Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko otsailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, argitara emateko Lanbidek profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko finantzatu edo baimentzen duen prestakuntzari lotutako prestakuntza-praktikak egiteko 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 45
- Hurrenkera-zk.: 1062
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/01/23
- Argitaratze-data: 2025/03/06
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2025eko otsailaren 27ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, ontzat eman du Lanbidek finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzari lotutako prestakuntza-praktikengatiko 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeran), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horrenbestez, hau
Lehenengoa. Lanbidek finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzarekin lotutako prestakuntza-praktiketarako 2025eko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia argitaratzea. Deialdia erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2025eko otsailaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onartu zen, eta ebazpen honen eranskin gisa jaso da.
Bigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena. Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 28a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
Martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuaren bidez, berrogeita hamabigarren xedapen gehigarri berria sartu zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua). Hala, prestakuntza-programetan sartutako kanpoko prestakuntza-praktikak edo praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartu behar zirela arautu zen. Xedapen hori 2024ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean.
Xedapen horren arabera, nahitaezkoa da enpresetan prestakuntza-praktikak egiten dituzten ikasleei Gizarte Segurantzaren Sisteman alta eman eta kotizatzea. Hala, Araubide Orokorrean sartutzat jotzen dira, besteren konturako langileen antzera. Betebehar horiek, ordaindu gabeko praktiken kasuan, praktikak egiten diren lekuko enpresari edo prestakuntza-zentroari esleitzen zaizkio, enpresarekin hala adostuz gero.
Lanbideren jarduera-eremuan, betebehar horiek eragina dute lantokietan egin beharreko prestakuntza praktikoaren moduluan, erakunde autonomo honek finantzatu eta baimendutako profesionaltasun-ziurtagirien baitan.
Araudi berria aplikatzean, arazo bat sortu zen, Espainian legez bizi ez diren ikasle atzerritarrei ezin zaielako Gizarte Segurantzaren Sisteman alta eman eta, horrenbestez, ezin dituztelako prestakuntza amaitzeko beharrezkoak diren prestakuntza-praktikak egin.
Egoera horri aurre egiteko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2024ko otsailaren 13ko, martxoaren 19ko eta apirilaren 23ko bilkuretan, Lanbidek finantzatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruzko salbuespenezko neurri batzuk onartu zituen. Neurri horien bidez, prestakuntza osatzeko eta titulazioa lortzeko aukera emango zuten prestakuntza-praktikak egitea lehenetsiz, egoitza legeztatzea posible zen kasuetan, prestakuntza-ekintzak gauzatzeko baldintzak egokitu ziren, eta prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera jarri zen, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan aurreikusitako ordu-kopuruaren arabera, prestakuntza-zentroetan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ustez, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko beharrezkoak diren prestakuntza-praktikak egiteko modua ematen duten enpresek eta prestakuntza-entitate laguntzaileek, erakunde autonomo horrek finantzatutako edo baimendutako prestakuntzaren eremuan, ez dute osorik bere gain hartu behar praktika horiek egiten dituzten pertsonak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartzearen ondoriozko gastua, ez Gizarte Segurantzarekin egin behar diren izapideen kudeaketa-gastuak, ez kotizazioa bera, ez eta bizileku-baimenik ez izateagatik Gizarte Segurantzan alta eman ezin zaien ikasle atzerritarrek prestakuntza-zentroan bertan praktikak egiteari lotutako gastuak ere.
Ekimen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita, zeina bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 3ko Aginduaren bidez onartu baitzen.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2025eko otsailaren 27ko bilkuran, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntzarekin lotutako prestakuntza-praktiketarako dirulaguntzen deialdia onartu zuen, Lanbidek finantzatua edo baimendua. Honela dio:
Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzetako ikasleek egindako prestakuntza-praktiken gastuak finantzatzea 2025eko ekitaldian, dirulaguntzen bi lerroren bidez:
Enpresa eta prestakuntza-entitateentzako laguntzak, kotizazio-kostua eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari dagozkion kudeaketa-gastuak finantzatzeko (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapenean xedatutakoa aplikatuz).
Prestakuntza-entitateentzako laguntzak, Lanbideren baimenarekin beren zentroetan Espainian ez egoteagatik edo legez bizi ez direlako Gizarte Segurantzan alta eman ezin zaien ikasleek egindako prestakuntza-praktiken tutoretzarengatik.
Deialdi hau finantzatzeko, guztira 940.000 euroko baliabide ekonomikoak emango dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.
