Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2024ko abenduaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7. aldaketa puntualari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita, ekipamendu sanitarioaren sistema orokorra zehazteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 248
  • Hurrenkera-zk.: 5891
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/12/04
  • Argitaratze-data: 2024/12/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Astigarragako Udalak, 2024ko abuztuaren 19an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honen gainean: Astigarragako udalerrian ekipamendu sanitarioaren sistema orokor bat zehazteko (aurrerantzean, Plana), HAPOaren 7. aldaketa puntuala egitea, Ergobia Ibilbidea HIE.9ari eta Bidebitarte HIE.13ari dagokiena. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko irailaren 17an, Euskadiko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Astigarragako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok egin ahal izan zitzan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Astigarragako udalerrian ekipamendu sanitarioaren sistema orokor bat zehazteko (aurrerantzean, Plana), HAPOaren 7. aldaketa puntuala egitea, Ergobia Ibilbidea HIE.9ari eta Bidebitarte HIE.13ari dagokiena; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertu da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honen gainean: Astigarragako udalerrian ekipamendu sanitarioaren sistema orokor bat zehazteko (aurrerantzean, Plana), HAPOaren 7. aldaketa puntuala egitea, Ergobia Ibilbidea HIE.9ari eta Bidebitarte HJE.13ari dagokiena. Hauek zehazten dira:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremua Astigarragako hiri-lurzoruan dago, Bidebitarte industrialdearen mugan, gaur egun aire zabaleko kirol-espazio bat hartzen duen lursail urbanizatu batean. 3.650 m2-ko azalera du, eta zati handiena (3.083 m2) «Ergobia Ibilbidea» HIE 09an dago; gainerako 567 m2-ak ondoan dagoen. Bidebitarte HIE 13anarenak dira.

    Planaren xedea da lurzatia egokitzea, hirigintzari dagokionez, anbulatorio berri bat jartzeko. Lurzatia espazio libreko tokiko sistema gisa kalifikatuta dagoenez, bertan ekipamendu sanitario komunitarioa ezartzeko, HAPOa aldatu behar da.

    Eremurako proposatutako zonakatze xehatuak 600 m2-ko azalera osatzen du ekipamendu sanitario komunitariorako, 2.495 m2 espazio libre komunen tokiko sistemarako eta 555 m2 bide-sareetarako: herri barruko bideak. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, ekipamendu sanitario komunitarioko lurzatiari 1.200 m2(t)-ko aprobetxamendua eta IIS+BS+I eraikuntza-profila esleitzen zaizkio. Dagoen kirol-ekipamendua lurzati berean birkokatuko da.

    Ingurumen-dokumentu estrategikoak anbulatorio berria kokatzeko bi alternatiba ematen ditu: 1. alternatiba, «Portutxo»; eta 2. alternatiba, «Ergobia». Dena den, 1. alternatiba 0 alternatibarekin edo «ez esku hartzeko» alternatibarekin pareka daiteke, egungo anbulatorioarena da eta. Hautatutako alternatiba artatutako biztanleriaren zentraltasun-, mugikortasun- eta hurbiltasun-arrazoiengatik justifikatzen da.

    Plana oinarrizko proiektuaren eta egikaritze proiektuaren bidez garatzea aurreikusten da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak:

      Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, indarrean dagoen Astigarragako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren esparruan, Planak soilik Astigarragako hiri-lurzoruko lurzati bat egokitzen du, hirigintzari dagokionez, bertan anbulatorio berri bat jartze aldera, eta ez ditu lurraldearen egitura orokorra eta organikoa eta lurzoruaren sailkapena aldatzen. Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

      Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere.

      Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-gogoetak integratzeko egokia dela ondorioztatu da, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.

      Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurpenei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari buruz indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren eremuak 3.650 m2 ditu eta Astigarragako hirigunean dago. Iparraldean eta ekialdean industria-lantegiak ditu; hegoaldean, etxebizitzak; eta mendebaldean, etxebizitzak, tailerrak eta hiri-bideak (Donostia ibilbidea). Urbanizatzeko ekintzak eraldatutako lurzoru bat da, eraikuntzarik gabea, baina aire zabaleko kirol-ekipamendua barne hartzen duena.

      Eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko (ES017) «Urumeako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, nahiz eta bertatik ez den azaleko ur-ibilgurik igaro.

      Eremuko litologia alubioi-metakinez eta alubioi-kolubioi metakinez osatuta dago, zeinek porositateagatiko iragazkortasuna ertaina baitute. Eremuaren hirigintza-eraldaketa dela eta, lurzoruek ez dute gaitasun agrologikorik. Bestalde, ez zaio eragiten EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko ezein lekuri.

      Eremua «Andoain-Oiartzun» lurpeko ur-masan dago, zeinak egoera global ona duen. Alubioi-metakinek porositateagatiko iragazkortasun ertaina dute, eta eremua Iparraldeko Antiklinorioko Oiartzungo Sektore Kuaternarioari lotutako interes hidrogeologikoko gunean dago, baina, hala ere, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia da eremuan.

      Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-eremuek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute. Ildo horretan, ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du, flora-habitatei dagokienez, eremuaren egoera potentziala guztiz aldatu dela, guztiz antropizatuta baitago.

      Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere; halaber, ez da EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik identifikatzen.

      Planaren xede den lurzatian, orobat, ez dago kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementurik, ez eta bestelako babes-araubiderik ere. Paisaiari dagokionez, Astigarragako ikus-arroaren barnean dagoen eremuak hiri-paisaia oso gizatiartua du, eta ez du inbentarioetan edo katalogoetan sartutako paisaia-baliorik.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibaien uholde-arriskuaren arazorik, ez eta sismikotasunetik, higaduratik edo baso-sutetik eratorritako arriskurik ere; era berean, ez da identifikatu salgai arriskutsuak errepidez edo trenbidez garraiatzearen ondoriozko istripu-arrisku handirik, ez eta SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresen hurbiltasunagatik ere. Eremuan ez dago zuzenean kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzorurik, baina aipatu behar da iparraldean Ihoberen inbentarioko 20903-00028 industria-kodeko lurzatiarekin egiten duela muga.

      Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Planak inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jaso du. Azterlan horren arabera, aldi guztietan aplikatu beharreko KAHak beteko dira, bai gaur egungo egoeran, bai etorkizunekoan.

      Deskribatutakoa aintzat hartuta, eraikin berria eraikitzeko eta lehendik dauden kirol-instalazioak lurzati berean birkokatzeko obrak egitearekin lotuta daude Plana gauzatzetik eratorritako ondorio nagusiak, zehazki, hauek: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurzoruei eta jariatze-urei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar; hori guztia, eremu nagusiki hiritar batean. Ontzat jotzen da erabilera sanitario berrietarako lurzoru artifizializatua okupatzea, lurzati berean dauden kirol-instalazioak integratuz, lurzoruaren erabilera arrazionala egingo duelako, eremu naturalak urbanizatzea saihestuta.

      Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterako eta garrantzi gabeak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, bereziki, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

      Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin negatibo posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.

      Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera eta planetik eratortzen diren jarduketak, eta txosten honetan ezartzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak betetzen badira, ez da espero jarduketek eragin nabarmenik izatea ingurumenean.

      Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, ur, zarata, hondakin eta isurketa, segurtasun, osasun eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

    3. Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta, Astigarragako udalerrian ekipamendu sanitarioaren sistema orokor bat zehazteko (aurrerantzean, Plana), HAPOaren 7. aldaketa puntuala egiteari, Ergobia Ibilbidea HIE.9ari eta Bidebitarte HIE.13ari dagokienari, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen baditu.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera gauzatuko dira, bai, halaber, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, baita ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera ere.

      Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

      Paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.

      Planak esplizituki jasoko du oinarrizko edo egikaritze-proiektuak «lehengoratze-proiektua» izan behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen, eta non jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango duen, aurrekontua barne.

      Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin.

      Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.

      Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.

      Planak sotoan gehienez bi solairu izan ditzakeen eraikin bat egitea ahalbidetzen du. Lur-mugimenduari dagokionez, Planaren eremuaren barruan orekatua izatea lehenetsiko da; hori ezinezkoa bada, lurren eta harrien soberakinak mailegu-premia duen hurbileko obra batean balorizatzeari emango zaio lehentasuna. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

      Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak; makineria; uretara ezer isurtzea eragoztea; ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea; herritarrak aztoratzen dituzten jarduerak minimizatzea; hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

      Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

      Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

      Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuzko isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

      Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak, bereziki, olio erabiliak, biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

      Kontuan hartuta Planaren eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lekuen ondoan dagoela, obrak egin artean lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu oinarridunak hautematen badira, berehala jakinarazi beharko zaie Astigarragako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hartu beharreko neurriak eta horiek gauzatzera behartuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak zein diren zehaztu ditzan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betez.

      Kultura-ondarea babestea: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

      Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Obrengatik kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

      Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

      Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

      Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Ahal den neurrian, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen seigarren tituluan xedatutakoa beteko da, ingurumen-hobekuntza bultzatzeko tresnei dagokienez.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Astigarragako udalerrian ekipamendu sanitarioaren sistema orokor bat zehazteko (aurrerantzean, Plana), HAPOaren 7. aldaketa puntuala egiteak, Ergobia Ibilbidea HIE.9ari eta Bidebitarte HIE.13ari dagokienak, ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Astigarragako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Astigarragako udalerrian ekipamendu sanitarioaren sistema orokor bat zehazteko (aurrerantzean, Plana), HAPOaren 7. aldaketa puntuala egitea, Ergobia Ibilbidea HIE.9ari eta Bidebitarte HIE.13ari dagokiena, onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik