeteko epean, dagokion urteko deialdia argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Gainera, denek jakin dezaten, www.euskadi.eus web orrian ere argitaratuko da.
Epe hori igaro eta ez bada ebazpena argitaratu, pentsatuko da eskabideak ezetsi egin direla.
Arlo bakoitzean eskumenak dituen zuzendaritzari dagokio dekretu honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea. Ondorio horietarako, zuzendaritza horrek pertsona bekadunaren jarduerak gainbegiratuko eta zuzenduko ditu.
Beka jasotzeko eskabidea aurkezteak dekretu honetan eta urteko deialdiaren ebazpenean xedatutakoa onartzea dakar.
Beken onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
Emandako beka onartzea. Horren ildotik, bekaren esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 eguneko epean onuradunak bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela pentsatuko da.
Beren egoera familiarrari buruzko adierazpen bat aurkeztea, pertsona onuraduna zergei eta gizarte-segurantzari dagokienez zer egoeratan dagoen argitzeko, horrela, dagozkion atxikipen fiskalak egiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoak kanpoan dituen ordezkaritzetako batean edo haien mendeko bulegoren batean gauzatu behar badute bekaz lagundutako jarduna, xede-herrialdeak eskatzen dituen bisak, txertoak eta baimenak lortzea hara joan aurretik.
Beka esleitzeko ebazpenean zehaztutako epean hastea bekaz lagundutako jarduna.
Bekari dagozkion jardueretan dedikazio osoz jardutea, eta dagokion lantokiko edo bulegoko funtzionamendu-arauak betetzea.
Arlo bakoitzean eskumenak dituen zuzendaritzak beka bakoitzerako ezarritako aldizkako jardueren egutegia betetzea. Bi alderdiek egokitu ahal izango dute egutegi hori. Pertsona bekadunak ez du ordutegi edo lanaldi inposatu bat jarraituko, eta ez ditu lizentziak, baimena edo oporrak disfrutatzeko eskubiderik izango.
Kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiak edo sailburuordetzak antolatutako prestakuntza-proiektuetan parte hartzea.
Hala badagokio, bekadunaren prestakuntza-xedearekin lotura zuzena duten hitzaldietan, ikastaroetan, jardunaldietan eta mintegietan parte hartzea, bekak kudeatzen dituen organoak hala proposatzen badio. Kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiak edo sailburuordetzak ordainduko ditu pertsona bekadunen izen-emateak, bidaiak, mantenua eta ostatu-hartzea. Behin prestakuntza amaitutakoan, landutako gaiei eta barneratutako jakintzari buruzko txosten zehatz bana egin beharko dute pertsona bekadunek.
Txosten partzialak aurkeztea ordainketak jaso aurretik, bai eta amaierako txosten zehatz bat ere, aztertu dituzten gaiei, sortutako arazoei, proposatutako konponbideei eta, oro har, bekarekin lotutako alderdi guztiei buruzkoa.
Jaso duten bekaren alorreko ikerlan bat aurkeztea beka amaitu baino lehen. Administrazioak ez du exijituko ikerlan hori zabaltzeko jabetza intelektualari dagozkion ustiatze eskubideak lagatzea.
Beka behar bezala gauzatzea eragotziko duen gertakariren bat jazotzen bada, horren berri ematea beka kudeatzen duen organoari.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegira beren eginkizunen jardunean eskatzen duten informazio guztia ematea deialdi honen babesean emandako bekei buruz.
Helburu bererako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak eskuratu izana jakinaraztea.
Bete beharko du, era berean, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, Diru-laguntzei buruzkoak, 14. artikuluan eta 46. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak; baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak ere.
Beka hau jasoz gero, ezin izango da bestelako bekarik edo laguntzarik jaso, ez eta soldatapeko lanik egin ere.
Vitoria-Gasteizen gauzatuko diren beketako bakoitzaren zenbatekoa 16.000 eurokoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoak kanpoan dituen ordezkaritzetan gauzatuko diren beketako bakoitzarena, 24.000 eurokoa. Pertsona onuradunen mantenuak eta ostatu-hartzeak eragindako gastu arruntak ordaintzeko erabiliko dira, nagusiki, zenbateko horiek, eta deialdi-ebazpenetan egokitu egin ahal izango dira, beka bakoitzaren xede-herrialdeko Kontsumoko Prezioen Indizearen aldakuntzen arabera.
Uko egitea gertatuz gero, Kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiaren edo sailburuordetzaren titular den pertsonak emandako ebazpen baten bidez erabakitzen bada ordezkapena, oraindik kontsumitu ez den bekaren zenbatekoa esleituko zaio ordezkoari. Kopuru hori beka amaitzeko denborarekiko proportzionala izango da.
Bekak zatika ordainduko dira, ondoren adierazten den bezala:
Lehenengo ordainketa beka esleitu eta gero egingo da, esleitutako diru-laguntzaren % 50ekoa, bekaduna onartu eta barne hartu ondoren.
