Arautegia
Inprimatu93/2016 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Nafarroako Gobernu Foralarekin EITBko zerbitzuak Nafarroan zabaldu ahal izateko lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 156
- Hurrenkera-zk.: 3620
- Xedapen-zk.: 93
- Xedapen-data: 2016/07/22
- Argitaratze-data: 2016/08/18
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional; Informazio etak komunikazioak; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
Iruñan, 2016ko uztailaren 15ean.
BILDURIK:
Alde batetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
Eta bestetik Ana Ollo Hualde andrea, Nafarroako Gobernuaren Eledun eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria.
Alde biek bakoitzak bere Autonomia Erkidegoaren izenean eta ordezkari gisa esku hartzen dute, eta ekintza honetarako aski ahalmen eta gaitasunak aitortzen dizkiote elkarri, eta, hortaz
AZALDU DUTE:
Administrazio publikoen arteko elkarlan aukera hori Konstituzioak ezarritako Estatuaren lurralde-antolakuntza moduaren beraren funtsean dagoela, eta, hori dela bitarte, erkidegoen arteko elkarlan eta lankidetzarako harremanak autonomien estatuaren konstituzio esparruaren barruan kokaturik daudela, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuko 22.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 70.2 artikuluan.
Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean harreman berezia dagoela, kidetasun anitzekoa, historian, kulturan, hizkuntzan, turismoan eta arlo soziokulturalean, eta urte luzetan elkarlanean aritu direla, horren erakusgarria izanik kultur eta hizkuntza erakundeen sorreran batera parte hartu izana, bai eta zenbait arlotan hitzarmen sektorialak izenpetu izana ere.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.4 artikuluak ezartzen duela autonomia erkidego baten ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren emisioa, lurreko uhin hertziarren bidezkoa, hizkuntz eta kultur kidetasunak dituen autonomia erkidego mugakide batean ere egin ahalko dela, baldin eta hitzarmen bidez hala adosten badute bi aldeek, eta elkarrekikotasuna badago.
Nafarroako Foru Komunitateko Parlamentuak behin eta berriz eskatu diola Nafarroako Gobernuari ETB LTDren bidez ikusteko aukerak ahalbidetu ditzan. Nafarroako hainbat udalek ere horren alde egin dute, eta udalerri horietan ETBren emisio digitala ikusteko eskaera jasotzen duten mozioak onartu dituzte.
Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak 2016ko maiatzaren 10ean Gasteizen izenpetu zuten Lankidetzarako Protokolo Orokorrak garatu eta aldatu egiten dituela, berritze bidez, aurretik, 2009ko uztailaren 3an, sinatutako protokolo batean jasotako aurreikuspenak, eta haren bidez bi gobernuek konpromisoa hartu dutela, ikus-entzunezko komunikazioari dagokionez, behar diren kudeaketak egiteko EITBren programak Nafarroako Foru Komunitatean hedatu ahal daitezen.
Azaldutako guztia kontuan izanik, eta aipatutako lankidetzarako Protokolo Orokorraren Garapen gisa, beharrezkotzat jo da hitzarmen hau izenpetzea, ondoko klausula hauen arabera
KLAUSULAK
Lehenengoa. Xedea.
Hitzarmen honen xedea ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoen arloan lankidetzarako esparrua ezartzea da, eta horren bidez Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak konpromisoa hartzen dute neurri desberdinak hartzeko Nafarroan EITBren zerbitzuen hedapena gaitu dadin, bai telebista LTD eta kable bidez bai irratia FM eta/edo DAB bidez, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.4 artikuluak xedatutakoaren babespean.
Bigarrena. EITBren zerbitzuen hedapena LTDren bidez Nafarroan.
EITBren zerbitzuak lurreko uhin hertziarren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean heda daitezen, Nafarroako Gobernuak, eskura dauden kanal digitalen eta unean uneko inguruabarren arabera, irtenbide tekniko egokienak erabakiko ditu, egungo erkidego mailako multiplexaren espektroa ahal den eta modurik eraginkorrenean erabiliz edo etorkizunean erkidego mailako bigarren multiplex bat baliatuz, zein tokiko esparruko LTD multiplexen bidez edota indarreko araubidearen eta eskuragarri diren baliabideen arabera bideragarria den beste edozein irtenbideren bidez.
Ondorioz, hitzarmena sinatzen duten bi aldeek adostu dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa, Euskal Irrati Telebista (EITB) erakunde publikoaren bidez ematen dena, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruan lurreko uhin hertziarren bidez heda dadila, Nafarroako Foru Komunitateari esleituriko kanal erradioelektrikoen bitartez, Tokiko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionala onetsi zuen martxoaren 12ko 439/2004 Errege Dekretuaren arabera, Lurreko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionala onetsi zuen eta dibidendu digitalaren liberalizaziorako zenbait alderdi arautu zituen irailaren 19ko 805/2014 Errege Dekretuaren arabera, eta etorkizunean onesten den zeinahi plan teknikoren arabera. Ondorio hauetarako, ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzuetan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoak behar den gaikuntza formala emanen dio EITBri espazio erradioelektrikoaren erabilera pribatiboa egin ahal dezan, Estatuak ezarritako plangintzaren arabera.
Gaikuntzak zehaztu beharko ditu emisioaren lurralde estalduraren esparrua, kanal kopurua, esleitutako multiplexa eta zerbitzua emateko baldintzak, betiere, Hitzarmen honetan, Ikus- entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoa betez.
Hirugarrena. Lankidetzarako baldintzak.
Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du lan egiteko EITBko programen hedapen zerbitzua Nafarroako Foru Komunitate osoan eman dadin, betiere, haren irudiak, ordutegiak, markak eta ikur bereizgarriak errespetatuz. EITB bere programetako edukiaren erantzule izanen da, seinalean ez duelarik esku hartuko beste inongo erakunde edo operadorek.
