Javier Hurtado sailburua: "Azkenean, ez gara eztabaidatzen ari ea zerga turistiko bat ezarri behar den ala ez, baizik eta nola ezarri behar den"

Argitalpen-data: 


      2025.03.07_Javier_Hurtado__5_.JPG

Javier Hurtado sailburua: "Azkenean, ez gara eztabaidatzen ari ea zerga turistiko bat ezarri behar den ala ez, baizik eta nola ezarri behar den"

  • Sailburuak azaldu duenez, beti egon da zerga turistikoaren alde, baina orain daude zerga hori ezartzeko adostasuna eta baldintzak

 

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, egonaldi turistikoen gaineko zergari buruzko galdera bati erantzuteko. Zerga horri, hizkera arruntean, tasa turistikoa esaten zaio. Sailburuak azaldu duenez, bera zerga horren defendatzaile izan da beti, bidezkoa baita "Euskadiz gozatzera datorrenak Euskadi hobetzen laguntzea".

Ildo horretan, positibotzat jo du azkenean "ez garela jada eztabaidatzen ari hura ezarri behar den, nola ezarri behar den baizik. Espainiako eta Europako beste helmugen ereduak aztertu ditugu, eta Euskadin eredu propio bat lantzen ari gara Turismo Saila eta Ogasun Saila, biak batera. Eredu hori Euskadiren beharretara eta errealitatera egokituko da, eta Gernikako Estatutua eta Ekonomia Ituna bete beharko ditu. Euskadin eta Euskadirentzat asmatutako eredua izango da".

Horregatik, aurreko legegintzaldian, COVID-19aren ondorioz beharrezko baldintzak egon ez arren, eta Gobernuaren akordioan sartuta egon ez arren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jada lan-batzorde bat deitu zuen egonaldi turistikoen balizko zerga baten inguruko jarrerak eztabaidatu eta aztertzeko, beste esperientzia batzuen, adituen, sektorearen eta EAEko erakundeen ikuspegia kontuan izanda.

“Espero dut proposamen bat aurkezteko 6 hilabeteko epea betetzea, martxoaren bukaeran amaituko litzatekeena; izan ere, ofizialki 2024ko irailaren 24an azaldu nuen konpromisoa, Sailaren ildo estrategikoak aurkezteko Legebiltzar honetan egindako agerraldian. Baina, hala ere, ez nuke arazorik izango luzatzeko, Euskadirentzako aukerarik onena bilatzen ari baikara. Eta denbora gehiago behar bada berme juridiko handienak eskaintzen dizkigun proposamena izateko, hala egingo dugu", esan du amaitzeko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)