- Osasun Sailak zentro horrekin lankidetzan dihardu Euskadiko Protonterapia Unitatean ariko diren Osakidetzako profesionalen prestakuntzan
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek bertatik bertara ezagutu du Madrilgo Quirónsalud-en Protonterapia Zentroa, ezaugarri horiek dituen Estatuko lehen zentroa. Osasun Sailak eta Osakidetzak lankidetza dute zentro horrekin, Euskadiko Protonterapia Unitatean jardungo duten Osakidetzako profesionalak prestatzeko.
Zentro horretako zuzendaritzarekin eta onkologia erradioterapikoko, babes erradiologikoko eta fisika medikoko arduradunekin bilera egin ondoren bertan lan egiten duten profesionalen esperientzia ezagutzeko, Alberto Martínezek aukera izan du, Columbus Venture Partners-eko presidente Javier Garcíarekin batera, minbiziaren tratamendurako zerbitzu aitzindari horren instalazioak bisitatzeko. Zerbitzuak abangoardiako teknologia du —pazientearentzako arriskuak murrizten dituena— eta, horrela, minbizia duten pertsonentzako tratamenduaren humanizazioan sakontzen du.
Protonterapia oso leku gutxitan ezarritako erradioterapia-modalitate berezia da. Izan ere, Euskadi da martxan jarri duen Estatuko lehen erkidegoetako bat, eta aurreikuspenen arabera, 2027an lehen pazientea artatuko du. Donostian kokatua, Euskadi osoari, Nafarroa, Errioxa, Kantabriako erkidegoei eta Gaztela eta Leongo Burgos eta Soria probintziei emango die zerbitzua.
Teknologia honen bereizgarria nagusia da protoiak erabiltzen dituela X izpien edo elektroien ordez. Horrek esan nahi du erradiazioa lokalizatuagoa dagoela eta, beraz, dosia hobeto banatzen dela eta kaltetutakoa inguratzen duen ehun osasuntsuari kalte gutxiago egiten zaiola. Horrek, era berean, etorkizunean jasan daitezkeen ondorio kaltegarriak eta bigarren tumoreak garatzeko arriskua murrizten ditu. Horrek garrantzi handia izango du pazienteek biziraupen luzeagoa izan dezaten, batez ere pediatriako populazioan, protonterapia bidez trata daitezkeen pazienteen ehuneko handia barne hartzen baitu.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)