Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz esparrua urbanizatzeko Construcciones Sukia Eraikuntzak, SL enpresak sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 19
- Hurrenkera-zk.: 449
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/01/14
- Argitaratze-data: 2025/01/29
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena
Testu legala
2024ko irailaren 30ean, Irungo Udalak eskabidea aurkeztu zuen orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz esparrua urbanizatzeko Construcciones Sukia Eraikuntzak, SL enpresak sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen eskabidea, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko urriaren 21ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikaturako prozedura jarraitu beharko du proiektuak Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko E7 taldeko 7b) epigrafearekin bat datorrelako, «Bizitegietarako eta merkataritza-guneetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak, eremu urbanizatuetatik kanpo, baldin eta hektarea bateko edo gehiagoko azalera hartzen badute»; bai eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 7.b taldearekin ere, «Urbanizatze-proiektuak, merkataritza-guneak eta aparkalekuak eraikitzea barne».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz esparrua urbanizatzeko Construcciones Sukia Eraikuntzak, SL enpresak sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea, eta xedatzea, espedientean jasotako txostenekin bat, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean xedatutako irizpideekin bat, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri behar dela, efektu nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian aipatzen diren arrazoiak direla eta.
Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da Hirigintzako Jarduketa Programan, 5.3.13 Korrokoitz esparruan, proposatutako antolamendua gauzatzea. Antolamenduaren helburua da esparruko bizitegi-ehuna osatzea, Dunboa ubidea hiri-egitura definitzeko elementu gisa sustatzea eta Urdanibia plazaren eta Dunboa ubidearen arteko oinezkoentzako bideen loturak hobetzea. Antolamenduaren proposamena hau da:
Esparrua berrantolatzea, hirigunean integratua eta dauden kaleen gainean antolatua baitago.
Dunboa ubidearen ertzean dagoen pasealekua sendotzea, Santiago eta Dunboa kaleetatik datorren pasealekua luzatuz.
Angeluzuzen formako plaza konfiguratzea esparruaren barruan, kale berriak hartuko dituena eta Dunboa ubidera irekita egongo dena, gainera oinezkoentzako pasealekutik ere hara sartu ahalko da. Plazara sartzeko gainerako bideak Korrokoitz kaletik abiatzen diren beste bi kaleetatik datozenak izango dira.
Euri-uretarako dagoen bidepeko erretena eta saneamendurako kolektorea desbideratzea eta antolamenduan sartzea.
Sortuko diren espazio publiko berri gehienak oinezkoentzako izango dira, ubidearen ondoko pasealekua izan ezik, han, errepideko zirkulaziorako bide bat jarriko baita, sarbide mugatukoa eta garajeetara sartzekoa.
Lanak abiarazi aurretik, Hirigintzako Jarduketa Programak (HJP) hasierako etapa bat jasotzen du (0 etapa), euri-uretarako bidepeko erretena eta Korrokoitz kaleko ur beltzen kolektorea desbideratzeko eta Korrokoitz 11 eraisteko.
Korrokoitz esparrua urbanizatzeko proiektuaz aparte, Irungo Udalak Dunboa ubidea bideratzeko proiektua sustatu du eta proiektu horretan ubidearen bi ertzetako lanak definitzen dira, bai eta ubidearen azterketa hidraulikoa Korrokoitz esparrutik pasatzen den zatian jasotzen ere. Etorkizunean egon daitekeen uholde-arriskua jasotzen du azterketak, eta esparruan, gaur egun, URAk aurreikusten duen uholde-arriskuko orbanekin alderatuz gero, ikusten da T500 urteri begirako uholde-arriskua dagoen eremua txikiagoa dela jardueraren ondoren; izan ere, esparruko kotak uholde-arriskuaren kota baino gorago geldituko dira, +4.00 inguruan baitago.
Urbanizatzeko proiektuak ekialdean duen mugakidea da ubidea bideratzeko proiektuaren barruko lanek definitutako muga.
Urbanizatzeko proiektuak jasotzen dituen jarduketak honako hauek dira:
Komunikazio-sarea ezartzea; kaleen eta bideen izaera jasotzen da antolamenduan.
Antolamendutik at deklaratutako eraikinak eraistea. Eraisteko azalera guztia 3.537,83 m2c da.
Lur-mugimenduak, proiektatutako antolamenduaren eraikinak, bideak, espaloiak eta espazio libreak egiteko. Esparruan hondeatuko diren lurren kalitatea ikusirik, ez da aurreikusten haiek betelanetarako erabiltzea. Hondeatuko den lur-bolumena 9.551,13 m3 da (16.236,92 T). Beharko den betegarriaren bolumena 16.222,54 m3da; horietako 825 m3 lubakietan dauden soberakinetatik eskuratzea aurreikusten da, gainerako 15.397,54 m3, berriz, mailegu-materiala izango da.
