Arautegia

Inprimatu

71/2020 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena. Ebazpen horren bidez, EiTBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Lankidetza Hitzarmena argitaratzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 191
  • Hurrenkera-zk.: 3882
  • Xedapen-zk.: 71
  • Xedapen-data: 2020/08/17
  • Argitaratze-data: 2020/09/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Instituzional; Informazio etak komunikazioak; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez, eta behar den publikotasuna emateko, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 17a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko uztailaren 9an.

BILDURIK:

Alde batetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

Eta, bestetik Javier Remírez Apesteguía jauna, Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilaria,

Alde biek nork bere autonomia erkidegoaren izenean eta ordezkari gisa esku hartzen dute, eta ekintza honetarako aski ahalmen eta gaitasun aitortzen dizkiote elkarri. Hortaz,

AZALTZEN DUTE:

Administrazio publikoen arteko lankidetza Konstituzioan ezarritako estatuaren lurralde-antolamenduaren muinean bertan dago inplizituki, eta, horregatik, autonomia-erkidegoen arteko elkarlan- eta lankidetza-harremanak autonomien estatuaren esparru konstituzionalaren barruan daude, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 22.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 70.2 artikuluan.

Nafarroako Foru Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak harreman berezia dute, kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturala ezaugarri duena, eta elkarlanerako tradizio luzea dute, kultura- eta hizkuntza-izaerako erakundeen sorreran eta garapenean elkarrekin parte hartzera eraman dituena, bai eta hainbat arlotan sektoreko akordioak izenpetzera ere.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40.4 artikuluak ezartzen duenez, autonomia- erkidego bateko lurreko uhin hertziarren bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa autonomia-erkidego mugakide batean eta hizkuntza- eta kultura-kidetasunak dituen beste batean emititzea zilegi da, baina horretarako hitzarmen bidez hala erabaki beharko da, eta elkarrekikotasuna egon beharko da.

Nafarroako Foru Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza-protokolo orokor bat dute izenpetua, Vitoria-Gasteizen 2016ko maiatzaren 10ean sinatua. Protokolo horrek 2009ko uztailaren 3an sinatutako protokoloan jasotako aurreikuspenak garatu eta aldatzen ditu, berrikuntza bidez, eta, ondorioz, gobernuek konpromisoa hartzen dute beharrezko kudeaketak egiteko, ikus-entzunezko komunikazioaren arloan, EiTBren zerbitzuak Foru Erkidegoan hedatu ahal izan daitezen.

Lankidetza Protokolo Orokor hori garatze aldera, gizarte-komunikabideen arloan, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamenduko kontseilariak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoen arloan lankidetza-esparru bat ezartzeko. Hitzarmen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat neurri hartzeko konpromisoa hartu zuten EiTBren zerbitzuen emisioa gaitzeko, bai LTD eta kable bidezko telebistarena, bai irratiarena, FM eta/edo DAB, Nafarroan, Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

EiTBren zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean zabaltzeko lurreko uhin hertziarren bidez, Nafarroako Gobernuak, eskuragarri dauden kanal digitalen eta frekuentzien eta dauden inguruabarren arabera, soluzio tekniko egokienak hartuko ditu, egungo multiplex autonomikoan espektroa modu eraginkorragoan erabiliz edo etorkizunean bigarren multiplex autonomiko baten bidez, edo tokiko LTD multiplexen bidez, bai eta FM eta/edo DABrentzat erreserbatutako maiztasunen kasuan, multiplex autonomikoaren bidez (lurralde-deskonexioarekin edo gabe) edo toki-esparruko multiplexen bidez, kasuaren arabera, edo araubide juridiko aplikagarriaren eta erabilgarri dauden baliabideen arabera bideragarria den beste edozein alternatibaren bidez, hori gaur egun indarrean dauden plan teknikoei begira, bai eta etorkizunean onar daitezkenei ere.

Hitzarmen horren zortzigarren klausularen arabera, sinatu zen egunean jarri zen indarrean, hau da, 2016ko uztailaren 15ean, eta lau urteko indarraldia izan zuen. Bederatzigarren klausulan ezarritakoaren arabera, aurreko klausulan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute gehienez beste lau urtez luzatzea. Autonomia-erkidegoetako edozeinek sustatu ahal izango du Hitzarmeneko baldintzaren bat berrikustea. Aldaketak hitzarmenean sartu beharko dira, eta alderdiek izenpetu beharko dituzte.

Horrenbestez,

ADOSTEN DUTE:

2016ko uztailaren 15ean sinatutako hitzarmena beste urtebetez luzatzea, eta isilbidez urtero luza daiteke, gehienez ere lau urtez, ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoen arloko lankidetza-esparruari eusteko. Hitzarmen horren arabera, Nafarroako Foru Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat neurri hartzeko konpromisoa hartu zuten EiTBren zerbitzuak lurreko telebistakoak eta kable bidezkoak, FM irratikoak edota DAB irratikoak Nafarroan emititzeko gaikuntza emateko. Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40.4 artikuluan xedatutakoaren babesean.

Ados daudela adierazteko, lankidetza-hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, ele bietan, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilaria,

JAVIER REMÍREZ APESTEGUÍA.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.