Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko azaroaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo Txingudi merkataritza-parkeko TC-5 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 233
- Hurrenkera-zk.: 5487
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/11/07
- Argitaratze-data: 2024/11/29
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2024ko abuztuaren 6an, Irungo Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, Ingurunet sistemaren bidez, hasiera emateko Irungo Txingudi merkataritza-parkeko TC-5 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, «plana») ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko irailaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Irungo Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Irungo Txingudi merkataritza-parkeko TC-5 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, «plana») abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
Lehenengoa. Irungo Txingudi merkataritza-parkeko TC-5 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Araso merkataritza-guneko (Txingudi merkataritza-parkea ere esaten zaio) TC-5 lurzatia da.
Irungo Ventas-Landetxa auzoan dago lurzatia, hiri-lurzoru finkatuan. Eremuan indarrean dagoen hirigintza-plangintza Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, «HAPO») da. 2015eko urtarrilean onetsi zen behin betiko, eta Araso eremuko plan partzialaren (1996) zehaztapenak eta ondoren egindako aldaketak finkatzen ditu. Lurzatiaren kalifikazio xehatua hirugarren sektoreko merkataritzakoa da.
Planaren xede nagusia Txingudi merkataritza-parkearen kalifikazio xehatua aldatzea da, kanpoko espazioaren erabilera-araubideari dagokionez. Planak ez ditu eraikuntza-baldintzak eta jabari-erregimena aldatzen, eta merkataritza-lurzatian dauden eraikin guztiak finkatzen ditu.
Planaren irismena:
HAPOaren 4.15.2 artikuluan ezarritakoa aldatzen du; kanpoko espazioko eremu zehatzak zonakatu eta baimendutako erabilerak integratzen ditu:
Autokarabanen zaintza- eta babes-eremu baten funtzionamenduari lege-estaldura ematen dio (dagoeneko martxan dago).
kategoriako industria-erabilera baimentzen du (lehen debekatuta zegoen HAPOan), autoen garbitokia handitu ahal izateko.
Lehendik dagoen gasolindegian ibilgailuak energia alternatiboz hornitzeko instalazioak jartzeko aukera ematen du (elektrizitate- eta hidrogeno-hornidura).
A lurzatirako eraikuntza- eta urbanizazio-baldintza batzuk ezartzen ditu. Hala, ezaugarri unitarioak eman dakizkieke iparraldera eta ipar-mendebaldera ematen duen fatxada zatian irekitzen diren bao berriei, bai eta bao horiek irekitzearekin eta eremu horretan terrazak ezartzearekin batera doan urbanizazioari ere.
Era berean, eremuaren mugaketa erregularizatzeko aukera ematen du, egungo errealitate fisikora egokitzeko: 139.892,00 m2-tik 144.049,17 m2-ra.
Planaren arabera, eremuak 2.089 auto-aparkaleku ditu, eskatutako estandarra baino gehiago. Hala, aparkaleku-plazen soberakina une jakin batzuetan okupatzeko aukera planteatzen du, aldi baterako jarduerak egiteko, hala nola haurrentzako parkeak edo jolasguneak, zirku-ikuskizunetarako instalazio desmuntagarriak edo aldi baterako ostalaritza-erabilerak.
Gaur egun, lurzatiaren barruan hirugarren sektoreko erabilerako zazpi eraikin daude (A eraikinetik K eraikinera arte), eta horien azalera eraikia 40.000 m2c da (sestra gaineko eraikigarritasun osoa). Ez dago okupaziorik sestra azpian.
Eremu horretan telekomunikazio, saneamendu, ur-hornidura, kanpoko argiteria eta hornidura elektrikoko azpiegitura-sareak daude.
Ingurumen-dokumentuak (aurrerantzean, «IDE») egungo egoerari eustearen aldean garapen-alternatiba hartzea justifikatzen du, eremuaren antolamendu-beharretara eta -helburuetara egokitzen den neurrian.
Planaren garapenari dagokionez, ez du plangintza-tresna gehigarririk behar. Lurzatian erabilera berri horiek ezartzeko/gaitzeko, «zuzeneko lizentzia» bat eman ahal izango da, erabilera/jarduera berri hori garatzeko obra-proiektu batean oinarritutakoa, eta, ondoren, hasi aurretik jakinarazi beharko da.
Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
Planaren ezaugarriak.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak Txingudiko merkataritza-parkearen eremuan indarrean dagoen plangintzako zenbait alderdi egungo errealitatera egokitzen ditu, ebazpen honen A atalean deskribatu den bezala. Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere.
Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-gogoetak integratzeko egokia dela ondorioztatu da, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.
Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurpenei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari buruz indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
Azkenik, plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.
Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremuak 14,4 ha-ko azalera du. Ekialdean, 1.1.13 «Atalaia» jarduketa-eremua, espazio libre publiko bat eta eraiki gabeko ekipamendu bat ditu mugakide; iparraldean, Araso erreka; mendebaldean, «Usategieta» izeneko ingurunera ematen duen muinoa eta udalerriaren muga, Oiartzunerantz; eta hegoaldean, AP-8 autobidea. Lurzati urbanizatu eta artifizializatua da, eta ez du ingurumen-balio garrantzitsurik.
Eremua Bidasoko Unitate Hidrologikoaren barnean dago, eta unitate hori, aldiz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Zehazki, «Jaizubia-A» ur-masaren isuri-arroan dago. Lurzatiaren ipar-mendebaldeko mugan zehar Arteaga eta Areso errekak igarotzen dira, eta eremua zati batean aipatutako errekastoen zaintza-eremuan dago.
Eremua Zumaia-Irungo lurpeko ur-masaren gainean dago. Ez dago interes hidrogeologikoko gunerik, eta ez da identifikatu Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan sartutako elementurik.