Zerbitzuak hornitzea: euri-urak drainatzeko sarea, saneamendu sarea, uraren, elektrizitatearen, gasaren, telefoniaren, argiteriaren eta abarren hornidura.
Obra egikaritzeko epea hogeita lau hilabetekoa da.
Proiektuaren kokapena.
Partzela Irungo udal-mugartean dago kokatuta, eta, guztira, 16.333 m2 ditu. Urdanibia plazak, Dunboa ubideak, Uranzu kaleak eta Santa Elena kaleak mugatzen dute esparrua. Kota +2,00 eta +4,00 artean dago. Eremu degradatua da, eta antolamendutik at dauden erabilera anitzetako eraikinak daude bertan.
Partzela forma irregularrekoa da, luzeagoa iparretik hegorako norabidean. Ekialdean, Dunboako ubidea du mugakide (Pelegrin de Uranzu kalearen eta Santa Elena kaleen arteko tartean) Iparrean, Pelegrin de Uranzu kalea du mugakide, eta kale horretako 2., 4. eta 6. zenbakien atzealdea. Mendebaldean, Urdanibia plaza eta plaza horretako 7. zenbakiaren atzealdea dira mugakideak. Eta hegoaldean, Santa Elena kaleko eraikinen atzealdeko lorategiak dira muga.
Korrokoitz esparruaren azaleran baratze txikiak daude, zuhaitz batzuk dauden larre eremu bat, eta etxebizitzak eta beste eraikin batzuk, garajeak, adibidez.
Esparrua ez da espazio babestua eta ez da igarobide ekologikoa. Dunboa ubidearen ertzak hormigoituak daude, apenas dago landarerik; eskuineko ertzan, ezpondaren goian pasealeku eta bidegorri bat dago, eta landarerik ez dago kasik, zuhaixka- eta zuhaitz-ale batzuk baino ez. Ezkerreko ertzan, Korrokoitz esparruarekin bat egiten duen lekuan, zuhaixka eta zuhaitz gehiago dago ezpondaren goian, ubideari itzala ematen diotenak: hurritzak, zumeak, aritzak eta espezie exotiko inbaditzaileak, adibidez, platano arrunta (Platanus x hispánica). Esparruan dagoen beste espezie exotiko inbaditzaile bat da tximeleta zuhaixka (Buddleja davidii). Dunboa ubidea bisoi europarraren (Mustela lutreola) Lehentasunezko Banaketa Eremua da; galzoriko espeziea da hori, eta onartutako kudeaketa plana dago harekin loturik, hain zuzen, Txingudi Badia (azterketa eremutik behera dauden urak) ere barne hartzen duena interes bereziko espezie horren eremutzat. Hala ere, azterketaren gai den Dunboaren ezaugarriak aintzat harturik, kanalizatua dago eta ur bazterreko landarediarik ez dago, espeziea han agertzeko aukera urria da, ezaugarriak ez baitira egokiak espezierako.
Azterketaren xede den esparruko paisaia, orokorrean, kalitate txikikoa da, hiri izaera degradatua baitu; izan ere, hiri-inguruko baratze zaindugabeak daude, obrako metalezko itxitura duten partzelak, erdi eraitsiak dauden eraikinak eta zaborra pilatzen den eremuak.
Kultura ondareari dagokionez, Oiassoko eta Erdi Aroko nukleoko babes arkeologikoko eremuan dago esparrua; bi horiek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren barruko Irungo Udalaren Ondare Historiko eta Kulturalaren Katalogoan daude; 2015ean onartutako plana da hori. Zundaketen bidezko ebaluazio arkeologia egin dela adierazten da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturaren Zuzendaritza Nagusiak ezarritako esku-hartzerako oinarrizko irizpideei jarraiki; arku formako egiturak aurkitu dira bi lerro paralelotan, haien artean 8 m daudela, eta litekeena da haren jatorria izatea XIX. mendearen amaieran eraiki zen trinket baterako zimendatzea.
Uholde-arriskuari dagokionez, 500 urteko errepikatze-denboraren uholde-arriskuko orbanaren gainean dago aztertu den esparru osoa. ES017-GIP-BID-01 Irun Hondarribia Uholde Arrisku Potentzial Handiko Eremuaren barruan dago esparrua; ibaian jatorri duten urpetze-gertakariei loturiko lurraldeko arrisku potentzialaren zatirik handiena eremu horretan pilatzen da, bai giza bizitzen galerarekin, bai kalte ekonomikoak eta ingurumenari erasatearekin zerikusia duen arrisku potentziala, hain zuzen. Urbanizatzeko proiektuaren xede den esparruan antzeman denez, azalera guztia 500 urteko errepikatze-denborako uraldien ondorioz urpetzeko eremuan dago (T500). Zati oso txiki bat Lehentasunezko Fluxu Eremuaren barruan dago eta ekialdeko aldea, 100 urteko errepikatze-denborako uraldien ondorioz urpetzeko eremuan (T100).
