Eitzagako (Zaldibar) Bekoerreka errekaren zati batean 174 m³ banbu (Phyllostachys sp.) kentzeko lanak amaitu ditu URAk, 600 m²-ko eremuan. URAko ibaiak leheneratzeko eta kontserbatzeko eremutik egindako lanak dira, espezie horren hedapena kontrolatzeko eta espezie inbaditzaileen presentzia desagerrarazten saiatzeko. Lanak lau astez egin dira, eta 32.594 €-ko inbertsioa behar izan da.
Lehenik, aireko zatia motozerrarekin moztu zen, lurraren arrasean, eta, gero, lurpeko zurtoinen (edo errizomen) sustraiak kendu ziren, lurra mugitzeko atzerako hondeamakina bat erabiliz. Aireko hondakinak eta errizomak biomasa gisa erabiltzeko baimendutako kudeatzaileari eraman zitzaizkion. Gainera, eskuzko errepasoa egin zen, lurrean sakabanatuta gera zitezkeen errizoma-zati txikiak ateratzeko.
Ibaiertza lehengoratzeko, jutezko manta batez estalitako adarrak jarri ziren. Ibaiertzaren behealdean, adar-sortak lerrokatu ziren urarekiko paraleloan. Gainera, lur emankorra gehitu zitzaion kaltetutako eremuari, lehengoratzeko. Ondoren, zuhaixkekin eta zuhaitz autoktonoekin landareztatu zen eremua, eta ibaiertzeko haltzadi kantauriarraren berezko belarkiak erein ziren.
Banbuk (Phyllostachys sp) hainbat arazo eragin ditzake ur-ekosistemetan. Espezie inbaditzailea da, bertako landareak lekuz alda ditzakeena, tokiko biodibertsitatea aldatzeko ahalmen handia duena, lurzoruaren higadura-dinamikari eragin diezaiokeena (hazkunde trinkoak lurzorua gehiegi egonkortu dezake, eta horrek higadura- eta sedimentazio-patroi naturalak alda ditzake) edo ur eta elikagai kopuru handiak kontsumitu ditzakeena, espezie autoktonoentzako baliabideen eskuragarritasuna murriztuz.
Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)