Baliabide horiek bi dirulaguntza-lerroetan banatzen dira, honela:
600.000 euro, 1.a) artikuluan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.
340.000 euro, 1.b) artikuluan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.
Baldin dirulaguntza-lerroetako batean kreditua amaitzen ez bada, beste lerroko laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da gerakina.
1. 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzekotan, enpresek edo prestakuntza-entitateek beren gain hartu behar dute Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta kotizazioaren ordainketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzei lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten duten ikasleei dagokienez, praktikak egiteko enpresa izan edo prestakuntza-ekintzak eman dituen prestakuntza-entitatea izan, eta hala hitzartu badute bien artean sinatutako hitzarmenean edo akordioan.
Laguntza horietatik kanpo daude Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak, bai eta itunpeko ikastetxe pribatuak ere, baldin eta sail horrek kudeatu eta ordaindu baditu Gizarte Segurantzako kotizazioak.
2. 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak eman dituzten prestakuntza-entitateak, baldin eta beren prestakuntza-zentroan eta beren bitartekoekin kudeatu eta egin badituzte Espainian legez bizi ez diren ikasleei dagozkien praktikak, Lanbideren aldez aurreko baimenarekin.
Laguntza horietatik kanpo daude Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak.
Ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean diren entitateak:
Kondenaturik egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenaturik edo zehaturik egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, kondena- edo zehapen-epea igaro gabe egonik.
Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea auziren batean errudun deklaratua izateagatik.
Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak bateraezintasun-egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan agindutakoaren arabera.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.
Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Zehapen administratibo edo penalak izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, eta zehapen-epea igaro ez izana.
Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausak izatea, hauek barne:
Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, barnean dela bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea.
Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
Ez betetzea desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.
Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.
Deialdi honen babesean, jarduera hauek lagundu daitezke diruz:
a) 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari dagokionez, gastu hauek dira diruz lagungarriak:
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagirien lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten duten ikasleengatik 2025ean ordaindutako Gizarte Segurantzako kotizazioa, 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean egindako praktika-egunengatik.
Aurreko paragrafoan aipatutako prestakuntza-praktikak egiteko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko izapideen kudeaketa-gastuak.
b) 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari dagokionez, diruz laguntzeko modukoa izango da prestakuntza-zentroan bertan legez Espainian bizi ez diren ikasleek prestakuntza praktikoko modulua egiten duten bitartean enpresako tutore-lana egiten duen profesionalaren edo irakaslearen lana, Lanbideren baimenarekin.
Diruz lagunduko dira 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean egindako prestakuntza-praktiketako orduak, baldin eta Lanbidek baimena eman badu praktika horiek eskabidea aurkeztu aurretik hasteko.
1. 4. artikuluko a) apartatuan deskribatutako jarduketa eta gastu diruz lagungarriei dagokienez, hauek dira dirulaguntzen zenbatekoak:
Gizarte Segurantzarekiko kotizazioa: 0,46 euro, kontratatutako pertsona eta praktika-egun bakoitzeko.
Kudeaketa-gastuak: 40 euro, pertsona bakoitzeko eta egiten duen prestakuntza praktikoko modulu bakoitzeko. Nolanahi ere, dirulaguntza hori ezin da izan eskabidean justifikatutako jarduera horren kostua baino handiagoa, 6. artikuluaren 3.2 apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz; beraz, justifikatutako benetako gastua txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa hari egokituko zaio.
4. artikuluko b) apartatuan deskribatutako diruz lagun daitekeen jarduerari dagokionez, laguntzaren zenbatekoa 2,25 eurokoa da prestakuntza-praktiken ordu bakoitzeko.
Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.
Gizarte Segurantzarekiko izapideen kotizazioagatik eta kudeaketa-gastuengatik 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroko laguntzak finantzatzeko izapideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia egiteko jarraibideak helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1246603/web01-tramite/eu/.
Prestakuntza-zentroan egindako prestakuntza-praktiken tutorizaziorako 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen lineako laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia honako helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1246604/web01-tramite/eu/.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/.
Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
Eskaera bakarra aurkeztuko da prestakuntza-enpresa edo -entitate bakoitzeko eta dirulaguntza-lerro bakoitzeko, 4. artikuluan kasu bakoitzerako adierazitako 2024an eta 2025ean diruz lagundu daitekeen aldi osorako.
1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari dagozkion laguntzei dagokienez, eskabide-inprimakiaz gain (osorik bete beharko da), dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
Gizarte Segurantzan kotizatzeagatiko laguntzei dagokienez:
Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak, «Kotizazioen likidazio-agiria» eta «Langileen izen-zerrenda», prestakuntza-praktikak egiten dituzten pertsonei alta eman zaien kotizazio-kontuaren kodeari dagozkionak.
Gizarte Segurantzari egindako ordainketen egiaztagiriak.
Gizarte Segurantzarekin egin beharreko izapideak kudeatzeko laguntzei dagokienez:
Dirulaguntza eskatu duen enpresatik edo entitatetik kanpoko enpresa batek egiten badu kudeaketa: fakturaren kopia, honako hauek zehaztuta: zenbat pertsonarengatik egin dituen kudeaketak, fakturatutako pertsona bakoitzeko zenbatekoa eta zer eperi dagokion, bai eta faktura ordaindu izanaren egiaztapena ere.
Kudeaketa dirulaguntza eskatzen duen enpresak edo prestakuntza-entitateak berak egiten badu: ziurtagiri bat, honako hauek adieraziko dituena: kudeaketak egiten dituen langilearen nortasuna, langile horren urteko ordainsari gordinaren zenbatekoa eta enpresaren kargurako Gizarte Segurantzako kotizazioaren kostua, urteko lanaldiaren orduak, bai eta dirulaguntzaren xede diren prestakuntza-praktikak egin bitartean jarduera horretan eman dituen orduak ere.
1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari lotutako laguntzei dagokienez, prestakuntza-zentroan bertan egindako prestakuntza-praktikei buruzko eskaera-inprimakian jasotako informazioa ofizioz egiaztatuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.
Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean iritziko zaiola atzera egin duela, horretarako emandako ebazpenaren bidez.
Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko azaroaren 5ean amaituko.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria da prozedurak izapidetu eta ebazteko organo eskuduna.
Bi dirulaguntza-lerroei dagozkien laguntzak emateko prozedura ondoz ondoko konkurrentziakoa izango da.
Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira, espedientea noiz osatu den, 2. artikuluan dirulaguntza-lerro bakoitzerako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
Aurrekontu-zuzkidura agortuz gero, ezeztatu egingo dira laguntza jasotzeko zain zeuden eskabideak, eta hori hala izango dela argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko dio eskatzaileari, egoitza elektronikoaren bidez.
Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko ahal izango da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.
Onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak; zehazki, hauek:
Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueretan behar badira ere.
Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-egintzen mende jartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, edozein administrazioren edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu baditu deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeretakoren bat aldatu bada.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako finantzaketaren berri berariaz ematea diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horietatik sortzen diren ekintzetan ere.
Dirulaguntza aldi bakar batean ordainduko da, hura emateko ebazpenaren ostean.
Administrazioa laguntzak ordaintzeko moduan izan dadin, entitate eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.
Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, zehaztutako ereduaren arabera. Horretarako, helbide honetara jo beharko du:
https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egingo zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzulketa-prozedura abiatuko da.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira helburu bererako beste edozein erakunde publiko edo pribatuk eman ditzakeen beste dirulaguntzekin, Gizarte Segurantzako kotizazioaren murrizketak izan ezik.
Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik aplikatuta, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har jarritako betebeharrak edo deialdi honetan espezifikoki jarritako betebeharrak eta baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kasuren batean gertatzen badira. Eta, bereziki, kasu hauetan:
Ez betetzea jarduera egin dela eta laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete direla frogatzeko betebeharra.
Eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea dirulaguntza.
Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
Ez betetzea deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak.
Ez betetzea deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du laguntza itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Horrez gain, jakinaraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, bidezko diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
Itzuli beharrekoak borondatezko epean itzultzen ez badira, premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek aukera dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzeko, tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml.
Agindu honetan adierazitako laguntzek honetan xedatutakoa bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen duen «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluak.
Dirulaguntza jasotzen duen prestakuntza-enpresak edo -entitateak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, frogatzeko minimis laguntza berriak ez duela aipatutako araudian ezarritako gehieneko muga gaindituko.
Deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren kontuetan, hauek aplikatuko zaizkio laguntza-programa honi: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen erregelamenduaren oinarrizko arauak (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publiko bihurtzen den egunetik aurrera, eta haren egitura organikoa aldatu eta haren zuzendaritza-kideak izendatzen diren egunetik aurrera, deialdi honetan organismo autonomoko organoei egiten zaizkien aipamenak zuzenbide pribatuko ente publikoko organoei egindakotzat hartuko dira, baldin eta organo horiei lehenengoei esleitutako eginkizunak badagozkie estatutuetan xedatutakoaren arabera, eta horren berri emango da Lanbideren webgunean.