Azterketa-esparruan ez dago lurzoruen inbentarioak jasotako jarduera edo instalazio kutsagarria izan daitekeena hartu edo hartzen duen kokagunerik.
Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Proiektuaren garapenaren ondoriozko jarduketak dira sastrakak kentzea eta landareak moztea, eta betelanak eta hondeaketak egitea. Proiektuan aurreikusi diren lur-mugimenduak dira: 9.551,13 m3 hondeaketenak eta 16.222,54 m3 betelanenak.
Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira.
Funtzionamendu fasean ez da inpaktu negatiborik aurreikusten.
Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak hartuko dira inpaktu haiek ekidin edo murrizteko, bai eta ingurumena zaintzeko programa martxan jarri ere, neurri haiek era egokian betetzen direla eta xede izan dutena lortzeko egokiak eta nahikoak direla bermatzeko. Hain zuzen ere, ebaluazio arkeologikoaren emaitzekin loturik, zuzenketa-neurri hauek proposatzen dira:
1 eremuaren hustuketaren kontrol arkeologikoa, esku-hartzean aurkitutako bi arku zerrendak osotasunean erregistratu ahal izateko. Haien dimentsioa, zer elementuren edo elementuen gainean asentatzen diren eta abar zehaztu ahal izateko. Horrela egitura zehatzago ulertuko da.
Bisita arkeologikoak, gainerako eremuen hustea kontrolatzeko, metakin horietan isolatutako elementu arkeologikoak ager daitezke eta.
Esparruaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat uholde-arriskuari, hondakinei eta isuriei eta kalitate akustikoari buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.
Bigarrena. Ebazpen honetan, zenbait babes- eta zuzenketa-neurri ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz esparrua urbanizatzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.
Hurrengo apartatuetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Natura ondarea babesteko neurriak.
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
Landaredi autoktonoa kentzea edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusi ez den eremuetan. Horretarako, lanak hasi baino lehen, proiektuaren ingurunean dauden zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak zehatz mugatuko eta zedarrituko dira.
Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Buddlelia davidii edo beste batzuk).
Kontrol-neurriak hartuko dira mugitu diren eta landaredirik gabe gelditu diren lurrak landare-espezie inbaditzaileak sartzeko bide ez daitezen izan. Horrez gain, kontrolatu egingo da landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta lantegiko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
Egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko, behar diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorura, lurpeko uretara eta lurrazaleko uretara substantzia kutsagarriak ez isurtzeko.
Esparruaren uholde-arriskuari dagokionez, indarrean den Plan Hidrologikoaren 45.1 artikuluak dioenarekin bat, lurpeko garajeetarako eta sotoetarako bermatu egin beharko da leku horien iragazgaiztasuna 500 urteko errepikatze-denboraren uraldietarako, bai eta eraikinen kolapsoa ekiditeko azterketa espezifikoak egiten direla ere.
Kaltetutako azalerak lehengoratzeko eta paisaia babesteko neurriak.
Landareztatzeetan, bereziki 3. eremukoan, lehentasunez, Kantauri itsasoko ertzeko espezie autoktonoak landatuko dira (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Corylus avellana, Crataegus monogyna, Salix sp etab.) Dunboa ubidearen inguruko landareztatze-lanak Irungo Udalak ubidearen ingurumen-berreskurapenerako lanekin koordinatuko dira eta haiekin bat egingo da.
Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-esparruan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Airearen kutsadura murrizteko neurriak.
Ahalik eta hauts gutxien sortuko da obrek irauten duten bitartean, batez ere lurrak mugitzen eta garraiatzen direnean. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:
Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.
Garraiatu beharreko zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, azaletik ureztatuko da.
Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, antzemandako hauts-emisioak zein diren, ureztatzeak programatuko dira. Sarbideek egoera onean egon beharko dute une oro, lokatzik gabe.
Ez da hondakinik erreko, ez eta bestelako materialik ere.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
Zarata jatorrian murrizteko jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatu eta uzteko eragiketetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztean, makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzean, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzean eta abarretan ere.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-esparruan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa.
Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak.
Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketa horiek eragozteko.
Zabortegira bidali beharreko hondakinak, dekretu hauek xedatutakoaren arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalak direnez, ukitutako lursaila morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan xedatutakoa izango da aplikatzekoa, hau da, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko agindua.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izan beharko dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batez pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Hirugarrena. Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua egikaritzeak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz esparrua urbanizatzeko Construcciones Sukia Eraikuntzak, SL enpresak sustatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Irungo Udalari.
Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 14a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.