Arautegia
Inprimatu97/2024 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Nafarroako Foru Komunitatearekin sinatutako hitzarmena, EiTBren zerbitzuak Nafarroan zabaltzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 226
- Hurrenkera-zk.: 5322
- Xedapen-zk.: 97
- Xedapen-data: 2024/11/12
- Argitaratze-data: 2024/11/20
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional; Informazio etak komunikazioak; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 12a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
Iruña, 2024ko urriaren 24a.
BILDURIK:
Alde batetik, Félix Taberna Monzón jauna, Nafarroako Gobernuaren lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria,
Eta bestetik Ibone Bengoetxea Otaolea andrea, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
Alde biek bakoitzak bere Autonomia Erkidegoaren izenean eta ordezkari gisa esku hartzen dute, eta ekintza honetarako aski ahalmen eta gaitasunak aitortzen dizkiote elkarri, eta, hortaz
AZALDU DUTE:
Administrazio publikoen arteko lankidetza Konstituzioan ezarritako Estatuaren lurralde-antolamenduaren muinean dago inplizituki, eta, horregatik, autonomia-erkidegoen arteko lankidetza- eta kooperazio-harremanak autonomien estatuaren konstituzio-esparruaren barruan daude; zehazki, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 70.2 artikuluan eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 22.2 artikuluan.
Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak harreman berezia dute, kidetasun historikoan, kulturalean, linguistikoan, turistikoan eta soziokulturalean oinarritzen dena. Halaber, lankidetza-tradizio luzea dute, eta, horren ondorioz, elkarrekin parte hartu dute kultura- eta hizkuntza-arloko erakundeak sortzen eta garatzen, eta sektoreko akordioak sinatu dituzte hainbat arlotan.
Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak Lankidetzarako Protokolo Orokorra sinatu zuten, 2021eko abenduaren 10ean, Iruñean. Protokolo horrek, berritze bidez, 2016ko maiatzaren 10ean sinatutako aurreko protokoloan jasotako aurreikuspenak garatu eta aldatzen ditu. Protokolo horren bidez, gobernu bakoitzak konpromisoa hartzen du, ikus-entzunezko komunikazioaren arloan, EITBren programak Nafarroako Foru Komunitatean zabaltzeko beharrezkoak diren kudeaketak egiteko.
Horren guztiaren ondorioz, 2016ko uztailaren 15ean, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten EITB Nafarroako Foru Komunitatean emititzeko. Hitzarmen horrek 4 urteko iraupena zuen, eta 2020ko uztailaren 9an epe bererako luzapena onartu zuten, hitzarmenean bertan aurreikusitako baldintzetan, eta, beraz, 2024ko uztailean amaituko da indarraldia.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorrak 73.1 artikuluan ezartzen duenez, autonomia-erkidego baten lurreko uhin hertziarren bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa hizkuntza- eta kultura-antzekotasunak dituen beste autonomia-erkidego mugakide batean emanen da, baldin eta aldi berean honako baldintza hauek betetzen badira:
Autonomia-erkidego interesdunek hitzarmen bat sinatzea.
Bi autonomia-erkidegoek zerbitzu publikoaren emaile bat badute, igorpenetan elkarrekikotasuna egon behar da.
Autonomia-erkidegoari esleitutako espektro erradioelektrikoa erabiliz ematen denean zerbitzua, dagokion Plan Tekniko Nazionalaren arabera.
Estatuko Administrazio Orokorrari a) letran adierazitako hitzarmena sinatu dela jakinaraztea eta jabari publiko erradioelektrikoa erreserbatzeagatiko tasa ordaintzeko betebeharra duen subjektua identifikatzea.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorraren 73.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidego baten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa beste autonomia-erkidego mugakide batean emateak autonomia-eremuko zerbitzu publikoaren izaerari eutsiko diola.
Bi alderdiek adierazten dute hitzarmen berria sinatu nahi dutela, 2016tik ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoen arloan adostutako lankidetza-esparruari eusteaz gain, indartuko duena, alde batetik, EITBren ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren hedapenaren irismena Nafarroan, eta, bestetik, Nafarroako herritarrentzako hurbiltasuneko eta gaurkotasun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko edukiak.
Azaldutako guztia kontuan izanik, eta aipatutako Lankidetzarako Protokolo Orokorraren garapen gisa, beharrezkotzat jo da lankidetza-hitzarmen hau adostea, honako klausula hauen arabera
KLAUSULAK
Lehenengoa. Xedea.
Hitzarmen honen xedea da ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoen arloko lankidetza-esparruari eustea, zeinaren arabera Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak konpromisoa hartzen baitute EITBren ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen emisioa Nafarroan gaitzeko hartutako neurriei eusteko eta sendotzeko.
Bigarrena. EITBren ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak Nafarroan zabaltzea.
Nafarroako Gobernuak, esleituta duen espektro erradioelektrikoa edo Estatuko Administrazio Orokorrari planifikatzeko eskatzen dion espektroa erabiliz, irtenbide tekniko egokienak arbitratuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean lurreko uhin hertziarren bidezko EITBren ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen emisioa gaitzeko, araubide juridiko aplikagarriaren eta eskuragarri dauden baliabideen arabera.
Hirugarrena. Lankidetzaren baldintzak.
Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du EITBren ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitate osoan eman daitezen lan egiteko, betiere haren irudiak, ordutegiak, markak eta identifikazio-zeinuak errespetatuz. EITBk bere programen edukiaren ardura izanen du, beste ezein erakundek edo operadorek seinalean edozein modutan esku har ez dezan.
Alde sinatzaileek konpromisoa hartzen dute, hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, Nafarroan emisioa zabaltzeko eta hobetzeko beharrezko neurriak hartzeko, bereziki haurrentzako euskarazko edukien zabalkundea bultzatuz.
EITBren emisio guztietan Nafarroaren errealitate politiko, sozial eta instituzionala, ikurrak eta nortasuna errespetatuko dira, indarreko araudiaren arabera eta Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 29ko 94/1985 Epaiari jarraituz.
Nafarroako Foru Komunitatea Euskal Autonomia Erkidegotik eta haren lurralde historikoetatik bereizitako errealitate gisa aurkeztu eta irudikatuko da ETBko profesionalek idatzitako informazioetan eta horiek aurkeztean.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du EITBk bere programazioen zati bat gertuko edukietarako gorde dezan Nafarroako emanaldietan, Foru Komunitateko errealitate instituzional eta soziala islatzeko eta kanpoan proiektatzeko. Eduki horietan Nafarroako Foru Komunitateko sentsibilitate politiko eta ideologiko askotarikoak sartu eta errespetatu beharko ditu, iritzi publiko plurala eratzen lagunduz.
Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak, EITBren bitartez, Foru Komunitateko ikus-entzunezkoen sektoreko enpresekiko lankidetza sustatu eta bultzatuko du.
Laugarrena. Elkarrekikotasun printzipioa.
Nafarroako Foru Komunitateak ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publiko bat izanen balu, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen dute beren programak elkarrekikotasunean oinarrituta Euskal Autonomia Erkidegoan zabaltzeko beharrezkoak diren kudeaketak egiteko.
Bosgarrena. Eduki ekonomikorik eza.
Hitzarmen honek ez du berariaz jasotzen alderdi sinatzaileentzako eduki ekonomikorik.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 73.1.d) artikuluan ezarritako jabari publiko erradioelektrikoa erreserbatzeagatiko tasak ordaintzera behartuta dagoen subjektua Euskal Irrati Telebista (EITB) ente publikoa izanen da Nafarroako Foru Komunitatean gaitzen diren emisioetarako, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateak etorkizunean sortuko lukeen ente publikoa, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan emititzeko gaitzen duenean.
Seigarrena. Garapen eta Jarraipen Batzordea.
Garapen eta Jarraipen Batzorde Paritarioa urtean behin bilduko da, ohiko moduan, eta ohiz kanpo, Batzordeak berak hala erabakitzen duenean.
Batzordeak hitzarmena behar bezala gauzatzen dela zainduko du, bai eta informazioa trukatzen dela eta ebaluazio- eta balorazio-txostenak egiten direla ere, hitzarmena betetzeko beharrezkoak diren ekintza teknikoak eguneratzeko.
Zazpigarrena. Zuzenbide aplikagarria.
Hitzarmen hau garatzeko hartzen diren erabaki itunduak bi aldeek gauzatuko dituzte zeinek bere lurralde eremuan, beren barne zuzenbidearen arabera.
Hitzarmen honen interpretazioari buruzko gaiak bi aldeen artean konpondu beharko dira.
Hitzarmen honek administrazio izaera duenez, bere inguruan sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioaren menean izanen dira.
Zortzigarrena. Indarraldia eta eraginkortasuna.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta bi urteko iraupena izanen du. Nolanahi ere, alderdi sinatzaile bakoitzari ez zaizkio ondorioak sortuko, autonomia-estatutuek indarraldirako eskatzen dituzten epeak igaro arte.
Hitzarmen hau sinatzen duten erkidegoek konpromisoa hartzen dute beren autonomia-estatutuen eta antolamendu- eta funtzionamendu-arauen arabera eraginkorra izan dadin egin beharreko izapideak egiteko.
Bederatzigarrena. Hitzarmena luzatzea, azkentzea eta aldatzea.
Hitzarmena urtero luzatu ahal izanen da isilbidez, gehienez ere beste bi urtez.
Hitzarmena azkenduko da indarraldia eta hitzarmenaren luzapen-epea amaitzen bada, alderdien arteko adostasunez, edo alderdietako batek berariaz salatzen badu; kasu horretan, hitzarmena bertan behera geratuko da beste alderdiari salaketaren berri modu frogagarrian eman eta sei hilabetera.
Autonomia erkidegoetako edozeinek hitzarmen honen edozein zati berrikustea proposa dezake. Aldaketak Hitzarmenari erantsi eta aldeek izenpetu beharko dituzte.
Hamargarrena. Eskumen autonomikoen babesa.
Lankidetzarako Hitzarmen hau sinatzen da deusetan ukatu gabe sinatzen duten autonomia-erkidegoetako bakoitzak ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzuen alorrean dituen eskumenak.
Eta adostasunaren frogagarri, lankidetza-hitzarmen honen bi ale sinatu dira, ele bitan, idazpuruan aipatutako tokian eta egunean.
Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria,
FÉLIX TABERNA MONZÓN.
Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: 71/2020 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena. Ebazpen horren bidez, EiTBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Lankidetza Hitzarmena argitaratzen da.
- Ikus: 93/2016 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Nafarroako Gobernu Foralarekin EITBko zerbitzuak Nafarroan zabaldu ahal izateko lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.