ETBren emisio guztietan Nafarroaren errealitate politiko, sozial eta instituzionala, ikurrak eta nortasuna errespetatuko dira, indarreko araudiaren arabera eta Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 29ko 94/1985 Epaiari jarraituz.
Nafarroako Foru Komunitatea Euskal Autonomia Erkidegotik eta haren lurralde historikoetatik bereizitako errealitate gisa aurkeztu eta irudikatuko da ETBko profesionalek idatzitako informazioetan eta horiek aurkezterakoan.
Halaber, ETBk ekoitzitako programetan Nafarroaz aritzerakoan Nafarroako Foru Komunitateko sentsibilitate politiko eta ideologiko desberdinak sartu eta errespetatuko dira, iritzi publiko anitza sortzen laguntzeko.
Nafarroako Foru Komunitateak, bere sozietate publikoen bitartez, irtenbide teknikoak aztertzeko eta errazteko konpromisoa hartzen du, seinaleak eskuragarri jartzeari, gero haiek garraiatzeari eta, oro har, adostutakoaren garapenetik eta gauzatzetik datozen inguruabar guztiei dagokienez. Nolanahi ere, aintzat hartuko da kasuan kasu esku hartzen duten Administrazioek erabakitakoa.
Laugarrena. Elkarrekikotasun printzipioa.
Nafarroako Foru Komunitateak ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publiko propio bat sortuko balu, haren programak Euskal Autonomia Erkidegoan hedatu ahal izateko behar diren kudeaketak egiteko konpromisoa hartzen dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, elkarrekikotasun printzipioan oinarriturik.
Bosgarrena. Memoria tekniko eta ekonomikoa.
Hitzarmen honek ez du espresuki jasotzen sinatzen duten aldeendako eduki ekonomikorik. Hitzarmena gauzatzetik erator litezkeen betebehar ekonomikoak ekintza zehatz bakoitza egituratzen duten berariazko tresnetako bakoitzean zehaztu beharko dira.
Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Navarra de Servicios y Tecnología (NASERTIC) enpresa publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (EITB) erakunde publikoak memoria tekniko bat prestatuko dute, zeinetan zehaztuko diren Hitzarmenean adostutakoaren exekuzioa gauzatzeko burutu beharreko ekintzen alderdi tekniko eta ekonomikoak.
Seigarrena. Garapeneko eta jarraipeneko batzordea.
Hitzarmen hau formalizatzen denetik gehienez bi hilabeteko epean, garapeneko eta jarraipeneko Batzorde Paritario bat eratuko da, Hitzarmena bete dadin.
Batzorde hori arduratuko da informazioa trukatzeaz eta behar diren ebaluazio eta balorazio txostenak prestatzeaz. Ohiko bilkura bat eginen du urtean, eta bilkura bereziak Batzordeak beharrezkotzat jotzen duenean.
Zazpigarrena. Zuzenbide aplikagarria.
Hitzarmen hau garatzeko hartzen diren erabaki itunduak bi aldeek gauzatuko dituzte zeinek bere lurralde eremuan, beren barne zuzenbidearen arabera.
Hitzarmen honen interpretazioari buruzko gaiak bi aldeen artean konpondu beharko dira.
Hitzarmen honek administrazio izaera duenez, bere inguruan sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioaren menean izanen dira.
Zortzigarrena. Indarraldia eta eraginkortasuna.
Hitzarmen honek sinatzen den egunean hartuko du indarra eta lau urteko iraupena izanen du. Nolanahi ere, haren eraginak ez dira gertatuko, sinatzen duten aldeetako bakoitzarendako, haien autonomia estatutuek indarraldiari dagokionez eskatzen dituzten epeak iragan arte.
Hitzarmen hau sinatzen duten autonomia erkidegoek hura eraginkorra izan dadin bidezkoa den tramitazioa burutzeko konpromisoa hartzen dute, beren autonomia estatutuen eta antolaketa eta funtzionamenduko arau berekien arabera.
Bederatzigarrena. Hitzarmena luzatzea, azkentzea eta aldatzea.
Aurreko klausulan aurreikusitako epea amaitu baino lehenagoko edozein unetan, alde sinatzaileek aho batez erabaki dezakete Hitzarmena luzatzea, gehienez ere beste lau urterako.
Hitzarmena azkenduko da indarraldia agortzen bada hura luzatzea adostu gabe, bi aldeek azkentzea adostuz gero edo bietako batek espresuki salatzen badu, kasu horretan salaketa beste aldeari fede emateko moduan jakinarazten dion egunetik sei hilabetera galduko duelarik indarra.
Autonomia erkidegoetako edozeinek hitzarmen honen edozein zati berrikustea proposa dezake. Aldaketak Hitzarmenari erantsi eta aldeek izenpetu beharko dituzte.
Hamargarrena. Eskumen autonomikoen babesa.
Lankidetzarako Hitzarmen hau sinatzen da deusetan ukatu gabe sinatzen duten autonomia erkidegoetako bakoitzak ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzuen alorrean dituen eskumenak.
Eta adostasunaren frogagarri, Lankidetzarako Hitzarmen honen bi ale sinatu dira, ele bitan, idazpuruan aipatutako tokian eta egunean.
Nafarroako Gobernuaren Eledun eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria,
ANA OLLO HUALDE.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: 97/2024 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Nafarroako Foru Komunitatearekin sinatutako hitzarmena, EiTBren zerbitzuak Nafarroan zabaltzekoa.
- Ikus: 71/2020 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena. Ebazpen horren bidez, EiTBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Lankidetza Hitzarmena argitaratzen da.