Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko abenduaren 12koa, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita hasi dela kontsultaldi publikoa EAEko Barne Arroen plangintza hidrologikoa egiteko prozesuko lehen dokumentuak aztertzeko (laugarren zikloaren berrikuspena), Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Uraren Euskal Agentzia
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 247
- Hurrenkera-zk.: 5877
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/12/12
- Argitaratze-data: 2024/12/20
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Jo dezagun Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/60/EE Zuzentaraura (2000ko urriaren 23koa), eta ikusiko dugu Europako erkidegoa ezartzen duela uraren politika egiteko esparru gisa, urak babestearren; eta agintzen duela estatu kideek hartu beharreko neurriak hartu behar dituztela Erkidegoko ur-masak egoera onean egon daitezen. Horretarako, Zuzentarauak seiurteko prozesu zikliko bat ezartzen du, etapa batzuez osatua, eta parte-hartze publikoa funtsezko elementutzat hartuta.
Horrekin bat etorriz, eta Uren Legearen testu bateginaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, Plangintza Hidrologikoaren Erregelamenduaren 77. artikuluak ezartzen du administrazio hidraulikoek, plan hidrologikoa egin eta berrikusteko proposamena egin aurretik, lan-programa bat prestatu behar dutela, honako hauek jasoko dituena: egin beharreko zeregin eta jarduera nagusiak, aurreikusitako egutegia, demarkazioaren azterketa orokorra eta kontsulta-formulak. Programaren proposamen hori, gainera, plana onartzeko prozedura hasi baino gutxienez hiru urte lehenago jarri behar da jendaurrean, gutxienez sei hilabetez oharrak eta iradokizunak egin ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, hau
Lehenengoa. Hasiera ematea «Programa, Egutegia, Demarkazioari buruzko Azterlan Orokorra eta Kontsulta Formulak» dokumentuen kontsultaldi publikoari. Horrela hasten da EAEko Barne Arroen plangintza hidrologikoaren laugarren zikloa (2028-2033) taxutzeko prozesua, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Kontsultaldiak sei (6) hilabetez iraungo du, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.
Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko dokumentu horiek (kontsultarako jartzen direnak) demarkazio osoari dagozkio. Hala ere, iragarki honek Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko zatian baino ez ditu ondorioak, hau da, Barne Arroetan.
Dokumentuak webgune elektronikoan (www.uragentzia.euskadi.eus) eta Uraren Euskal Agentziaren bulegoetan kontsultatu ahal izango dira:
Mediterraneoko arroen bulegoan eta egoitza nagusian. Boulevard eraikina. Gamarrako Atea 1-A, 11. solairua, 01013 Vitoria-Gasteiz.
Mendebaldeko kantauriar arroen bulegoa. Urkixo zumarkalea 36, 7. solairua, 48011 Bilbao.
Ekialdeko kantauriar arroen bulegoa. Intxaurrondo kalea 70, 1. solairua, 20015 Donostia.
Epe hori dago ekarpenak, oharrak edo iradokizunak egiteko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 16.4 artikuluan aurreikusitako bideak erabiliz (39/2015 Legea, urriaren batekoa), eta arau horretako 14. artikuluan zehazturik dagoen bezala. Uraren Euskal Agentziari zuzendutako ekarpenak, oharrak eta iradokizunak ParticipacionPlanHidrologico@uragentzia.eus helbide elektronikora ere bidali ahal izango dira.
Bigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 12a.
Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
ASIER LOPEZ ETXEBARRIA.