Eremuaren egoera urbanizatua eta hemen garatzen diren jarduerak kontuan izanda, eremuak ez du landaretzarik, parterre txikiak eta lorategiak izan ezik, zuhaitz apaingarriekin batera. Aitzitik, lurzatiaren mugaren eta eremu urbanizatuaren zati handi batean hostozabal autoktonoen masak daude. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.
Faunaren aldetik, eremuaren ezaugarriak kontuan edukita, litekeena da hiri-inguruneko eta hiri-periferiako berezko espezieak egotea. Ez du ukitzen espezie mehatxatuen interesgunerik.
Eremuan ez dago naturagune babesturik, ez eta EAEko Igarobideen Sareko elementurik edo geologia-intereseko lekurik ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrenda).
Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da eremuan, eta ez du ibai-uholdeengatiko arriskurik. Bestalde, arrisku teknologikoak aintzat hartuta, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako bi lurzati identifikatu dira eremuaren barruan: 20045-00212 lurzatia, gasolindegiko instalazioena (H eraikina); eta 20045-00211 lurzatia, merkataritza-eraikin batena (I eraikina). Salgai arriskutsuen garraioaren harira, eremua AP-8aren 100 metroko afekzio-bandan sartzen da (arrisku handikoa), eta Madril-Irun trenbide-linearen 600 metroko afekzio-bandan (arrisku ertainekoa).
Egoera akustikoari dagokionez, eremua «D» motako eremu akustiko batean sartzen da, non hirugarren sektoreko erabilera nagusitzen baita. Irungo Zarataren Maparen arabera (2016), inguruko zarata-gune nagusia AP-8a eta haren adarrak dira, eta 70 dB(A) arteko soinu-mailak izaten dira errepidearen ezpondetan eta lurzatiaren iparraldeko muturrean, goiz eta arratsaldez, eta 65 dB(A) gauez, iparraldeko muturrean. Autobideko ezpondetan soinu-mailak handiagoak dira. Merkataritza-parkeko lur-berdinketan erregistratutako balioak kontuan izanda, eremu horretarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen dira. Halaber, eremua AP-8ko zortasun akustikoaren barruan dago.
Deskribatutakoa kontuan edukita, plana garatzearen ondorio nagusiak honako hauei lotuta daude: gasolindegia egokitzea, autoen garbitokia birmoldatzea eta merkataritza-guneko fatxadak aldatzea. Horren ondorioz, obra fasean, makinen joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar izango dira, eta horrek eragina izan dezake lurrazaleko uretan (kasu honetan, zeharkako afekzioak gerta daitezke, euri-urak biltzeko sistemen bidez), nahiz lurpekoetan, eta lurzoruetan, isurketengatik, eta eragozpenak herritarrengan emisio atmosferiko eta akustikoen ondorioz, eta abar.
Eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako bi lurzati identifikatu dira, baina planak 20045-00212 lurzatian soilik aurreikusten ditu jarduerak, alegia, gasolindegiko instalazioetan. Ez da eragin nabarmenik espero kokapen horretan, finkatu egiten baita egungo erabilera, eta, gainera, aukera ematen baitu ibilgailuak elektrizitatez eta hidrogenoz hornitzeko instalazioak egiteko. Nolanahi ere, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoak 20 urte barru eremuan zer-nolako zarata espero daitekeen aztertzen du, eta kanpoko espazioari aplika dakizkiokeen KAHak beteko direla ondorioztatzen du.
Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere kutsatuta egon daitezkeen lurrei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera eta planetik eratortzen diren jarduketak, eta txosten honetan ezartzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak betetzen badira, ez da espero jarduketek eragin nabarmenik izatea ingurumenean.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, kutsatuta egon daitezkeen lurzoru, ur, zarata, hondakin, isurketa, segurtasun, osasun eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Irungo Txingudi merkataritza-parkeko TC-5 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera gauzatuko dira, bai, halaber, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, baita ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera ere.
Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen gaineko neurriak.
Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Ildo horretan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak (gasolindegiko instalazioen 20045-00212 lurzatia) izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatian lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da.
Aurrekoa gorabehera, obrak egin artean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Irungo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Ibai-sarea babesteko neurriak.
Arreta handiz jokatuko da ibai-sarean ahalik eta eragin negatibo txikiena sortzeko. Ildo horretan, planak esplizituki jasoko du erabilera/jarduera berriak garatzeko obra-proiektuek prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aurreikusten dituztela obren faserako, euri-urak biltzeko sistemen bidez istripuz gertatutako isurketek gainazaleko uren kalitatean zeharka eragiteko arriskua murrizteko.
Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan egiten diren jarduketek Uraren Euskal Agentziaren obra-baimena beharko dute aldez aurretik.
Merkantzia arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuen neurriak (errepidea eta trenbidea): merkantzia arriskutsuen errepide- eta trenbide-garraioan istripuak izateko arriskua dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Plan Berezian ezarritakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Obrek dirauten bitartean amiantoa daukan hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.
Halakorik izanez gero, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eraman eta hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Urak eta lurzoruak babestea: obrek dirauten bitartean, mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, lurrazaleko jariatzeen bidez urak kutsatu ez daitezen.
Lurzoruari dagokionez, istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Kultura-ondarea babestea: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: erabilera/jarduera berriak garatzeko obra-proiektuak gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira.
Hala badagokio, espazio libreak ahalik eta lasterren landareztatuko dira, higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak prestatutako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuaren» arabera egingo da. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk.
Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Irungo Txingudi merkataritza-parkekoTC-5 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Irungo Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukiaren berri.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Irungo Txingudi merkataritza-parkeko TC-5 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onesten lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 7a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.