Arautegia

Inprimatu

1680/2024 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako Zuzendariaren lanpostua betetzeko deialdi publikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 243
  • Hurrenkera-zk.: 5737
  • Xedapen-zk.: 1680
  • Xedapen-data: 2024/11/28
  • Argitaratze-data: 2024/12/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako Zuzendariaren lanpostua hutsik dagoenez, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoko erakunde sanitario integratuen uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Nagusi honek. Hona hemen:

OINARRIAK

Lehenengoa. Ebazpen honen bitartez, Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako zuzendariaren lanpostua betetzeko deialdia egiten da, eta bertara honako hauek aurkez daitezke: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei atxikitako langile finkoak (funtzionarioak, estatutupekoak nahiz lan-kontratukoak), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioak eta baldintzak betetzen dituen beste edozein langile. Hona hemen bete beharreko baldintzak:

  1. B1 lanbide-taldeko diplomadun/gradudun sanitario titulua izatea.

  2. Administrazio- eta kudeaketa-lanetan eskarmentua edukitzea.

    Bigarrena. Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

    Hirugarrena. Deialdi honetan parte hartu nahi duten hautagaiek, eskabidearekin batera, curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, eta bertan honakoa adierazi beharko dute:

    Titulu akademikoak.

    Orain arte betetako lanpostuak.

    Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan daukaten esperientzia.

    Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

    Izangaiek eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkeztu ahalko dute.

    CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu beharko aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

    Laugarrena. Deialdi hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

    Bosgarrena. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 28a.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

    SUSANA LÓPEZ ALTUNA.