- 3,2 milioi euroko aurrekontua duen azterlana 24 hilabeteko epean osatu beharko da
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Arkautiko lotunea eraikitzeko proiektua idazteko lizitazioa onartu du. Proiektuak 3.250.000 euroko oinarrizko aurrekontua eta 24 hilabeteko egikaritze-epea ditu.
Susana García Chueca sailburuak Arabako hiriburuan gaur egin den Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran eman du horren berri, Jaurlaritzaren Kontseiluak Mugikortasun Jasangarriaren sailburuari Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez lan hori gauzatzeko agindua sinatzeko baimena eman eta hiru egunera.
Arkautiko lotunea 10,7 kilometroko azpiegitura da, eta 146,33 milioi euroko aurrekontua du aurreikusita –3,25 milioi eraikuntza-proiektua idazteko, 130,07 obrak egiteko eta 13,01 obren zuzendaritza fakultatiborako–. Kasu horretan, Abandoko tunela kudeatzeko aginduan bezala, ordaintzeko modua hileko obra-ziurtagirien bidezkoa izango da. ETSk Adifi bidaliko dio ordaintzeko, kupo bidezko deskontuaren mekanismora jo gabe.
Azken batean, joan den abenduaren 20an bukatutako administrazio-prozesu luzearen amaiera da. Prozesuaren ondorioz sinatutako hitzarmenaren bidez, Estatuko administrazioak Arkautiko lotunearen eraikuntza-proiektua idazteko eta obrak egiteko ardura eman zion Eusko Jaurlaritzari. Arkautiko lotunea trenak Euskal Y-an zehar banatzeko Gasteiz inguruko puntua izango da.
“Trenbidea Vitoria-Gasteizen integratzeari buruzko informazio-azterlanetik” hautatutako Arkautiko lotunearen Ekialdeko alternatiban proiektua idazteko kontratuaren esleipena lortzen duen enpresak egin beharko dituen lanen artean abiadura handiko sare hori Gasteizerako eta Bilbo/Donostiarako noranzkoan eta korridorea Altsasura/Iruñera doan ohiko trenbide-linearekin lotzea egongo dira. Lanak egungo trenbide-zerbitzuei martxan eusteko premisarekin proiektatuko dira beti.
Azterlanaren xede den trazadurak “Gasteizerako sarbidea” izeneko tartearen amaiera gaur egungo Madril-Hendaia trenbidearen eta Errekaleor ibaiaren arteko bidegurutzearen inguruan lotuko du Zerio eta Arkauti herrien inguruan Arratzua/Ubarrundia-Legutio I-ean dagoeneko eginda dagoen abiadura handiko linearen tartearekin. Horrela Vitoria-Gasteiz-Iruñea linea konbentzionalari ere jarraipena emango zaio.
Kontratuaren lehen fasea 18 hilabetekoa izango da, eta bertan proiektua idazteko lanak egingo dira. Epe hori amaituta, ETSk eraikuntza-proiektuaren zero bertsioa bidaliko du, eta Adifek gainbegiratu ondoren (gainbegiraketa horiek sei hilabetez luzatu ahal izango dira), behin betiko onespenarekin amaituko da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)