Bigarren ordainketa, % 20koa, beka hasi eta 4 hilabete igaro ostean egingo da, txosten partziala aurkeztu ondoren.
Hirugarren eta azken ordainketa, gelditzen den % 30ekoa, beka amaitu ondoren egingo da, betiere azken txostena eta ikerketa lana aurkeztu ondoren.
Dagozkion ordainketak (aurretiaz egindakoak izan ezik) egin baino lehen, modalitate bakoitza kudeatzen duen organoak pertsona bekadunaren probetxuari buruzko ziurtagiri bat emango du, eta espedientean jasoko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripu-aseguru eta bidaiako laguntza-aseguru bana izenpetuko du atzerrian jardungo duen bekadun bakoitzarentzat.
Bekaren programa amaitzean, bekadun izateari utziko zaio, bai eta honako egoera hauetan ere:
Ez-betetzeagatik beka baliogabetzen bada.
Pertsona onuradunak uko egiten badio.
Beka emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, beka baliogabetuko da eta jasotako zenbateko guztia eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta beharkizunak ezartzen ditu dekretu horrek. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.
Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoiak izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako ekintza eta egoerak.
Pertsona onuradunak bekari uko egiten badio hura esleitu ondoren, eta kontraesaneko espedientea izapidetu ostean uko egitea justifikatu ez dela ebazten bada, uko egin duenetik aurrera gelditzen zen beka-zatiari dagokion zenbateko ekonomiko proportzionala jasotzeko eskubidea galduko du. Hortaz, uko egin duen pertsonak aurrez jasotako zenbateko horren zati bat itzuli egin beharko du. Uko egitea esleipena egin eta hiru hilabeteen epean gertatzen bada, onuradunak beka disfrutatu duen epeari dagokion % 50eko zenbatekoa ere itzuli beharko du.
Bekaren modalitate bakoitzean, hura amaitzeko falta den denboraren arabera, eta hautaketa-batzordearen proposamenari jarraikiz, kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiak edo sailburuordetzak erabakiko du beka hutsik geratuko den ala ez, eta, beraz, ordezko pertsonak beteko duen ala ez. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da horren berri, eta denek jakin dezaten http://www.euskadi.eus web orrian argitaratuko da.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:
Kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiak edo sailburuordetzak prozeduraren hasiera eta horretarako oinarriak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotako alegazioak egiteko.
Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, kanpo harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiak edo sailburuordetzak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hilabete biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio premiamendu-bideari ekin ahal izateko, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.
Kanpo-harremanen eremuan eskumenak dituen idazkaritza nagusiak edo sailburuordetzak, bekaldia amaitutakoan, ziurtagiri bat emango die bekadunei, bekadun izan direla adierazten duena, eta honako hauek adieraziko ditu bertan: zer iraupen izan duen bekak, zer egunetatik zer egunetara, eta beka kudeatzean duen organoak adierazitako probetxu-maila, bai eta organo horrek egoki irizten dion beste edozein alderdi ere.
Bekadunek bekari uko egin badiote, hori ere jasoko da.
Indargabetuta geratzen dira honako dekretu hauek:
171/2011 Dekretua, uztailaren 26koa, kanpo-harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko bekak arautzen dituena.
172/2011 Dekretua, uztailaren 26koa, Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko dena.
36/2014 Dekretua, martxoaren 18koa, Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko dekretua aldatzen duena.
Halaber, indargabetuta geratzen dira dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izanik beronek xedatutakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honetan berariaz jasotzen ez den guztirako, honako hauek izango dira aplikagarri: urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorra; eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko urtarrilaren 29an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (8)
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko uztailaren 3koa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, beken deialdia egiteko dena 2024-2025 aldian gazteak Europar Batasunaren eta Kanpo Harremanen eremuan prestatzeko.
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 30ekoa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez bekak iragartzen baitira kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko 2023-2024 aldian.
- Ikus: EBAZPENA, 2022ko uztailaren 27koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, kanpo-harremanen arloan gazteak prestatzeko beken deialdia egiten duena 2022-2023 aldirako.
- Ikus: EBAZPENA, 2020ko irailaren 23koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez bekak iragartzen baitira, kanpo harremanen eremuan gazteak prestatzeko, 2020-2021eko aldirako.
- Ikus: EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 2koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko beken deialdia egiten duena 2019-2020rako.
- Indargabetzen du: 36/2014 DEKRETUA, martxoaren 18koa, Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko den dekretua aldatzen duena.
- Indargabetzen du: 172/2011 DEKRETUA, uztailaren 26koa, Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko dena.
- Indargabetzen du: 171/2011 DEKRETUA, uztailaren 26koa, kanpo harremanen eremuan profesionalak espezializatzeko bekak arautzeko dena.